2007/11/20

> Berria: Hiesa > GIB BIRUSA DUTENEN %40 5-10 URTE EMATEN DITUZTE KUTSATUTA DAUDELA JAKIN GABE

  • GIB birusa dutenen %40k 5-10 urte ematen dituzte kutsatuta daudela jakin gabe
  • GIB-hiesaren diagnosi goiztiarra bultzatzeko, prebentzio kanpaina aurkeztu du Jaurlaritzak
  • Berria, 2007-11-20 # Maite Asensio · Bilbo

Giza immuno-eskasiaren birusaz (GIB) kutsatuta dauden erien %40k bost eta hamar urte artean ematen dituzte kutsatuta daudela jakin gabe. Seropositiboak artatzen dituzten osasun profesionalek kezka hori agertu dute: kutsatuta daudela ez dakiten pertsona asko joaten zaizkie, hiesa garatzen ari direla, eta sarri, beranduegi denean. Datua kezkagarria dela esan zuen atzo Jaurlaritzako Osasun sailburu Gabriel Inclanek, «gaixotasun horren ondorioz inork hil beharko ez lukeen une honetan».


Urtero GIBaz kutsatutako 150 kasu berri agertzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Joan den urtean 45 lagun hil ziren hiesak jota. Zifrak «ikaragarriak» dira, Inclanen ustez; izan ere, «badakigu zer egin behar dugun GIBaz ez kutsatzeko». Osasun Sailak emandako datuen arabera, GIBaren birusaz kutsatzen direnen %55ak sexu harreman heterosexualen bidez hartzen du, eta %25ak sexu harreman homosexualen bidez; %15ak, aldiz, kutsatuta daudenen xiringak erabiltzean hartzen dute birusa.


Edonola ere, birusaz kutsatu ostean ere, tratamendu egokien bidez, gaixotasunak aurrera egin dezan saihets daiteke. Hartara, giltzarria «diagnosia goiz egitea» dela azpimarratu zuen Inclanek. Beraz, birusaz kutsatzeko arriskuan egon direnak proba egitera adoretu zituen atzo sailburuak. Horretara bideratutako kanpaina bat abiatuko du Osasun Sailak gaurtik aurrera.


Hiesa prebenitzeko kanpainaren alderdirik ikusgarriena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarriko dituzten kartelak izango dira. Arriskuan egon zara? GIB/Hiesaren proba egin eta zalantzak argitu leloarekin batera, informaziorako telefonoa agertuko dute. Estrategiaren bigarren ardatza, berriz, osasun sisteman bertan garatuko da. Lehen mailako harreran batez ere, medikuek eta erizainek ohitura eta harreman sexualei buruz galdetu beharko diete eriei, eta datuok historia klinikoan sartu. Hartara, profesionalentzako eskuliburua prestatu du Osasun Sailak.


GIB-hiesaren proba egin nahi dutenek, ohiko osasun zentrora jo dezakete. Lehen mailako harreran ere proba horiek egiten dituzte. Halaber, Bilbon, Donostian eta Gasteizen hiesaren proba izena eman gabe egiteko hiru kontsulta berezi daudela gogorarazi zuen Inclanek.


TEST AZKARRA. Azken urteotan, GIB-hiesaren diagnosiaren esparruan berrikuntza esanguratsua agertu da: test azkarra deiturikoa. Odol tanta bat testaren bandan jarriz gero, pertsona hori antigorputzen eramalea den edo ez adierazten du metodo horrek. Fidagarria izan dadin, jarduera arriskutsua gauzatu eta hiru hilabetera egin behar da proba. Emaitza ezezkoa baldin bada, kutsadurarik ez dagoela ziurta daiteke. Emaitza baiezkoa bada, aldiz, ohiko probak egin behar dira, diagnosia baieztatzeko.


Test azkarra ez dago botiketan eskuragarri, baina farmazietan saltzea bideratzeko asmoa azaldu zuen Inclanek. EAEn gobernuz kanpoko bi erakunde arduratzen dira test horiek banatu eta egiteaz: Arabako eta Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarrak.


GIB-hiesaren proba metodo horren bidez egiteak beste abantaila bat dakar sailburuaren ustez: osasun sistema ohiko proben emaitza hartzera joaten ez diren pertsonen ehunekoa murriztea. Izan ere, kutsatzeko arriskuan egon diren pertsona askok ez dituzte probak egiten emaitzaren beldur direlako, edo arriskuaren jabe ez direlako, Inclanen esanetan.

No comments: