2009/05/05

> Berria: Zinema > MAITASUN BERANTIARRAK

  • Maitasun berantiarrak
  • 'Axun eta Maite' filmatzen hasiko dira Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, bi emakume adinduren arteko maitasun istorio. Donostiako Zinemaldira iritsi ezean, 2010eko udaberrian estreinatuko dute
  • Berria, 2009-05-05 # Xabier Martin • Pasai San Pedro
Ander filmean homosexualitatea Euskal Herriko landa gunean kokatu zuen orain gutxi Roberto Castonek; bada, Jose Mari Goenaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) eta Jon Garaño (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) datorren astelehenean filmatzen hasiko diren euskarazko filmak ere (Axun eta Maite) zinemak ohiz kanpokoa duen esparru batera eramango du homosexualitatea, bi emakume adinduren arteko harremanetan jorratuko baitu. Dena den, Goenagak film biak desberdindu nahi ditu ezeren aurretik: «Ez genuke nahi jendea bi filmak alderatzen hastea. Izan ere, Ander askoz ere modu argiagoan dago kokatuta gai horretan. Gureak ukitzen du homosexualitatea, baina Axun eta Maite adiskidetasunari buruzko istorioa da batez ere». Zizurkilgo Irola baserrian hasiko dira filmatzen. Gero, Asteasun, Donostiako Santa Klara uhartean eta Gipuzkoako beste hainbat lekutan ariko dira, sei astez. Ekainaren 20rako bukatu nahi dute filmatzea. «Zinemaldian estreinatu nahiko genuke, baina filmatzea martxotik maiatzera atzeratu denez, larri ibiliko gara garaiz bukatzeko. Iritsiko ez bagina, 2010eko udaberri aldera estreinatuko genuke seguruenik», dio Jon Garañok.

Tercero B eta Sintonia film laburren ondoren, Lucio zuzendu du Goenagak, azken hori Aitor Arregirekin batera. Garaño, berriz, Dragon House eta Sahara Marathon dokumentalen egilea da. Bata zein bestea Axun eta Maite-ren produkzio aurreko lanetan aritu dira azken hilabeteetan, buru-belarri, Moriarti ekoiztetxeak Pasai San Pedron duen egoitzan. Pasarte guztiak nola filmatuko dituzten ere aldez aurretik erabaki dute, «inprobisazioari leku gutxi utzita». Jon Garañok izango du azken hitza filmaren arlo teknikoari dagokionez. Aktoreen zuzendaritzan, berriz, Jose Mari Goenaga izango da arduradun nagusia.

Izenburuarekin bueltaka
Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeen ekoizpen berria Axun eta Maite izenburuarekin hedatu dute, baina izen hori ez da behin betikoa. «Maite eta Axun, Maitaxun eta Pasodoblia ere bururatu zaizkigu», diote. Litekeena da azkenean filmaren izenburua Pasodoblia izatea. Haren alde egiten dute egileek. «Filmean protagonistek pasodobleak dantzatzen dituzte, eta horren haritik pentsatu dugu agian izenburua aldatuko dugula».

Izenburuak izenburu, Garaño eta Goenagaren filma giro dramatikoan garatuko da, komediaren ukituekin. «Giro positiboa izango du, hala ere», bota du azkar Goenagak. «Tragikomedia bat izango dela esan daiteke», gaineratu du Garañok. «Gure bizipenak oinarri hartuta idatzi dugu istorioa, baita inguruko pertsonei gertatutakoak ikusita ere». Erreferentziaz hitz egiten hasita, David Leanen Brief Encounter (1945) aipatu dute, baita Clint Eastwooden The Bridges of Madison County (1995) ere. Debekatutako maitasunak dituzte oinarri egileek aipatutako filmek; beraz, ezinezko maitasunetik ere izango du zerbait Axun eta Maite-k.

Aizpuru eta Pagoaga
Garaño eta Goenagaren filmaren ardatz nagusietako bat Axun eta Maite pertsonaien rolak jokatuko dituzten aktoreen interpretazioa izango da. Itziar Aizpuru izango da Axun, eta Mariasun Pagoaga Maite. Aizpuruk badu eskarmentua telebistan; ETBko Martin telesaileko Marikororena egiten, esaterako. Pagoaga, ordea, ez da aritu sekula ez telebistan ez zineman ere. «Arrasateko Doke antzerki taldean aritzen da. Asko gustatu zitzaigun Maiteren rolerako», dio Goenagak. Jose Ramon Argoitia, Patricia Lopez, Ane Gabarain eta Zorion Egileor ere aktore taldean izango dira.

Bestalde, musika bereziki zaindu nahi dute. Pascal Gaigne konposatzen ari da filmeko musika. «Maite musika eskolako irakasle denez, musika klasikoak -Txaikovskik, esaterako- berezko lekua izango du». Musika klasikoko hainbat konposizio egokituz ari da Gaigne filmeko musika prestatzen.

Axun eta Maite-k milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, ETBk eta Espainiako ICAAk jarri dute dirua.

Ospitale bateko gelaren iluntasunean loratutako musuak
Bi emakume edadeturen arteko maitasun harremanak hauspotzen du Axun eta Maite-ren gidoia. Jon Garañok idatzi zuen jatorrizko testua, eta gero Jose Mari Goenaga ere proiektuan sartu zen, bere ekarpenak eginez. Axun eta Maite 70 urtetik gorako emakumeak dira; oso giro desberdinetan bizi izan dira. Axun baserri giroko emakumea da. Hurbileko pertsona bat gaixotu egingo da, eta hura zaintzen emango ditu egunak Donostiako ospitale batean. Erietxeko gelan ezagutuko du Maite; anaia zaintzen ari da hura. Maite lesbiana da, betidanik izan du garbi bere jarrera sexuala. Axunek, berriz, sentsazio berriak ezagutuko ditu Maiterekin hasi berri duen adiskidetasun harremanak aurrera egin ahala.

No comments: