2007/12/28

> Berria: Literatura > NAHI ETA EZINAREN ARTEKO JAUZIA EMATEA PROPOSATU ZUEN IRATI JIMENEZEK

  • Nahi eta ezinaren arteko jauzia ematea proposatu zuen Irati Jimenezek Tolosan
  • Galtzaundi Euskara Elkarteak gonbidatuta, idazle mundakarra iaz argitaratu zuen 'Bat, bi, Manchester' eleberriari buruz hitz egin zuen
  • El Diario Vasco, 2007-12-28 # Amaia Goikoetxea • DV • Tolosa
Irati Jimenez idazle mundakarrak Bat, bi, Manchester eleberria argitaratu zuen 2006an, Agustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi ostean. Galtzaundi Euskara Elkarteak gonbidatuta Tolosara etorri berri da Irati solasaldi batera, eta bertan bere lehen eleberria izan zuen hizketagai.

Bi euskaldun Manchesterren. Biak mutilak, homosexuala bata, eta heterosexuala bestea, eta lehenak bigarrena maite du. 'Neska batek zergatik idatzi du bi mutilen arteko maitasun istorioa?' Hamaika aldiz egin omen diote galdera hori Iratiri. «Batzuek tonu neutralean galdetu didate, hau da, kuriositatez, baina beste batzuk bazirudien aurpegira botatzen zidatela ia emakume batek bi gizonei buruzko istorio bat kontatu ote dezakeen, eta gainera gizon homosexual baten ikuspegitik idatziz».

Noski, Iratiren erantzuna baiezkoa izan zen, bestela ez zukeen egingo. Baina aitortu zuen egia dela nobela idatzi zuenean hori buruan zeukala, hau da, zein neurritaraino kontatu ote zezakeen istorio hori modu sinesgarrian. «Nire ustez kontua ez da emakume batek idatz ote dezakeen gizonei buruzko istorio bat, edo alderantziz, gizon batek emakumeei buruzkoa. Gizon batzuek oso ongi egin dute lan hori, beste zenbaitek ez hain ongi. Beraz, kasu honetan uste dut ez dela galdetu behar emakume batek idatz ote dezakeen bi gizonei buruzko istorio bat, baizik eta Iratik idatz ote dezakeen».

Liburua irakurri ostean, irakurle batek (gizonezkoa) esan zion liburua oso arin eta gustura irakurri zuela baina gizonezkoak ez zirela horrelakoak. «Zure nobelako protagonista hainbat xehetasunekin akordatzen da, esan zidan irakurleak, zehaztasun sentimental handiekin kontatzen ditu gauzak, emakume batek bezala. Uste dut arrazoia zeukala, oso eleberri femeninoa dela nahiz eta gizon baten ikuspuntutik idatzia egon», aitortu zuen Iratik, «eta neurri batean uste dut nobelaren akats bat dela hori, baina barregura eragiten didan akats bat, azken batean, gizonezkoen jantzia ipini dudan arren zirrikituetatik dena baita emakume batena».

Pertsonaien psikologia
"Bat, bi, Manchester" eleberriak Agustin Zubikarai saria irabazi zuen. «Epaimahaiko kide batek, Xabier Mendigurenek, berria emateko deitu zidanean esan zidan gauzetako bat izan zen pertsonaien psikologia gustatu zitzaiela». Iratik adierazi zuenez, berarentzat ere pertsonaien psikologia da literaturaren aldetik jokurik politena, «pertsonaia baten ikuspuntuan jartzea eta asmatzea zer pentsatzen ari den, zein etxetan bizi den, nola hitz egiten duen, nola maitemintzen den,...» Behin baino gehiagotan galdetu diote nola lortu duen prozesu hori deskribatzea. «Nik ez dakit besterik egiten, modu errazean atera zait hori kontatzea, hori kontatu nahi nuen».

Baina zergatik bi gizon? Eta zergatik gizon baten ikuspuntutik? Eta zergatik homosexualen istorioa? «Eman dezakedan erantzun zintzoena da ez dakidala», argitu zuen idazleak. «Arrazoi asko eman ditzaket baina azkenean ez dakit zergatik idatzi dudan. Dakidana da Bat, bi, Manchester (ez izen horrekin, ez Manchesterren eta ez bukaera honekin) buruan izan dudala modu abstraktuan eta ia ukiezinean urteetan zehar. Gizon homosexual batek gizon heterosexual bat maite du . Ideia hori oso luzaroan izan dut buruan, ez dakit zergatik izan den hain erakargarria niretzat baina hori kontatu nahi nuen, eta etengabe kontatuko nuke berriro ere. Beti gustatu izan zaizkit gizonezkoen arteko maitasun istorioak».

Agustin Zubikarai saria
Behin Iratik erabaki zuen sariketa batera aurkeztu behar zuela bere burua. Idazle mundakarraren ustez, sariketa batera aurkeztea errazagoa da editore bati nobela ematea baino. «Sariketan anonimotasun bat dago. Inork ez daki ez duzula irabazi».

Horrekin lotuta Iratik bere aitaren kontua atera zuen. Edorta Jimenez idazlea da bere aita. «Lehiaketa batekin nire buruari erakusten nion irabazten nuela neure lanagatik, eta ez abizenagatik. Hori garrantzitsua zen niretzat, eta uste dut, aitarentzat ere baietz, argi gera zedila bakoitzak geure unibertso literarioa daukagula. Beraz, aukera ona zen lehiaketarena».

Agustin Zubikarai sarirako eleberri laburra aurkeztu behar zuen Iratik. Atzera begiratu gabe idatzi zuen nobela, oso arin. Buruan izan zuen urteetan, idaztea erabaki zuen eta bizpahiru astetan idatzi zuen, ia ia idazten zuena berrirakurri gabe. «Txikitatik idatzi dut, baina 14 urte ingururekin blokeatu egin nintzen, neure buruarekin oso kritikoa nintzelako eta ezin nuelako aurrera jarraitu. Jauzi bat dago buruan duzun istoriotik idazten duzunera, eta urteetan niretzat jauzi hori jasanezina izan da, idazten nuena ez baitzen buruan nuena».

Iratiren ustez, idazten ikasteko modu bakarra idaztea da, eta, beraz, idazten joan den neurrian, buruan duenetik idazten duenera dagoen jauzi hori laburtzen joan da. «Idazten dudanarekin oso kritikoa naizenez eta nire buruari egur gehiegi ematen diodanez, idazten nuena ez irakurtzea erabaki nuen, idatzi eta aurrera jarraitu, nolabait modu kamikaze batean idatzi, amaierara iritsi arte; gero zuzendu beharrekoak zuzendu eta lehiaketara aurkeztu nuen eleberria».

«Norbait idatzi nahi eta ezinean baldin badabil, nahiko nuke jakitea asko egon garela prozesu horretan, urte askotan eta asko sufrituz, eta posible dela azkenean idaztea. Idazten eta idazten jarraitzen baduzu, eta oso burugogorra bazara, azkenean ateratzen da. Edozein nobelak izan dezake hor nonbait irakurle bat; Bat, bi, Manchester-ek izan ditu, nik uste nuena baino batzuk gehiago».

No comments: