2009/11/17

> Iritzia: Tere Saez > JUSTIZIA NAGORENTZAT ETA ESKUBIDEAK EMAKUMEENTZAT

  • Justizia Nagorerentzat eta eskubideak emakumeentzat
  • Berria, 2009-11-17 # Tere Saez . Berdintasunerako teknikaria eta Astelehen Lilak ekimeneko kidea
Iragan ostiralean, azaroaren 13an, zur eta lur geratu ginen pertsona asko, Nagore Laffage Casasola neska gaztearen hilketaren gainean J. Diego Yllanesen aurka egin zen epaiketako epaimahaiaren erabakia entzun edo horren berri izan genuenean -erailketa ez, homizidioa izan zela ebatzi zuen-.

Eta erabaki hori justiziaren aurkakotzat jo genuen. Hori ez baitzen izan eroaldia, erailketa izan baitzen. Ez dago balio dezakeen aringarririk. Ez digu alkoholaren aitzakiak balio (frogatu ez dena, bide batez esanda, eta hala izan balitz ere, mozkor arina litzatekeena, lekukoen arabera. Alkohola aringarritzat jotzea ezinezkoa beharko litzateke genero indarkeriaren kasuetan eta beste hainbatetan. Aintzat hartzekotan, astungarri gisa jo beharko litzateke), ezta aitorpenak ere (noiz aitortu zuen? Gertaerak ezagutu zirenean, eta haren aurkako frogak eztabaidaezinak zirenean), are gutxiago eroaldia aipatzeak (urteak daramagu salatzen aitzakia horrek hiltzaile eta tratu txarren eragile andana errugabetu dituela. Eroaldia, kolpeka jipoitu eta hiru ordura itota hiltzea?), ezta kalte-ordainarenak ere (gizarte honetan dirua duenari kondena urteak erosten uzten zaio). Zer justiziak onar dezake pertsonen arteko desberdintasun handi hori?

Zinpekoen epaimahai honetako kide batzuek emakumeen eskubideak, eta bereziki Nagore Laffage Casasolarenak, mespretxatu dituzte. Akusatuak eta defentsa abokatuak esan dutena jo dute frogatutzat soilik. Biktima errudun bihurtu dute. Homizidiotzat jotzean (aringarri guztiekin), EZ! dioten emakume guztiak hiltzera dei egiten dute. Izan ere, apenas ezer galtzen den, eta oso erraz justifika daiteke! Eta genero indarkeria legitimatzen dute. Aldi berean, zenbat pertsonak hartu duten etsia! Zenbat pertsonengan erein duten justiziarekiko eta zinpeko epaimahaiekiko mesfidantza!

Aipatutako guztian, zinpekoen epaimahaiko gehienek ez dute XXI. mendeko mailarik eman, ez berdintasunerako legeetan ezta genero indarkeriaren aurkako legeetan ere, ezta egoeraren aurrean ere. Argi geratu da, beraiek frogatu dute, berealdiko lana dagoela egiteko gizartea genero indarkeriaren aurka eta berdintasunaren alde hezteko.

Azken hamasei hilotan eta epaiketak iraun duen bitartean egin dugun moduan, Laffage-Casasola familiari berretsi egin nahi diogu bere alboan gaudela. Bide guztian alboan izango gaituela, baita irtengo den kondenari helegitea jartzen diotenean ere. Ez garelako biktimen eta senideen sufrimendutik alboratuko. Erabat jakitun garelako azaroaren 13an auzitegian jazotakoa bidegabea izan dela Nagorerentzat, eta berdintasunean, justizian eta kaltearen ordainean sinesten duten guztientzat. Nagoreren heriotza erailketa izan da.

Berretsi egin nahi dugu epaiketa hau genero indarkeriazkoa zela, Nagoreri, eta harekin batera emakume guztiei, ukatu egin zitzaiolako EZ! esan ahal izatea. EZ! nahi ez zuen eta salatzeko ere prest zegoen harreman bati. Eta horrexegatik hil zuten. Genero indarkeriazkoa izan zen, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralen gaineko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legeak 1. Artikuluan horrela onartzen duelako. Uste dugu epaiketa hau genero indarkeriazkotzat ez jotzeko egin diren ahalegin guztiek estrategia bati erantzun diotela: genero indarkeria izango balitz, onartuko ez liratekeen aringarriak bermatzea. Eta, gainera, emakume guztiak ohartarazteko: Ez esan gero ezetz! Eta argi ibili kalean, gauean eta jaietan egiten duzunarekin! Eskubideetan eta berdintasunean aurrera egin beharrean, honen moduko epaiek murriztu eta ukatu egin nahi dizkigute berdintasun espazioak.

Emakumeei EZ! esateko eskubidea ukatzen eta harreman baten irizpide baliagarri bakarra alde guztien oniritzia izatea eragozten duten jarrerak eta jokabideak gaitzesgarriak eta justifikaezinak dira pertsona guztien eskubideen bermeak, berdintasuna, eta elkarrekiko errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako harremanak nahi dituen gizartean.

No comments: