- Barcina, sinbolo frankisten defendatzaile sutsua
- Gara, 2008-04-16 # Ikusmira
Luze jo du Nafarroan sinbolo frankisten inguruko polemikak, eta luzeago joaraziko diote. 2003an sortutako Sinboloen Legeak Nafarroako udaletxeetatik ikurrina desagertzeko egina ematen zuen. Geroago, ordea, sinbolo frankistak kendu beharra biltzeko moldatu zuten. Nolanahi ere, ikurrinak ez bezala, sinbolo frankistek ez dute arazo handirik Nafarroako instituzio nagusiekin. Eta horiek tematuta dirudite esandako legea ikurrinaren presentzia, eta hori soilik, saihesteko propio egina dela agerrarazten. Nafarroako Auzitegi Administratiboak (TAN) sinbolo frankistak kentzeko agindu zuen, baina Iruñeko alkate Yolanda Barcinari ebazpen hori ez bide zaio bidezkoa eta helegitea aurkezteko asmoa du, hartarako, gainera, diru publikoa erabilita. Nafarroan hainbeste sufrimendu erein zuten askoren izenek, hainbeste heriotza eta ikara eragin zuen erregimen haren sinbologiak Barcinaren errespetua merezi dute. Bitartean, Zizurkilen herriko bi seme hilen izenak bi plazatatik kenarazi dituzte. Beren herrian gehienen maitasuna zutenei oroigarria kendu diete, zizurkildar gehienen aukera politikoa debekatu izanaz baliatuta. Batzuek baztertu egiten dituzte balio demokratikoen izenean, eta balio horien kontrakoa ordezkatzen dutenak, hala nola Barcina eta bere alderdia, gonbidatu egiten dituzte «demokraten» klub bitxi horretara.
No comments:
Post a Comment