2006/12/12

> Berria: Berdintasuna > EMAKUNDEK SARIAK "BESTE GU", LUIS ELBERDIN ETA ALDARTE ELKARTEARI

  • Emakunde sariak 'Beste gu', Elberdin eta Aldarteri
  • Berria, 2006-12-12 # Donostia

ETB 1eko Beste gu saioa, Luis Elberdin sexologoaren Sexua noiznahi liburua eta Aldarte elkartea saritu ditu Emakundek aurten. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren alorrean nabarmentzen diren ekimen, lan edo egitasmoak saritzen ditu Emakundek. Atzo banatu zituzten sariak.


Emakumeak saioan «txertatzeko modu ezin hobeagatik» eta emakumeen kolektibo «baztertuenei ahotsa ematearren egindako esfortzuarengatik» eman diote saria Dani Arizalak zuzendu eta aurkezten zuen Beste gu saioari. «Maskulinitatearekin eta feminitatearekin loturiko estereotipoak eta mitoak gainditzearren egindako lanarengatik» saritu dituzte, berriz, Luis Elberdinek idatzitako Sexua noiznahi liburua (Gaiak) eta Aldarte elkarteak egindako Sexu aniztasuna eta familia berriak egitasmoa. Aldarteren proiektua 6 eta 12 urteko haurrei zuzendua dago eta sexu aukera ezberdinekiko errespetua bultzatzen du ipuin eta jolasen bidez.

Juan Jose Ibarretxe EAE Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak zera adierazi zuen sari banaketa ekitaldian: «Gizonezkoenganako eta emakumezkoenganako jarreretan desberdintasunak dauden bitartean, emakumeen aurkako indarkeria ez da desagertuko».

Emakunde sariak 1990ean eman ziren aurrenekoz eta ordudanik 60 lagunetik gora saritu dituzte. Izaskun Moiua Emakundeko lehendakari eta zuzendariak adierazi zuenez, hurrengo urtetik aurrera sari bakarra banatuko dute urtero: Berdintasunaren Emakunde saria. Aurten ez dituzte banatu kirol eta publizitate arloko sariak.

No comments: