2006/10/30

> Elkarrizketa: IRATI JIMENEZ > "IDAZTEA ARNASA HARTZEA BEZALOAKOA DA NIRETZAT"

  • Irati Jimenez · Idazlea
  • "Idaztea arnasa hartzea bezalakoa da niretzat"
  • El País, País Vasco arg., 2006-10-30 # Xabier G. Argüello, Bilbo
Bat, bi, Manchester da Irati Jimenez idazle bizkaitarrak (Bermeo, 1977) moldiztegitik atera duen lehen eleberria. Bi gizonen arteko ezinezko maitasuna eta idazle bihurtzeko prozesuaren zailtasunak deskribatzen dituen istorio honek Ondarroako Augustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi zuen maiatzean. Egun, Edorta Jimenezen alabak "pertsonak benetan nolakoak garen" islatuko duen fantasia giroko nobela luzea osatzeko lehen urratsak ematen hasia da.

Galdera. Kazetaria zara ogibidez. Eta idazlea, kasualitatez ala tradizioaren eraginez?
Erantzuna. Gehiago kazetari kasualitatez idazle kasualitatez baino. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, baina ez naiz bokazioko kazetaria. Idaztea, aldiz, txiki-txikitatik egin dudan zeozer da.


G. Luzeegia suertatu zaizu aitaren itzala?
E. Egia esan, ez dut sentitu horren pisua, eta seguraski berari esker. Alde honetatik, oso aita ona izan da: konfiantza handia eman dit, baina aldi berean espazioa utzi dit beti nahi dudana egiteko. Oso nobela txarrak egiten baditut, akaso esango diot bere errua izan dela...


G. Nobelan, idazteko asmotan dabilen pertsonaia baten zailtasunak deskribatu dituzu. Zure kasuan, zeintzuk izan ziren zailtasun horiek?
E. Nik ez neukan konfiantza handirik nobela bat idazteko gauza izan nintekeen. Abesti bat gogoratzen dugunean, akatsik gabe entzuten dugu gure buruan, baina ez da gauza bera gertatzen abesten saiatzen garenean. Antzeko zerbait gertatzen zait idazterakoan. Buruan paragrafo perfektua daukazu, eta ikusi eta entzun egiten duzu, baina idazten hasi eta ez da buruan darabilzuna. Konfiantza osoa dut buruan daukadan horretan, baina ez horrenbeste paperean agertzen denean. Neurri handi batean, protagonistari esker irabazi dut konfiantza hori.


G. Zure hitzetan, Bat, bi, Manchester "sormen posible eta amodio inposible baten istorioa" da. Nondik sortu zitzaizun konbinazio hau egiteko asmoa?
E. Lehenbizi, maitasun istorioa sortu zen. Ez dakit nola sortu zen idazle izan nahiarena. Banekien artista senen bat behar zuela, eta konturatu gabe hori indarra hartuz joan zen nobelan. Normalean, muin bat sortzen duzu, ondo pentsatutakoa, baina hariari tiraka egin ahala, pertsonaiek sorpresa handiak ematen dituzte.


G. Eta tartean, modan dagoen gai bat: homosexualitatea.
E. Hori izan da nire beldurrik handiena, ea kontatzeko gai izango ote nintzen friboloegia izan gabe. Azkenean eskubidea eman diot nire buruari, pentsatuz, beharbada ez naiz gai izango istorioa kontatzeko, ez naizelako hain idazle ona edo abila, baina ez emakume batek ezin duelako istorio hori kontatu. Aitzitik ere, emakumea naizen aldetik, hainbat gauza ditut komunean pertsonaia horrekin, ni ere gizonekin maitemindu izan naizelako. Seguraski, niretzat errazagoa da gizon homosexual bati buruz idaztea heterosexual bati buruz idaztea baino. Eta homosexualitatea modan egoteak esan nahi badu hori guztia normaltasunez hartuko dela, bada, ongi etorria izan dadila moda.


G. Zein egoeratan sentitzen duzu idazteko premia?
E. Egunero somatzen dut premia hori. Horrekin bizi naiz eta arnasa hartzea bezalakoa da niretzat. Egunero idazten dut, eta gainera garrantzitsua iruditzen zait diziplina hori hartzea. Hitchcockekin lan egin zuen Ernest Lehman izeneko gidoilari batek honako gomendio hau eman zien idazle gazteei: "ez pentsatu inoiz egiten duzuena artea denik, lana baizik; eta artistak bazarete, lasai egon, egiten duzuen guztia artea izango baita".


G. Zein da zure helburua, salatzea ala kontatzea? Kontenplazioa ala inplikazioa?
E. Nire helburua da kontatzea, pertsonaiak epaitu gabe, eta pertsonaien gogoekin eta sufrimenduekin inplikatzea. Horixe da, nire ustez, idazleak izan behar duen konpromisoa.


G. Idazle bezala, zer asmo berri darabilzu gogoan?
E. Beti egin behar da egiten ez dakiguna, eta nik ez dakit nobela luzea idazten. Horixe da nire oraingo gogoa. Oraindik ez dauka gorputzik, ez dauka konta daitekeen argumenturik, baina bai soinua, eta pertsonaia jakin batzuk; eta imaginatzen dut, bola hori handitu ahala, momentu batean eztanda egin eta kontatzen hasiko naizela. Niri asko gustatzen zait nobela fantastikoa, zientzia fikziozkoa, eta bereziki nobela beltza. Oraingo pertsonaiek Manchesterren erakutsi behar dute benetan zer diren. Antzeko zerbait egin nahi nuke kontestu basatiago batean: pertsonak bene-benetan zer garen oso fundamentalak diren gauzak kentzen dizkigutenean.


G. Aitari emango diozu argitaratu aurretik begiratu bat eman diezaion, ezta?
E. Bat, bi, Manchester ez nion eman. Idazten duzuna zure barne-mundura irekitako lehio bat da, eta askotan, zailagoa egiten da zugandik hurbil dauden pertsonei leiho hori irekitzea.

No comments: