2006/09/07

> Berria: Ekitaldiak > LES·GAY KANPALDIA: 200 LAGUNETIK GORA ESPERO DITUZTE AURTEN

  • 200 lagunetik gora espero dituzte aurten les-gay kanpaldian
  • Bihar hasiko da EHGAMek antolatutako asteburupasa Arritxulon; aurten berrikuntzak daude egitarauan
  • Oarsoaldeko Hitza, 2006-09-07 # Goiatz Labandibar
Ikasturtea indartsu hasteko, badira hamasei urte EHGAM taldeak les-gay kanpaldia antolatzen duela. Hirugarren urtez segidan, herriko Arritxulo aterpetxea aukeratu dute topaketarako. «Baldintza egokiak biltzen ditu tokiak», azaldu du Mikel Martinek, elkarteko kide oreretarrak.

Bihar hasi eta igandea bitartean, tailerrak, mendi irteerak, hitzaldiak, erakusketak edo kontzertuak izango dira Arritxulon. 105 lagunek, gutxienez, asteburu osoa pasako dute, baina guztira 200 lagunetik gora espero dituzte antolatzaileek. «Aurrera jarraitzeko gogoa ematen dizu horrelako erantzun onak», aitortu du Martinek. Urtez urte errepikatzen duen jendea egon arren, jende berria ere hurbiltzen da.

«Astebururo izaten dugun diskoteka eta taberna inguruneari alternatiba bilatzeko sortu zen akanpada», azaldu du Mikel Martinek. Horregatik, ekintza ludiko ugari antolatu dituzte. Hala, aurten berrikuntzak ere badira. Bihar, adibidez, Amaia Zubiriak kontzertua eskainiko du gauez.

Alternatiba ludikoa
Halaber, Ipar Euskal Herriko lesbiana, gay eta transexualen mugimenduko lau ordezkari etorriko dira Arritxulora, «beharrezkoa da eurek bizitzen duten egoera soziala jakitea», esan du Martinek.

Gainera, aurrera begira EHGAM prestatzen ari den erakusketa handi baten zati bat aurkeztuko dute kanpaldi honetan, homofobia eta lesbofobiari buruzkoa.

Aurtengo akanpadaren leloa Ekhipolita!!! da. «Desio bat da, asteburu ona igaro dezagun», dio Martinek EHGAMen izenean.

Inguruko herrietako jendearentzat ere kanpaldiko ekintzetan parte-hartzea irekita dagoela argitu du Mikel Martinek, «beti ere errespetuzko jarreran. Hori da garrantzitsuena, harremanen %100 errespetuz ematea».

No comments: