2006/07/20

> Berria: Ikastaroak > LITERATURAREN SEXUALITATEA AZTERGAI UEUN

  • Literaturaren sexualitatea aztergai UEUn
  • «Erdiguneak eta periferiak gaurko literaturan» ikastaroa ari dira egitenLiteratura garaikidea, batik bat euskalduna, ari dira aztertzen egunotan UEUren Larraonako ikastaroetan. Atzo mahai gainean jarri zuten galdera honakoa izan zen: Nola tratatzen ditu literaturak boterea eta erdigunea duten ereduetatik kanpo dauden gizataldeak? Mikel Aierberi egokitu zitzaion atzo homosexualitateak literaturan duen irudikapena aztertzea.
  • Gara, 2006-07-20 # Iruñea

Periferian dauden hiru gizatalde hautatu dituzte: emakumeak, homosexualak eta etorkinak. Literaturak horiei ematen dien lekua aztertzeaz gain, literatura barruko erdigunearen eta periferiaren arteko harremanez ere aritu dira, eta horretarako saio teoriko-kritikoak, sortzaileen begiradak eta testuen irakurketa-tailerrak tartekatu dituzte. Yolanda Arrieta, Angel Erro, Uxue Apaolaza eta Urtzi Urrutikoetxea idazleak daude, besteak beste, hizlarien artean.

Homosexualitateak literaturan duen irudikapena landu zuten atzo, eta Mikel Aierbek eman zion hasiera jardunaldiari; euskal literatura heterosexuala, homosexuala ala asexuala da? galdera planteatu zuen. Literaturaren erdigunea gizonezko zuria, europarra eta heterosexuala da, baina literatura berez asexuala da, Aierberen ustez: «Liburuek ez baitaukate sexurik. Baina idazleek, irakurleek, merkatuak, literatur sistemak eta abarrek sexualizatzen dute». Gaur egun literatura homosexuala modan dago, Aierberen esanetan: «Garai batean aldarrikapen esparrua izan zen, ahotsik ez zuen jendeari fikzioari esker ahotsa eskaintzeko modu bat, baina homosexualitatea onartu den gizarteetan moda bihurtu da. Literatura homosexuala, femeninoa, erotikoa... bezalako etiketak erabilgarriak ala komertzialak diren eztabaidatu beharra dago. Izan ere, modek denbora mugatuan irauten dute eta gauzak arinkeriaz tratatzeko joera izaten dute».

Horren ondorioz, Aierbek ez duela literatura homosexuala terminoa babesten azaldu zuen: «Berdintasuna bada eskatzen dena, konponbidea ez da homosexualei zuzendatuko arlo mugatuak sortzea. Nire ustez, literatura osotasunean hartu behar da, nahiz eta gero horren barruan gai homosexualak edo erotismoa egon. Ez ditugu geuk daudenak baino etiketa gehiago jarriko!»

Dena dela, zertaz ari gara gaur egun literatura homosexuala aipatzen dugunean? Homosexualitatea gaitzat duen edozein liburu da literatura horren parte? Homosexual batek idatzitakoa? Homosexuala ez den idazle batek sor dezake literatura homosexuala? Galdera horiek guztiak planteatu zituen Aierbek klasean, eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak egindako ikerketa bat hartu zuen abiapuntutzat.

Idazle gasteiztarrak 2001era arteko ikerketa bat egin zuen gayak euskal literaturan nola azaltzen ziren aztertzeko. Nobela pilo bat begiratu ondoren ondorioa izan zen homosexualak oro har gutxi agertzen zirela, eta bigarren mailako pertsonaiak izaten zirela, gizarte ingururik gabekoak. Pertsonaia nagusiak izanez gero, berriz, sekulako dramatismoan murgilduta agertzen ziren, bekatu eta erruduntasun sentimendu artean. Dena dela, Diaz de Herediak onartu zuen Xabier Montoyaren “Gasteizko hondartzak” edo Iban Zalduaren “Gezurrak, gezurrak, gezurrak” liburuetan agertzen zirela altxor batzuk.

Aierbek 2001etik honakoak behatu ditu, ordutik zerbait aldatu den ala ez jakiteko. Esate baterako, Juanjo Olasagarreren “Ezinezko maletak” saiakera landu bat dela uste du Aierbek, «altxor bat», protagonista homosexuala izanik, euskal gizartea eta aurreratuagoa den Londreskoa aurrez aurre jartzen dituena. Beste narrazio labur batzuetan, berriz, zera ikusten du Aierbek: «Badago homosexualitatea gaitzat hartzeko ahalegina, arazo moduan planteatu gabe. Baina badago oraindik ere homosexualitatea eta tremendismoa lotzeko joera».

Hainbat itzulpen ere aztertu ditu Aierbek, esate baterako, Dennis S. Miles-en “Laguna” eta Paul Austerren “Brooklingo erokeriak”. «Azken horrek zerbait aurreratu dela erakusten du. Izan ere, bertan pertsonaia homosexual bat agertu eta New Yorkeko errealitatea islatzen da, gaur egungoa, oso azkar itzuli den liburua delako, eta hango egoeraren eta hemengoaren artean alde handirik ez dagoela ikusten da. Horrek baikortasunerako arrazoiak ematen ditu», esan zuen.

Emigrazioaren gaia aztertuz amaituko da gaur ikastaroa.

No comments: