2009/11/22

> Iritzia. Xabier Euzkitze > MUNILLA SENDATZAILEA

  • Munilla sendatzailea
  • Noticias de Gipuzkoa, 2009-11-22 # Xabier Euzkitze
Aho bizarrik gabe hitz egin du Jose Manuel Vidalek, erlijio gaietan aditu denak, Gipuzkoako gotzain berriari buruz: "Munillari Zumarragako talibana deitzen diogu, parrokia hartako buru zela egindako bideagatik. Guztiz kontserbadorea da, eskuin-eskuinekoa pentsakeraz. Rouco Varelaren ildoari atxikirik dabil aspaldian. Haren antz handia du, gainera, gauza askotan. Aurrez-aurreko tratuan abegikor azal litezke, baina gero jarrera eta jokaeretan oso gogor eta zurrunak dira biak. Edozein gisaz, gazte-gaztetatik izan da halakoa Munilla. Toledoko apaiztegira jo zuen teologia ikasketak egitera, Donostiakoa irekiegia iruditzen zitzaiolako. Han izan zituen maixuek markatu dute Munillaren bilakaera, eta han egindako lagunek erakusten digute nolako jendez inguratuta egotea gusta-tzen zaion. Halaber, azken boladako izendapen berriek argi uzten dute Erromak hartu duen bidea zein den, gero eta ildo kontserbadoreagoa markatu nahi du. Gipuzkoako apaizak ez dira matxinatuko, ez dute altxamendu publikorik egingo, baina azpi-joko handia egon liteke. Munillak Uriarterekin zer nolako jokaera izan zuen badakigu, bileretara nahi zuenenean bakarrik joan eta gotzainaren aginduei muzin. Oso litekeena da orain trukean odolkiak jaso behar izatea, apaizengandik jarrera bertsua jasan behar izatea".

Oso gizon mediatikoa da Munilla. Palentziako gotzaindegi xumean egon arren, askotan lortu du estatu mailako medioetan ere oihar-tzuna izatea. Abortuaz esan berri dituenek ez naute batere harritu. Gure Kalakara hizpalau aldiz etorria da Munilla, Palentziako gotzain izendatu aurretik. Beldurgarriak iruditu zi-tzaizkidan homosexualez esan zituenak, esate baterako. Gaixotzat ditu, baina senda litekeen gaixotasuna dela esan zigun. Berak bi sendatu omen zituen. Donostiako apaiztegia irekiegia iruditzen baldin bazitzaion, antzeko iritzia izango du Gipuzkoako egungo gizarteaz ere. Agian sendatu egin nahiko gaitu. Niri gaixorik segitzen utz diezadala, otoi.

No comments: