2008/06/29

> Berria: Ekainak 28 > EKAINAK 28A, BERDINTASUNAREN ALDE EGITEKO EZINBESTEKOA DATA

  • Ekainaren 28a, berdintasunaren alde egiteko ezinbesteko data
  • Manifestazioa: Jende andana bildu da Donostian Nazioarteko Harrotasunaren Eguna ospatzeko
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-29 # Nerea Lizarralde


Hemen gaude ez gara ezkutatzen, Askatasun sexuala edo Homosexualitatea kalera izan ziren manifestarien artean entzundako lelo eta aldarrikapenak. Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Harrotasunaren Eguna izan zen atzo eta ohi bezala manifestazioa egiten zuten hiriko kaleetan. EHGAM, MEDEAK eta Gehitu taldeek deitu zuten manifestaziora.


Aldarrikapenak eta festak bat egin zuten. Jai giroan atera ziren Bulebarretik arratsaldean eta Erdialdeko kaleetan zehar ibili ziren. Heterosexismoaren aurka intsumisioa eta Lesbianak ikusgai eta askotarikoak izan ziren lelo nagusiak. Pankartaren atzealdean Gay, Lesbiana eta Transexualen bandera erraldoia eraman zuten. Musika eta festa giroa batukadak eta karroza batek jarri zuten.


Aurten Lesbiana Feministen taldeari errekonozimendua egin diote, gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko borrokan aitzindariak izateagatik. «Heterosexismoa guretzako piramide itxurako egitura sexual bat da eta bertan heterosexualek dute nagusitasuna. Ezkontza monogamoak, familia nuklearra... Kanpoan geratzen dira beste sexualitate gutxituak, homosexualak, lesbianak, transexualak, sadomasokismoa... Guk aldaketa eskatzen dugu eta hezkuntzatik abiatu behar gara», adierazi zuen Mikel Martin EHGAMeko kideak.


'Lesbianak ikusgai eta askotarikoak'
Olga Alarcon Gehituko presidenteak ere taldearen aldarrikapenak plazaratu zituen: «Berdintasun legala lortu genuen duela bi urte eta izugarrizko aurrerapena izan zen. Halere, aurrera egin nahi dugu, oraindik asko falta delako. Mota askotakoak garela eta ikusgai izan nahi dugula adierazi nahi diogu gizarteari. Emakumearen berdintasuna, hezkuntza...». Hamaika arlotan eragin behar dutela gaineratu zuen Alarconek. «Herri txikietan, hiriekin alderatuz gero egoera zailagoak ditugu eta hortan ere lan egin dugu».

Bilgune Feminista, aldarrikapenarekin bat
Bilgune Feministak ere bat egin zuen Harrotasun Egunarekin, eta «norberaren sexualitatea ukatu gabe, aukeratzeko eskubidea» aldarrikatu zuten. «Sexualitate homogeniko bakarraren ondorioa da emakume lesbianon ikusezintasuna», adierazi zuten Bilgune Feministako kideek. Heziketak, kulturak eta komunikabideek zabaltzen duten lesbianen irudia salatu zuten: «Itsusia, gaizki zaindua... Gure autoestimuan zuzenean eragiten duten estereotipo faltsuak sortzeaz gain, espazio sozialetik baztertzea areagotzen du».

2008/06/28

> Berria: Ekainak 28 > DONOSTIA: BERDINTASUNA ALDARRI HARROTASUNEZ

  • Berdintasuna aldarri harrotasunez
  • 'Heterosexismoaren aurka, intsumisioa' eta 'Lesbiana ikusgaiak eta askotarikoak' leloek gidatuko dute gaur, homosexualen harrotasunaren egunean egitekoa den manifestazioa.
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-28 # Mikel Goñi

Gaur, ekainaren 28an gay, lesbiana, transexual eta bisexualen harrotasuna aldarrikatzen ari dira munduko bazter askotan. Donostian ere, manifestazioa eta festa izango dira gaur, kaleko aldarrikapena arratsaldeko 20:00etan irtengo da Bulebarretik eta jaia berriz, Egia kultur etxean gaueko 23:30etan hasiko da.


Bi ekimen horien atzean hirian errotuta dauden hiru talde daude, hain zuzen, Gehitu, EHGAM eta Medeak taldeak dira gaurko ekitaldiarekin bukatzen den hilabete osoko ekimenen segidaren arduradunak. Ekimenek Udalaren babesa dute.


Deialdi bat, bi lelo
Manifestaziorako deialdia bateratua izanik ere, bi lelo ezberdin erabiliko dituzte. EHGAM-eko kidea den Julen Zabalak bere taldeak Heterosexismoaren aurka, intsumisioa aukeratzeko arrazoiak azaldu dizkio IRUTXULOKO HITZARI, «legezko normalizaziora iritsi gara, gutxi gora behera. Baina, orain arazoa da sexismoa, batez ere, heterosexismoa. Hori ez da heterosexualei kritika, sexismoari egindakoa baizik».


Bestalde, Gehituk Lesbianak ikusgai eta askotarikoak leloa zabaldu nahi du gaurko manifestazioan. Izan ere, mugimendu hau kezkatzen duen auzietako bat da lesbianek alor publikoan duten pisu txikia da.


Horren aurrean, Koldobike Mujikak, Gehituko koordinatzaileak, lesbianen kolektiboak, erakundeek eta banakoek hartu beharreko hiru neurriren berri eman zuen. Batetik, lesbianek beraiek lasaitasunez publikoan azaltzeko erronkari heldu behar diote. Jarraitzeko, erakunde publikoek berdintasun politikak garatzean lesbianen egoera ere kontuan hartu behar dute. Azkenik, ikusgaitasunaren garratzia nabarmentzea.


Eremu publikoan gertatzen den lesbianen ikusgaitasun ezaren adibidetzat jo dute Gehituk urtero ematen duen Gehitu Zilar saria emateko emakume lesbiana bat bilatzeko zailtasuna . Hori dela eta, aurten Jesus Vazquez telebista aurkezleari emango diote. Aurkezleak normalizazioaren bidean egindako lana saritu nahi du Gehituk.

Udalari gazi eta gozo
Gaurko ekitaldiak babesteak ekarri dio udalari homosexualen elkarteen oniritzia. Hala ere, alderdi ezkorra aipatzeko garaian, EHGAMek kritikatu egin du Udalak joan den hilabetean argitaratu zuen gay, lesbiana eta transexualeei zuzendutako turismo gida. Julen Zabala antiguarrak azaltzen duenez, «kontsumoa eta turismo berezia zabaltzeko ideiaren kontra gaude, kontsumismoaren kontra. Izan ere, gure elkartearen leloetako bat "Ez gaude salgay" baita».

Ekainaren 28aren bilakaera
Ia 40 urte pasa dira New York-en homosexualen harrotasunari eguna eskaintzen hasi zitzaizkionetik. Donostian, berriz, 1979an egin zen lehen mobilizazioa «egun gutxi batzuk lehenago Errenteria-Oreretako Apolo diskotekan homoxesual bat hil zuten eta horren kontra deitu zen lehengo manifestazioa», gogoratzen du Koldobike Mujikak, eta jarraitzen du «ordutik gauzak asko aldatu dira. Hasierako urte horietan, esaterako, ETBkoek elkarrizketa egin ziguten Gladys-enean, eta gu, lesbianok kamarari bizkarra emanez hitz egin genuen». Parte hartzea ere aldatu da Mujikaren aburuz, «hasieran jendetsuagoak ziren, hildakoek beti hunkitzen zaituztetelako, horretaz gain, espaloietan begira zegoen jendetza ere handiagoa zen».

> Berria: Homofobia > IKUSEZINA IKUSGAI BILAKATZEKO

  • Ikusezina ikusgai bilakatzeko
  • Lan arloan homofobia salatzeko kanpaina hasi du EHGAMek. Eta, besteak beste, gay eta lesbianen askapen eguneko aldarrikapenetako bat izango da gaur.
  • Berria, 2008-06-28 # Ainara Arratibel · Donostia

Legez urrats handiak egin dira azken hiru urteetan gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideen alde. «Baina sozialki oso atzeratuta gaude. Adibidez, oraindik ere badira beren sexu identitateagatik lanean diskriminatuak diren pertsonak», dio Xabier Moreno EHGAMeko (Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua) kideak. Diskriminazio eta homofobia kasuak salatu eta neurriak har daitezen eskatzeko, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, ez lantegietan ez inon. Zure esku dago! kanpaina jarri du abian EHGAMek. «Egun lan eremuan kolektibo gisa bizi dugun ikusezintasuna gainditu nahi dugu».


Morenok azaldu duenez, oraindik ere aurreiritzi heterosexistak daude lantoki askotan, eta asko dira horiei aurre egin behar izaten dietenak. «Bakarkako ahalegin horrekin batera, erantzun bateratua eman behar zaio egoerari. Lanean homofobiarik eta diskriminaziorik ez izatea guztion borroka baita, ez soilik homosexualena». Hain zuzen ere, erantzun bateratu hori lortzeko asmoz, sindikatuen bidez bideratu dute kanpaina. «Lau puntu dituen agiria bidali diegu egoera azalduz, beren afiliatuen artean zabal dezaten».


Baina agiri hori zabaltzetik harago, sindikatuek lan handia egin dezaketela uste du. «Batik bat diskriminazio eta homofobia kasuei aurre egiteko neurriak hartzeko orduan». Morenoren ustez, oso neurri «sinple baina garrantzitsuak» hartuz egin daiteke hori: lantokietan erabiltzen den hizkuntza zainduz, adibidez. «Hizkuntza ez homofobo eta ez sexista bat erabili behar da». Bestalde, «adi» egoteko eskatu die langile eta enpresariei. «Halako kasuren bat ikusten badute sala dezatela. Ez dezatela ez ikusiarena egin».


Transexualak dira lan arloan diskriminazio kasu gogorrenak jasaten dituztenak, Morenok azaldu duenez. «Sexuz aldatzeko prozesua abiatu, eta haiengan aldaketa fisikoren bat antzematen dutenean enpresari askok kaleratu egiten dituzte». Baina sozialki hori bezain «gogorra eta larria» iruditzen zaio iseka edo txantxen bidez ematen dena: «Homofobia hori, normalean, ez da pertsona jakin baten aurkakoa, baizik eta homosexualei orokorrean. Batik bat gizonak nagusi diren lanbideetan». Homofobia gandua deitzen zaio horri. «Zuzena ez denez eta zenbaitetan umorearekin estalita agertzen denez hutsala dela pentsatzen dute askok. Baina gay eta lesbianentzat oso iraingarria eta mingarria da».


Halaber, homofobia zuzena deitutakoa bada, eta lankide edo enpresari batek pertsona baten kontra egiten duena da. Horrek lan taldean integratzeko edota bere lan gaitasunak aurrera eramateko arazoak eragiten dizkio, besteak beste, biktimari. «Homofobia kasu hori are gogorragoa da behin eta berriz errepikatzen bada eta lankide talde batek egiten badu». Diskriminazio edo homofobia hori jasateko beldur dira beren sexu identitatea ezkutatzen dutenak. «Batik bat goi mailako karguren bat duten edo izan nahi dutenen artean gertatzen da». Egoera hori «oso larria» dela uste du EHGAMek. «Gogorra da langile gisa baloratua izateko sexu identitatea ezkutatu behar izatea». Hain zuzen ere, hori ez gertatzea da kanpainaren beste helburuetako bat. «Lan arloan ere kolektibo gisa existitzen garela aldarrikatu nahi dugu, eta pertsona eta langile garen aldetik gure eskubideak ditugula», dio Morenok.

> Iritzia: Iñigo Urkullu > ZORIONAK GAY ETA LESBIANEI

  • Zorionak gay eta lesbianei
  • Berria; 2008-06-28 # Iñigo Urkullu · EAJren EBBko lehendakaria

Minbiziaren kontrako eguna, emakume langilearen eguna, beste hainbat gauzaren eguna.... Giza eskubideak eta eskubide sozialak betetzearen aldetik, normalizazioa lortzeko konpromisoa behar duen guztiak du bere eguna. Eta egun horietako bakoitzaren atzean, beti egoten da arazo oso larriren bat.


Gaur gay harrotasunaren eguna ospatzen dugu. Ospatu beharreko zerbait al da? Zoriondu egin behar al zaituztet? Nire ustean, lehen gerturatze teoriko bat eginik, harrotasun heterosexualaren eguna ospatzen ez bada, gay harrotasunaren eguna ere ez litzateke ospatu behar. Baina errealitateak bestelako kontuak erakusten dizkigu: oraindik ere nazioarteko egun hau ospatzea beharrezkoa da, gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko. Eta, era berean, jakin badakit azken urteetan lortutako guztiagatik ere -ospatzen dudan horregatik guztiagatik-, bide luzea dagoela egiteko.


Harrigarria bada ere, munduko berrogei herrialdetan oraindik ere legez kanpokoak dira homosexualitatea, bisexualitatea eta transexualitatea. Saudi Arabian eta Iranen, esate baterako, homosexualak akabatu egiten dituzte. Indian, gizonezko homosexualek betiko kartzela zigorra izan dezakete. Mauritanian eta Sudanen heriotza zigorra ere ezar dezakete homosexual izateagatik. Nepalen, berriz, poliziak atxilotu eta egurtu egiten ditu transexualak eta beren aktibistak. Hondurasen eta Kolonbian torturatu eta erail egiten dituzte. Europar Batasunean bertan, Polonian kasu, homofobiak sekulako gatazkak sortzen ditu. Eta gogoan izan behar dugu Osasunaren Munduko Erakundeak 1990 inguruan atera zuela homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik.


Hori guztia dela eta, zoriontzeaz gain, animatu ere egin nahi zaituztet borrokan jarraitzeko. Izan ere, guztion artean lortu behar baitugu erabateko normalizazioa. Eta guztion artean esaten dudanean, ni ere hortxe sartzen naiz. Zuen helburuekin bat nator, eta nire babesa ez ezik, Eusko Alderdi Jeltzale osoarena ere jasoko duzue.


Legez, inolako zalantzarik gabe, ezkontzeko modua duzue; ondo-bidean, haurrak adoptatzeko aukera ere baduzue. Zuekiko ikuspegi soziala nabarmen hobetu da. Baina izan gaitezen zintzoak: aurrerapen handiak izan diren arren, guztion artean lortu behar dugu normalizazioa erabatekoa izatea.


Normalizazioak esan nahi du inor ez kartzelatzea edota hiltzea, inon ere ez, bere orientazio sexuala dela eta. Normalizazioak esan nahi du, era berean, gure seme-alaben ikastetxeetan inork diskriminazio fisikorik edota psikikorik jasan behar ez izatea. Normalizazioak esan nahi du familiek lotsarik gabe bizi izatea beren seme-alaben orientazio sexuala, kalean eraso gehiago ez izatea...


Hainbat manifestutan baieztatzen den moduan, gizon-emakumeen sexualitatea eta afektibotasuna bizitzeko moduekiko gizarte integratzaileagoa, berdinagoa eta solidarioagoa lortzeko lan handia dago egin beharra. Sentsibilizazio lan handia, baita hezkuntzaren alorreko lana ere. Hainbat sektoretan (adinekoak, ezgaitasunak dituztenak, etorkinak) ahalegin berezia egin behar da, sexu eskubideak kontuan hartzen ez dituztenetan, bereziki.


Azken batean, guztion artean ahalegin handia egin behar dugu modu positiboan aurrera egiteko, eta orientazio sexuala erabateko naturaltasunez eta normaltasunez bizi izateko. Hori ere, azken buruan, aniztasuna errespetatzeko eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko beste modu bat da, alorrik pertsonalenean eta indibidualenean. Gure orientazio sexuala erabateko askatasunez erabakitzeko eskubidea.


Sekula ez dut ulertu «desberdin» ikusten eta diskriminatu egiten zaituzten jendea. Aurkitzen ditudan azalpen bakarrak ezjakintasuna eta presio soziala dira. Gainera, guztiok dugu inguruan gay, lesbiana edota transexual bat -jakin edo ez, onartu edo ez-. Maite dugun pertsona bat, eta, nahi gabe bada ere, min egiten diogun pertsona bat. Eta, nahiz eta legeak aldatu egiten diren eta aurrera egiten duten, gizarteak ere bide berari jarraitu behar dio. Eusko Alderdi Jeltzalea ezinbesteko lanabesa gara eraldaketa lan horretan, eta hala izaten jarraitu behar dugu.


Ekainaren 14an, EAJk Think Gaur Euskadi 2020 aurkeztu zuen. Parte hartzeko proiektu bat, etorkizuneko gakoak definitzeko eta Euskadik 2020. urtean zer tokitan egon behar duen definitzeko proiektua. Inolako zalantzarik gabe, hausnarketa prozesu horretan orientazio sexualaren eta genero nortasunaren normalizazioa ezinbestekoa izango dira; izan ere, ez baitugu ulertzen guztiok berdinak ez garen mundu bat. Hori lortzeko, behar zaituztegu. Zuen ekarpenak eta ezinegonak zein diren jakin behar dugu, baita zuen hausnarketak eta beharrizanak ere. Egiteko daukagun bidea guztion artean egin ahal izango dugu. Eta ez naiz «onartzeaz» edota «tolerantziaz» ari. Inork ez zaituzte «onartu» edota «toleratu» behar. Erabateko berdintasunaz eta normalizazioaz ari naiz hizketan.


Gaur, hemen, Eusko Alderdi Jeltzaleak pertsona guztien eskubideak defendatzeko konpromisoa berresten du.


In&Out filmean, institutu bateko ikasle guztiek homosexual zirela esan zuten, bere orientazio sexuala zein zen jakinarazi ostean kaleratu egin zuten irakasle bat defendatzeko. Nazioarteko egun hau ospatzeko, zuekin guztiokin dago Eusko Alderdi Jeltzalea, gertutasuna eta konpromisoa oinarri hartuta.

> Komunikatuak: Bizkaiko 28 Koordinakundea > 30 URTE GEROAGO, KALEA GEUREGANATZEN

  • 30 URTE GEROAGO, KALEA GEUREGANATZEN
  • EHGAM-DOK, 2008-06-28 # Ekainak 28 Koordinakundea: Aldarte, Bizigay, Euskal Hartzak, EHGAM, Hegoak, Mass Medeak, eta Queer Ekintza

1895ean Oscar Wilde, Lord Alfred Douglas-ekin izan zuen harreman homosexualagatik epaitua kondenatua eta deuseztatua izan zenean, geure duintasuna defendatzeko bandera goratu egin zen.


1917an, Carmen de Burgos kazetari eta idazleak, bere garaian ere ikusten zuen aniztasun sexuala islatzen zuen bere eleberrietan, bereziki lesbianak aipatuz, beraiek izan bait ziren arau sexual guztiak hautsi zituztenak. Eta garai berean, bere pertsonaia batek Askatasunaren banderan bere maitasunik handiena brodatzen zuenean, Federico Garcia Lorcak gaur bezalako egun batean inspiratu nahi gintuela zirudien.


Holokausto naziaren garaian, beraien sexualitateagatik erahilak izan ziren milaka emakume eta gizonen omenez, triangelu arrosa zein beltzen banderak goratu ziren.


1969an, marikak, trabeloak, transexualak, txaperoak, putak eta bollerak, Stonewall Inn-etik irten eta harrotasunez kaleak eskuratzera atera ziren. Gure askatasun sexualaren alde borrokatu zuten eta Ortzadarraren bandera oinordetzan utzi ziguten.


Lambda hizkia, ortzadarra, gameto bikoitza, aizkora bikoitza edota hiruki arrosa eta beltzak, guzti horiek dira gure banderak.


1977an mugimendu gay eta lesbikoak, gure eskubideak defendatzeko lehen manifestaldia deitu zuen Bilboko kaleetan zehar eta era zakarrean disolbatua izan zen. Zalantzarik gabe, Historia, Askatasuna lortzeko gogoaren ahalegina da.


Ehun, berrogeita hamar, hogeita hamar urte geroago, oraindik ere beraien borrokak geureak dira; geure espazio publikoak, askatasun eta errespetuzko espazio ereduak izatea nahi dugun guztionak. Askatasun eta errespetuzko espazio hauetan, gizartearen bizitza-aniztasuna agerian egongo da eta inork ez dizkigu geure nahiak eta desioak oztopatuko, are gutxiago estatuak bere legeekin. Ez diezagutela esan non, nola, noiz eta norekin egon behar dugun.


Ehun, berrogeita hamar, hogeita hamar urte geroago, oraindik ere generoak, etniak, gaitasun funtzionalek, gaixotasunak eta ondasunak ezberdintasunak eragiten dituzte gure garapen sexualean. Ez gaitezen engaina, oraindik ere emakume, transexual, etorkin, beltz, atso, txiro, hies, eta ezindu berbak, homosexual hitzari eransteak, isiltasun, diskriminazio eta estigmatizazio gehigarria dakar. Eta Askatasuna lortzeak, azken baldintza hauek kontuan izanik, esfortzu handiagoa suposatzen du.


Gaur, berriro ere, askatasun espazio ezberdinak aldarrikatu beharra dugu, eta arrazoi ugari:


Gure sexualitate anitzak, askatasun espazio gisa aldarrikatzen ditugu. Belaunaldien arteko harremanak gero eta zigortuago daude, bai poliziaren bai gizartearen aldetik. Poliziaren eraso eta atxiloketekin batera, komunikabideetatik ia egunero heltzen zaizkigu gure sexualitatea gehiegikeriarekin, hilketekin edota sexu delituekin lotzen duten albisteak.


Ia 20 urte pasa dira Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea gaixotasun sikiatrikoen sailkapenetik atera zuenetik eta oraindik ere larritasunez ikusten dugu homosexualitatea eta lesbianismoa azaltzeko zientzilariek ematen dituzten arrazoi bilogizistak. Joan den astean, suediar zientzilari batzuen ikerketaren berri ezagutu genuen. Bertan lesbianen eta gay-en garuna nolakoa den zehazten ahalegintzen ziren. Zein ekarpen dakarkigu honek, gure sexualitatea bizitzerakoan ?


Geure gorputza askatasun espazio gisa aldarrikatzen dugu. Transexualitatea ez da gaixotasun mentala, bere garaian homosexualitatea eta lesbianismoa izan ez ziren bezala, eta gaixotasun mentalen sailkapenetik (DSM eta CIE) kentzea exijitzen dugu. Garena eta ez garenaren erabakia ez dagokio ez medikuntzari ez psikologiari ezta politikariei ere, pertsona protagonistei baizik. Eta hauek jasan behar izaten dituzte, existitu behar ez luketen diagnostikoen bidegabekeriak.


Gaur, geure eskubideon defentsan atzerapausorik eman gabe, kalea, gure gorputzak eta gure desioak erabil ditzagun.


Hitz hauek geureak egiten ditugu: Ongi etorria kaos-a, askatasunaren zantzua bait da.

> Berria: Erakusketa > TOLOSA: ASKATASUN SEXUALAREN EGUNAREKIN LOTUTA, ERAKUSKETA


  • Askatasun sexualaren egunarekin lotuta, erakusketa
  • EHGAMen argazki bilduma ikusgai da egun hauetan Leidor antzokian; zine egitarau berezia asteburuan.
  • Tolosaldeko Hitza, 2008-06-28 # Erredakzioa

EHGAM elkartearen Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurpegiak izeneko argazki erakusketa ikusgai da Leidor antzokiaren sarreran. Ekimen hau Udaleko Berdintasun sailak jarri du martxan. Izan ere, gaurkoa, Askatasun Sexualerako Eguna da. Bestalde, gai honekin lotuta, bi film izango dira ikusgai asteburuan. Alde batetik, gaur 17:30ean, Neil Jordanen Desayuno en pluton filma proiektutatuko dute. 22:30ean berriz, Ekachai Uekrongtham-en Beautiful boxer. Etzi ere film berak izango dira ikusgai, lehendabiziko saioa 19:30ean izango da, eta bigarrena berriz, 22:00etan.


Homofobia, oraindik ere arazo

EHGAMk 30 urtetik gora daramatza heterosexismoaren aurka egiten. Garaien arabera, egoera aldatuz joan da, baina homofobia oraindik ere arazo izaten jarraitzen du. Hau gaixotasun psiko-sozial gisa deskribatzen dute elkartekoek, non gorrotoa zaien homosexualei. Gauza bera gertazen da, lesbiana eta transexualekin. Gaixotasun hauek faxismo hitz generikoarekin ere ezagutzen dira, eta bata bestearen arteko gorrotoan oinarritzen da.


Leidorren, historian zehar nahiz gaur egun ezagunak diren pertsonaien esanak biltzen dira. Erakutsiz, oraindik ere «gaixotasun» hau askok pairatzen dutela.

  • [Testuan HEGAM agertu zen]

2008/06/27

> Iritzia: Koldobike Mujika / Sergio Iñiguez · Gehitu > LESBIANOK, IKUSGAI ETA ASKOTARIKOAK

  • Lesbianok, ikusgai eta askotarikoak
  • Berria, 2008-06-27 # Koldobike Mujika / Sergio Iñiguez · Gehituko koordinatzaileak

Beste urte batez ekainaren 28an Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Harrotasunaren eguna ospatuko dugu, den-denon Harrotasunarena. Aurten, batez ere ikusgarritasun lesbikoa errebindikatuko dugu. Lesbianok jabekuntza nahi dugu, ikusgarri izatea erabakitzea, gure espazioa konkistatu kaleetan, hedabideetan, gure familietan, lanean. Mezu honen bidez, hiritarrei erakutsi nahi diegu lesbianak hemen gauden kolektibo bat garela, kolektibo handia garela, errealitate esanguratsu eta ukaezina gizartean. Era berean, ikusten ez diren lesbianei ikusgarri izatearen onurak transmititu nahi dizkiegu, ezkutuan ibili beharrik eta bizimodu bikoitz bat eraman beharrik ez izatearen onurak, gu geu garen bezalakoak gure familiekin eta lagunekin, gure lankideekin agertzearen abantailak. Izan ere, horrek ere lagundu dezake eremu publikoko lesbianak agerian, argitara ateratzea erabaki dezaten. Erreferente publikoak behar ditugu, ezinbestekoak dira-eta gure nerabeen sozializazioan.


Ospakizun eguna dugu, biharkoa gure eguna da, baina ez dugu ahantzi behar gure duintasuna eta gure berdintasuna helegitepean daudela oraindik ere. PPri exijitu egiten diogu guk ezkontzeko dugun eskubidea aitortzen duen legearen kontra jarri duen helegite lotsagarria kentzea.


Ospakizun giroan gaude, baina ez dugu ahantzi behar lesbofobia, homofobia, transfobia eta bifobia errealitatea direla, oraindik ere, ikastetxeetan. Borrokan segitu behar dugu, horietan haurrak, nerabeak eta gazteak diren bezala errespeta ditzaten. Horregatik, Autonomia Erkidegoei eta Estatuko gobernuari exijitzen diogu afektuzko eta genero identitatezko erabateko sexu heziketa garatzea, arreta berezia jarriz aniztasunean, eta bide batez bermatuz Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgaia Estatuko ikastetxe, eskola eta institutu guztietan emango dela, edukiak batere murrizteke.


Era berean, exijitzen dugu sexuaren langileek lan arloko eskubide guztiak izatea, behin betiko. Udal politika batzuen bidez jasaten duten jazarpena amaitzea exijitzen dugu, sexu-esklabotza amaiarazi beharrean langile horien laneko baldintzak are prekarioagoak izatea eragiten baitute.


Ikusgarritasun Lesbikoaren urte honetan, gure osasuna modu integralean bermatuko duen osasun-sistema baten bidezko arreta eskatzen diogu Estatuari, ginekologiako protokoloen berrikuspenaz, gure behar eta arazo espezifikoak jasotzen dituen informazio egiazko baterako sarrera libreaz, behar bezala prestatuta dauden eta gure sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin begirunez jokatzen duten profesionalez; eta Ugalketa Lagundurako Tekniketarako erabateko aukera exijitzen dugu, emakume bikoteen barneko obulu-dohaintza barne. Era berean, epe lege bat eskatzen dugu, haurdunaldia borondatez etetea arautzeko.


Ospakizun giroan gaude, bai, bihar gure eguna da, baina ez dugu ahantzi behar munduko herrialde askotan, oraindik ere, kartzela eta heriotza dituztela zain lesbiana, gay, transexual eta bisexualek. Espainiako gobernuari eskatzen diogu nazioarte mailan neurriak hartzea, horrelako jazarpenak sustatzen dituzten legediak eta praktikak amaiarazteko. Aldi berean, sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla-eta egiten diren asilo eskariei laguntza sendoa ematea eskatzen dugu, eta konpromiso hau Europar Batasun osora zabaltzea sustatzea.


Ospakizun eguna dugu, bihar gure eguna da, baina ez ditugu ahantzi behar sexu bidez transmititzen diren infekzioak, batez ere Hiesaren pandemiari dagokionez. Ezin dugu jarraitu infekzioak gora eta gora egiten ari direla eta prebentziora behar beste baliabide ekonomiko bideratzen ez dela ikusten. Horregatik, gure indar guztiaz exijitzen dugu GIBa estatuko arazotzat hartzea. Emakumeentzako hesi-metodoetarako aukera orokortzea exijitzen dugu halaber, eta sexu-transmisioko infekzioen prebentzio kanpainak sortzea, batez ere emakume bisexual eta lesbianei zuzenduta, hauexek baitira Osasun Sistemako betiko baztertuak.


Eta gogoratu behar dugu premiazkoa dela pertsona transexualentzako osasun tratamendu integrala Estatu osoan modu eraginkorrean ezartzea, adinak edo nazionalitateak direnak direla; baina honek ez du, inolaz ere, ekarri behar transexualitatea, berez, gaixotasuna delako ideia onartzea. Eta ezin ditugu ahantzi adineko LGTBak, pertsona hauetako batzuk ahanztura, gaixotasuna eta, gauzarik gogorrena zalantzarik gabe, bakardadea jasaten ari baitira.


Estatu akonfesionala nahi dugu, estatua elizaren aurrean independentea dela bermatzen duena. Erlijio ikasgaia ikasketa-planetatik ateratzea nahi dugu. Hezkuntza ez-sexistarekiko begirune zorrotza nahi dugu. Eta Vatikanoarekiko konkordatua oraintxe bertan indargabetzea eta Elizaren finantzaketa publikoa amaitzea. Estatu Laikoa Orain!


Ospakizun giroan gaude, bihar gure eguna da, eta urte hau ikusgarritasun lesbikoaren urtetzat errebindikatzen dugu. Behin betiko erreklamatzen dugu gizartearen estamentu guztiak aniztasun lesbikoaren kontziente izatea eta sustatzea.


Gizarteak gu ikusezin ez gaitzala bihur exijitzen dugu, ez hedabideetan, ez berdintasun planetan, ez eskolako liburu eta programetan; eta gure afektu-sexu harreman ereduak ikusgarri egitea, aurreiritzi eta ezarpen heterosexistetatik libre.


Ikusgarritasuna da bereizkeriaren kontra borrokatzeko dugun lanabesa, eta Administrazioei exijitzen diegu hori sustatzeko programa espezifikoak sortzea.


Ospakizun giroan gaude, bihar gure eguna da, eta gurea izateagatik eskatzen dugu aurtengoa ikusgarritasun lesbikoaren urtea izatea, behin betiko.

> Iritzia: Rikardo Arregi > GASTEIZ GAY FRIENDLY?

  • Gasteiz Gay Friendly?
  • Diario de Noticias de Alava, 2008-06-27 # Rikardo Arregi

Gasteizko Udalak ideia bitxiak ditu beti, berdin dio zein den agintean dagoen alderdi politikoa. Badirudi udaletxean bizi den mamuren batek gure alkate eta zinegotzien gorputz-gogoak hartzen dituela menpe, eta sorgindu. Gasteizko udalak izan duen azken harrikada hiria gay friendly bezala saltzea da turismo azoketan gidatxo batzuen bitartez. Gasteizko gay komunitatearen parte handi bat barrez lehertu zen hori entzutean, ezaguna baita Gasteizen GLBT+ mugimendua txikitxoa dela (adjektibo txeratsua erabiltzearren). Sejo Carrascosak artikulu barregarri eta aldi berean serioa idatzi zuen horretaz: Aquí no hay Kien Folle, Gasteizen dugun estatua friki hori gogora ekarriz.


Gauzak ez zuela gehiagorako emango pentsatzen nuen nik, baina tren zaharren kutsua duen egunkari bateko gehigarrian, GPS izenekoan, agertu zen pasa den hilabetean artikulu bat, argazkiak eta guzti, gaiari buruz. Izenburua, Vitoria abre el armario, eta idazlea, María Zabaleta. Ni Sitges ni Chueca, horrela hasten da artikulua. Topiko bilduma polita jarraitzen dio hasiera harrigarriari: gayek dirua dutela eta abar. Ziur naiz María guay dela eta noizbehinka esertzen duela gay edo lesbiana bat bere mahaian, baina ez du asmatu. Ezagutzen ditudan pertsona batzuk elkarrizketatzen ditu eta ezagutzen ez ditudanak. Azken horietako bat beste topiko izugarri batekin dator: gay jendeak sentsibilitate berezia duela artearekiko. Ez María, ez, Gasteiz ez da Chueca edo Sitges eta ez da inoiz izango. Zelako ergelkeriak entzun eta irakurri behar ditugunak.


Egia da gasteiztarrek begirunez edo begiratzen dutela begi-bazterraz jende arraroa, eta ez dituztela gayak, lesbianak edo transexualak gehiegi jipoitzen. Bide batez egunkari honetan bertan agertu zen eraso baten berria (berria?) orain dela bi aste edo, nondik-norakoak ilun azalduz. Turista gayak erakartzeko ahalegina absurdua da; Ourense ere gay friendly izango da? Nor engainatu nahi dute Udalekoek?

2008/06/24

> Berria: Elkarteak > GAZTEHGAM ELKARTEA SORTU DA, GAZTEENTZAT "IRAULTZA SEXUALERAKO TRESNA BAT" IZATEKO ASMOZ

  • Gaztehgam elkartea sortu da, gazteentzat "iraultza sexualerako tresna bat" izateko asmoz
  • Europa Press, 2008-06-24

EHGAM elkartetik hurbil dauden hainbat gaztek Gaztehgam izeneko elkartea aurkeztu dute gaur Bilboko La Bolsa eraikinean. Modu "ausart eta zuzenean", talde berria "iraultza sexualerako tresna bat" izan nahi du gazteentzat.


Hurrengo hilabetetan beste herrialdetan aurkezpenak egingo ditu elkarteak, eta bitartean webgune bat sortu du: www.gaztehgam.org Momentu honetan, manifestu bat egiteko proposamen eta ideiak jasotzen ari dira.


Halaber, Gaztehgam elkartean parte hartzen duten gazteek ekainaren 28an Euskal Herrian zehar izango diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute, EHGAMekin batera.

2008/06/23

> Komunikatuak: EHGAM / MEDEAK > Ekainaren 28aren manifestua: HETEROSEXISMOAREN AURKA INTSUMISIOA

  • “HETEROSEXISMOAREN AURKA INTSUMISIOA”
  • Ekainaren 28aren manifestua
  • EHGAM-DOK, 2008-06-23 # EHGAM / MEDEAK

Gaur, Ekainaren 28a, berriro bildu gara, erreibindikazio eta borroka, eta harrotasun eta jaia den egun honetan


Gaur, ibilitako bidea eta eskuratutako lorpenak ospatu nahi ditugu, baina guzti hori ez zen lortuko, orain dela 30 urte Euskal Herrian, garai hartako gizartearen aurka aurrera-pauso bat eman eta matxinatu ez bagina, beldurrean eta katolizismo kontserbatzaileenean hezitutako gizartearen aurka, eta ikustezintasunera eta estigmara kondenatzen gintuena; eta ez baginen antolatzen hasi, alternatibak zabalduz eta kaleak hartuz, gure kausaren ikurrez eta koloreez margotuz.


Horregatik, aukera hau aprobetxatu nahi dugu garai haietako aitzindari batzuei, Lesbiana Feministen Kolektiboko militanteei, besarkadarik beroena emateko. Hemen gaude gaur beraiek gure aitzindari izan zirelako. Gure errekonozimendua erakutsi nahi diegu, borroka hau oso garai zailetan hasteagatik eta egindako guztiarengatik, eta guztiok elkarrekin borroka honetan jarraitzen dugulako.


Baina aurrerapen guzti horiek egonda ere, gizarte heteropatriarkal batetan bizi gara, sexu arautik irtetzen diren pertsona guztiak kondenatzen dituen gizartean.


Gu guztiok, gure gorputzean egiten den sexuen “ustezko naturalizatzearen” inskripzio bortitza salatzen jarraitzen dugu. Genero araua ere salatzen dugu, betiko dikotomian murgildu arazten gaituena, emakume-gizona, femenino-maskulinoa, eta heterosexual-homosexuala dikotomian.


Eta arau heteropatriarkala salatzen dugu, ezkontza monogamoaren eta familia nuklearraren barneko heterosexismoaren funtsean oinarritzen den araua.


Baina arauak eta beren biolentzia gaindituz, gure gorputzak eusten diete, borrokatzen dute, lubrifikatzen dira, ahalduntzen dira, heterosexismoa desobeditzen dute eta bere aurka jaikitzen dira, bere muga eta harresi integristak gainditzen dituzte.


Gure gorputzek sexu eta genero heteropatriarkalak desegiten dituzte, gorputz berri, autonomoak eraikitzeko!


Topa egin dezagun, ez diktadurek, ez isiltasun antidemokratikoek, ez sasimoral katolikoek, ezta gure askatasunaren merkataritzak ere, arrosa-kolorekoa bada ere, mendera ez gaitzaten.

2008/06/22

> Laburrak: Ekainak 28 > MIARRITZE: EHUNKA LAGUN GAY ETA LESBIANEN MANIFESTAZIOAN

  • Miarritze: Ehunka lagun gay eta lesbianen manifestazioan
  • Berriak, 2008-06-22

Ehunka lagun bildu ziren atzo Miarritzen (Lapurdi), gay eta lesbianen manifestazioan. “Diskriminazio guzien aurkako heziketaren alde” lelopean, besta giroan iragan zen harrotasun martxa. Dena den, LGP elkarte antolatzaileak salatu duenez, oraindik ere homosexualak «iraintzen eta jotzen» dituzte, eta «erasotzaileak geroz eta gazteagoak dira».

2008/06/19

> Berria: Ekainak 28 > DONOSTIA: SEXU BERDINTASUN ESKUBIDEAK EXIJITZEKO MANIFESTAZIOA

  • Sexu berdintasun eskubideak exijitzeko manifestazioa
  • Berdintasuna: Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute hilaren 28an
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-19 # Erredakzioa

Ekainaren 28a da Lesbiana, Gay Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Eguna. Gizartearen aurrean ezkutuan ibili behar ez izateko manifestazioa antolatu dute egun horretarako, 20:00etatik aurrera Bulebarretik abiatuta. Lesbianek gizartean dituzten trabak agerian utzi nahi ditu Gehituk. EHGAM eta Medeak elkarteek ere manifestazioarekin bat egingo dute. EHGAMek manifestazioan aldarrikatuko duen goiburua Heterosexismoaren aurka insumisioa izango da.


Gehituk, bestalde, hilaren 22an zine emanaldia eta 27rako literatura topaketa antolatu du elkartearen egoitzan.

2008/06/18

> Iritzia: Itxaro Borda > PARANOID PRIDE

  • Paranoid pride
  • Berria, 2008-06-18 # Itxaro Borda

Bada halako barbaria bat, lantokietan, bezperan amodioa eginik zoriontsu eta aharrausika itseskatzen eta gaua deblauki kontatzen diguten gizon eta emazteen aurrean, batez ere heteromundukoa ez den kidea derrigorrez mutu geratzera bortxatua denean. Badakit hegoaldean gay eta lesbianen egoera normalizatua dela, hizkuntza bezala; iparraldeak pairatzen dituen euskal moral jansenistaren eta LGBTeekiko ghetoizazioa dakarren frantses ideologiaren eremuaz ari naiz.


Azken hogeita hamar urteotan ez dut kasik inoiz lesbiana naiz edo gay nauzu erranez solasa segituko zuen inor gurutzatu, isilik gelditu naizela ni halaber. Orientabide sexualarena ez da menturaz plazara ateratzekoa den gai garrantzitsuena, badelako alaina hainbat arazo larriago gure zirkulu danteskoetan, adibidez euskararen biziraupena, nekazaritzaren geroa edo presoen samina. Ondorioz, heterosexualak baizik ez daitezke balentria erotikoez mintza. Azkorri pornografikoak ditugu.


Harritzen nau azkenik nola, giza eskubideen herrialdea izatearen fama daukan Frantzian ez diren ardura eskoletan aztertzen Prousten denbora galduaren bila nobela edo Foucault-en idatziak, egile horien homosexualitatea aipatuz. Uste dut idazle horiei laido egiten dela homotextualitatea gordetzen eta ukatzen zaienean, izkribatzaile horiek eskain dezaketen hoberena, kementsuena, irekiena baita.


Larunbatean Miarritzeko itsasargitik abiatuko da iparraldeko pride delakoa, arratsaldeko lauetan.


Agertuko gara.

> Berria: Xenofobia > ETORKINAK KANPORATZEKO ZUZENTARAUA, PIL-PILEAN GAURKO BOZKETAREKIN

  • Etorkinak kanporatzeko zuzentaraua, pil-pilean gaurko bozketarekin
  • Etorkinen kanporaketaren gaineko zuzentaraua bozkatuko du gaur Europako Legebiltzarrak. Eskuindarren botoekin aurrera egitea aurreikusten bada ere, iritzi kontrajarriak daude, batik bat, atxiloketa epearen luzapenari eta EBn sartzeko debekuari dagokionean.
  • Gara, 2008-06-18

Etorkinak kanporatzeko arauak bateratzeko, Europako Batasunak osatu duen agiria gaur bozkatu dute Legebiltzarrean. Atzoko eztabaidan, legebiltzarkideen eta talde politikoen artean dauden desadostasunak nabarmen gelditu ziren beste behin. Herrialde bakoitzean eskatutako agiriak ez edukitzeagatik atxiloketa epea hemezortzi hilabetetara luzatu dute. Eta, kanporatuta izatekotan, bost urtetan ezin izango dute Europako Batasuneko estatu kideetan sartu.


Liberalak eta PPE bat datoz zuzentarau horrekin. Beraien eta gainerako eskuindarren botoekin aurrera atera daiteke. Estatu frantseseko PSk, ordea, hainbat emendakin aurkeztu ditu. Dena den, talde legebiltzarkideak oraindik ez du azaldu zer bozkatuko duen, herrialde bakoitzeko ordezkaritzek ikuspuntu desberdinak dituzte-eta.


PSko Martine Moure legebiltzarkideak etorkinen kanporaketa prozedura bateratzeko zuzentaraua egun idatzita dagoen bezala ez dutela onartzen adierazi zuen. Bere hitzetan, etorkinen eskubideak babesteko hanka motz gelditzen da. Aurkeztu dituzten emendakinen artean, atxiloketa denboraldia gehienez sei hilabetekoa, eta ez hemezortzikoa, izatea proposatu dute.


Italiako Claudio Favaren ustetan, emendakinak atzera botatzen badira, «aurkako boto ugari» egongo dira.


PSOEko Javier Morenok, ordea, begi onez ikusi zuen agiria. Bere hitzetan, «immigrazioaren inguruan komuneko politika» adosteko bidean «aurrerapausoa» da. Proposatutako aldaketen alde dagoela esan arren, bai Estatu espainoleko bai Alemaniako ordezkaritzek ere testua bere horretan onartzeko prest daudela plazaratu dute.


Talde Komunistako kide Giusto Cataniak testua «lotsagarria» dela salatu zuen. «Europako kultura juridikoaren kontra egiten du», gaineratu zuen.


Ildo bertsuan mintzatu zen Hélène Flautre Berdeen izenean. Bere aburuz, «estatuen politika errepresiboen luzapena da». GUE/NGLren hitzetan (Ezkerra Bateratua), «helburua zortzi milioi lagunen kanporaketa da».


Aitzitik, Esloveniako Barne ministro Dragutin Matek agiriaren beharra nabarmendu zuen. Era berean, aldaketak egitea «arriskutsua» izan daitekeela ohartarazi zuen. «Horrek krisi larria eragiteaz gain, immigrazioaren gainean eztabaidatzen ari garen beste zuzentarau batzuengan ondorioak izan ditzake», helarazi zuen


Liberalentzat gobernuen konpromisoa «ez da biribila, baina norabide egokian doa». Graham Watsonek emendakinen aurka bozkatuko dutela azaldu zuen.

> Berria: Ekainak 28 > BERGARA: HITZALDIA ETA ZINE EMANALDIA GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALEN ASKAPENERAKO EGUNEAN

  • Hitzaldia eta zine emanaldia gay, lesbiana eta transexualen askapenerako egunean
  • Goiena.net, 2008-06-18 # Maider Arregi

Ekainaren 28an gay, lesbiana eta transexualen askapenerako eguna da. Hala, Udalak hainbat ekintza antolatu ditu. Besteak beste, "La memoria de los peces" filma eskainiko da gaztetxean ekainaren 25ean, eguaztenean. Hitzaldia eta erakusketa ere izango da. Hona hemen egingo diren ekintzak:

  • Erakusketa: "Historiako pertsonaia gay, lesbiana eta transexualak". Ekainaren 30etik uztailaren 11n kultura etxean.
  • Hitzaldia: "Askatasun sexuala", EGHAMek antolatuta. Ekainaren 25ean, eguaztenean, osoko bilkura aretoan, 19:00etan.

2008/06/14

> Berria: Erakusketak > GOIERRIKO EHGAMEK BEASIANGO USURBE ANTZOKIAN ERAKUSKETA JARRI "HOMOFOBIAREN AURPEGIAK" IZENBURUPEAN

  • Goierriko EHGAMek, Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimenduak, Beasaingo Usurbe Antzokian erakusketa jarri du 'Homofobiaren aurpegiak' izenburupean, bihar arte ikusgai egongo dena.
  • Askatasuna aldarri
  • Goierriko Hitza, 2008-06-14 # Maider del Olmo

“Homofoboa al zara?”, galdetzen die Beasainen erakusketa bisitatzen dutenei inkesta batek. Erantzun ondoko galderak. Aretoan dauden inkesta-orrietan 15 galdera daude, banan-banan erantzun ondoren emaitzaren arabera ematen dute berediktoa: homofoboa zaren ala ez. Alegia, gay, lesbiana eta transexualak errespetatzen dituzun. Javier Saez soziologoak diseinatutako inkesta da (hartza.com).


EHGAMek 30 urte bete ditu. Urteurrenaren harira Homofobiaren aurpegiak izenburupean Goierriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimenduko kideek erakusketa jarri dute Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Bihar arte egongo da zabalik.


Hogeita hamar urte atzera egin dute EHGAMeko kideek, eta oraindik ere gay, lesbiana eta transexualen eskubideen alde egiteko asko dagoela esan dute: «Denboraldi horretan gauza batzuk aldatu dira, dudarik gabe. Hala ere, homofobia, lesbofobia eta transfobia adierazpenak oraindik ere gertatzen dira, mehatxua izaten jarraitzen dute. Arazo honetan sakontzeko EHGAMek erakusketa hau antolatu du, fobia hauei buruzko zenbait aspektu erakusteko».


Ehun bat kasu aukeratu dituzte bere garaian entzute mediatiko handiagoa edo txikiagoa izan zutenak. Dokumentatutako kasu horiekin zenbait egoera, jarrera eta adierazpen homofobo, lesbofobo eta transfobo erakutsi nahi dituzte. EHGAMetik esan dutenez, «erakusketa honetara hurbiltzen direnak ezingo dira axolagabe geratu, eta gutxienez kezka sortuko zaie homosexualitate, lesbianismo eta transexualitatearen aurkako hainbeste deklarazioren aurrean».


Panelak, esanekin
Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan panelak jarri dituzte, euskaraz batzuk eta gaztelaniaz beste batzuk. Horietako panel bakoitzean EHGAMek homofobotzat jotzen duen esaldi bat azpimarratu dute; hala, pertsonaia ezagunen eta ezezagunen ahotan entzundakoak jarri dituzte erakusgai. Ezagunen artean daude, beste batzuen artean, Jose Javier Esparza telebista kritikaria, Jose Maria Aznar, Sabino Arana, Jaime Ignacio del Burgo, Fidel Castro, Stalin... Horiez gain, erakusketaren bitartez Elizaren hainbat ordezkarik gay, lesbiana eta transexualekiko duten jarrera salatzen dute.


Erakusketan, panelekin batera, irudiak eta argazkiak ikus daitezke. Aretora sartu eta berehala bisitariei ongietorria egiten die arrosa biziz dotore jantzitako maniki batek.


Biharko eguna izango da Beasainen erakusketa ikusteko azken aukera. Goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara bitartean.

  • Erakusketa
  • Antolatzailea. Goierriko EHGAM.
  • Izenburua. 'Homofobiaren aurpegiak'.
  • Eguna. Bihar.
  • Ordutegia. 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
  • Tokia. Usurbe Antzokiko erakusketa aretoa.

2008/06/13

> Komunikatuak: Gehitu > 2008KO EKAINAREN 28KO MANIFESTUA: LESBIANA IKUSGAIAK ETA ASKOTARIKOAK

  • 2008ko ekainaren 28ko manifestua: lesbiana ikusgaiak eta askotarikoak
  • Gehitu, 2008-06-13

Ekainak 28k esanahi berezia dauka: lesbianak ikusgai bilakatuko gara. Hemen gaude munduari erakusteko gai garela garena eta sentitzen duguna askatasunez eta zintzotasunez bizitzeko eta adierazteko; hemen gaude nahi duguna izateko asmoa aldarrikatzeko: aske izan nahi dugu, ikusgai, eskubide osoko emakume lesbianak. Are gehiago: hemen gaude erakusteko ikusgai bilakatzeko ahaleginak pena merezi duela, ez bakarrik gure artean, baita besteen aurrean ere.


Ilunpetan ezin da aske izan eta horregatik, gaur, armairu guztietako ateak betirako ixtea eskatzen dugu. Ikusgai bilakatzeko erabakia hartu behar dugu; erabateko lesbianak izateko, ezerk atzera botako ez gaituelarik. Ikusezintasuna eta tratu txarrak edo bidegabekeria sinonimoak dira. Ikusezintasunak ez digu uzten bizitza bete bat egiten...ikusgai egiteko ordua da, baina ez egun baterako soilik.


Gaur gure eguna da eta horregatik erakundeei eskatzen diegu lesbianen ikusgaitasunaren aldeko konpromiso publikoa eta irmoa hartu dezaten. Erakundeek beharrezkoak diren neurri guztiak hartu behar dituzte lesbiana guztiak lanean, hezkuntzan edota gizartean behar bezala aritu gaitezen. Dauden legeak irmoki aplikatu behar dira gure aukera sexuala dela-eta laneko edota bestelako alorretan bazterkeriarik jasateko aukera guztiak saihesteko.


Gaur, lesbianen ikusgaitasuna aldarrikatzen dugun egunean, mezu bat bidali nahi diegu ezagunak edo publikoak diren lesbiana guztiei; beren lesbianismoa ezkutatu beharreko zerbait dela uste duten komunikabide, politika, enpresa edota arte munduko emakume guztiei. Horiek guztiak gurekin bat egitera eta ikusgaitasunaren gurdia bultzatzera gonbidatzen ditugu. Ausartak eta solidarioak izatera gonbidatzen ditugu. Aurpegia ematen duen emakume lesbiana bat onartzen duen gizarte heldu bat garela erakustera gonbidatzen ditugu, gizarteak gayak geroz eta gehiago onartzen dituen bezalaxe.


Asko gara eta oso anitzak, baina guztiok dauzkagu eskubide berdinak. Mundu guztia bezalaxe maitatu, sufritu eta disfrutatzen dugu, eta mundu guztia bezalaxe aurpegia eta garena erakutsiz bizi nahi dugu.

2008/06/12

> Elkarrizketa: GUERRILLA TRAVOLAKA > "LEGEAK PSIKIATRARENGANA JOATEA BEHARTZEN GAITU IZENA ALDATZEKO"

  • «Legeak psikiatrarengana joatera behartzen gaitu izena aldatzeko»
  • Miguel Misse, Marina Collell eta Erik Huma Guerrilla Travolaka taldeko kideak
  • Guerrilla Travolakako kideek gogor salatzen dituzte Espainiako Genero Identitatearen Legeak transexualei ezartzen dizkien baldintzak.
  • Berria, 2008-06-12 # Jakes Goikoetxea · Donostia

Ideiak argi eta mingainak zorrotzak dauzkate. Lotsagabe baina argudioetan oinarrituta hitz egiten dute transexualez eta transexualen kontrako neurriez. Kataluniako Guerrilla Travolakako ordezkariak dira (guerrilla-travolaka.blogspot.com). Aste honetan Euskal Herrian izan dira, EHGAMek gonbidatuta.


Sarritan pentsatzen dugu transexuala izateko operatu egin behar dela, baina zuek asko hitz egiten duzue operatzen ez diren transexualei buruz.


ERIK HUMA: Operatzen diren transexualak transexual dira operatu aurretik ere.


MIGUEL MISSE: Funtsean transexualok ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen. Pentsatzen da transexualok beti operatu egiten garela, geure burua gorrotatzen dugula... baina era horretako aurreiritziak indargabetu behar ditugu: transexual izan daiteke operatu gabe, zure gorputza ondo bizitzen baduzu.


Iazko martxoan onartu zen Genero Identitatearen Legea Espainiako Kongresuan. Gehienek, baita transexualen elkarteek ere, legea txalotu zuten. Oso gutxi hitz egin zen legeak ezartzen dituen bi baldintzei buruz agirietan izena eta sexua aldatzeko. Hain ona al da legea?


MARINA COLLELL: Legea aurrerapausoa da, saihestu egiten duelako operatu behar izatea agirietan izena edo sexua aldatzeko. Baina legeak hainbat hutsune ditu. Hasteko, aintzat hartzen ditu bakarrik adinez nagusiak direnak eta Espainiako herritartasuna daukatenak, alegia, kanpoan uzten ditu adingabeak eta atzerritarrak. Horrez gain, transexualei gainerako pertsonei eskatzen ez dien osasun maila eskatzen die: transexual batek, psikopatologiaren bat izanez gero, ezin du bere izena eta sexua aldatzeko prozesua abiatu, uste baitute agian psikopatologia dela transexualitatea eragiten duena.


Eta legeak ezartzen dituen bi baldintza nagusiak?


COLLELL: Lehena da legeak genero disforia ziurtagiri bat eskatzen duela, genero identitatearen nahasmenduaren ziurtagiria. Horrek transexualak psikiatra batengana joan eta terapia psikiatrikoa jasotzera behartzen ditu izen aldaketa bat egiteko.


Bigarren baldintzak transexualak gutxienez bi urtez hormonak hartuz beren gorputza aldatzera behartzen ditu. Hori izen aldaketa bat egiteko! Oso biolentoa da Estatuak norbait bere gorputzarentzat eta osasunarentzat kaltegarria den zerbait egitera behartzea. Hormonak hartzeak bigarren mailako hainbat ondorio ditu eta, gainera, transexualen esterilizazio kimikoa eragiten du. Estatuak zikiratu egiten gaitu izena aldatu aurretik.


Kasu guztietan gertatzen al da zikiratzea?


MISSE: Gehienetan bai.


HUMA: Mutil transexual gehienei urtebetez hormonak hartu ostean histerektomia egitea gomendatzen diete, hau da, obarioak eta uteroa kentzea. Lege honen ustezko aurrerapenetako bat da ez dela beharrezkoa sexua aldatzeko operazioa egitea agirietan izena edo sexua aldatzeko; baina kontua da bi urtez hormonak hartzeak zikiratze kimikoa eragiten duela. Beraz, lehengoan gaude.


Nolakoa da genero disforia ziurtagiria lortzeko prozesua?


MISSE: 1970eko hamarkadan Harry Benjamin Elkarteak AEBetan osasun protokolo batzuk argitaratu zituen medikuek transexualak nola tratatu jakiteko. Protokolo horiek hartzen dira erreferentziatzat psikiatria unitateetan. Protokolo horietan Bizitza errealaren testa kontzeptua asmatu zuten. Testaren bitartez astero edo hilero neurtu egiten dute ea zure bizitzan gizon baten edo emakume baten moduan bizi zaren. Gurasoak, irakasleak, seme-alabak... inplikatzen dituzte prozesuan. Mugak jartzen dizkizute eta zure bizitza berrantolatzen dute. Talde terapiak antolatzen dituzte transexualentzat, gurasoentzat... Transexual gehienentzat esperientzia gogorra da.


COLLELL: Eta larriena da agian pertsona hori psikiatrarengana joan dela bakarrik nortasun agirian izena eta sexua aldatzeko.


MISSE: Transexualak psikiatrarengana joaten dira ziurtagiria lortu eta gero endokrinologoarengana joan ahal izateko, hormonak hartzera. Ezin duzu zuzenean endokrinologoarengana joan, endokrinologoak psikiatrarengana bidaliko baitzaitu.


Prozesu horrek guztiak traumaren bat eragin al diezaioke transexualari?


HUMA: Bai. Hilean bitan psikiatrarengana joan eta zure bizitza azaldu behar badiozu eta talde terapiara joan behar baduzu, gaixo zaudela uste duzu. Azkenean sentitzen duzu ez daukazula autonomiarik zure gorputza gobernatzeko.


Iazko ekainean kontzentrazioa egin zenuten Bartzelonako Ospitale Klinikoko Psikiatria Unitatearen aurrean, transexualitatearen psikiatrizazioa salatzeko. Psikiatrekin hitz egin duzue gaiari buruz. Aurkitu al duzue zuekin bat egin duenik?


MISSE: Gurekin bat egiten dutenak gehiago dira beren kontsultetan prozedura aldatzeko prest daudenak baino. Madrilgo psikologo batek genero disforia ziurtagiriak sinatzen ditu, ohiko prozedura jarraitu gabe, baina salbuespena da. Gehienek protokoloak jarraitzen dituzte, beldurragatik.


Legeak adinez nagusiak aintzat hartzen ditu. Zer gertatzen da transexual gazteekin edo nerabeekin?


MISSE: Haurrek psikiatrarengana joan behar dute 18 urte bete arte. Ordura arte ezin duzu izena aldatu edo hormonak hartu. Oso gogorra da adin horretan jasotzen den guztiari aurre egitea.


COLLELL: Legeak adingabeak babesgabetasun egoeran uzten ditu. Amaigabeko jarraipen psikiatriko horrek hainbat transexual beren kabuz hormonak hartzera bultzatzen ditu. Bartzelonako Ospitale Klinikoaren datu batzuen arabera, transexualen %70ek baino gehiagok hormonak hartzen dituzte, inongo kontrolik gabe, hormonak merkatu beltzean eskuratuta. Hori guztia amaituko litzateke transexual batek aukera izango balu endokrinologoarengana joan, hormonak hartu nahi dituela esan eta hormonak jasoko balitu. Ez da ideologia kontua bakarrik, baita osasunari dagokiona ere.


Unibertsitateetan transexualitatea nahasmendu bat dela irakasten al da?


COLLELL: Bai. Nik Psikologia ikasketen bi urte egin nituen, eta hori irakatsi zidaten. Hainbat lagunek hala salatzen digute. Aintzat hartu behar da sexu identitatearen nahasmenduak nazioarteko gaixotasunen zerrendetan daudela. Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik, baina egun horretan bertan transexualitatea sartu zuen.

  • «Test baten bitartez astero edo hilero neurtu egiten dute ea gizon edo emakume baten moduan bizi zaren»
  • Miguel Misse · Guerrilla Travolaka-ko kidea
  • «Estatuak zikiratu egiten gaitu izena aldatu aurretik, bi urtez hormonak hartzera behartuz»
  • Marina Collell · Guerrilla Travolaka-ko kidea

2008/06/10

> Berria: Ekitaldiak > ERRENTERIA: "DEL GUETO A LA CALLE" LIBURUAREN AURKEZPENA GAUR, MIKELAZULON

  • 'Del gueto a la calle' liburuaren aurkezpena gaur, Mikelazulon
  • Gizartea Raul Lopez Romo liburuaren egilea izango da hizlari, eta ondoren solasaldia izango da 19:30etik aurrera
  • Oarsoaldeko Hitza, 2008-06-10 # A. Maya

Raul Lopez Romo idazlearen Del gueto a la calle, el movimiento gay y lesbiano en el País Vasco y Navarra liburua aurkeztuko da gaur Mikelazulo Kultur Elkartean 19:30ean. Lopez bera izango da hizlari, eta ondoren solasaldia izango da ikusleekin batera. EHGAMek antolatutako ekitaldia izango da, Errenteriako Udalaren laguntzaz.


Lluis Castellsek liburuaren hitzaurrean honen garrantzia azpimarratzen du. «Lan honek homosexualitateak izan duen garapena ekartzen digu gogora, eta batez ere, belaunaldi berrientzako duen garrantzia azpimarragarria da».


Erreferentziazko liburua

Egungo egoerara iristeko egin beharreko bidea azaltzen du liburuak. «Gaur egungo egoera heltzeko, errepresioa jasan behar izan zuten, klandestinitatean ibili... Guzti horiek ederki asko azaltzen ditu Raul Lopezen liburuak», dio Castellsek. Horrez gain, EHGAMeko kideek hilaren 28an Gay eta Lesbianen Nazioarteko Harrotasunaren Eguna izango dela ekarri nahi izan dute gogora.

2008/06/06

> Berria: Ekainak 28 > EHGAMEK HAINBAT EKITALDI ANTOLATU DITU EKAINEAN ZEHAR, E-28 EGUNA OSPATZEKO

  • EHGAMek hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainean zehar, Nazioarteko Askapen Gay eta Lesbianoaren Eguna ospatzeko
  • Europa Press, 2008-06-06

Urtero bezala, ekainaren 28an Nazioarteko Askapen Gay eta Lesbianoaren Eguna ospatuko da ohiko manifestazio eta festarekin, eta hilabete osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilbon Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduak (EHGAM).


Horrela, elkarteko arduradunek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez, "Zine giroan - Cine que entiende" zikloa izango da Basuriko Social Antzokian, ostegunetan, 20:00etan eta 22:00etan. Hilaren 12an, Tudor Giurgiu errumaniarraren "Love Sick" (2004) pelikula ikusi ahal izango da; hilaren 19, Lucia Puenzoren "XXY" (Argentina/Espainia, 2007) izango da ikusgai; eta hilaren 20an, azkenik, Gus van Santen "Bad Night" (AEB, 1985) emango dute.


Hitzaldiak ere izango dira EHGAMek antolatu duen egitarauan. Ekainaren 10ean, La Bolsa eraikinean, 19:30etan hasita, "La lucha trans" gaiaz arituko dira Eric Silva eta Miquel Misse Bartzelonako La Guerrilla Travolaka taldeko kideak.


Hilaren 17an, 19:30etan eta Safo liburutegian, Raul Lopez historiografoak "Del gheto a la calle" liburuaren aurkeztuko du, eta ekainaren 24an, Gaztehgam taldea aurkeztuko du La Bolsa eraikinean, 19:30etatik aurrera.


Ekainaren 28an, Nazioarteko Askapen Gay eta Lesbianoaren Egunean, EHGAM, Aldarte, BiziGay, Euskal Hartzak, Hegoak, Queer Ekintza, Mass Medeak taldeek deituriko manifestazioa abiatuko da 20:00etan Moyua Plazatik, Santiago Plazan bukatzeko.


Ondoren, 22:00etan hasita, afari, ikuskizun eta jaia izango da Kafe Antzokian. Ikuskizunean parte hartuko dute Antzart dantza taldeak, Euskabaretek eta Las Fellini taldeak. Bertan, 2008ko Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina emango dira.

2008/06/02

> Iritzia: Josebe Egia > GAZTEAK, GURASOAK, SEXUA

  • Gazteak, gurasoak, sexua
  • Gara, 2008-06-02 # Josebe Egia

Nire ustez, pertsonei izugarri gustatzen zaigu sexua. Eta sexuari buruz hitz egitea ere bai. «Pertsonari» diodala azpimarratu nahi dut, badaezpada, batzuk emakumeei halako gauzek nazka ematen digutela eta, noski, gizonak baino askoz ere eratsuagoak garelako ustean bizi baitira oraindik.


Ez zen nire asmoa datorrenari buruz idaztea, baina ezin dut ekidin. Hiztegian «recatado» hitza begiratuta: «1. adj. begiratu, zuhur, arretatsu, neurritsu. 2. eratsu, zintzo, xume». Gure hizkuntzak genero markarik ez duenez -ez duena esan nahi ezin daitekeenik sexista izan-, ezin eskandaluzko ezer antzeman. Baina bakoitzarentzat jarritako adibideei ere tartea eskainiko diet, eta norberak atera ditzala ondorioak: «1. Tienes que ser más recatado en esas situaciones: begiratuago izan behar duzu egoera horietan. 2. Esa mujer lleva una vida muy recatada, sin excesos y modesta: Emakume horrek bizimodu eratsua darama, gehiegikeriarik gabekoa eta apala». XXI. mendean...


Ez sexua, ez sexuari buruz jakin-nahia ez da generoaren araberakoa. Hala egiaztatu dut joan den asteko artikuluagatik hainbat pertsona ezberdinek egindako galdera ikusita: zer zioten treneko neskek? Zer demontre, zehazki, esan zioten elkarri hain beldurtuta geratzeko artikulugilea eta ni?


Galdera egin didaten askoren seme-alabak nerabeak dira. Errealitate orokorra besterik ez da sexuaz ia edozeinekin hitz egin dezakegula, gure umeekin izan ezik, gure gurasoekin izan ezik.


Gurasoak beti guraso eta, dirudien arren, garai ezberdinekoak izatearekin zerikusirik ez duten bi ezaugarri komunekin: batetik, seme-alabek pentsatzen, sentitzen eta egiten dutenaren inguruko ideiarik eza, irakasleek, sexologoek, psikologoek, hezitzaileek... baieztatzen dutenez. «Dena kontatzeko irrikaz etortzen dira, entzunak izateko gogo biziarekin». Bestetik, norberaren umeak «hori» egiten ez duelako sinesmen tinkoa.


Baina gazteek sexuaz zer eta nola esaten duten gazteei beraei entzuteak gaia nola bizi eta garatzen duten jakiteko ideia garbia ematen digu eta haien behar errealak konprenitzen eta artatzen laguntzen digu, hezteko bidea markatzen, epaitzen edo ez ikustearenak egiten jardun barik.


Egungo nerabeek historiako belaunaldirik informatuena eratu arren, nahi gabeko haurdunaldiek gora egiten dute; ondorioz, abortuek, biharamuneko pilularen erabilerak ere bai. Azken honi buruz berri pozgarria izan dugu. Ezin gauza bera esan abortuaz, injustua, garestia, tabua eta hipokrisiaz beteriko gaia izaten jarraitzen duena.


Frogatuta dago gazteak gero eta lehenago hasten direla, gehiagotan eta pertsona ezberdin gehiagorekin egiten dutela, neskek eta mutilek. Orain, bakoitzak nola bizi duen aztertuta, mutilen helburua koitoa, neska bakoitza trofeo bat; neskentzat, ordea, puta edo emakume erraz gisa ezaguna izateko arriskua, plazerrik ez sentitzeko frustrazioa, haurdun geratzeko beldurra, ezetz esateko lotsa, mutila beste batekin joatearen ezinegona... Neskentzat haurdunaldia, abortua, biharamuneko pilula.


Gure semeek eta gure alabek «hori guztia» egiten dute. Hortaz, treneko neskak zertaz ari ziren jakin nahi duenak, galde diezaiola bereari.

2008/06/01

> Elkarrizketa: Beatriz Preciado > "NATURAN ES DAGO FEMINITATERIK ETA MASKULINITATERIK"

  • Beatriz Preciado: «Naturan ez dago feminitaterik eta maskulinitaterik»
  • Argia, 2008-06-01, 2139 zk. # Amaia Alvarez · Lierni Arrieta · Onintza Irureta

Iraindua sentitu zen; marimutila, tortillera, deitu zioten. Sexualitateaz, generoaz, gorputzaz mila galdera zituela New Yorkera abiatu zen. Han queer mugimenduaren erdi-erdian egokitu zen. Orain, Parisen, galdera berberen erantzunak aztarrikatzen segitzen du unibertsitateko irakasle eta ikasleekin batera.


Duela gutxi hautsak harrotu ditu Thomas Beatie “gizon haurduna”ren egunkariko albisteak. Zergatik aztoratu da jendea?
[Prentsako orria eskura eman diogunean irribarre zabal-zabala atera zaio].
San Franciscoko lagun batek bere adiskide baten argazkiak bidali zizkidan, haurdun zegoen eta gero haurra izan zuen. Argazkia Testo Yonqui liburuan sartzea pentsatu nuen, baina Beatieren argazkiarekin jendeak nola erreakzionatu zuen ikusita ez sartzea erabaki nuen. Jendeak liburura joko zuen argazkia baino ez ikusteko, morbo erraza eragingo zuen.


Bada jendea uste duena gizon bakarra dagoela haurdun, alegia transexuala bakarra haurdun, baina San Franciscon adibidez, aita haurdunen komunitatea dago.


Beatieren gaiari helduta, oinarrizkoena azaldu beharko nuke gertaera hori ezagutzen ez dutenentzat. Beatie, beste transexual asko bezala, transexual hormonatua da, baina obulutegiak mantendu ditu. Hormonak hartzeari uzten badio hilekoak izan ditzake eta umetokia erabil dezake haurdunaldirako.


Beatiek, beste transexual askok bezala, adierazten duena da ez diogula gorputzari begiratu behar jarraipen zorrotza duen sexuaren, generoaren eta sexualitatearen arteko bloke moduan. Beatieren gorputza ez da ez maskulinoa ez femeninoa, potentzialitate ugari duen gorputza baizik, norbanakoarena bezalaxe. Zentzugabea da pentsatzea testosterona maskulinoa dela eta estrogenoa femeninoa, edo umetokia femeninoa. Umetokia hainbat gorputzetan dagoen organoa da eta orain arte kulturalki gorputz horiek femeninotzat hartu dira. Ezerk ez digu esaten umetokia berez eta historikoki femeninoa eta femeninoa baino ez denik. Beatieren haurdunaldia feminitatetik eta maskulinitatetik harago doa, amatasunetik eta aitatasunetik harago. Testo Yonqui liburuan teknoaitatasuna eta teknoamatasuna aipatu ditut. Hau da, baldintza teknologikoak daude tartean eta ez biologikoak soilik. Beatieren kasuan teknologia hori oso agerikoa da, baina haurdunaldi askotan dago. Esate baterako, intseminazio artifiziala ez zen asmatu transexualentzako, ezta homosexualentzako ere, nahiz eta askok hala uste. Pildora bezalaxe asmatu zen; familia zuri, heterosexual eta klase ertainekoentzat ugalketarekin lotutako ikerketak egiten ari zirela. Beraz, ugalketa sexualarekin zerikusia duten prozesu teknologiko horiek, zeinak sexua, generoa eta sexualitatea banatzen dituzten, gorputz guztietan ageri dira, ez anormaltzat eta duintasunik gabekotzat hartzen ditugun gorputzetan soilik. Nire babesa eta esker ona luzatu nahi diet halako eraldaketa eta berrasmatze prozesuetan ari diren transexualei.


Prozesu teknologikoa diozunean zer adierazi nahi duzu?
Sinetsi dugu gorputza eta sexualitatea naturalak, berezkoak direla, hala erakutsi digu tradizio historikoak. Identitate sexualaren, gorputzaren eta sexualitatearen nukleo gogorra irudikatzen da. Nukleo hori kultura eta eraldaketa teknologiko guztietatik banandua legoke.


1970eko eta 1980ko hamarkadetatik aurrera, feminismoaren alorreko hainbat pentsalari hasi ziren ikertzen diskurtso zientifikoetan ageri ziren metaforak (generozkoak, arrazazkoak eta kolonialak). Hori batetik, eta bestetik Michel Foucault historialari eta filosofoaren eskutik, adibidez, teoria deseraikitzaileagoak agertu ziren. “Sexuaren egia” ekoizten duten prozesuak aztertu zituzten: gorputzak normalizatzen dituzten, maskulinitatea eta feminitatea kontzeptuak asmatzen dituzten, homosexualitatea eta heterosexualitatea asmatzen dituzten prozesuak ikertu zituzten.


Esate baterako, heterosexualitatea/homosexualitatea kontzeptuak XIX. mendearen bukaeran asmatu zituzten sexualitatea kontrolatzeko eta normalizatzeko, –horrek ez du esan nahi ordura arte sexu praktika aniztasunik ez zegoenik; bazegoen noski–.


70eko eta 80ko hamarkadetako analisi garrantzitsuenetakoa eta zeharo berria da –gero queer teoriak muturreraino eramango duena– jabetzea sexualitatea eta subjektu sexualak formazio historikoen eta irudikapen politikoen ondorio direla. Beraz, ez dago entitate naturalik, ez dago naturan homosexualitaterik eta heterosexualitaterik, ezta feminitaterik eta maskulinitaterik ere. Orain naturaltzat ditugun subjektibitate horiek prozesu politiko eta teknologikoek eragindakoak dira.


Teknologiaz galdetu didazu lehen. Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak aztertu ditut. Teknologia horiek eta XIX. mendekoak oso desberdinak dira. XIX.ekoak kanpotik diziplina ezartzen zuten gailuak ziren: kartzela, eskola, ospitale psikiatrikoa, tortura, zigor metodoak... Arkitektura multzo horrek norbanakoa babesten zuen eta hainbat subjektibitate sortu: histerikoa, eroa, ume masturbatzailea, etxekoandrea... Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak molekularrak dira, bizidunaren egituran infiltratzen dira, gorputzarekin nahasten dira.


Pildora da, zalantzarik gabe, sexuak eta generoak ulertzeko dugun eredua modu erradikalenean aldatu duena.


Nola eragin du bada pildorak?
Teknologia molekular eta biomolekularrek sexualitatearen kontrol eta normalizazioan nola eragin dutenaren adibide bat baino ez da pildorarena. Hormona koktela, estrogeno eta progesterona koktela besterik ez da, 1940ko hamarkadan asmatutakoa. 1960ko feminismoak, bitxia da, sexu askatasunerako tresna gisa onartu zuen.


Asko harritu ninduen, baina kontua da pildora laboratorioan sintetizatu zela, fundazio katoliko baten diru-laguntzari esker. Familia katoliko, klase ertaineko eta heterosexualen ugalketa programan ari ziren lanean. Ikerketan aurkitu zuten estrogeno eta progesterona konbinazioak ugalketarako baino, antisorgailu gisa balio zuen.


Amerikako Estatu Batuetan 1947an asmatutako lehen pildora hori Puerto Ricon probatu zuten. Teknika eugenesiko gisa erabili zuten, arraza beltzaren hazkundea murrizteko, beltz eta zurien familia estatubatuarrak purifikatu eta banatzeko. Niretzako ustekabea izan zen erabilera horren berri izatea. Jaiotzak kontrolatzeko 60ko talde feministen aldarrikapenak ezagutzen nituen; gorputzaren politizazioa, kontzientzia hartzea... eta pildorarekin egindakoa justu kontrakoa da. Erabilera psikiatrikoa –homosexualitate maskulinoa tratatu nahi zuten– eta eugenesikoa izan zituen.


AEBetako Osasun Sailak ez zuen baimenik eman lehen pildora komertzializatzeko hilekoak guztiz ezabatzen zituelako eta beraz emakume amerikarrak desfeminizatuko zituelako. Berriz ere gauza sinesgaitza egin zuten. Lehen pildora hark %99ko eraginkortasuna zuen, alde batera utzi zuten eta hileko artifizialak eragiten zituen bigarren pildora asmatu zuten.


Zer adierazi nahi dut pildoraren historia honekin? Bada 1950eko urteetatik aurrera, jakinaren gainean abian jarri zela emakumeen gorputzaren kontrol hormonala. Kurioski feminismoak sexu askatasun bidetzat hartu zuen pildora. Noski badituela sexu askatasunerako bideak, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik hausnartu behar alor politiko, generozko eta arrazazkoei buruz.
Beraz, eta pildoraren adibidetik orokortasunera jauzi eginda, sexualitatearen bestelako konfigurazioaren aurrean gaude, Foucaultek XIX. mendean deskribatutako eredu diziplina ezartzailetik harago. Nik eredu farmakopornografikoa deitzen diot, kontrola ez delako kanpotikakoa, arkitektonikoa, diziplinarioa, baizik eta molekularra, infiltratua, arina, nahi baduzue baita lagunkoia ere. Nik kontrol horri “pop” deitzen diot, “Mickey Mouse” kontrola, plazera eta askatasuna emango dizkigun konfiantzazko lagun gisa agertzen dena.


Eredu farmakopornografikoa aipatu duzu. Zer duzu esateko pornografiaz?


Teknika oso berria da pornografia, masa kulturatzat hartuta. Lehenengo aldiz masturbazioa kapitalaren ekoizpenerako produktu bihurtuko du pornografiak. Ideia hori oso berria da zeren XIX. mendean eta XX. mendearen erdira arte masturbazioa gaixotasuna zen, gaitz soziala, lanerako eta ugalketarako behar den energia alferrik galtzen baita masturbazioaren bidez. Norbera bere buruarentzako arrisku sexuala zen, “esku masturbatzailea” lotu beharreko deabrua zen.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, sexualitatearen kontrolerako moduak zeharo aldatu ziren. Orduan kontua ez zen masturbazioa eragoztea baizik eta masturbazioa masa kultura bilakatzea.


...


Nik ez daukat erantzunik. Ez dakit zer gertatu den, nahiko nuke jakin. Beno, nik uste kapitalismoaren aldaketa dagoela, kapitalismoak nolabait gorputza, subjektibitatea eta sexualitatea produkzio bide gisa integratzen ditu. XIX. mendean eta XX. mendearen erdira arte sexualitatea kapitalaren etsaitzat hartu zen. XX. mendearen erditik aurrera kapitala jabetzen da sexualitatea etekin bihur daitekeela, gorputza, plazera, sexualitatea, baita generoa ere, kapital ekoizpenaren iturri berriak bihurtuko dira.


Madrilgo Chueca auzoarekin gertatu da hori, esate baterako.


Horixe bera. Alabaina, Chueca ezin duzu Disneyworld heterosexualarekin alderatu. Jendea aztoratu egiten da Chueca ezagutzen duenean, uste duelako sexualitate homosexualak gheto baztertua izan behar duela, eta beraz kapitaletik at egon behar duela. Inolako identitatek ez dio ihes egiten logika horri. Lehen uste zen bazterreko identitate batzuk bazirela kapitaletik kanpo geratzen zirenak. Noski ezetz. Identitate horiek ere sistema farmakopornografiko berberaren eta kapitalaren ondorio dira. Kontua da identitate oro normalizatzeko gaitasuna dagoela, bai bazterrekoak diruditen identitateak eta baita normalizatuagoak diruditenak ere.


Subjektibitateak prozesu politiko eta teknologikoek eragin dituztela eta deseraiki behar direla diozu. Zer gertatuko da orduan borroka identitarioekin? Kolektibo minorizatuekin? Feminismoa subjektu politikorik gabe uzten baduzu armarik gabe geratuko al da?


Bai zera. Inoiz ez dugu orain baino arma gehiago izan. Lehen genituenak armak ere ez ziren. Feminismoaren subjektua emakumea zela genioen, eta ni adibidez, ezin izan naiz sekula feminismoaren subjektuarekin identifikatu, inoiz ezin izan dudalako nire burua emakumetzat hartu. Eta hortaz gain, bai feminismoaren diskurtsoek zein genero normalizazioaren diskurtsoek irainaren bidez baztertu ninduten: marimutila, lesbiana... Emakumearen eremutik baztertu ninduten. Emakumearen alor hori ere fikzio normalizatzailea zen.


Borrokarako armak galtzen ari garela diozu? Nik uste dut ezetz, guztiz kontrakoa. Konturatu gara fikzio horrek borroka politikorako beharrezkoak ziren identitateak, plazerak, gorputzak... baztertzen zituela. Gainera, borroka feministaren subjektutzat hartu genuen emakume hori, zuria, heterosexuala eta klase ertainekoa baino ez zen –ez dakit egiatan existitzen den irudi idealizatu hori–.


Oposizio dialektikoa irudikatzen zen: emakume biktima/gizon zapaltzailea. Egoera askoz korapilatsuagoa da. Kontua ez da zapaldua/zapaltzailea dialektika. Gorputz, sexualitate eta subjektibitate anitzekin egin beharko dugu lan, emakume subjektuak bere barruan bildu ezin dituenekin. Feminista heterosexual asko iritzi honekin bat etor daiteke. Zeren guk uste genuenaren kontra, agian, emakume subjektua borroka politikorako arma ez da izan, eta beharbada gainera, feminismoak burutzeke duen iraultza eragotzi du. XXI. mendeko iraultza horixe da, emakumea ez dela feminismoaren subjektua, feminismoaren subjektua etortzeko dago. Hori da behintzat nik espero dudana.


Nortasun agiria
Espainiako Burgosen jaio zen 1970ean. Filosofoa eta queer aktibista da. Orain, Frantzian, Université Paris VIII-n Generoaren Teoria eta Gorputzaren Historia Politikoa irakasten ditu. 2002an Manifiesto contra-sexual. Prácticas subversivas de identidad sexual liburua argitaratu zuen. Queer garaikideaz teorizatzeko ezinbestekotzat jo zuten lana. Berriki Testo Yonqui kaleratu du. Egitura politiko eta boterezkoek gorputzaren bizipenean nola eragiten duten aztertu du eta bere buruari testosterona emanda egin duen esperimentua kontatu du. Teoría King Kong (Virginie Despentes) itzuli du eta 12 urteko neska-mutil guztiei gomendatu die genero biolentziaren kontrako kit moduan.


Gorputz paristarra

“Bortizki ari da aldatzen Paris, politika kontserbadore beldurgarriekin. Arraza, klase eta sexualitatearen araberako banaketa oso gogorra da. Pribilegiatu senti naiteke, besterik gabe zuria naizelako eta goi mailako ikasketak ditudalako. Batzuetan ordea, ditudan lagunak ditudalako beste aldean sentitzen naiz. Sarkozyk boterea hartu zuenean esan zuen 68ko kulturarekin amaitu nahi zuela, orduz geroztik pentsatu dut 68 berria iritsiko zaiola. Gorputz paristarra? Gorputz iraultzailea da”.


Gizon/emakume

“Genero biolentzia iruditzen zait nortasun agirian sexua edo generoa jarri beharra. Ekintza iraingarria, diziplinatzailea, normalizatzailea da”.


'Manifiesto contra-sexual liburua', hiru ardatz

Manifiesto contra-sexual, zure lehen liburuan, generoaren eta sexualitatearen historiaren berrirakurketa proposatzen duzu. Hiru ardatz aukeratu dituzu horretarako. Zergatik horiek?


Ezer ez da absolutua. Liburuan hiru ardatz horiek aipatu ditut uste dudalako desnaturalizatzen, desorekatzen eta desantologizatzen dituztela ikuspegi heterosexualeko sexu praktikak. Eta baita ikuspegi homosexualetik begiratuta ere.


Dildoa
Sexualitatearen eraketa farmakopornografiko berri honetan, dildoa gorputzaren kontzeptu berria da, gorputza ez da bukatzen azala bukatzen den tokian, gorputza teknologiarekin eta teknologiarentzat dago osatua. Dildoa protesi sexuala da, sexuaren luzapen sintetikoa. Gorputz sexuala beste modu batera eratzeaz ari naiz dildoaz ari naizenean, muga naturala gainditzeaz, maskulinoa eta femeninoa kontzeptuetatik harago.


Dildoaren historia ikertu nuenean, pildorarekin bezala, gauza bitxiak topatu nituen. Jende gehienak uste du dildoak zakilaren imitazioak direla. Bada, konturatu nintzen dildoak medikuntzako laboratorioetan agertu zirela, esate baterako, krisi histerikoak eragiteko teknika moduan. Histeria femeninoa sendatu nahi zuten dildoen bidez. Beraz, konturatu nintzen dildo elektrifikatua plazera eragiteko teknologiatako bat baino ez zela XIX. mendean eta gero sexualitatearen normalizazio eta patologizazio zirkuituak jabetu ziren horretaz. Gaur egun, mikrokomunitate gay, lesbiana, transexual eta transgeneroek bereganatu dute eta baita kultura zabalagoak ere.


Uzkia
Ez da ez maskulinoa eta ez femeninoa, gorputz orok dauka uzkia, ahoa bezala. Uzkia, eskua bezala, XIX. mendeko sexualitatearen medikuntza diziplinarioaren ardi beltzetakoa da. Oso zaila da kontrolatzea eskuzko eta uzki bidezko plazera. Zaila da jakitea plazer maskulinoa ala femeninoa den, onartu gabeko plazera da... mespretxugarritzat joa.


Lesbianen arteko praktika sadomasokistak

Hitzarmenaren ideia interesatzen zait, sexualitateari eskaintzen zaion begirada teatralizatua, performatiboa. Sadomasoak sexualitatea ekintza kultural eta kodifikatu gisa ulertzen du, ez zerbait naturala eta berezkoa balitz bezala. Sexualitate hori beti jendaurreko eszena da. Praktika horiek oso garrantzitsuak izan ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan Amerikako Estatu Batuetan, eta gauza funtsezkoa ekarri zuten: identitate sexualarekiko konfiantza eza. Kultura sadomasokistek ez dute sinesten sexuen eta generoen arteko diferentzietan. Ez dute uste homosexualak eta heterosexualak daudenik, zartadak eman eta jasotzen dituzten menpekoak eta damak baizik. Posizioak fikziozkoak dira, antzeztuak. Erritua da.

  • Motzean
  • Comillaseko Filosofia Fakultatea
  • Paco Vidarterekin lotzen dut. Ikaskidea nuen, aurten hil da. Comillaseko gaya eta lesbiana ginen. Hura gure futbol zelai queerra zen.
  • New Yorken bizitzea
  • Hiri kanibala da, gogorra da han bizitzea. Ondoren egin dudan guztia han ikasi dut. 1991-1992an lehertu zen queer teoria hiri hartan eta ni 1993an iritsi nintzen. Han aurkitu nituen Judith Butler, Nancy Frazer, Jacqui Alexander... nire maisu bihurtu zirenak.
  • Jacques Derrida irakaslea
  • Hark erakutsi zidan irakurtzen. Oso eskuzabala zen. Gogorra da, jende hori dagoeneko ez baitago hemen.
  • Princetoneko arkitektura
  • Kartzelaren modukoa. Jakintzaren eta subjektibitatearen diziplinaren espazio garrantzitsuena. Unibertsitate amerikarrek kontraesan hori daukate: oso kontserbadoreak, Bushen programaren tentakuluak dira, eta era berean, han ezagutu ditudan irakasleak zoragarriak ziren. Gerrako bunkerrean irautea bezala da.
  • Paris eta Le Zoo taldea
  • Queer kultura ez zen Parisera iritsia, ez zuten Judith Butler ezagutzen, testuak ez zeuden itzulita... Ilargitik itzultzea (New Yorketik Pariserako bidaia) bezala izan zen. Mundu berria ezagutua nuen nik, imaginario politikoa eta Parisen nirekin hori egin nahi zuen jendea aurkitu nuen. Sormen handiko garaia izan zen.
  • Ikasle izatetik irakasle izatera
  • Ez naiz aldaketa horretaz ohartu. Ikasle sentitzen naiz. Inoiz ez duzu ikasten ikasi duzula uste duzun horretatik eta ez dizu erakusten irakasten ari zaizun horrek.
  • Donna Haraway
  • Asko maite dut. Bera ikusi nuen lehen aldian ulertu nuen zerbait nire gorputzaz, nire matraileko protesiaz. Gorpuztasunarekin zerikusia duen guztia niri ondoen azaltzen jakin duena izan da.