2008/07/30

> Iritzia: Nerea Elias > ALIANTZAK

  • Aliantzak
  • Berria, 2008-07-30 # Nerea Elias

Feminismoak historikoki harreman ugari izan ditu gay eta lesbianen, batez ere lesbianen, mugimenduarekin. Eztabaidak eztabaida, eta horiei esker hein handi batean, feminismoa bere corpus teorikoa eta ekintza politikoa osatzen eta berregituratzen joan da. Oparoa izan da bi mugimenduen arteko hartu-emana. Harremanak, bereziki informalak, etengabekoak diren arren, komenigarria izaten da gogoeta eta elkartrukerako espazioak ahalbidetzea. Hausnarketarako espazio hori eskaini dute Artelekun antolaturiko Feminismopornopunk topaketek.


Lesbianak, homosexualak, transexualak, transgeneroak, queer-ak, feministak, hau da, erregimen patriarkalaren bazterretan gaudenak, elkartu gara Artelekun. Lau egunez, pospornoa (pornografia egin eta ikusteko modu berria), queer mugimendua, genero identitateen eraikitzea eta apurketa, sexu desioen aniztasuna, eta abar izan ditugu gogoetagai eta praktikagai (zenbaitentzat praktikagay) hitzaldi, performance eta tailerretan.


Eta bazterretan, sistema patriarkalaren ertzetan, elkartu gara denok. Eta bazterretan egoteak batzen gaitu, bazterretara botatzen gaituen ereduari aurre egiteko nahiak eta beharrak. Horregatik, garrantzitsua da aldentzen gaituenaren gainetik (ezberdintasun guztiak kontuan izanik) batzen gaituena gogoratzea, gure artean aliantzak, babesak eta sareak sortzea.


Aliantza hauetatik asko jaso dezake feminismoak, bai hausnarketa mailan eta bai ekintza estrategiak planteatzerakoan. Queer mugimenduak, adibidez, generoa (emakumea / gizona) sozialki eraikitzen dela defendatzeaz gain (honetan bat etorriko litzateke feminismoarekin), sexu joerekin (homosexual / lesbiana) ere gauza bera gertatzen dela argudiatzen du; nortasunak, sexu desioak, sexu-praktika normalak eta perbertsioak, gure gorputzarekin dugun harremana, maitasun erromantikoaren ideia, eta abar sozialki sortzen direla. Eraikitako eredu horiek guztiak apurtzeko ahaleginak egiten dituzte queer mugimendukoek, horretarako estrategiarik deigarrienak, erradikalenak eta probokatzaileenak erabiliz.


Besteak beste, ikuspuntu eta estrategia horien guztien berri jasotzeko aukera izan dugu Artelekun, gure adostasunak edo desadostasunak aztertzeko aukera, bazterretan gaudenon indarrak batzeko parada, ez baita ahaztu behar gehienetan bazterretan, ertzetan edo txokoetan sortzen direla proposamenik interesgarrienak eta apurtzaileenak.

> Elkarrizketa: Atsegin Odriozola · Eva Aiertza > "JENDEARI ORAINDIK EZ ZAIO BURUAN SARTZEN ARRAUNEAN IBILTZEN GARELA"

  • Atsegin Odriozola eta Eva Aiertza · Zumaia-Getaria traineruko arraunlariak
  • «Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen arraunean ibiltzen garela»
  • Joan den astean Gizpuzkoako txapeldun izan ziren, eta bihar estreinakoz antolatu den emakumezkoen Euskadiko Txapelketan ariko dira
  • Aiertza: «Batzuek trabak jarri eta gustatu ez zaizkigun komentarioak egin dituzte»
  • Odriozola: «Orain arte, gizonezkoek zuten jarraikortasun hori ez geneukan emakumeok»
  • Urola Kostako Hitza, 2008-07-30 # Aritz Mutiozabal

Gipuzkoako bandera lortu ondoren, Zumaia-Getariako trainerua Euskadiko Txapelketa irabazten saiatuko da bihar eguerdian Lekeition, 12:00etatik aurrera. Denboraldi hasiera bikainaren aurrean, Zumaiako Arraun Taldeko kide Atsegin Odriozola (Zestoa, 1991) eta Getariako Arraun Taldeko kide Eva Aiertza (Orio, 1989) talde berriaren bilakaeraz eta euren ilusioez aritu dira.


Bateletan eta trainerilletan badaramazue hainbat urte. Bazen garaia trainerua ateratzekoa, ezta?

Odriozola, Atsegin: Dudarik gabe.
Aiertza, Eva: Lehendik ere saiakera bat egin zen, baina estropada batzuk soilik jokatu genituen Urola Kostaren izenean. Zumaia-Getaria taldea osatzen dugun arraunlari batzuk bertan ibili ginen.
Baina estropada solteak baino ez ziren izan.
A.O.: Ez zen orain bezala izan. Aurten, behintzat, txapelketa batzuk finkatu dituzte.


Mementoz, hiru estropada antolatu dituzte: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta Kontxako Bandera.
A.O.: Hiru estropada horiek finkatuta daude. Gero, beste pare bat estropada ere antolatu nahi dituztela aipatu dute. Abuztuan zehar izango dira, baina oraindik zehazteko dago guztia.


Duela hiru aste elkartu eta hasi zineten entrenamenduekin, eta hasi eta berehala Gipuzkoako txapeldun izan zarete. Elkar ulertu duzuen seinale?
A.O.: Guztiok trainerilletan ibilitakoak gara; gainera, Getaria eta Zumaia bakarrik ibili gara aurten trainerilletako ligan Gipuzkoan. Horrek ere lagundu egiten du. Lehenengo egunak gogorrak izan ziren, baina pixkanaka neurria hartuz goaz.
E.A.: Ni Getariako arraun taldeko arraunlaria naiz, baina Oriotik nator. Talde batetik bestera aldatu egiten da arraunean egiteko modua eta orain, bi taldek bat egin dugunean, elkar ezagutu behar izan dugu. Izan ere, guztiok dakigu arraunean, baina guztiok ezberdin. Hori gainditzeko lan asko egin behar izan dugu.
A.O.: Bateletan-eta hiru hilabete izaten dugu entrenatzeko... Baina Gipuzkoako Txapelketa bat-batean etorri zaigu.


Baina prestaketa handiena aurretik eginda izango zenuten.
E.A.: Bai, baina ez da horren erraza izan. Taldea osatzeko zailtasuna genuenez, arrauna utzita zeukaten jendea itzuli egin da eta beraientzat gogorra izan da; eta, batik bat, hasi eta bi astera lehen estropada jokatzea.


Hasi bezain pronto, Gipuzkoako txapeldun. Espero al zenuten?

A.O.: Lor genezakela zioten arren, ez genuen sinetsi nahi. Oinak lurrean genituela joan ginen Donostiara, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu ginen. Estropada irabazi eta Gipuzkoako txapeldun atera ginen arren, ez ginen oso gustura geratu egindako lanarekin. Hobeto egin genezakeen.
E.A.: Gipuzkoako Txapelketako estropada jokatu aurretik, lehen postuan edo azken postuan geratu gintezkela pentsatu nuen. Gainerako taldeen aurka inoiz lehiatu ez ginenez, ez geneukan erreferentziarik. Beraz, gure lana egitera joan ginen.


Eta Euskadiko Txapelketarako prest al zaudete?
A.O.: Lan txukuna egiten ahaleginduko gara. Kasu honetan, Gipuzkoan lehiatutakoez gain, Bizkaiko Arkote taldea ere ariko da.


Ezberdina al da bateletan edo traineriletan aritzetik traineruan aritzera pasatzea?

A.O.: Arraunketa oso ezberdina da batelean edo traineru batean.
E.A.: Pertsona kopurua handitu egiten da. Esaterako, batelean 6 lagunek egiten duten arraun eta traineruan, berriz, 14k. Guztiok batera aritze hori zailagoa da.
A.O.: Arraunketa luzeagoa da eta ziabogak eurak ere gogorragoak dira. Bateletan erraz ematen duzu buelta, baina 200 kiloko ontzi batekin gehiago kostatzen da.


Bi elkarteen artean hitz egin zenuten taldea osatzeko orduan; Zumaiaren eta Getariaren artean, alegia. Nola izan zen kontua?
A.O.: Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioen arteko estropada jokatu genuen Zaragozan, eta bertan Kontxa jokatzeko aukera izango ote zen txutxumutxuak entzun genituen. Hondarribitarrei bertan aritzeko gonbidapen moduko bat eman zietenez, guk ere taldea atera genezakeela pentsatu genuen.
E.A.: Herri bakoitzako taldeak bakarka trainerurik osatzen ez genuenez, indarrak batzea erabaki genuen.


Egun Kontxako Bandera da estropadarik preziatuena. Emakumezkoentzat ere hala al da? E.A.: Oraindik gehiago agian, jokatzen den lehen aldia dela kontuan izanda. Izan ere, gure jardunari ez diote horrenbesteko garrantzirik ematen; oihartzun gutxiago dugu. Gure ohiko denboraldia neguan jokatzen da, batelekin eta trainerillekin, eta jendeari arraroa iruditzen zaio otsailean estropadak izatea. Beraientzat estropadak traineruenak dira, udan jokatzen direnak.
A.O.: Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen emakumezkoak ere arraunean aritzen garela.


Nolakoa izango da lehenengo Kontxako Estropada hori?
E.A.: Oraindik ez dakigu oso ongi, baina badirudi ez dugula igandean jokatuko, larunbatean baizik. Antza denez, tradizioa puskatzea omen da. Iritzi asko daude, baina nik uste dut tradizio batzuk puskatu egin behar direla, horiek justu-justuak ez badira.
A.O.: Hirugarren txanda bat jarri nahian urte asko daramate, baina ez dute lortu. Orduan, emakumezkoen txanda bat jartzea ez dute egokia ikusten.
E.A.: Traineru batzuk kexatu egingo direla diote. Izan ere, gu lehian ari garenean, gizonezkoek ezingo omen lukete beroketak egin.
A.O.: Lehen urtea izanda, gehiegi ere ezin dugu eskatu. Behintzat tradizio berri bat sortuko dugu, larunbateko Kontxarena.


Herria girotzen hasi al da zuekin?
A.O.: Bai. Herritarrak begira geratzen zaizkigu, ea zer moduz ari garen ikusten. Baina ohituta daude, urte osoan ikusten baikaituzte entrenatzen.
E.A.: Kanpotarrak paseatzera etortzen direnean moilara eta arraunean ikusten gaituztenean, harritu egiten dira. Are gehiago neskak garela konturatzen direnean. Argazki kamera ateratzen dute berehala.


Emakumezkoen arraunean normalizazio bat emateko aurrerapauso bat al da honakoa?
A.O.: Aurrerapauso handia da!
E.A.: Bai, baina normalizazioa ez dago gugan bakarrik. Gizarteak arruntasun osoz barneratu behar du emakumeok arraunean aritzen garela. Batzuek, ordea, oztopoak jartzen dizkigute edo gehiegi gustatzen ez zaizkigun komentarioak ere entzun ahal izan ditugu. Gizonezko arranaularientzat Kontxa da estropada preziatuena, eta gu arraunlariak garen aldetik, zergatik ezin dugu bertan parte hartu, emakumeak garelako?


Oraindik gizonezkoen kirola al da arrauna?

A.O.: Emakumeak aspalditik ari gara arraunean, baina ez da entzutera eman, futbolean edo eskubaloian bezala. Orduan, jendeari oraindik arraroa egiten zaio.


Zuen jardunak jarraikortasuna izan dezan, zein pauso eman beharko lirateke?
A.O.: Jubenilak arte emakumeak arraunean inolako arazorik gabe aritzen ziren, baina ondoren trainerurik ez zegoenez, askok utzi egin behar izaten zuten. Guk orain arte ez geneukan gizonezkoek zuten jarraikortasun hori.
E.A.: Ikasketek asko baldintzatu dute emakumeen jarraikortasuna.


Datorren denboraldiari begira, emakumeen arrauna indartzen joango dela esan al genezake?

A.O.: Badirudi segida bat izango duela. Guk behintzat itxaropen hori dugu! Ez genuke nahi abian jarri den hau bere horretan geratzea; batik bat, txapelketak antolatu eta gero. Gainera, komunikabideek bultzada handia eman digute, eta nahiko genuke hau guztia finkatzen eta sendotzen joatea. Gu jarraitzeko gogoz gaude.


Aurtengo dinamika jarraituz gero, posible al da datozen urtetan emakumezkoen traineru liga bat antolatzea?

E.A.: Gugatik balitz, posible izango litzateke...


Hori izango al litzateke normaltasun egoera batera iristeko azken pausoa?
A.O. eta E.A.: Bai!
E.A.: Hori eta gizonezkoek egiten duten distantzia bera egiteko aukera izatea... Gipuzkoako Txapelketan 2.800 metro egin genituen, trainerilletan baino gutxiago. Gizonezkoek bikoitza egiten dute eta guk berdintasuna nahi dugu, nahiz eta ibilbidea osatzeko denbora gehiago behar.
A.O.: Zaragozan ere gizonezkoek baino metro gutxiagoko distantzia jarri ziguten. Jakin badakigu gizonezkoek duten gorputza ez dugula eta ez garela profesionalak, baina normalizazio edo berdintasun batera iristeko, baldintza berak izan nahi ditugu.
E.A.: Betiere, gure gaitasuna kontuan hartuta!
A.O.: Ahal dugula erakutsi nahi dugu, zergatik ez?


Komunikabideek ere paper garrantzitsua beteko dute, ezta?
E.A.: Bai, baina bere arriskua izan dezake. Orain nobedadea denez, oihartzun dezente lortzen ari gara, baina gero isiltasuna etor daiteke.

2008/07/29

> Berria: Indarkeria > BILBO: GENERO INDARKERIA DELITUAK EGOTZITA, LAU GIZON ATXILOTU DITUZTE

  • Genero indarkeria delituak egotzita, lau gizon atxilotu dituzte Bilbon
  • Bikotekideak jotzea edo jotzearekin mehatxu egin izana leporatuta atxilotu ditu Bilboko Udaltzaingoak
  • Berria, 2008-07-29

Joan den asteburuan lau gizonezko atxilotu zituen Bilboko Udaltzaingoak, genero indarkeria delituak egotzita. Euren bikotekideak jo izana edo jotzearekin mehatxu egin izana leporatuta atxilotu zituzten lau gizonezkoak, Bilboko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.


Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza batean atzeman zuten lehena, joan den ostiralean, 23:00ak inguru zirela. Bikotekidea jo izana eta hatz batean zauritu izana leporatuta eraman zuten D.S. 49 urteko gizonezkoa atxilotuta.


Larunbatean, berriz, 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek, Bilboko Cantalojas kalean. Eztabaida baten ostean neska-lagunari zaplaztekoak eman izana leporatzen diote poliziek atxilotutako gazteari.


Herenegun ere izan zen beste atxiloketa bat, gizonezko batek emakumeen aurkako indarkeria delitua egin zuela eta. Belostikale kaleko etxebizitzatik atxilotuta eraman zuten udaltzainek. Haren emazteak leihotik laguntza eskatu zuen, eztabaida baten ostean gizonezkoak jo egingo zuela mehatxu egin ziola eta. Udaltzainen arabera, atxilotuak azkenean ez zuen emakumea jo.


Herenegun, bestalde, beste gizonezko bat atzeman zuten Fika kalean, 23:00ak inguru zirela. Atxilotutako gizonezkoak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen arren, udaltzainek jakinarazi zuten emaztea bultzatu zuela eta honek mahaia jo eta buruan kolpea hartu zuela.

2008/07/27

> Elkarrizketa: Joxean Zapirain > "HARRIGARRIA DA BI ERREALITATEAK HAN HIRBIL ETA HAIN EZBERDINAK IZATEA"

  • Joxean Zapirain · Gehituko Hiesa batzordeko kidea
  • «Harrigarria da bi errealitateak hain hurbil eta hain ezberdinak izatea»
  • Berria, 2008-07-27 # Aitor Renteria Baiona

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Hiesaren aurkako borrokan diharduen Aides izeneko elkartearen aitzinean zuten hitzordua Gehitu elkarteko kideek. Hiesari buruzko informazioa hedatzea dute helburu udako eguzkiak jendeak hondartzetara bultzatzen dituen garaian. Zuzeneko informazioa zabaltzea eta iritziak partekatzea dute xede. Baina helburu horrekin batera, Aides eta Gehitu elkarteen esperientzia eta jardunak partekatzea dute jomuga. Droga menpekotasunaren aurka diharduen Arit elkartearekin ere ari dira elkarlanean Gehituko kideak. Aides presente egoteak erakundeen babesa duten bermea eskaintzen dio kanpainari.


Nola sortu zen udako kanpaina burutzeko xedea?

Aspaldian Aides elkarteak informazio kanpainak egiten ditu Frantziako hondartzetan. Katalunian ere, Stop Sida elkarteak antzeko ekimenak egiten ditu. Guk Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldera hedatu nahi dugu ekimena, eta horretarako egokia iruditu zaigu bertako esperientziatik ikastea. Lapurdi eta Gipuzkoako egoera, adibidez, arrunt ezberdina da. Bi taldeek esperientzia ezberdinak ditugu, eta trukaketa aberatsa sortzen da horretatik.


Hondartzetara zoazte eta jendearekin harreman zuzenak dituzue. Zein da halako ekimenen bidez lortu nahi duzuen xedea?
Hego Euskal Herrian ez dugu horrelako ohiturarik, baina Iparraldean bai, Frantzian ere bai. Hondartzetan jende mota guztiak atzeman ditzakezu, horien artean gizonekin sexu harremanak izan dituzten gizonak ere bai, homosexualak izan edo ez. Hitz egitean arriskuak aipatu eta trukean ezagutzen ez ditugun errealitateak eta esperientziak ere azaltzen dizkigute. Eta jendeak, oro har, ongi hartzen du urratsa. Mezu argia da, ez du bilatzen nehor epaitzea. Informazioa ematen dugu, eta gero bakoitzak erabakitzen du zer egiten duen. Baina guk ikusi ez ditugun hutsuneak nabarmentzeko ere balio digu, jendearen esperientzietan oinarritua. Goizeko hamarretan hasten gara informazioa hedatzen, eta iluntzeko zazpietan bukatu. Jantzi zuriak daramatzagu soinean, eta nor garen adierazten duten pegatinak. Atzo Seignaxeko hondartzan egon ginen, Landetan, eta gaur Tarnosen egongo gara. Iluntzean afari mintzaldiak egiten ditugu. Atzo Baionan, Aidesen egoitzan, eta gaur Miarritzeko ostatu batean.


Zer dakarkiozue Gehitukoek esperientzia honi?
Espainiako Estatuan beste errealitate bat dago, ohituretan eta bereziki lege mailan. Hegoaldean homosexualek ezkontzeko parada daukate, haurrak adopta ditzakete, eskoletan informazio kanpainak antola ditzakete. Lapurdin ezinezkoa da , pentsaezina. Harrigarria da bi errealitateak hain hurbil egon eta hain ezberdinak izatea. Bi taldeek praktikan ezartzen ditugun komunikazio eta lan estrategiak erkatzeko eta osatzeko parada ematen digute ekimen hauek. Atxikimendu jarrerak gainditu eta elkarlanaren urratsa egin dugu. Eta orain argi ikusten dugu gure esperientziak elkarren osagarriak direla. Ondoko urteetan Gipuzkoan ekimen bera praktikan ezartzeko esperientziak eskainiko dizkigu honek.


Bada Lapurditik Gipuzkoara eraman nahiko zenuketen bertze jarduerarik?
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian eragile pribatuen engaiamendu handiagoa dago, eta hori garrantzitsua da. Joan den neguan, adibidez, informazio kanpainak egin ditugu ostatuetan. Jabeek erraztasun guztiak eman zizkiguten. Informazioa agerian jartzen dute ostatuko murruetan, eta jendeari naturala iruditzen zaio gu hurbiltzea. Angeluko sauna batean ere egon ginen neguan. Jendeak ordaintzen du leku horretara joateko, intimitatea atxikitzeko. Baina naturaltasun handiz onartu zuen gure presentzia. Kondoien banaketari dagokionez ere, errealitate ezberdinak daude. Aidesek, adibidez, ekoizleen laguntza dauka eta urririk lortzen ditu. Guk ekoizleenganako urratsa egin behar dugu.


Eta zer dute Lapurdin zuengandik ikasteko?

Bada, baliteke esperientzia militantea izatea, egitura sendoagoak edukitzea. Erakunde eta egitura administratiboekin aritzeko esperientzia handiagoa dugu, baliteke hurbilagokoa izatea ere. Esperientziak trukatuz, guztiek dugu zer irabazi eta, emeki-emeki, gainditzen ditugu trabak.

2008/07/24

> Berria: Hiesa > HIESARI AURRE EGITEKO KANPAINA ANTOLATU DUTE HIRU KOLEKTIBOK

  • Hiesari aurre egiteko kanpaina antolatu dute hiru kolektibok
  • Lehenengo aldiz Iparraldeko eta Hegoaldeko gay eta lesbianen bi kolektibok bat egin dute
  • Berria, 2008-07-24 # Xabier Otamendi · Donostia

Hiesaren arriskuak gutxitzeko kanpaina izena du Ipar Euskal Herrian eta Landetan (Frantzia) egingo duten kanpainak. Aurten lehenengo aldiz, Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko gay eta lesbianen bi kolektibok bat egin dute. Urtero antolatzen du AIDES Frantziako gobernuz kanpoko erakundeak kanpaina hori. Aurten Gehitu eta LGP Biarritz elkarteko boluntarioak ere parte hartuko dute bertan. Lehengo aldia du Gehituk, eta oso gustura agertu dira.


Uztailaren 24tik 27ra bitartean izango da kanpaina. Ipar Euskal Herriko eta Landetako hondartza eta taberna horiek gizon homosexualen topagune ohikoak dira. Hori dela eta, kanpainaren helburua Hiesa kutsatzeko izan ditzaketen arriskuak murriztean datza.


Horretarako, «elkarrizketa konfidentzialak» antolatu dituzte hiru elkarteetako kideek, haietara joaten den edozein gizonezkorekin informazioa trukatzeko eta haiek balizko arriskuez ohartarazteko. Saio horietan bildutako informazioa eta datuak lana abiatzeko ere erabiliko dituztela jakinarazi dute kanpainako arduradunek. Biltzen dutena proiektu berriak lantzeko baliatzea posible izango dela esan dute.


Koldobike Mujika Gehituko kidearen ustetan, garrantzitsua da Ipar eta Hego Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen elkarteek indarrak batu izana. Hau «lehenengo pausoa» baino ez dela esan dute bi elkarteetakoek. Izan ere, lehenik Donostian eta, ondoren, Baionan egingo duen erakusketa dagoeneko martxan da.


Elkarren arteko harremana

LGP Biarritz elkarteko Kriss Stephany kideak esan duenaren arabera, badute Hegoaldetik zer ikasia: «Adibide batzuk jartzearren, homosexualen arteko ezkontzarik ez dugu, eta ezin dugu homosexualitatearen inguruko kanpainarik egin ikastetxeetan».


Gehituko kideek ere badutela zer ikasi esan dute. Izan ere, Gipuzkoan ez da inoiz horrelako ezer egin. Hartara, Gehituko kideek ikastaro bat egin dute AIDES elkartearen eskutik. Kanpainari begira egin dute ikastaroa batik bat, eta etorkizunean Gipuzkoan ere horrelako kanpaina bat egitea espero dute.

2008/07/23

> Komunikatuak: EHGAM, Gaztehgam etabar > KOMUNIKATUA ROSA PAZOS-EN HERIOTZARENGATIK, SEVILLAN HILIK AURKITUTAKO EKINTZAILE TRANSEXUALA

  • Komunikatua Rosa Pazos-en heriotzarengatik, Sevillan hilik aurkitutako ekintzaile transexuala
  • Kontzentrazioak astelehenean, uztailak 28an, Estatuko hainbat hiritan
  • EHGAM-DOK, 2008-07-23

Iragan ostiralean, uztailaren 11an, Rosa Pazos, 47 urteko ekintzaile transexuala,bere Sevillako etxean hilik aurkitu zuten. Gorpuari zegokion autopsia egin ostean, Institutu Anatomiko Forenseak, txosten bat plazaratu zuen bertan Rosak labankadak jaso zituela adierazten zela.


Manifestu honen talde eta talde sinatzaileek premiaz exijitzen dugu:


1. Rosa Pazosen heriotzaren inguruko gertakariak lehen bait lehen argitu daitezela bere heriotzari atxikiriko arrazoien gaineko difamazioak eta Rosaren sendi, lagun eta kideekiko jada jasaten duten samina handitzea ekiditeko.


2. Kasuan parte har dezala Estatuko Fiskal Nagusiak, Cándido Conde Pumpido Jaunak, gertaera hauen argitzea exijitu eta bizkortzeko.


3. Prozesuak hildakoaren eta bere ingurukoen duintasunarekiko errespetu maximozko tratamendua izan dezala, bai prozesuan parte hartzen duten instantzia polizial eta judizialengandik, bai komunikabideengandik, orain arte azken hauen Rosaren kasuaren inguruko lan informatzailea ikaragarri iraingarria eta transfoboa izan baita, gertaeraren berri izan denetik salatu den bezala. Rosaren identitatearekiko eta intimitatearekiko errespetuak orain arteko komunikabideen sentsazionalismoa eta jarrera diskriminatzailea alde batera uzten ditu.


Aldi berean, salatzen dugu Rosaren eguneroko bizitzan egon den izugarrizko transfobia, baita agiriak aldatzea eta ebakuntzen aukera galarazi izanari, gure osasun sistemaren arabera eskizofrenia edo “buruko gaixotasun” bat duen pertsona batek ezin baitu bere gorputzaren eta genero-identitatearen inguruko erabakirik hartu. Hori zen Rosaren salaketa eta zalantzarik gabe baita geurea ere.


Kaleetan, leggetan, komunikabideetan… dauden eguneroko transfobiak dira pertsona askori euren oinarrizko eskubideak galarazten dizkietenak, hala nola lan mundura sarbidea, norbere identitatearekiko errespetua eta norbere gorputzarekiko autodeterminazioa tutoretza sikiatrikotik kanpo.


Exigitzen dugu administrazio publikoak bere erantzunkizuna bere gain har dezala eta pertsona transen lan eta gizarte mailako integrazioaren alde lan egin dezala. Lan serioa exigitzen dugu, egoeraren larritasunaren eta garrantziaren neurrikoa: ez dugu adabaki gehiagorik nahi, irmoki uste dugu halako egoerak ekiditeko modua zuzenean arazoaren errotik lan egitea dela eta lan hori aitzakiarik gabe egitea. Ez da proposamen serioa ezta kotsekuentea ere bereizkeria saihesteko “genero-identitatearen legea” onartu eta aldi berean gehiengoarekiko ezberdina den genro-identitate bat azaltzen dutenak gaixotzat dituena. Ezberdina, ez horregatik patologikoa. Errebindikatzen dugu trans identitatea arrarotasunarekin, higuingarria denarekin eta makurkeriarekin erlazionatzen duten estereotipoak des-eraikitzeko lan egin dadin, deuseztu daitezen gorrotoa eragiten eta gizartearen baztertu bihurtzen gaituzten mezuak.


Berriro ere salatzen dugu gure kolektiboaren ikaragarrizko zaurkortasuna eta zirkunstantzia arrarotan hiladako pertsona transen kasuak hain ohikotasun kezkagarriarekin azaltzea.


Errebindikatzen dugu, berriro, transfobiaren aurkako borroka guztion borroka dela, gizarte ezberdin bat eraiki nahi dugun guztion konpromezua dela. Gure kaleetan, laneko kaleratzeetan, bazterkerian, hitzezko eraso eta eraso fisikoetan ikusten diren diskriminazio eta bortizkeria hauekin amaitzeko modu bakarra gure inguruan berauek ezagutu eta momentu oro salatzea da. Izan ere, gizarte mugimenduetatik hilketa hauek amai daitezen borrokatu arren, benetako borroka gure kaleetan dago, gure auzoetan, egunero bortizkeria bizi den lekuetan.


Honen guztiarengatik, behean izenpetzen dugun taldeek pertsona orori deialdia egiten diogu datorren astelehenean, uztailaren 28an, 18:00etan, hiri ezberdinetan burutuko diren kontzentrazioetara joateko ikerketa zorrotz eta garden bat eta kasu honen trataeran dagoen transfobia amai dadila exijitzeko.


Gogorarazten dugu hemen sinatzen dugun taldeak dagoeneko behaketa lan bat egiten ari garela kasuaren garapen judizial eta mediatikoaren inguruan, ekintzaz edo ez-egitez gerta daitekeen edozein esku-sartze edo urraketa salatzeko. Era berean, dagokien bide formalen bidez salatuko dugu hildakoaren duintasunaren aurkako edozein ekintza, bereziki genero-identitatearekiko errespetuaren aurkakoak.


  • Komunikatu hau sinatzen dute:
  • [Andaluzia:] ATA – Asociación de Transexuales de Andalucía y Panteras Rosas Sevilla; [Aragoi:] Amasol, Asociación de Madres y Padres de Lesbianas, Gays, Transexuales y Bisexuales de Aragón, Colectivo por las disidencias sexuales y de género, Lasdel8, Stonewall-Aragón y Towanda; [Katalunia:] CGB - Col·lectiu Gai de Barcelona, FAGC - Front d’Alliberament Gai de Catalunya y Guerrilla Travolaka; [Euskal Herria:] 7menos20 (Gasteiz), Aldarte (Bilbo), EHGAM – Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua (Euskal Herria), Emaize – Gasteizko Sexología Zentroa, Enfasis (Gasteiz), Errespetuz – Transexualen Euskal Elkartea, Gaytasuna (Gasteiz), Gaztehgam – Euskal Heriko Gazteria Gay-Les Askapen Mugimendua (Euskal Herria), Hegoak (Bilbo), Mass Medeak (Bilbo) Medeak (Donostia) y Queer Ekintza (Bilbo); [Galizia:] ALAS (Lugo), Aturuxo - Federaçom de Associaçons LGBT da Galiza, Centro Social Atreu  Maribolheras Precarias, Nomepisesofreghao (Corunha), Panteras Rosas y TransGaliza; [Portugal:] Panteras Rosas; [Madril:] Acera del Frente, Grupo de Respuesta Antipatriarcal, Liberación y RQTR.

2008/07/09

> Berria: Indarkeria > NAGORE LAFFAGE GAZTE IRUNDARRA DA ORONDRITZEN HILDA AZALDU DEN NESKA

  • Nagore Laffage gazte irundarra da Orondritzen hilda azaldu den neska
  • Hilketa gaitzesteko, Iruñeko Vinculo plazan gaur 12:00etarako elkarretaratzera deitu du Berdintasunerako Institutuak
  • Iruñeko 27 urteko gizonezko bat atxilotu du Foruzaingoak, hilketarekin lotura duelakoan
  • Berria, 2008-07-09 # Ainara Arratibel Orondritz

Nagore Laffage Casasola 20 urteko Irungo (Gipuzkoa) emakumea da Orondritzen (Nafarroa) herenegun hilik aurkitu zuten pertsona. Nafarroako Gobernuak atzo iluntzean zabaldu zuen biktimaren nortasuna, familiari arratsaldean berria eman ostean. Genero indarkeriaren bidetik doa Nafarroako Gobernuaren ikerketa lerro nagusia. Neskak indarkeria zantzuak zituen eta, hilketarekin lotura duelakoan, 27 urteko iruinsemea atxilotu dute foruzainek.


Herenegun arratsaldean aurkitu zuen herritar batek gaztearen hilotza, Orondritz eta Loizu (Nafarroa) herriak lotzen dituen bide batean. Hilotza plastikoekin estalita zegoen, eta sokekin lotuta. Herritarrak berehala eman zien gertatutakoaren abisua foruzainei. Hara abiatu zen Aurizko (Nafarroa) medikua, eta heriotza baieztatu zuen. Epaileak 22:00ak aldera eman zuen gorpua eramateko agindua.


Foruzainek ikerketa abiatu zuten eta, 01:00ak aldera, atxilotu zuten gizona. Neskari, bestalde, atzo iluntzean egin zioten autopsia, baina lerro hauek idazteko orduan artean ez zuten horren inguruko argibiderik eman.


Hilketa gaitzesteko, elkarretaratzera deitu du gaurko Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuak, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Elkarretaratzea eguerdiko hamabietan izango da, Berdintasunerako Institutuak Iruñeko Vinculo plazan duen egoitzaren parean.


Elkarretaratze horretan izango dira, besteak beste, Sara Ibarrola Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuko zuzendaria, Javier Caballero Presidentziako kontseilaria eta Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako Ongizate, Familia, Kirol eta Gazteria kontseilaria.


Gertatutakoa sinetsi ezinik
Egunero egin ohi dudan bezala, zakurrekin irten nintzen arratsaldeko osteratxoa egitera». Hilotza aurkitu zuen emakumeak honela azaldu dio BERRIAri herenegun arratsaldean bizi izan zuena: «Burdin hesi bat zeharkatzera nindoala plastiko batzuk ikusi nituen. Telebistan ikusi ohi den irudia etorri zitzaidan burura: gorpu bat plastikoz estalita. Baina ezin nuen sinetsi. Nire burutazioak zirela pentsatu nuen. Baina hesia zeharkatu eta gorpu bat zela jabetu nintzen». Berehala etxera itzuli zen. «Senarrari gertatutakoa kontatu nion, eta lagun baten bila joan ginen. Baina herrian ez zegoen ia inor. Kontuan izan San Fermin eguna zela. Senarraren lagun batekin topo egin genuen, eta harekin hilotza zegoen lekura itzuli ginen. Haiek ere gorpu bat zela baieztatu zuten, eta foruzainei deitu genien. Oso gogorra izan zen». Jada lasaitu dela dio. «Baina une oro burura etortzen zait gertatukoa. Ezin dut ahaztu».


Hark ez ezik, Orondrizko herritar gehienek ezin dute burutik kendu herenegun arratsaldean gertatutakoa. Izan ere, gertaerak Iruñetik 40 bat minutura dagoen 20 biztanle inguruko herri txiki eta lasaia aztoratu du.


15:30ak dira eta txorien kantua, zakurren zaunkak eta butano banatzailearen txirrina baino ez dira entzuten herrian. Haatik, goiz osoan foruzainen eta hedabideen joan-etorria etengabea izan dela azaldu dute hainbat herritarrek. «Galdeketak egiten aritu dira». Gehienek diotenez herenegun kosta egin zitzaien begiak biltzea.


Herriko plazatatik gertu dagoen plaza batean bazkal osteko berriktalditxoa egiten ari diren bi adinekok diotenez, sekula ez dute bizi izan halakorik herrian. «Hemen oso lasai bizi gara, ez da ezer gertatzen. Herriarentzat oso albiste gogorra eta tristea izan da. Denak asaldatuta gaude, eta sinetsi ezinik. Herrian ez dago beste gairik herenegun iluntzetik», diote biek.


Orondrizkoak izanda, ondo ezagutzen dituzte inguru haietako txokoak, eta garbi dute gorpua hara eraman zuenak ondo ezagutzen duela lekua. «Albistea jakin bezain laster pentsatu genuen hori. Hara iristeko, menditik joan behar da, eta ingurukoa ez bazara, bide hori ez duzu ezagutzen. Normalena errepidetik joatea da, eta leku hori albo batera geratzen da».


Gorpua Orondritz herritik gertu dagoen araztegitik gertu dagoen bidexka batean zegoen. «Herritarren artean ohitura handia dago handik osteratxoa egiteko, oso leku lasaia baita», dio emakume batek. Hilotza aurkitu zuen emakumearen antzera, berak ere ohitura handia du zakurrekin osteratxoa egiteko. «Herenegun ere irten nintzen, eta txiripaz ez nintzen handik igaro. Zakurretako bat nekatuegi sumatu nuen, eta handik gertu nengoela etxera itzultzea erabaki nuen».


Hori pentsatzen igaro du eguna, eta baita hilotza aurkitu zuen emakumearengan. «Ezaguna dut, eta harekin hitz egitea lortu ez dudan arren badakit oso gaizki pasatu duela». Bi nahi ere agertu ditu: halakorik berriro ez gertatzea eta herria ahalik eta azkarren normaltasunera itzultzea.

> Berria: Homofobia > IKASTETXEETAN ESKU HARTU, ZENBAITENTZAT INFERNU BILAKA EZ DADIN

  • Ikastetxeetan esku hartu, zenbaitentzat infernu bilaka ez dadin
  • Aniztasun afektibo-sexuala
  • Gara, 2008-07-09 # Janire Arrondo

Ikastetxeetako erasoek gerora eragin itzela izan ohi dute ongizate psikologikoan. Norberaren sexu berekoekiko erakarpena dutenek arrisku berezia dute, ikasgelak maiz amesgaizto bilakatzen baita eurentzat.


Ikasgeletan izaten diren erasoak eta horiek gerora dituzten ondorioak hizpide hartu dituzte EHUren Udako Ikastaroetan, eta aniztasun afektibo-sexualari arreta berezia eskaini diote. Hain zuzen ere, ikastetxeetako erasoek ongizate psikologikoan eragiten dituzten kalteak aztertu ditu EHUko irakasle eta psikologo Aitor Martxuetak.


Gatazken sustraian izan litezkeen arrazoiak ugari badira ere, sexu bereko pertsonekiko erakarpena dutenen kasuan areago izan ohi dira. «Gizartean bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak dira», nabarmendu zuen irakasleak. Horregatik, «beharrezkoa da egoera horiek saihesteko edo aurre egiteko planak abian jartzea».


Martxuetaren ustez, gutxi sakondutako gaia da hori, eta arreta handiagoa eskaini beharko litzaioke. Gainera, arazoa konpondu ahal izateko ikasleekin ez ezik, gurasoekin eta irakasleekin ere lan egin behar dela nabarmendu zuen.


Hala eta guztiz ere, lehenbizi, gizarteko aniztasun afektibo-sexuala aztertzea eta ulertzea beharrezkoa da, ondoren ikastetxeetakoa ulertu ahal izateko. Erasooi erantzun azkarra ematea ere ezinbestekotzat jo zuen: «Unean bertan esku hartu behar da, behar bezala konpondu nahi izanez gero». Horrelako kasuek, izan ere, gertatu bezain laster tratatu ezean, gerora ongizate psikologikoan kalteak eragin ohi dituzte.


Egoeraren azterketa egin ondoren, arazoa konpondu ahal izateko, buruko osasunean eragina duten faktoreak zein diren ezagutzea ere beharrezkoa da.


Martxuetaren esanetan, buruko osasuna eta ongizate psikologikoa ez dira bereiztu behar. Bata eta bestea bermatzeko, «beharrezkoa da norbere burua den bezala onartzea, eguneroko bizitzan autonomiaz jokatzen jakitea, jomugak izatea, pertsonalki garatzea, ingurunean mugitzen jakitea eta gizartean harreman ezberdinak izateko gai izatea».


Buruko osasun-egoera finkatzen duten lau aldagai nagusiak afektibitatea, depresioa, antsietatea eta autoestimua dira, eta faktore psikosozialek eragina dute batean eta bestean desorekak eragiteko. Ikastetxean jazarpena jasan dutenek, esaterako, antsietatea eta depresioa agertuko dituzte gerora.


EHUk gai horren gainean Gipuzkoan 2005. urtean egindako ikerketa baten emaitzak esku artean hartu zituen psikologoak. EHGAM, Gehitu eta Bost Axola elkarteekin batera buruko osasunaren aldagaiak, eta horretan eragina duten faktoreen konbinazio ezberdinak ikertu, eta ehundik gora pertsonen kasuak aztertu zituzten.


Lanean ondorioztatu zutenez, sexu berekoekiko erakarpena duten pertsonen ongizate psikologikoan kalteak eragiten dituzten faktore sozial horiek, eskoletako erasoez gain, zerikusia dute norbere buruaren onarpenarekin, familiakoen eta lagunen babesarekin, inguruko errealitate-sarearen pertzepzio egokiarekin eta genero identitatearekin. «Norbanakoarentzat eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko beharrezko da babesa duela sentitzea edo, beste modu batean esanda, laguntza soziala izatea». Haren esanetan, lagunak eta bikotekidea izaten dira horrelakoetan aurrera egiten gehien laguntzen dutenak. Kontrakoa gertatzen denean, ordea, senideek orientazio afektibo-sexuala onartzen ez duten kasuetan, esaterako, antsietatea eta depresioa agertzen dira horren ondorioz.


Eskoletako erasoak gogor eragiten die eta, maiz, ingurukoen laguntzarekin ere, zaila da halako egoerei aurre egitea. Erasoak ekiditea litzateke hoberena, eta «aniztasun afektibo-sexuala gizartean normaltasunez onartzea» da horretarako giltzarria.

2008/07/08

> Berria: Homofobia > HOMOFOBIA ESKOLAN, HEMEN

  • Homofobia eskolan, hemen
  • Eskolako bullying homofobikoak, luzera, eragin psikosozial kaltegarriak ditu homosexualengan. Aitor Martxueta psikologoak ohartarazi du jazarpen hori depresio eta antsietate iturri dela.
  • Berria; 2008-07-08 # Mikel Peruarena Ansa · Donostia

Gaur esaten da normalizatu egin dela homosexualen egoera. Egia da aldaketa dezente egon direla eta aurrerapausoak eman direla, baina eskoletan oraindik bullying kasuak daude, eta, batez ere, bestelako aukera afektibo-sexual batzuk dauzkaten ikasleek jasaten dituzte». Aitor Martxueta psikologia doktoreak gidaturik, “Aniztasun afektibo-sexuala eskolan: gatazkak eta konponbideak” ikastaroa ematen ari dira Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan. Martxuetak dio gero eta kasu gehiago agertzen ari direla eta beharrezkoa dela ikertzea eta eskoletan esku-hartze planak garatzea.


Martxuetak argitu du jazarpena ez dela gai berria, «baina orain agertzen ari da, batez ere, eskolako jazarpen homofobikoa deitzen dena». Hainbat elkarte aniztasun afektibo-sexuala eskoletara eramaten hasi direla jakinarazi du psikologoak, «ikasleek ikus dezaten badaudela beste aukera batzuk, afektibitatea eta sexualitatea anitzak direla eta errespetatu behar direla aukera guztiak».


Homosexualen ongizate psikosozialean eskolako jazarpenak duen eragina aztertu du Martxuetak. EHGAM, Gehitu eta Bost Axola elkarteen laguntzarekin, ikerketa egin zuen Gipuzkoan orain hiru urte, eta emaitzak argiak dira: eskolako jazarpenak eragin zuzena du ongizate psikosozialean. Martxuetaren hitzetan, buruko osasun arazoak izateko arriskua heterosexualen artean baino handiagoa da homosexualen artean. Baina, bullying-az gainera, beste aldagai batzuk ere eragiten dute. Lau aipatu ditu Martxuetak: norberaren aukera afektibo-sexualaren onarpena, gertuko harreman sarearen hautematea, genero nortasuna eta gizartearen babesa. «Ez dugu ikerketa eskolan egin, ez diegu galdetu jazarpen hau jasaten ari diren ikasleei». Martxuetak onartu du identitate sexual indartsua duten pertsonen erantzunekin osatu dutela ikerketa. Baina, halere, atera dituzten datuak «harrigarriak» direla esan du. «Ez dut pentsatu ere egin nahi nola bizitzen ari diren jazarpena orain jasaten ari direnak», dio Martxuetak.


Ongizate psikologikoa lau alderditatik azter daitekeela zehaztu du psikologoak: depresioa, antsietatea, autoestimua eta afektibitatea. Eskolan jazarpena jasan dutenek depresiorako eta antsietaterako joera garatzen dute. Familiak eta lagunek berekiko duten jarrera lagungarri edo traba izan liteke, baina sarri ez da nahikoa, jasandako egoerek buruko osasunean kalteak eragiten dutelako.


Gai horren gaineko ikerketa askorik ez dagoela eta konponbidea «ikertzen jarraitzea eta esku-hartzeak prestatzea» dela adierazi du Martxuetak. «Eskolan esku-hartzeak egin behar dira, baina hezkuntza komunitate osoarekin, gurasoekin, irakasleekin eta ikasleekin, aniztasun afektibo-sexuala lantzeko eta jendeak zerbait naturala bezala hartzen ikas dezan».

2008/07/05

> Berria: Trans > ESTATU BATUAK: THOMAS BEATIE TRANSEXUALA ALABA BATEZ ERDITU DA

  • Haurdunaldi bat, kontzeptu ugari dantzan
  • Thomas Beatie transexuala alaba batez erditu da
  • Kritikagarria batzuentzat, berritzailea besteentzat. Thomas Beatie transexualaren haurdunaldiak, amatasuna, aitatasuna, maskulinitatea, feminitatea... kontzeptu ugari hankaz gora jarri ditu. Igandean erditu zen eta dagoeneko aita da.
  • Gara, 2008-07-05 # Maider Eizmendi

Thomas Beatie Oregoneko (AEB) 34 urteko gaztea aita da, guraso hala nahiago badu. Atzo jakin genuen joan den igandean erditu zela eta biak, aitak eta alabak, osasun egoera bikaina dutela. Beatiek orain hamar urte erabaki zuen sexuz aldatzea eta legeak gizon izaera aitortu zion. Hala eta guztiz ere, bere obulutegia eta umetokia mantendu zituen eta bere emazteak, haurrik izan ezin duenez, bere hormona tratamendua bertan behera utzi eta intseminazio bitartez haurdun geratu zen Thomas orain bederatzi hilabete.


Munduko komunikabideek «haurdun izandako lehen gizon» gisa bataiatu dute, baina izatez, Thomasek beste pertsona batzuk aurretik zabaldutako bidea jarraitu baino ez du egin. Aldea, albisteak izandako oihartzunean dago, Thomasek bere egoeraren berri munduari eman eta bere haurdunaldiaren irudiak plazaratu baititu. «Oso ausarta izan da», horrela dio Beatriz Preciadok, Generoaren Teoria Paris VIII Unibertsitatean irakasten duen Burgoseko irakasleak. Donostian dago egun hauetan «PornoPunkFeminismoa» izenburupeko jardunaldi batzuen koordinazio lanak egiten, eta bertan izan du erditzearen berri. GARA berarekin izan da Thomas Beatieren kasuaren eta honek mahai gainean jarri dituen eztabaida anitzez mintzatzeko.


Kasua ezagun egin zenetik aztoratu egin ditu asko. Zenbaitek ezin du ulertu gizon izateko pausoa eman ostean, hori eten eta haurdun geratzeko erabakia hartu izana, zenbaitek «aita beharrean ama» izango dela dio, baina berak argi adierazi du, erdituta ere haurraren aita izango dela, «rol hori» beteko duela eta Nancy emazteak amarena.


Onarpen arazo horien oinarrian, Preciadoren ustez, mendebaldeko sexu-genero kontzepzio estua dago: «Guk erregimen kontserbadore edota doktrinatzaileez hitz egiten dugunean Islam-a datorkigu burura, baina gure sexu-genero erregimena oso-oso diziplinarioa eta estua da; guk naturalizatuta bizi dugu eta ez gara arau sistema hertsitzaile horretaz jabetzen». Irakaslearen esanetan, indarrean dagoen sistemak sexu, genero eta sexualitatearen lerrokatzearekin du zerikusia: «Sexu anatomiko maskulinoari, genero maskulinoa dagokio eta, jakina, heterosexuala izan behar du, eta, gainera, hori guztia aitatasunarekin sendotu behar du; emakumeak berriz, bere feminitatea amatasunarekin azkendu behar du».


Kontua da Thomas Beatiek sistema hori apurtu duela, «maskulinitateaz dugun ideia tradizionalaren kontra egin du» eta duela pare bat hamarkada abiatutako bideari esanahia erantsi. Orduan hainbat ikerlari eta pentsalari sexu-genero lerroari eten kritikoak egiten hasi ziren eta honelakoak esaten: «badira gizonak femeninoak direnak, maskulinoak diren emakumeak... Ez dago inolako jarraipen naturalik eta orain ikasi behar dugu amatasuna gerta daitekeela gizon baten gorputzean eta aitatasuna emakume gorputzean». Beatiek beraz, aitatasuna eta amatasuna eraikitako kontzeptuak direla eta horien mugak mugi daitezkeela utzi du agerian. «Horregatik da zaila Thomas aita dela ulertzea, nahiz eta umetokia izan, alua izan eta neska jaioa izan, normalean gizonei bakarrik ezarri zaien posizio kulturala defendatu behar du berak eta horregatik seguru aski behin eta berriz errepikatzen du bera `aita' izango dela».


Kasu zehatz honek kolektibo transexualen gaineko ikuskeran ez ezik, emakume izatean eta honen ulermenean ere zeresana eman dezake. «Emakumeen gorputza, orain arte naturalizatuena, desnaturalizatzeko pauso gisa ulertzen dut. Gizonaren gorputzak ere metafora kultural ugari ditu, baina emakumearen gorputza izan da diziplinatua eta arautua eta, batez ere, ugalketa kontrolari dagokionez. Ikuspuntu horretatik, Thomasek emandako pausoa ikaragarria da», zehaztu du Preciadosek. Horren harira, gorputza beste modu batean begiratzen ikasi behar dugula nabarmendu du Preciadok. «Kulturak eta irudiek -zinematografikoek, literarioek, pornografikoek- eraikitzen dute gorputza. Hori guztia kontuan hartu gabe gorputzak ez du egun esanahirik.


Medikuntzak eta teknologiak gorputzean duten eragina ere aintzat hartzekoa dela dio irakasle honek: «Gorputza lehen unetik teknologiaren ondorioa da; edozein gorputzek -ez soilik transexualenak- kontaktu zuzena du teknologia hormonalekin adibidez; oso neska gutxi ezagutzen ditut gaztetatik pilula hartzen ez dutenak eta beren feminitatea, hilekoa, teknikoki kontrolatua dago».


Lehen ere bideak irekita baziren kasu honen publikotasuna transexual eta gay ugarirentzat «izugarria» izan da, «amatasuna mamua dela askorentzat». Kontuan izan behar da gainera, gizonezko transexualen sexu aldaketetan urte askoan pertsonak antzutzera jo izan dela: «Testosteronak obulutegiko minbizia izateko arrisku txiki bat dakar, eta horregatik urte askoan medikuntzak proposatu izan du hormonak hartzen hasi aurretik, obulutegia eta umetokia kentzea». 90eko hamarkadan, ordea, «transgenero mugimenduarekin» transexual asko beste modu bateko gorputza nahi zutela aldarrikatzen hasi ziren, hau da, gizon izan zitezkeela beren ugalketa organoak mantenduta ere. «Thomasek horixe dio, gizona dela alua izan arren, eta ideia hori oso berritzailea da maskulinitateaz dugun ideia zakilean eta sarketan oinarritzen delako ia esklusiboki». Thomasen alabaren gainean, eta beste transexual batzuen seme alaben esperientziak kontuan hartuta zera dio: «Beste batzuek baino errazago ulertuko dute modu asko daudela gizon eta emakume izateko eta identitatea eta desioa mugikorrak eta aldagarriak direla».


Ziur Beatieren erditzeak kalapita eragin eta kontserbadoreen kritikak jasoko dituela; baina mahai gainean jarri ditu kontzeptu eta ulerkera ugari; eta hori eskertzekoa da.

2008/07/04

> Iritzia: IMANOL ALVAREZ > BAT-BATEKO ESPARTINA

  • Bat-bateko espartina
  • Berria, 2008-07-04 # Imanol Alvarez · EHGAMeko kidea

Ekainaren 28aren inguruan, Radio Euskadi irrati publikoak polemika nahasle bezain maltzurra sorrarazi du, gay-les askapenaren esparruan Bilbon lan egiten dugun zazpi kolektibook adostu dugun manifestuaren harira. Ez nuen modu zuzenean parte hartu komunikatua idazten, ezta prentsaurrekoan ere. Ez nuen izan aferaren berri, hortaz, kalean hainbat lagunek gelditu ninduten arte, gertatutakoaz galdetuz edota nire taldekidearentzat elkartasuna adieraziz.


Behin eta berriro entzun dut REk ekainaren 27an hamaika bider emititu ei zuen prentsaurrekoaren zatia, zerbait oker, deliktibo edo eskandaluzkoa aurkitu guran. Bada, ez. Ez dut aurkitu. Onar nezake nire taldekidea holako ekitaldietan komenigarria denaz harago joan zela. Alde batetik, zazpi elkarteren izenean hitz egiten denean fin ibili behar delako. Bestetik, zintzoegia izan bide delako, inuzenteegia alegia, kontuan ez hartzean kazetariak gai guztiez ez jakiteaz gain, askotxotan, azpijokoetan ere ibiltzen direla sentsazionalismorik merkeena bilatu nahian. Ez da haien amuan erori behar, baina nire laguna erori egin zen, eta baita bertan zegoen REko andereñoari nahi zuena eman ere: beita.


REko aipaturiko maltzurkeria eta ezjakintasuna agerian geratu dira. Gizakiok jaiotzen garenetik sexualitatedunak garela esateagatik eskandalizatuarena egiten dute, sexologiari edo pediatriari buruzko ezein liburutan gauza bera esaten dela erreparatu gabe. Dena dela, umeen sexualitateak ez dauka zerikusirik nagusionarekin, eta hori azaltzen ere saiatu zen nire taldekidea, hain zuzen ere, agian ez modurik argienean. Bere hitzak sexu askatasunaren kontrakotzat jotzen dituzte, hori berori izanda salatu nahi dena: sexu askatasunaren aurka joatea baino beste helbururik ez duten kanpaina sentsazionalistak asmatzen dituztela komunikabide anitzek. REko jaun-andre kazetariok, jakin ezazue behingoz: EHGAMek eta sinatzen dugun beste elkarte guztiok egiten dugun gauza bakarra da, denok, salbuespenik gabe, geure maitasuna eta gure sexualitatea aske bizi ahal izan ditzagun lan egitea, eta, eginbehar horretan emandako urte eta ahaleginengatik baino ez bada ere, gutxi egongo dira gu baino sentsibilizatuago, era berean, abusu, engainu eta bortxaketa guztien kontra borrokatzeko, tartean umeak egonik zein ez. Askatasuna eta abusua ez dira bateragarri.


Beste zerbait ere esan nahi dut: zitalak iruditu zaizkidala beste talde batzuetako hainbat ordezkarik irrati horretan bertan egindako adierazpenak; baten baten helburu bakarra nire taldekidea atzamar salatzailearekin seinalatzea baino ez zela zirudien, mendebaldean hedatuz doan eta REtik hain gogo handiz suspertu nahi bide duten su garbitzailera jaurtikia izan dadin-edo. Bereziki patetikoak, baina argigarriak, iruditu zitzaizkidan +Gehitu elkarteak irrati horretan bertan eginiko adierazpena eta beraren ondoko komunikatua -elkarte horrek ez zuen sinatu manifestua, Bilbon ez duelako presentziarik eta, hortaz, ez zitzaiolako sinatzeko eskatu ere egin eta ez, ulertarazi nahi den bezala, uko egin ziolako-. Sortu zirenetik sumatzen genuena agerian geratu da, bere izenak iradoki lezakeenaren kontra, ez zetozela gay-les borrokara batuketa egitera, kenketa baizik. Gure sexualitate askotarikoak aldarrikatzeak edo medio askok nahita eragindako konfusionismoa salatzeak -sexualitatea abusuarekin eta delinkuentzia sexualarekin nahastean-, gay-lesbianen borrokarekin batere zerikusirik ez daukatela esateak zer diren erakusten du. Arny kasua ere aipatu zuten, eta guri oso ondo etorri zitzaigun, horixe baita salatu nahi genuenaren adibide paradigmatikoenetariko bat: ustezko umeak, prentsaren arabera abusu guztien biktima zenak, 17 urte zituen.


REk, ostera, biharamunera arte ez zuen ahaleginik egin taldekidearekin edo EHGAMeko beste inorekin hitz egiteko, gaizkiulertua -gaizkiulerturik egonez gero- argitzeko. Ez zitzaion interesatzen, beharbada esklusiba izorratuko genion-eta. Dena dela, ia beti gertatzen den bezala, bodebil honek guztiak badu alde positiborik. Beharbada gure taldekidea REk jarritako tranpan erori zen, baina RE ere, berez, inork jarri ez zion tranpan erori egin zen, erakutsi duen zitalkeria dela-eta, salatu nahi genuen manipulazio mediatikoaren beste adibide paradigmatiko bat izatera pasatu baita.


28an bertan Kafe Antzokian urtero egiten dugun Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sarien banatze-ekitaldian Gaztehgam taldeko neska-mutilek aho batez erabaki zuten bat-bateko Espartina ematea REri. Asmoa goretsia izan zen bertan geunden EHGAMeko eta polemikaren jatorrian zegoen manifestuaren sinatzaile ziren beste bi elkarteetako kideen aldetik, eta txalo andana jaso zuen aretoa leporaino betetzen zuten ehunka lagunen aldetik.


Lintxamendu mediatikoaren biktima, ia, izan den nire taldekideak izen-abizenak ditu: Jaime Mendia. Urte asko eman ditut berarekin batera militatzen, eta ondo ezagutzen ditut bere balio pertsonala eta lan-gaitasun agorrezina, hala nola sexualitatearen eremuan duen prestakuntza sakona. Lerro hauetatik elkartasuna bidali nahi diot, eta adorea eman lanean segi dezan.