2007/05/27

2007/05/17

> Iritzia: Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu > KONPONDU GABEKO ERRONKA

  • Konpondu gabeko erronka
  • Berria, 2007-05-17 # Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Batzuetan gizarte-erdiespenen urteroko oroitzapenek jada lortu izan hutsagatik garrantzirik ez dutena pentsatzeko tentazioan eror gaitezke. Egun hauetan gogoratzen dugunean, duela 17 urteko maiatzaren 17an, Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea gaixotasun gisa hartzeari utzi ziola, mediku aditu edo politikari bakar batek ere homosexualitatea gaixotasuna edo desbideratzea ez denik zalantzan jarriko ez duela pentsatzeko tentazioa izan dezakegu.


Zoritxarrez, urtero, gaurkotasunak gogorarazten digu errealitatea lehen begiradan irudi zezakeenetik oso desberdina dela. Horren adibide garbia da Polonian berriki gertatutakoa, orientazio homosexuala edo identitate transexuala oraindik ere milioika pertsona bigarren mailako gisa ikusteko arrazoi nahikoa dela konturatzeko ez baitugu Europako Batasunetik atera beharrik.


Poloniaren kasuak ohiz kanpoko interesa piztu du, jendarteko iritzian gutxiengo sexualek herrialde askotan jasaten duten errealitate gordinarekiko, Polonia Europako Batasuneko kide delako eta, horrez gain, hurbileko herrialdea delako. Izan ere, asko hitz egin da Poloniako Gobernuko zenbait kideren adierazpenez, «homosexualitatea edo beste edozein sexu desbideratze eskolan sustatzearen» aurkako legea onartzeko asmoa iragarri baitzuten. Lege horren arabera, beren homosexualitatea ezkutatzen ez zuten hezitzaileak kaleratzearekin edo isunekin zigortu ahal izango ziren, bai eta espetxe-zigorrekin ere.


Orain, badirudi Poloniako Gobernuak ez duela lege hori aurrera eramango, agian horregatik da une egokia gogorarazteko Poloniako kasua hedabide handiek arreta txikia eskaintzen dioten izozmendiaren erpina besterik ez dela.


Izan ere, Poloniako Gobernuak «propaganda homosexuala» deitzen duena eskolan gertatzea saihesteko asmoa ez da inola ere berria EBn. Horrela bada, ez dira 4 urte pasa Erresuma Batuan Section 28 ezaguna indargabetu zenetik. Zuzenketa hori Margaret Thatcherren agintaldian onartu zen 1988an, eta legez debekatu zuen eskola publikoetan homosexualitateaz «familiarteko harreman onargarri» gisa hitz egitea; eta irakasleak eta ikasleak halako autozentsurara eraman zituen, ezen aniztasun sexuala defendatzen zuten eskola-elkarteak ixtea eragin baitzuen.


Ziurrenik, Poloniako kasuarekin duen desberdintasun nagusia da badirudiela Poloniako Gobernuak herritarren babesa duela homosexualitatea jazarri eta kriminalizatzeko, hona hemen adibide bat: gayen harrotasunaren aldeko martxa batean parte hartzeak, builaka gay, lesbiana edo transexualak erailtzeko eskatzen duten kontramanifestarien eraso ikaragarriak jasotzea eragin dezake, polizia-indarren eta udal gobernuen pasibotasunarekin eta konplizitatearekin.


Hala eta guztiz ere, egungo Europan gutxiengo sexualen legezko berdintasuna eskatzen dutenenganako indarkeria soziala ez da Poloniako biztanleriarena bakarrik.


Iaz Letoniako hiriburuko gayen harrotasunaren eguneko martxako parte-hartzaileak, Europako Parlamentuko eta Europako beste parlamentu nazionaletako kideak barne, kontramanifestariek eraso zituzten, poliziaren aldetik egoki zen babesa jaso gabe. Hilabete batzuk geroago, Letoniako Parlamentuak atzera bota zuen onartu izan balitz komunikabideetan, «familia babesteko» helburuarekin, homosexualitatearen edozein aipamen egitea debekatuko zukeen lege-proposamena. Letoniako alderdi nagusiaren proposamena zen.


Zauri larriak izan zituzten Tallinngo Gay Pride-eko parte-hartzaileetariko batzuk, Estonian ordura arte inoiz gertatu ez bazen ere. Hemen zehaztu behar da Gay Pride deiturikoek --Lesbiana, gay eta transexualen harrotasunaren aldeko martxak-- ezaugarriren bat badute guztiz baketsuak eta dibertigarriak izatea dela, martxa koloretsuak, musikaz beteak eta alaiak dira, horregatik errebindikazioa alde batera uzten ez badute ere.


Agian, horregatik iruditzen zaizkigu hain harrigarriak urtero aipaturiko herrialdeetatik iristen zaizkigun mota horretako erasoei buruzko albisteak. Zalantzarik gabe, ez ginateke hainbeste harrituko gure herrialdean agintari batek, inolako lotsarik gabe, homosexualitatea giza espeziea galtzea eragin dezakeelako gizartearentzako arriskutsua dela esan ahal izango balu, eta giza espezieko kide batzuk --desberdin maitatze hutsagatik--, beste batzuei eraso egiten dietela ikusitakoan isilik geratuko balitz.


Hala eta guztiz ere, Europan asaldatu egin behar gaituzten gertakari horiek ezin dira milioika gay, lesbiana eta transexualek beste kontinente batzuetan jasaten duten egoerarekin alderatu.


Ez dago gogoratu beharrik homosexualitatea, oraindik ere, heriotzarekin zigortzen dela Mauritania, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Yemen edo Iran bezalako herrialdeetan, non, Amnesty Internationalen arabera, 4.000 homosexual, lesbiana, bisexual eta transexual hilarazi dituzten 1979az geroztik.

> Berria: Homofobia > GEHITUK EB-KO HOMOFOBIA ETA TRANSFOBIA SALATU DITU

  • Gehituk EBko homofobia eta transfobia salatu ditu
  • Oraindik ere munduko hainbat estatutan homosexual eta transexualak gogor zigortzen dituztela kritikatu zuten. Era berean, Latorrizko Gehitu saria jakinarazi zuten. Aurten PP, UPN eta EAJko zazpi parlamentariri egokitu zaie, homosexualen ezkontza eskubidearen aurka egiteagatik.
  • Gara, 2007-05-17 # Maider Eizmendi

Hamazazpi urte beteko dira gaur Osasunerako Mundu Erakundearen batzar nagusiak homosexualitatea buru gaixota-sunen zerrendatik baztertu zuenetik, eta horrek ekarri zuen aurrerapausoagatik, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako eguna izendatu dute. Gehituko kideek beharrezko jo zuten atzo egindako agerraldian «pertsona homosexual eta transexualei zaien gorroto irrazionalaren aurkako eguna» antolatzea; haien esanetan, oraindik ere «bidegabekeria» ugari gertatzen baita.


Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek nabarmendu zutenez, munduko zortzi herrialdetan gutxienez indarrean mantentzen dute heriotza zigorra homosexualentzat, eta beste estatu batzuetan, kartzelazigorrak ezartzen dituzte. «Baina ez dago urruti joan beharrik, Europar Batasuneko herrialde batzuetan lesbiana, gay eta transexualek bizi duten egoera ez da samurra», adierazi zuten. Hala, Poloniako Gobernuak agertu duen «homofobia eta transfobia» onartezina dela adierazi zuten. «Gobernu horrek bere lege-proiektuan proposatzen zuen pertsona lesbiana, gay edo transexualak ikastetxe guztietatik kanporatzea eta maitatzeko molde askotarikoei buruzko erreferentziak desagerraraztea», azaldu zuten.


Homofobia soziala

Gehituko kideek homofobia soziala zigor koderik txarrena baino hilgarriagoa izan daitekeela esan zuten. «Brasilen homosexualitatea guztiz legezkoa da eta, hala ere, 2.000 pertsona inguru izan dira erailak azken 20 urteoten, sexu joera edo genero identitatea direla kausa», azaldu zuten. Lan esparruan egiten dieten bereizkeria ez zuten alboratu nahi izan Gehituko kideek. «Bereziki gogorrak dira pertsona transexualen artean dagoen langabeziaren datuak, %80koa baita», nabarmendu zuten. Bestetik, eskola arloan egin diren hainbat azterketa ahoan hartu zituzten, eta bullying kasu askoren atzean homofobia dagoela adierazi zuten.


Homofobiaren eta transfobiaren gaineko azterketa egitearekin batera, urtero egin ohi duten modura, Mujikak eta Iñiguezek «lesbiana, gay eta transexualen eskubideen, duintasunaren eta berdintasunaren aurkako lanean nabarmendu delako» aurtengo Latorrizko Gehitu sariaren irabazlea jakinarazi zuten. Aurten, otsailaren 27an sexu bereko pertsonek osatutako bikoteen ezkontzeko eskubidearen aurka bozkatu zuten Hego Euskal Herriko parlamentariei egokitu zaie. «Zehazki, Alderdi Popularreko lau parlamentari, UPNko bi parlamentari eta EAJko parlamentari bat izan dira sarituak», azaldu zuten.

> Berria: Homofobia > PP, UPN ETA EAJKO ZAZPI DIPUTATURI EMAN DIETE AURTENGO LATORRIZKO GEHITU SARIA

  • PP, UPN eta EAJko zazpi diputaturi eman diete aurtengo Latorrizko Gehitu saria
  • Ekimen «homofobo» baten alde egiteagatik «sarituko» ditu Gehituk, eta baita Poloniako Gobernua ere
  • Berria, 2007-05-17 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Egunaren harira, «bere homofobiagatik nabarmendu den pertsona edo entitateari» Latorrizko Gehitu Saria emango dio aurten ere Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak. Aurtengo «izendatuak» jakinarazi ditu jada: bikote homosexualen ezkontzaren aurkako ekimen bat aintzat hartzearen aldeko botoa eman zuten zazpi euskal diputatu; eta homosexualen aurkako legeak bultzatzen ari den Poloniako Gobernua.


Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek atzo gogoratu zutenez, joan den otsailaren 27an Foro de la Familiak gay eta lesbianek osatutako bikoteentzat legezko berdintasunaren aurka eta ezkontza esparrutik bikote horiek baztertzeko asmoz, Kode Zibilaren erreformaren aldeko ekimena aurkeztu zuen Madrilgo Kongresuan. Ekimena aintzat hartzearen alde bozkatu zuten zazpi euskal diputatuk. «Jakin bazekiten ekimenak gure seme-alabentzat legezko babesik eza zekarrela eta gure familienganako eraso garbia zela», dio Gehituk. EAEko PPko lau diputatuk, UPNko bik eta EAJko batek eman zuten botoa Gehitu-rentzat ekimen «homofoboa, intolerantea eta zorrotza» denaren alde.


Homofobia munduan

“Latorrizko Gehitu Saria” merezi du Poloniako Gobernuak ere, elkartearen ustez, gay, lesbiana eta transexualen aurkako «etengabeko erasoan» ari delako. Horren lekuko, hezkuntza lege proposamena salatu zuten. Irakasle homosexualei eskolak ematea galaraztea proposatu zuen Poloniako Gobernuak, «Europako Batasunaren ustez oinarrietako bat den bazterketa ezaren printzipioaren aurka».


Munduko beste hainbat herrialdetan egoera ez da hobea. Zortzi herrialdek heriotza zigorra indarrean dute homosexualen aurka, eta beste herrialde askotan, zigorrik handienak ezartzen zaizkie.


Gaur 17 urte egingo ditu Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen katalogotik kendu zuela. Hori da maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Eguna izendatzearen arrazoia.

2007/05/13

> Erreportajea: Literatura > ABDELA TAIA IDAZLEA: "NIRE HEROI PROPIOA NAIZ"

  • Abdela Taia idazlea: «Nire heroi propioa naiz»
  • Patxi Zubizarretak euskarara ekarri duen 'L'Armée du salut' ('Salbazioko Armada', Alberdania, 2007) aurkeztera etorri zen Abdela Taia Donostiara. Marokoko Salekoa jaiotzez, Parisen bizi da. Euskaratu berriaz gain, beste bi liburu ditu: 'Mon Maroc' (2000) eta 'Le rouge du tarbouche' (2005). Aurelia Arkotxa lagun eta itzultzaile duela mintzo da.
  • Berria, 2007-05-13 # Jon Benito · Donostia

Hiru liburu argitaratu ditu. Idatzi gehiago. Michel Foucault parafraseatzen du zerbaitetik abiatuta idazten duela esaten duenean: «Idazteko motibazioa inkontzientea da. Motibazio hori emeki-emeki errezibitzen du norberak. Baina, belopean balego bezala, lausoa da sentsazio hori. Hastapenean, norbere diferentziatik abiatuz, bizitzeko, existitzeko desira dago. Batek beretzat eta, norberarengandik, besteentzat idazten du. Nik, ezberdintasun hori, oso goizik sentitu nuen. Bistan da, homosexual izatea diferentzia horren parte da, baina ez da hori bakarrik.»


Ez da homosexuala izatea bakarrik. Marokon arrotz sentitzea da. Marokotik Parisera joatea. Parisen ere arrotza izatea. Isiltasuna nagusitzen den lekuan idatzi beharra. Diferentzia da: «Kanpotik ikusita, ni natorren gizartea sentsuala dela diote, baina ni natorren gizarte horretan apenas hitz egiten den gauza garrantzitsuez. Isiltasuna dago. Esateko zerbait baduzula jakinik, isiltasun hori infernu bat bilakatzen da.» Hitza da nortasuna, esateak ematen du nortasuna, hitzak egiten du ezberdin. Hitza da norbera. Hitzak egiten du. Esan egin behar da. Idatzi.


Ametsak
Baina: «Ez dut, inoiz, idazlea izatea desiratu. Nire amets nagusiak, nerabe nintzelarik, gaur ere bai, zinemari lotuak egon dira. Nire ametsik handiena errealizadorea izatea zen: zerbaitetik mundu bat sortzea. Ez nuen aktore edo star bat izan nahi, errealizadorea izan nahi nuen. Jainko bat bilakatu nahi nuen; nire inguruan jainkoak ziren pertsonak ikusten nituen, baina ahalik gabeak ziren. Nik jainkoa izan nahi nuen, baina ahalekin. Jainkoa orojakilea izatea da, zuk mugiarazten dituzu pertsona eta pertsonaiak, zure inguruan daude, zure ingurura mugitzen dira.» Pertsona hezur-haragizkoa da, ordea, nola hartuko ditu jainko itxurak? Nola, zinemaren edo literaturaren bidez ez bada?. Zinema zen bere irtenbidea, zineman zituen bere ametsak, baina... «Pobrea nintzen. Parisera joan nahi nuen. Zinema maite nuelako zoroa nintzela esaten zuten. Paris hain zen urrun! Nik zer nuen inguruan garai hartan? Homosexuala nintzen, amets ziren ametsak nituen, bizi guztian amets izaten jarraituko zutenak».


Paris zinema zen Taiarentzat. Eta zinema Isabelle Adjani. Emazte horrek haragiztatzen zuen zinemaren ametsa. Nola heldu hara, ordea, nola egin Pariserakoa. Itsasora botila botatzen den bezala, inoiz inork jasoko duen itxaropenik gabe, gutun bat bidali zuen FEMIS zinema eskolara. Joan ahal zuela esan zioten, baina horretarako DEUG titulua behar zuela. «Zer egin nezakeen barruan nuen amets desesperatu horrekin?.»


Zinema eskolara joan ahal izateko, Rabateko Mohamed V.a unibertsitatera joan zen. «Baina ailegatu nintzelarik hara, nire frantsesa ez zela ona konturatu nintzen. Ametsa gauzatzeko lehen muga pobrezia edo eskola ezin ordaindua nuen, baina unibertsitatean bigarren muga deskubritu nuen: hizkuntza. Hirugarren bat ere bai: nehor ez zela nitaz, nire ametsez kezkatzen. Beraz, nahi baduzu, ni heldu naizen gizartean, ni-a, norbanakoa ez zela existitzen konturatu nintzen. Taldeak du indar guztia Marokon».


Zinematik literaturara

«Horrela iritsi nintzen literaturara, sorpresaz bezala. Behar bainuen nire frantsesaren kalitatea hobetu, hartu nuen eguneroko bat, soilik frantsesez hobeto idazteko, eta nik nahi gabe, egunerokoa literatura egin zen. Eta, beraz, literaturak bere artean, bere tranpan hartu nau, eta bukaeraraino joan naiz». Zinemaren ametsa utzi eta literaturaren tranpa hartu. Jainko izaten jarraitzeko aukera bat da. Jendearengan eragitekoa. Baina nola iritsi erabakia hartzera?


«Rabaten egunerokoa idazten hasi nintzen. Baina Parisera iritsi nintzelarik, banituen bizpahiru nouvelle nirekin, eta Rene Ceccat Seuil argitaletxeko editorearekin kontaktatu nuen. Ikaragarrizko zortea izan dut. Oso ondo hartu ninduen, lau orduz egon nintzaion entzuten. Entzuteak berak eman zidan existitzeko arrazoi bat nuenaren sentimendua. Baina aldi berean, entzuten ari nintzen bitartean, beste borroka bat hasten zen irudipena nuen. Zer garen deskubritzea gauza bat baita, eta Europaren bakardadean horrela ibiltzea beste bat. Garai hartan dirua deskubritu nuen, eguneroko bizitza, sexua, amodioa eta sufrikarioa... dena momentu berean deskubritu ere. Eta dena deskubritu nuen momentu horretan deskubritu nuen eskritura ere». Idaztea deskubritu eta nola idaztea ere. Idazteko modu berezi bat. Nortasun literarioa, nahi bada: «Nahitaez, Marokotik Europara etorri izanak, homosexuala izateak, bestelako barne gatazkek eragina dute idazteko nire moduan».


Paristik Maroko

Nola ikusten da Paristik jaioterria? Nola ikusten da Europatik Maroko? «Parisen gertatu zaidan gauza bat azpimarratu behar dut. Kontzientzia politikoa hartzen hasi naiz. Nire herria Hassan II.arena da. Ni Hassan II.aren belaunaldikoa naiz. Despolitizatuen belaunaldikoa. Parisen gauzak argiago ikusten hasi naiz. Kritika soziala deskubritzen hasi naiz. Eta errateko beharra eta engaiatzeko beharraz jabetu naiz. Duela bi urte nire homosexual izaeraz argiki hitz egin banuen Marokon, horregatik izan zen, publikoki engaiatzeko erabakia hartu nuelako». Parisen aldean ezberdina da Maroko, ordea. Oraingo Maroko ere ez da lehengo Maroko.


«Maroko garatzen ari da apurka, irekitzen ari da, baina jendartea oraindik oso kontserbadorea da. Erlijio eta tradizioan preso dago, aberastasunak ez daude ongi banatuak. Bada zerbait Marokoko gizartean, kritika eta gogoeta politikora bultzatzen ez duena. Hori argiki ikusten da urrutitik, eta etsipena eragiten du. Ni oso etsitua nago. Baina, hala ere, onartzen dut badirela aurrerapen txiki batzuk».


Marokoarra izan arren, Parisen bizi da ordea. Nola uztartzen dira Marokoko ohiturak Europako bizimoduan? Nola lotu bi kulturak? Egungo kezka nagusienetarik bat da: «Nik mutil prestu, ongi hezi, adeitsuaren itxura eman dezaket, Frantziak, Europako gizarteak horretara behartzen bainau, neurri batean arrazionala izatera. Baina nire barruan aise basagoa, sentsualagoa naiz. Irrazionalagoa: nire ama eta bere sorginkeriekin nago kontaktuan. Maite dut idazkerak nire alde irrazional hori nabarmentzea». L'Armée du salut euskarara itzultzeaz arduratu den Patxi Zubizarretak, liburuaren irrazionaltasuna eta sentsualtasuna azpimarratu zituen aurkezpenean. Usaimena, ukimena, zaporeak, soinuak... azpimarratzen dituela seinalatu zuen.


Abdela Taiak ezin omen du bere estiloaz hitz egin. Ezin azal dezakeela bere idazteko modua, esaten du: «Baina esan dezaket, bizi izan naizela besteen gorputzen artean, beti kontaktuan. Hamaika ginen etxean: bata bestearen gainean edo lurrean egiten genuen lo, ohatzerik ez genuelako. Horrela, gorputzak bata bestearekin ukitzen ziren. Gorputz jendetza isil horren erdian egon arren, azalaren bidez, azaletik azalera, gauza asko esaten ziren, debekatuak asko».


Parisen bizi da egun. Badaramatza urte batzuk hemen, zazpi-zortzi: «Mendebaldeko munduarekiko dudan distantzia gustatu egiten zait. Horri esker, nire baitan kontzentratzen ahal naiz ikusten ditudan gauzetan». Bakardadea ei da Europaren ezaugarri nagusienetako bat, beretzat.


Bakardadea askatasuna da hautatzen duzunean. «Libre naiz, baina ondo ordaintzen dut libertate hori. Libertate horren mugak ongi ezagutzen ditut: hortik kanpora ezerez existentziala dago. Ez dut mendebaldearekiko ilusiorik, baina Parisen, mendebaldeko gizarteko herri batean bizitzeko hautua egiten dut. Konturatu naiz, eraikitzen ahal dudala hemen, inoren bedeinkapen edo babesik eskatu gabe, Marokoko begirada irentzailetik urrun, nire heldutasunerako ibilbidea. Nire heroi propioa naiz».

  • «Idaztea bestek hartua egoteko modu bat da»
  • J.B.

«Frantsesari esker dut idazteko beharrezkoa dudan distantzia», dio Abdela Taiak. Eta honela jarraitzen du hizketan, frantses hizkuntza ardatz eta hizpide hartuta: «Frantsesari esker erraten ahal ditut, arabieraz, Koranaren hizkuntza sakratuan, esan ezingo nituzkeen gauzak. Frantses hizkuntzak gatazka etengabekoan egoteko ahala ematen dit. Frantsesez idazteko gai naizen arren, ez da hori ene hizkuntza. Frantsesa Marokoko aberatsen hizkuntza da. Frantsesa gu zangoperatu gaituztenen hizkuntza da. Hori dela-eta, frantsesez idazten dudan guztietan, borrokatzen ari naizelako, hizkuntza horrek onartzen ez nauelako irudipena daukat. Beharbada, egunen batean enegandik ihes egingo duen hizkuntza bat dela sentitzen dut. Nik uste dut, idazteko, beharrezkoa dela lasai ez zauden egoera batean aurkitzea: beldur, larri, urduri naiz... ez dut bakerik frantses hizkuntzarekin».


Etengabeko gatazkan sentitzen da Abdela Taia idazle gisa. Gatazkan sentitze hori ez da hizkuntzak esan nahi duenarekikoa soilik. «Nire kasuan, gibeletik, iheska doazelako harrapatu behar ditudan hitzak iruditzen zaizkit. Ene barnean, bi djinna edo izpirituk egin dute habia. Bata eskrituraren edo inspirazioaren djinna da, bestea maite ez nauen, trabak jartzen dizkidan djinna. Djinna-k aipatzen ditut: idaztea bestek hartua egoteko modu bat baita».

2007/05/12

> Laburrak: Justizia > ZUTIK-EN PROTESTA ATOTXAN

  • Zutik-en protesta Atotxan
  • Irutxuloko Hitza, 2007-05-12 # Amaia Portugal

Atzo hastekoa zen Atotxako epaitegian Espainiako Armadako lau kideren kontrako epaiketa, Mikel Martin EHGAM-eko eta Zutik-eko kideari Urbieta kalean ustez eman zioten jipoiarengatik. Epaileak auzia atzeratzea erabaki zuen, ordea, akusatuetako baten deklarazioa baliogabea zelakoan. Hala ere, Zutikek deituta, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten.

> Berria: Justizia > MIKEL MARTIN JIPOITU ZUTENEN AURKAKO EPAIKETA ATZERATU EGIN DUTE

  • Martin jipoitu zutenen aurkako epaiketa atzeratu egin dute
  • Orain bi urteko galdeketan lau akusatuetako batek
  • Abokaturik gabe deklaratu zuelako hartu dute erabakia
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-05-12 # Jon Gonzalo

Mikel Martin EHGAM eta Zutik-eko kide ezaguna ustez jipoitu zuten militarren aurkako epaiketa atzeratzea erabaki zuen atzo Donostiako Auzitegiko 3. Salako epaileak. Orain bi urte, akusatuei galdeketa egin zietenean, lau akusatuetako batek (Jose Antonio Rodriguez) abokaturik gabe egin zuen deklarazioa. Hori dela eta, epaiketa baliogabetzeko eskatu zuen atzo defentsako abokatuak. Epaileak, defentsaren eskaera aztertu ondoren, ez zuen epaiketa baliogabetu, baina atzeratzea erabaki zuen.


Beraz, Jose Antonio Rodriguez akusatuak abokatuaren laguntzaz egin beharko du deklarazioa berriro ere. Hartara, lau akusatuen aurkako epaiketa egiteko baldintzak beteko dira.


«Epaileak hartutako erabakia juridikoki zuzena da. Akusatu batek ezin du abokaturik gabe deklaraziorik egin. Nolanahi ere, nik atzerapen partziala eskatu diot, akusatu baten egoerak ez duelako eraginik beste hirurengan. Azkenean, ordea, epaiketa atzeratzea erabaki du», azaldu zuen atzoko saioaren amaieran Miguel Castells akusazio partikularraren abokatuak. Epaiketa berriro noiz egingo den ezin izan zuen zehaztu, «justiziaren denborak eta epeak oso mantsoak direlako».


Ustezko erasotzaileetako birentzako, urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte-ordaina eskatuko du fiskalak epaiketa honetan. Biei ala biei, jipoia ematea leporatzen die. Beste bien kontra, berriz, 4.200 euroko isuna eskatuko du, jipoia eragotzi ez izana leporatuta. Mikel Martinen abokatuek, berriz, zigor handiagoak eskatuko dituzte: lehen bi militarren aurka hiru urteko espetxe zigorra, beste bien aurka 7.200 euroko isuna. Halaber, Mikel Martinentzat 18.000 euroko kalte-ordaina.


Zutik eta EHGAMeko kideen babesa jaso zuen Martinek atzo. Epaiketa hasi aurretik, eta baita epaiketa amaitu ondoren ere, Donostiako Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Mikelekin elkartasuna, Inpunitaterik ez pankartaren atzean elkartu ziren.

  • Mikel Martin · EHGAM eta ZUTIk-eko kidea
  • «Pena handia hartu dut atzerapenarekin»


Mikel Martinek sentimendu «gazi-gozoak» zituen atzoko saioaren amaieran. Batetik, han bildutako jendearen babesa eskertu zuen. Bestetik, epailearen erabakiarekin «pena» hartu zuen.


Zer-nolako sentsazioak izan dituzu epaiketan?

Ni jipoitu ninduten militarrak aurrez-aurre ikustea gogorra izan da, baina indartsu sentitu naiz. Halaber, pena handia hartu dut epaiketaren atzerapenarekin. Ni babestera jende asko etorri da honaino, eta ez zuten horrelakorik merezi.


Zer iruditu zaizu epailearen erabakia?

Legeei buruz ez dut ezer ulertzen, baina nire abokatuek esan didatenez, epailearen erabakia ulergarria da. Hori bai, hurrengo epaiketa ahalik eta azkarren egitea espero dut. Bi urte pasatu dira jipoitu nindutenetik, eta asko luzatzen ari da epaiketa.


Nola ikusten duzu auzia hemendik aurrera?

Akusatuekin akordio batera iristeko proposamena egin didate, baina ez dut onartu. Bukaeraraino iritsi nahi dut, egindakoagatik zigor ditzatela.

> Berria: Justizia > EPAIKETA ATZERATUTA MARTINEN ESKUBIDEAK URRATU EGIN DIRELA DIO HERRI AKUSAZIOAK

  • Epaiketa atzeratuta Martinen eskubideak urratu egin direla dio herri akusazioak
  • Mikel Martin ustez jo zuten militarren auzia atzeratu da, akusatu batek abokatu gabe deklaratu zuelako
  • Berria, 2007-05-12 # I. Petxarroman · Donostia

Atzo egitekoa zen epaiketa atzeratuta Mikel Martinen eskubideak «urratu» egin dituztela adierazi du herri akusazioko eta Zutik-eko bozeramaile Gerardo Karrerek. «Beste urte eta erdi inguru itxaron beharko dugu orain beste epaiketa bat egin arte? Ez gaude ados epailearen erabakiarekin, pentsatzen dugulako, batzuen eskubideak babestuta, Mikelenak urratzen ari direla», esan zuen Karrerek. Eta gaineratu zuen, Mikel Martinen eskubideak babestea lehenetsi beharko luketela, hark pairatu zuelako erasoa.


Mikel Martin EHGAM eta Zutik-eko kidea ustez jipoitu zuten militarren aurkako auzia atzeratzea erabaki zuen atzo epaileak, lau akusatuetako bati, Jose Antonio Rodriguezi, abokatuaren laguntzarik gabe hartu ziotelako deklarazioa Alcala de Henaresko epaitegian (Madril). Epaiketa atzeratzeko eskatu zuen lau militar espainiarren abokatuak, eta epaileak aintzat hartu zuen eskaria, prozedura irregularra argudiatuta.


Mikel Martinen abokatu Miguel Castellsek esan zuenez, epaiketak aurrera jarrai zezakeen, akusatu bakarra, oraingoz, auzitik kenduta. Baina epaileak ez zuen onartu Castellsen argudioa.


Edozein modutan, hedabideei egindako deklarazioetan onartu zuen epaileak hartutako erabakia «zuzena» izan dela. «Gure arteko ezadostasuna zen nik uste nuela baliogabetze partziala izan behar zuela, bakarrik Rodriguez akusatuari eragingo ziona. Epailearen iritzia, jakina, garrantzitsua da, eta onartu behar da, kasu honetan, arrazoizkoa dela».


2005eko urtarrilaren 13an jasan zuen jipoia Mikel Martinek. Donostiako Urbieta kaletik zihoala, gauez, lau pertsona ikusi zituen jarrera bortitzean, kale seinaleak jotzen. Hurbildu zenean, irainka hasi zitzaizkion, Martinek berak salatu duenez. Ondoren, konortea jo arte jo zuten, bortizki, ea ETAren eta Ibarretxeren planaren aldekoa zen galdetuz. Martinek 137 egun behar izan zituen erasoan egin zizkioten zauriak osatzeko.


«Legea ezar dakien»

Mikel Martinek «harriduraz» hartu zuen epailearen erabakia, eta eskertu zuen elkartasuna erakustera hurbildutako guztien jarrera. Izan ere, dozenaka lagunek babestu zuten Martin atzo Donostiako epaitegian.


Martinek esan zuen gogotsu dagoela prozedura bukaeraraino eramateko. «Akusatuen akordio proposamena jaso dugu, baina uko egin diogu. Nik prozeduraren amaieraraino heldu nahi dut, legea bere ondorio guztiekin ezar dakien». Onartu zuen, ordea, beretzat gogorra izango dela berriro ustezko erasotzaileekin parez pare aurkitu behar izatea. «Hala ere, pasatu beharrekoa pasatuko dut, zeren eta gehienbat ez dut nahi zigor gabe geratzerik».


Erasoa egin zutelakoan, urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte-ordainak eskatu ditu fiskalak Martin jipoitu zuten bi militarrentzat. Martinen abokatuak eta herri akusazioek -Zutik alderdiak eta EHGAM mugimenduak- zigor handiagoak eskatu dituzte: hiru urteko kartzela zigorra ustezko erasotzaileentzat, eta beste bientzat 7.200 euroko isuna. Halaber, Martinentzat 18.000 euroko kalte-ordaina eskatuko dute.


Orain, Jose Antonio Rodriguez akusatuak deklaratu egin beharko du, eta horren ondoriozko tramite judizialak osatu ostean, epaiketara deituko dute berriz.


Bestalde, Errenteriako Udalak eskatu du gertaera hauek «guztiz argi» daitezen. Gertaerok gizarteko bizikidetzari «kalte handia» egiten diotela gaineratu du.

  • Gerardo Karrere · Zutik-eko eta herri akusazioko kidea: «Ez gaude ados, batzuen eskubideak babestuta, Mikel Martinenak urratzen ari direlako»
  • Miguel Castells · Akusazioaren abokatua: «Onartu behar da, kasu honetan, epailearen iritzia arrazoizkoa eta zuzena dela»
  • Mikel Martin · Zutik eta EHGAM-eko kidea: «Prozedurarekin amaieraraino heldu nahi dut, legea bere ondorio guztiekin ezar dakien»

2007/05/11

> Berria: Justizia > OSTIRALEAN EPAITUKO DITUZTE USTEZ MIKEL MARTIN EHGAMEKO KIDEA JIPOITU ZUTEN LAU MILITARRAK

  • Ostiralean epaituko dituzte ustez Mikel Martin EHGAMeko kidea jipoitu zuten lau militarrak
  • Ustezko erasotzaileetako birentzat kartzela zigorra eskatuko du Fiskaltzak, eta isuna beste bientzat
  • Berria, 2007-05-09 # Erredakzioa · Donostia

Espainiako armadako lau militar epaituko dituzte ostiralean Donostiako Auzitegian, 2005ean Mikel Martin Zutik-eko eta EHGAMeko militante ezaguna jipoitu zutelakoan. Ustezko erasotzaileetako birentzat, bakoitzarentzat urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte-ordaina eskatuko du fiskalak, erasoa haiek egin zutelakoan. Beste bien kontra, berriz, bakoitzarentzat 4.200 euroko isuna galdegingo du fiskalak, biei ala biei jipoia eragotzi ez izana eta Martini lagundu ez izana leporatuta.


Martinen abokatuek, ordea, zigor handiagoak eskatuko dituzte ustezko erasotzaileen aurka. Hain zuzen ere, lehen bi militarren aurka hiru urteko espetxe zigorra eskatuko dute bakoitzarentzat, eta beste bien aurka 7.200 euroko isuna. Halaber, Martinentzat 18.000 euroko kalte-ordaina galdegingo du akusazio partikularrak.


Zutik alderdia eta EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimendua herri akusazio gisa izango dira ostiraleko epaiketan, eta akusazio partikularraren eskaera berberak egingo dituzte ustez erasoan parte hartu zuten lau militarren aurka.


137 egun, kolpeak osatzeko

Donostia erdigunean, Urbieta kalean, izan zuen erasoa Martinek, 2005eko urtarrilaren 13an, 23:00ak inguru zirela. Egun hartan, Martinek berak azaldu zuenez, taxia hartzera zihoala lau lagun ikusi zituen, «nahiko jarrera bortitzean, kale seinaleak jotzen». Hurbildu eta irainka hasi zitzaizkiola azaldu zuen. Konortea galdu arte jo zuten, Ibarretxeren Planaren zein ETAren aldekoa zen galdetzen zioten bitartean.


Fiskalaren idatziaren arabera, akusatuetako bik jo zuten Martin, baina beste biek ez zuten ezertxo ere egin erasoa geldiarazteko.


Erasoaren ondorioz, Donostia Ospitalera eraman zuten Zutik eta EHGAMeko kidea; larrialdi zerbitzuetan artatu zuten. Gorputz osoan, buruan zein aurpegian kolpe ugari jaso zituen; ahoan eta ezkerreko begian puntuak eman behar izan zizkioten ospitalean. Zauriak osatzeko, Martinek 137 egun behar izan zituela jasotzen du fiskalaren idatziak, eta horietatik 102 egunean ohiko jarduera egin ezinik egon zela.


Erasoa gertatu ostean, ustezko bi erasotzaile atxilotu zituen Donostiako Udaltzaingoak. Erasoaren lekuko izan ziren hainbat lagunek deitu ostean bertaratu ziren udaltzainak, eta militarretako bi atxilotu. Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten, eta, berri agentziek zabaldu zutenez, Alcala de Henaresko (Espainia) base militarrera itzuli ziren. Izan ere, agentzien arabera, bi militarrak urtarrilaren 1etik 15era bitartean Euskal Herrira bidali zituzten, Donostiako Loiola auzoko kuartelera.


Erasoaren ostean, babes eta elkartasun mezu ugari jaso zituen Martinek. Euskal alderdi, instituzio eta elkarte ugarik ere salatu zuten Martinen aurkako erasoa, eta Espainiako Gobernuari gertaerak argitzeko ikerketa sakona eskatu zioten gehienek.

2007/05/09

> Berria: Oroitzapena > ORERETA: BERDE KOLOREKO JAIA GAZTAÑON

  • Berde koloreko jaia
  • Udaberri Jaia ospatu dute bigarrenez Gaztañon, auzoko ingurumena babesteko eta hirigintza planak salatzeko
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-05-09 # Iban Iza



Eguraldiak zoratuta jarraitu arren, udaberria iritsi da Gaztaño auzora. Eta horrela ospatu zuten igandean bertako auzotar askok, Udaberri Jaia izeneko ekimenean parte hartuz.


Orain bi urte bururatu zitzaion aipaturiko festa eguna Gaztañoko Auzo Elkarteari, auzoan garatu nahi dituzten hirigintza proiektuen aurkako erantzun gisa. «Proiektu espekulatibo hauek auzoko baratzak, zuhaitzak eta berdeguneak suntsituko dituztenez, pentsatu genuen erantzunik onena zela San Joan bezperako sua egiten den zonaldean zuhaitz landaketa herrikoia egitea, auzotarrak auzoko ingurumenaren eta auzoa beraren defentsan inplikatuz», adierazi dute jaiaren sustatzaileek.


Halaber, festa eta aldarrikapena uztartzeaz gain, erabaki dute egun hau baliatzea Xanti Vicente Altxu auzotarra omentzeko. Iazko otsailaren 25ean zendutako ekintzaile sozial ezagunak hasieratik sustatu baitzuen Udaberri Jaia, Gaztañoko auzotarren esanetan. Horregatik, Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute aurten, «Altxuren omenez eta, batez ere, haren memoria bizirik mantentzeko gure auzoan».



Altxu gogoan
10:00etan hasi zen igandeko festa; auzolanaren bitartez, kimua landatu behar zen zonaldea egokitu eta atondu zuten lehenik. Ondoren, kimua landatu zuten, hiruki baten barnean. «EHGAM kolektiboaren sinboloa da hirukia, eta Altxuk sorreratik parte hartu zuen kolektiboan», esan dute bizilagunek. «Altxuren bizian oinarri izan ziren bi borroka batzen dira hirukian: bere auzoa eta nortasuna», erantsi dute Gaztañoko auzotar hauek. Zuhaitz landaketaz gain, Altxu goraipatu zuten hitzaldi labur baten bitartez, eta haren omenezko kantak abestu.


Jaiak aurrera egin zuen. 130 lagun bildu zituen bazkari herrikoiaren ondotik, haurrek eta ez hain haurrek ederki pasatu zuten antolaturiko joko tradizionalekin. Gauerditik gertu bukatu zen Udaberri Jaia, primerako giroan.


Antolatzaileak oso gustura daude jaiak izandako emaitzarekin. «Oso balorazio positiboa egiten dugu, auzotarren parte-hartze handia izan zelako antolaturiko ekintzetan», esan dute.

2007/05/08

> Iritzia: Felipe Izagirre > AMAIA-AIMARREN OMENEZ

  • Amaia-Aimarren omenez
  • Berria, 2007-05-08 # Felipe Izagirre · Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko kidea

Ez zintudan ezagutzen zuzenean. Zure hurbilekoak ditut ezagunak eta adiskideak, eta haiekiko sentimenduek hurbildu naute zuregana.


Beilatokian egin dugu elkarrekin topo. Zure gorpua hilik, arnasarik gabe, nirea oraindik bizirik. Benetan barnean sentitu zaitut. Zure aurpegiak barne edertasuna islatzen zuen: freskura, duintasuna, argia eta maitasuna. Zure gurasoekin hitz egin ondoren, askatasuna sentitu dut azal-azalean, askatasuna izan baita zure bizitzako lorpenetako bat, batik bat, barne askatasuna zure modura bizitzeko, zure norabideak bideratzeko gizarteak jartzen dizkigun arau eta moldeetatik haratago, inguruko esamesei kasurik egin gabe, zure barne argiari jarraituz. Heriotzari ere askatasunez egin diozu aurre, eta askatasunak duintasuna darama. Duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen dugunok pertsonaren askatasunean oinarritzen gara.


Eta, zalantzarik gabe, duintasunez hil zara. Nahiz eta zeure buruaz beste egin duzun. Eta zer? Edozein heriotza mota, askatasunez egiten denean, duina da, eta askatasunez jokatzea duintasunez jokatzea da.


Eta maitasunak lagundu dizu zure bizitza osoan. Zure gurasoek, zure familiakoek, zure lagunek, denek, maite izan zaituzte, eta bizitzako azken momentuan ere haien maitasun osoa izan duzu. Zer gauza ederragorik askatasunez eta maitasunez inguraturik hiltzea baino?


Hernaniko plazan, arratsalde-ilunabarrez eskaini zizuten omenaldi edo hileta zibilaz, esan nahi baita, erabat laikoaz, esan nahi dizut seguruenik zuk nahi zenukeena izan zela. Zazpi eta erdiak puntuan plazan bildurik geundenon artean isiltasun sakona nagusitu zen. Ez zaratarik gabeko isiltasun azalekoa, lengoaia sakona duen isiltasuna baizik, emozioz, sentimenduz beteriko isiltasuna. Eta jende asko bildu zela esan nahi dizut, Aimar, adin guztietakoa, zurekiko sentimenduren batek lotzen zuen jendea.


Negar artean esan eta entzundako hitzak barnera, oso barnera, iristen ziren. «Ez dugu galderarik egin nahi», zioten zure lagunek. Erantzuna eman diguzu eta zure bizitza osoan erantzunak ematen zenekien. Izan ere, zergatik egin galdera absurdoak. Zure heriotzak ez du agerpenik behar. Duintasunez hil zara, eta kito.


Gure gizarte hipokrita honetan tabu diren hainbat hitz, hala nola suizidioa, eutanasia eta abar, moral faltsu baten ondorioak, destabuizatu dituzu, konbentzionalismo hutsetik haratago bizi izan baitzara.


Beste tabu bat ere plazaratu duzu: sexuarena. Ez omen zinen armairutik atera zioen zure lagunetariko batek, ez baitzinen inoiz barruan egon. Transexualitatea, sexuz aldatzeko nahia. Hor ere askatasunez eta duintasunez jokatu duzu, zoriona ez baitatza gure gizarteak nahi duen erara bizitzean, askatasunean bizitzean baizik.


Zorionak, Aimar, beste arlo askotan bezala hemen ere bide berriak irekitzen saiatu zarelako. Seguru nago Hernaniko gizartea horrelako hitzak entzuteko gogoz zegoela eta plazan grabaturik geratuko direla.


Nik, egia esan, zuri, zure gurasoei, lagunei eta Hernaniko herriari eskaini nahi diedan omenalditxo honekin zorionak eman nahi dizkizut. Zergatik ez? Dolua hor dago, nola ez, baina bakea eta lasaitasuna eta maitasuna ere bai.


Eta, bukatzeko, zure eskelan agertu zen irudi eder hori aipatu nahi dizut, alegia, izarretara hegan egin, zure izpiritua izar bilakatu, eta zure gorpua Ama Lurraren magalean abandonatu zenuelako. Hernaniko kosmos txikian hor egongo zara, izar argitsua baitzinen, oroimen kolektiboan beste izar askorekin batera, zure gorpua lur bihurtzen den bitartean.


«Hegoak ebaki banizkio/ neuria izango zen/ Ez zuen alde egingo/ Baina horrela ez zen txoria izango/ Eta nik, txoria nuen maite».


Eskerrik asko, eta zorionak, Aimar!


Adiorik ez.