- Harrika ostadarrari
- Homofobiak eragindako erasoen berri eman dute azken asteotan hedabideek; hiru gayk eta hiru lesbianak beren iritziak eta esperientziak azaldu dituzte bortizkeria horren inguruan.
- Berria, 2006-08-03 # Jose Mari Pastor, Donostia
Polonia, Letonia, Espainia... Erasoak Europako geografian hedatu dira, homofobiak ez du mugarik eta. Gay eta lesbianen ustez, bortizkeria hori errealitatearen alde gordinena da, baina ez alde bakarra. Egunerokoan ohikoak dira irainak, jokaera gaiztoak, errespetu eza, baina hori ez da albiste iturri izaten. Gizartearen zapalkuntza da bizimodu heterosexualetik kanpo daudenen aurka.- Miren (Bilbo, 44 urte) # «Herri matxista batean bizi gara»
Jendeak ez du esaten edo galdetzen lesbiana zaren edo ez. Errespetuz galdetuz gero, «zu lesbiana zara?», bada, nik, nahi izanez gero, erantzun egingo dut. Baina ez dute ezer esaten eta hortik txakurkeriak hasten dira, eta zuk badakizu hori guztia nondik datorren. Lanean halakoak gertatu zaizkit. Sukaldean, txakurkeriak alde guztietatik. Lanean ari zara eta alde guztietatik zure kontra ari direla ohartzen zara, gauza zehatzetan konturatzen zara. Zuri ez dizute esango edo galdetuko lesbiana zaren edo ez, baina haiek badakite, eta zu izorratzen hasten dira. Latza izaten da.
Homofobiaren kontra aurreratzeko, urteak beharko dira, bai. Oraindik zenbait lekutan, herri txikietan eta, ezin duzu esan lesbiana zarela. Nik lanean ezin dut ezer esan. Nik uste dut laneko gazte jendeak badakiela. Gustatu egingo litzaidake lesbiana naizela esan ahal banu, baina ezin dut.
Heziketa beharrezkoa da. Lehengoan semearekin hitz egin nuen. Mutiko bat joan zitzaiola eta musu eman ziola kontatu zidan. Nik nola erreakzionatu zuen galdetu nion. «Utzi bakean, ze hostia bat emango dizut», erantzun zion semeak. Eta nik esan nion: «Baina kolpe bat jo, zergatik? Esan ez duzula nahi eta kito. Neska bat izan balitz, ez zenuen egingo».
Niretzat semearen portaera hori ere homofobia da. Hori guztia aldatu egin beharko litzateke, baina herri matxista batean bizi gara oraindik.
- Xabi (Goierri, Gipuzkoa, 31 urte) # «Ez dira eraso homofoboak, eraso heterosexistak baizik»
Hitzezko erasoak egunero jasotzen ditugu, kontua da beste pauso bat aurrera eman dudala eta hitzezko eraso horiek niri ja ez didate minik ematen, niri berdin zait niri a, b, edo c esatea. Homosexual guztien kontrako kontua da, azkenean barrea eragiteko tresna erraza gara batzuentzat. Beti gertatu dira halakoak, hitzezko erasoak; gauza normala da hori, baina ezin denez erraz frogatu, bada, azkenean ez zara mundu guztiaren kontra joango.
Heterosexismoaren filosofia salatu eta borrokatu behar dugu. Homofobia gaizki ikusten hasi da, baina heterosexismoa hor dago, horrek bai min egiten duela. Heterosexualek beren bizi filosofia inposatu nahi diote munduari. Marikoia eta halako gauzak esatea ez da eraso homofoboa, eraso heterosexista baizik. Azkenean, heterosexual horiek bikotekide bat ez edukitzeagatik edo haien bizimodua ez edukitzeagatik ja erasoan daude, bete-betean.
Homofobiaren kontra hezi egin behar da, prestatu: gizartean, lanean, koadrilan, ezagunekin... Garai batean arrazakeria normala zen eta orain gaizki ikusita dago. Ba, orain ere berdin egin beharko litzateke. Homofobia oraindik hor dago.
- Philippe (Miarritze, lapurdi, 46 urte) # «70 urteko gizon bat kolpatu zuten»
Niri neuri ez didate eraso, baina erasoak egon badaude. Duela astebete, homosexualak elkartzen diren hondartzan gizon bati eraso zioten. Bidera irten zitzaizkion eta jo egin zuten. Haren autoa ere jo zuten.
Lehengoan, Landetan, 70 urteko gizon bati eraso zion auzoko batek. Homofobiagatik egindako erasoa izan zen, beste gizon batekin ikusi zuela eta. Dirudienez, hori ez zitzaion gustatzen, eta gizonari kolpeak jo zizkion. Oraindik ospitalean dago, zauriak sendatzen.
Beste homofobia kasu batzuk ere badaude. Emakume lesbiana bat ezagutzen dut eta haren gizona ahaleginak egiten ari da neska hori eta umea banatzeko. Oso egoera larria bizitzen ari da. Senarrak ez du nahi ama eta umea elkarrekin egoterik, eta horren kontra ari da gogor egiten.
- Aurora (Donostia, 27 urte) # «Ezin duzu zure nortasuna garatu»
Gertatu egin zait neska-lagunarekin eskutik helduta joan eta harritxoren bat botatzea. Bilbon ere nire esperientzia izan dut: tipo batek garrasi egin zigun beste espaloitik.
Niretzat, oso garrantzitsua da nire esperientzia. Hamasei urte nituela, herrian, oso gogorra zen lesbiana izatea. Ez da ezer zuzenean esaten, baina presioa oso gogorra izaten da, nabarmena. Gainera, jendea etortzen zaizu eta: «zu lesbiana zara?». Eta oso gaizki sentitzen zara. Presioa oso gogorra izaten da eta isilean eramaten duzu, zure nortasuna ezin duzu garatu.
Nik eraso fisikorik ez dut jasan lesbiana izateagatik, baina bada beste biolentzia mota bat, errepresio gogorra, eta hori bizi izan dut.
Gaur egun hiri handietan hobeto zaude, baina zenbait esparrutan eta zenbait tokitan konturatzen zaren bikotekidearekin ezin zarela normal portatu, ez direlako leku aproposak. Jendeak nola begiratzen dizun konturatzen zara, eta kontuz ibili behar duzu. Hori sumatu egiten dugu eta hori egunero jasaten dugun biolentzia da.
Gauzak aldatzen ari dira pixkanaka legeekin, baina uste dut oraindik bide luzea geratzen dela egiteko. Orain 30 urte ni bezalako neskentzat arazo gehiago zeuden. Geroztik borroka asko egin da, eta aurrerapauso asko eman dira, baina oraindik...
Gero gizartearen joera dago. Batzuek tolerantzia eta halako prepotentzia batekin begiratzen dizute, ez berdintasunean, «zure gaixotasun hori onartzen dugu» esanez bezala.
Zenbait jendek halako portaera du, «guk heterosexualok onartu egiten zaitugu». Zenbait jende da, bada beste jende bat hori egiten ez duena, baina nik sentsazio hori daukat. Batzuek esaten dute: «Zu zergatik zara lesbiana? Traumaren bat daukazu, aita edo amagatik?». Eta zu zergatik zara heterosexuala? Traumaren bat duzu? Azken batean, patriarkatua da araua, eta horren barruan harreman heterosexualak. Baina pertsonak sexualak gara, ez heterosexualak edo homosexualak. Eta guk askotan uko egiten diogu arauari, ez diogu segitzen. Intsumisioa egiten diogu derrigorrezko heterosexismoari.
- Marco (Iruñea, 40 urte) # «Bitxia da hau gazteen artean gertatzea»
Niri duela urte batzuk eraso zidaten. Hedabideetan atera zen erasoa, epaiketa egon zen... Iruñean izan zen, Taconera parkean. Hori anbiente eskualdea da gauez. Egun batean lagun batekin bertatik pasatzen ari nintzela konturatu ginen batzuk oihuka eta irainka ari zitzaizkiola hor bilduta zegoen jendeari. Jende gaztea zen erasotzailea, 18 bat urteko gazteak.
Noski, gu haien alde irten ginen eta jo egin gintuzten. Moto kaskoarekin aurpegian jo ninduten. Erasoa salatu genuen, Nafarroako Legebiltzarrean ere agerraldia egin genuen gertatutakoa azaltzeko. Azkenean, erasotzaileak salatu genituen eta epaiketa egon zen, baina falta epaiketa batean geratu zen dena. Azkenean kaudimengabeak ziren, dirurik ez.
Nik eraso horien salaketa publikoari ematen diot garrantzia. Geroztik ez dut uste homofobiaren kontrako borrokan asko aurreratu denik. Erasoek etengabe segitu dute. Duela gutxi kondena bat egon zen eraso batengatik. Indarkeria motak aldatzen ari dira. Lehen, 80ko urteetan, makarrak ziren, eta orain beste erasotzaile eredu bat izango da, baina zer garapena egon den ikusita... Guk aurrerapauso bat ematen dugun bakoitzean horrek kontrako erreakzioak eragiten ditu. Bitxia da, gainera, hori jende gaztearen artean gertatzea. Joera puritano eta homofoboa erroturik dago zenbait sektoretan.
- Amaia (Urnieta, Gipuzkoa, 32 urte) # «Erasotzat jotzen dute bi neska eskutik helduta joatea»
Fisikoki ez dut halako erasorik jasan, eskerrak, baina edozein egunetan gerta daiteke. Eraso mota hori mutur batera iristea da, azken batean. Min gehiago ematen du. Telebistan eta egunkarietan norbait jo dutenean ateratzen da notizia, baina gero, egunero-egunero, beti izaten ditugu esperientziak, irainak, begiradak. Batzuetan bikotekidearekin zaude eta eskuak askatu behar dituzu, badaezpada ere.
Ni gaztea naiz eta ez dakit, lehengokoen aldean nik uste dut hobetu egin dela egoera, baina oinarria berdina da. Lehen baino hobeto gaudela uste dut, hori argi dago, baina oraindik asko falta da egiteko. Jendea desberdintasunen aurrean izutu egiten da. Bueno, denok izutzen gara; ezezagunak beldurra ematen digu. Asko, gainera, erasanak sentitzen dira, erasoen biktimak, bi neska edo bi mutil eskutik helduta edo musu bat ematen ikustean. Orduan, erasotzat jotzen dute hori.
Niri ere halako gauzak esan dizkidate: «Aizu, zera entzun dut, zu ez zara lesbiana izango?». Morboa ere hor dago. Baina azkenean paso egiten saiatzen zara eta pixkanaka-pixkanaka ohitu egiten zara. Bueno, ohitu ez, paso egiten ikasten duzu.
- «Gazteak irekiagoak direla pentsatzea okerra da; homofoboenak gaztetxoak dira»
- Alberto Lopez Sexu Heziketako monitorea
- Homofobiaren aurka heziketaren eta familiaren bidez lan egin behar dela adierazi du Lopezek; eraso heterosexistak gogor zigortzea ere proposatu du.
- Berria, 2006-08-03 # J.M.P., Donostia
Azken aldian eraso homofoboen berri eman dute hedabideek. Badirudi ugaldu egin direla. Zergatik?
Ez dut uste eraso homofoboak ugaldu direnik, komunikabideetara kasu gehiago heltzen direla baizik. Trantsizio garai batean gaude, legeak pauso galanta eman du homosexualitatearen arloan eta berau denongan jakingai berri bat suertatu da. Beraz, halako erasoek isla askoz ere handiagoa dauka gaur egungo gizartean.
Beti gertatu dira eraso homofoboak, baina lehen ez zion inori axola eta gaur bai. Emakumeen kontrako indarkeriarekin ere horixe gertatzen ari da. Gure aitona-amonen garaian, indarkeria hori sukaldean gelditzen zen, bazirudien ez zegoela erasorik. Gaur egun, ostera, plazaratu egiten dira.
Adituek esaten dutenez, homosexualak gero eta agerikoagoak dira jendaurrean, eta kontrako erreakzio horiek ere gero eta gehiago izango dira, sektore bat ez dagoelako oraindik begien aurrean hori ikusteko prestatuta...
Egia da, bai, homosexualitatea nahiz beste edozein desira daukaten pertsonek naturalago jarduten dute nonahi, libreago... Baina horrek batzuen homofobia erradikalena berpizten du.
Erasoaldi horiek askotan antolatuta daude, gehienbat mutil gaztez osatutako talde txikiak dira, eta pertsona ahulei jipoiak ema-tea dute helburu. Gogorrena hauxe da: euren homosexualitateagatik jipoituak izan direnek askotan ezer ez esatea, edo esaten badute, beste arrazoi batengatik izan dela aldarrikatzea. Norberaren familia ere izan daiteke oraindik begien aurrean homosexualitatea ikusteko prestatuta ez dagoena, eta egoera hori da etsigarriena.
Lehengoan Espainian egindako inkesta batean hiru gaztetik batek onartzen zuen ondo ikusten zuela gay eta lesbianak mespretxuz tratatzea edo iraintzea. Nola azaltzen da gazteen arteko joera hori? Euskal Herrian ere antzera gaude?
Euskal Herrian ere berdin gertatzen da. Gehienek, gainera, homosexualitatearen inguruko arlo hauetan gazteak irekiagoak direla pentsatzen dute, baina oker dabiltza. Gure esperientzien eremuan ikusitakoak ikusita, homofoboenak gaztetxoak direla esan dezakegu, dudarik gabe. Horren zergatia? Bada, egia esateko, hausnarketa soziologiko sakona egin beharko genuke, baina gaztetxoen erreferenteak gaur egun ere gizonkeriaz kutsatuta daude eta hori arrazoietariko bat da, seguru.
Erresuma Batuan haurreskolatik bikote guztien arteko harremanen berri ematea gomendatu dio guraso elkarte batek Hezkuntza Ministerioari, umeek 0-3 urteetatik errealitate hori ezagutzeko. Hezkuntza da modu bakarra homofobiari aurre egiteko?
Ez da modu bakarra, ez, baina ideia bikaina da hasteko. Homosexualitatearen errealitatearen erreferenteak behar ditugu, beraiekin hezi behar gara. Homosexualitatea egunero eta nonahi ez badugu ikusten, ez dugu gugan barneratuko eta normal gizarteratuko.
Hezkuntzako bidea erabiltzea bultzatu behar da, baina hori ez da nahikoa izango. Sexu heziketa familiaren barruan eman behar da batez ere, eta ez dago inondik inora ere gauza hauetaz berba egiteko edaderik; ezin dugu itxaron gure seme-alabek 14 urte izan arte gaiari buruz mintzatzeko. Homosexualitateari buruz ere normal hitz egin behar da, denok eduki dezakegun sexualitatearen zati bat delako. Nork bere ingurukoen sexu desirak konpartitu ez arren besteontzat aukera baliozkoa izan daitekeela ulertu, onartu eta errespetatzen ez dugun heinean, eraso homofoboek jarraitu egingo dute. Aniztasun aberats hauek hezkuntzatik ere ezagutaraztea ezinbestekoa da eguneroko kontua bilakatzeko.
Monitorea zaren neurrian, zure esperientziak zer irakatsi dizu? Zein da irtenbidea?
Ba, pertsona larregirentzat, homosexualitatearen inguruan pentsamolde hau nahiko finkatuta dagoela: «Ez dena ikusten ez da existitzen, eta gutxi ikusten bada, zer edo zergatik izango da».
Askotariko errealitateak plazaratzeaz gain, horiek naturaltasun osoz bizitzea da bidea eta intenbidea. Batzuentzat oso gogorra izan daiteke, baina ezinbestekoa da gizartea eraldatzeko. Kontuan hartu behar dugu oso anitzak garela, baina desberdintasun edo berezitasun hauek pertsonen artekoak direla soilik, ez emakume eta gizon artekoak edo lesbiana eta gay artekoak. Hori benetan sinesten ez dugun bitartean egoera sexistak eta homofoboak ez ditugu gugandik baztertuko.
Bide penala ere proposatzen dute batzuek, homofobia arrazakeria mota bat delako. Homofobia zigortu egin behar da legez? Nola?
Bide penalak asko prebenitu ez arren, erasotzaileak gogorki zigortzea zilegizkoa da. Nahiko merke irteten dira eraso sexista guztiak, emakume asko bere gizonezko bikotekidearen eskuetan hiltzen dira, sexu bereko bikoteak nonahi jipoitzen dituzte... Hori nahikoa ez izanik, lotsaren lotsaz biktima askok isilean daramate euren tragedia. Azkeneko honetan Justizia Administrazioa da erruduna. Zertarako salatu ezertarako balio ez badu? Sexu eraso guztiak, homofobia barne, bide penaletik zigortu behar dira, ezin daitezke falta administratibo xume bat izan.
Gizarteak berdin ikusten ditu gay eta lesbianak? Edo diferentziak daude biak tratatzeko edo iraintzeko garaian? Zergatik?
Ez dira berdin ikusten, ez. Emakumeek betiere alderik txarrena hartzen dute, diskriminazio bikoitza dute neskek: lehenik emakumeak direlako, gizarte patriarkal eta heterosexista honek gizonentzako osagai gisa antzematen ditu. Hori dela eta, neskak zakil bategaz bakarrik izan daitezke pozez beteak; beste edozer, lesbianismoa batez ere, gizonak «tente» jartzeko joko bat baino ez da.
Bigarrenik, neskengan askoz ere zailagoa da maitasun bikote bat onartzea, eskutik oratuta doazen neska bi lagun minak bakarrik izan daitezke. Bi mutiko berdin badoaz, ostera, ezin dira lagunak izan... Gure gizarteak, desira edo praktika homosexualak ageriago eta nabarmenago identifikatzen ditu mutilengan.Txiki-txikitatik rol femenino eta maskulinoetan hezten gaituzte: mutikoak gogorrak eta oldarkorrak izan behar gara, sentimendu bakoak eta gizartean aktiboak; neskatoak kontrakoa, ahulak edo indargabeak, gizartean pasiboak, gizonezkoen pentzuan egoteko. Arrazoi horiek guztiak kontuan izanik, edozein emakumeren helmuga gizonezko baten menpe egotea da, beste ezerk ez baitu zentzurik.