Showing posts with label Zinemaldia. Show all posts
Showing posts with label Zinemaldia. Show all posts

2008/02/08

> Berria: Zinemaldia > LES-GAY-TRANS ZINE PROIEKZIOAK ANTOLATU DITU BIGARRENGOZ EHGAMEK

  • Les-Gay-Trans zine proiekzioak antolatu ditu bigarrengoz EHGAMek
  • Gizartea Gaur eta etzi izango dira emanaldiak kulturgunean, 19:30ean hasita; denera, hamar film ikus ahalko dira
  • Oarsoaldeko Hitza, 2008-02-08 # Iban Iza

EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak 2. Les-Gay-Trans Zinemaldia antolatu du Errenteria-Oreretan eta Donostian, gaur hasi eta igandea bitarte. Hain zuzen, zinemaldi hau Errenteria-Oreretan hasi eta bukatuko da, Errenteria Hiria Kulturgunean, emanaldi banarekin. Bihar, aldiz, Donostian izango dira proiekzioak.


Bigarren urtez antolatu ditu zine emanaldi hauek EHGAMek, Bilbon egiten den Zinegoak-en jarraipen gisa. Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinemaldia da Zinegoak, eta jaialdiaren bosgarren aldia orain gutxi izan zen, urtarrilaren 21etik 27ra. Hala, Zinegoak-en baitan proiektatu zituzten lanetako batzuk ikus ahal izango dira orain herrian eta Donostian.


Adibidez, gaurko emanaldian proiektatuko dituzten lan guztiak film laburrak dira. Denera, zortzi film labur. Etzi, aldiz, bi film emango dituzte kulturgunean, dokumentalak biak.


Sarrerak, gaurtik
EHGAMeko kideek OARSOALDEKO HITZAri jakinarazi diotenez, emanaldi bakoitzerako sarrerak lau euro balio du. Gaur bertan erosi ahalko dira sarrerak, kulturgunean: 10:00etatik 13:00etara goizean, eta 17:30etik aurrera arratsaldean.


Helburua

EHGAMeko kideak gustura gelditu ziren iaz, ekimenaren lehen aldiarekin. Aurtengo proiekzioetan ere ikusle dezente biltzea espero dute. «Jende guztiarentzako proiekzioak dira; baina, noski, homofoboentzako ez dira zabalik egongo ateak», adierazi dute EHGAMetik.


«Zinemaldiaren helburua da azaltzea gaur eguneko familia ereduak eta gay, lesbiana, bisexual eta transexualon errealitateari buruzko ikuspegi anitzak », erantsi dute.


Estreinaldiak Euskal Herrian
EHGAMeko kideek, halaber, proiekzioetan ikus ahal izango diren lanen «balioa» azpimarratu dute. «Film guztiek gay-les-trans edukiak lantzen dituztenez, era honetako filmak ikusteko aukera ona da; zoritxarrez, zinema komertzialetan ez dituztelako proiektatzen».


Hala, Zinegoak-en ondotik, film hauetako batzuren estreinaldia izango da Euskal Herrian. Halaber, bi euskal zuzendariren lanak ikus ahal izango dira gaur.

  • Proiekzioak
  • Gaur, ostirala 8
  • 'Present perfect'. Zuzendaria: Mikel Rueda (Euskal Herria). Sinopsia: Present perfect-a, orainaldia iraganaren ondorioa bezala deskribatzen duen aditz forma da.
  • 'La carta del amigo'. Zuzendaria: Jose Julian Bakedano (Euskal Herria). Sinopsia: Preso batek lagun baten gutuna jasoko du. Haien harremanaren gaineko balantzea egiten du bertan. Presoak uko egingo dio gutunari, eta entzun nahi izango lukeena ipintzen duen beste bat imaginatzen du.
  • 'Yogurinha borova abduced by Mika'. Laburmetraia.
  • 'Kali ma'. Zuzendaria: Somar Chainani (India). Sinopsia: Institutuko klaseko mutil eder batek indiar jatorriko gay gazte bat jipoitzen du. Erasoa jaso duen gaztearen amak mendekua hartuko du King Kong edo Godzilla moduan.
  • 'Happenstance'. Zuzendaria: Joyce Draganosky. Sinopsia: adin ertaineko bikote batek bere semea eta honen neska-lagunaren bisita espero du. Amak, neska ikusitakoan modu arraro batean erreakzionatuko du.
  • 'What hot guy. ¿Qué tio bueno?'. Zuzendaria: Mary Thompson (India). Sinopsia: hainbeste edatea ez da batere ona, batez ere esnatzerakoan gogora etortzen ez diren gauzak gerta daitezkeelako.
  • 'We belong. Pertenecemos'. Zuzendaria: Dean Hamer. Sinopsia: bere ikastetxean dagoen intolerantzia eta fanatismoaren aurka egiten duen landa giroko nerabe ausarta baten istorioa kontatzen du filmak.
  • 'Smalltown boy. Chico de pueblo'. Zuzendaria: Moby Longinotto (Erresuma Batua). Sinopsia: David 15 urteko mutiko homosexuala da, eta ez da inoiz gustura sentitu bizi den herrian. Bertakoek ez dute onartzen.
  • Etzidamu, igandea 10
  • 'La moma'. Zuzendaria: Samuel Sebastian (Espainia). Sinopsia: Castelló hiriko transexual lesbiana baten istorioa kontatzen du.
  • 'Fora da lei'. Zuzendaria: Leonor Areal (Portugal). Sinopsia: Teresa eta Lena Portugalgo bi emakume lesbiana dira. 2005ean ezkontzen saiatu ziren, haien herriko legeei aurka eginez.

2007/06/04

> Berria: Ekitaldiak > "BESTE AMODIOAK... BESTE GARAIAK..." TRASEXUALITATEARI BURUZKO DOKUMENTALA GAUR

  • ‘Beste amodioak...beste garaiak’ transexualitateari buruzko dokumentala gaur
  • Aniztasun sexualari buruzko ekimen honetan Aimar Elosegi Ansari omenaldia egingo zaio. Arratsaldeko 19:30etan, Sandiusterrin
  • Kronika, 2007-06-04

Aniztasuna sexuala eta transexualitatearen gaiaren inguruan Beste amodioak... beste garaiak ekimena jarri dute martxan Garaipen, emakume inmigranteen elkarteak, eta MEDEAK eta EHGAM elkarteek. Ekainaren 28an, lesbiana, gay, transexual, eta bisexualen askapenerako nazioarteko eguna da , eta egun hori aitzaki hartuta zenbait ekimen antolatu dituzte, gai horren inguruan, askatasun sexualaren inguruan, gogoeta egiteko. Lehendabiziko ekimena gaur izango da Hernanin, bertan El Camino de Moises dokumentala proiektatuko dute. Horrez gain, Moisesekin mahaingurua egingo dute, dokumentalaren protagonistan denarekin eta Grup de Transsexuals Masculins de Barcelona-ko kidea ere badenarekin. Ekimena hau antolatzen aritu dira baita ere Berdintasun Saila eta Herne neska taldea. Adierazi dutenez, gaurko proiekzioan Aimar Elosegi Ansa izango dute gogoan. Dokumentalean Moisesen istorioa kontatzen da, bere identitatea nola berreraiki zuen eta bere gorputzaren eta sexualitatearen mugak nola desegin zituen.

2007/02/06

> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN · EHGAM > "HETEROSEXUALENGANA IRISTEA DA HELBURUA"

  • Mikel Martin · EHGAM-eko kidea
  • «Heterosexualengana iristea da helburua»
  • Bilbon egin den 'Zinegoak' zikloko filma batzuk eman dituzte asteburuan herrian
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-02-06 # I. Berrio


Asteburuan Les-Gay-Trans gaiak lantzen dituzten ikus-entzunezkoen emanaldiak antolatu ditu EHGAM-ek. Taldeko kide Mikel Martin (Donostia, 1954) pozik agertu da herritarren artean izan duen harreragatik. Datorren urtean berriz ere filmak emango dituzte.


Ostiralean eta larunbatean filmak eman zenituzten Kulturgunean. Zein izan da erantzuna?
Oso ona, bi egunetan 250 ikusle inguru izan ditugu.


Eta zuek pozik al zaudete?
Bai. Azken film laburra eman eta han bertan balorazioa egin genuen. Jendea gogoz geratu zela ikusi genuen. Ikusleei motz egin zitzaien eta gehiago nahi zuten. Hori oso seinale ona dela uste dugu. Horregatik, gure aldetik helburuak bete ditugula uste dugu.


Zeintzuk ziren helburu horiek?
Batetik, Zinegoak bera herrira ekartzea. Azken lau urteetan egon gara horretarako borrokan, eta azkenean lortu dugu. Zinegoak Bilbon egiten da, eta garrantzitsua da filmak herri batera ekartzea.


Zein zen beste helburua?
Zine desberdina ikusi dugu. Esaterako, lesbianek egindako film laburrak. Lesbianek zein bizimodu duten ikusi ahal izan dugu. Euskal Herrian egindako zinema ere ikusi dugu. Azken batean, jendeari gure berri eman nahi genion, eta lortu dugu.


Eta ba al dago hobetzeko zerbait?
Bai, jakina. Luis Antonio Villenak esaten duen moduan, Les-Gay-Trans mugimendua bizi dugunotik haratago zabaldu behar da zinema hori. Heterosexualengana iristea da helburua. Alegia, jende gehiago ekarri behar dugu zinema aretora.


Hortaz, jarraitzeko asmoa duzue.
Bai. Datorren urtean ere Zinegoak-en zati bat hona ekartzen saiatuko gara. Udala, aurten adina edo gehiago inplikatzen saiatuko gara horretarako.

2007/01/21

> Laburrak: Zinemaldiak > ORERETA: EHGAMEK BI ZINE EMANALDI ESKAINIKO DITU KULTURGUNEAN

  • EHGAMek bi zine emanaldi eskainiko ditu kulturgunean
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-01-21 # Iñaki Berrio

Herriko EHGAMek film labur eta dokumentalez osatutako bi emanaldi prestatu ditu otsailaren 2rako eta 3rako. Emanaldiak Errenteria Hiria Kulturgunean izango dira eta sarrerek 3 euro balioko dute. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira. EHGAMek berak Bilbon antolatu duen Zinegoak izeneko II. Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinemaldiko lan batzuk erakutsiko dituzte herrian.

2006/11/30

> laburrak: Ekitaldiak > GAUR ETA ETZI FILM SORTA ESKAINIKO DU EHGAMEK ERRENTERIAN

  • Gaur eta etzi film sorta eskainiko du EHGAMek
  • Emanaldiak hiesaren inguruko informazioa zabaltzeko asmoz egingo dituzte
  • Oarsoaldeko HITZA, 2006-11-30 # I. Berrio
EHGAMek Harri Beltzaren laguntzarekin Zinema eta Hiesa zikloa antolatu du. Dokumental bat eta bi filma emango dituzte Errenteria Hiria Kulturgunean. Lehen proiekzioa, gaur goizean egingo dute herriko ikasleentzat. Cambiando el paso dokumentala eskainiko dute. Fabiola Moreno egilea bertan egongo da. Moreno Basurtoko ospitalean gizarte langilea da eta han hiesarekin izandako esperientziak bildu ditu dokumentalean. Etzi, bestetik, bi filma emango dituzte leku berean.

EHGAMeko kide Mikel Martinek hiesaren inguruko informazioa ikus-entzunezkoen bidez erakutsi nahi izan dutela nabarmendu du.