- Victor Santamaria · Berdindu zerbitzuko arduraduna
- «Oraindik ere 'marikoi' da eskoletan gehien erabiltzen duten iraina»
- Gay, lesbiana, bisexual eta transexualei laguntzen jardun du Berdindu zerbitzuak bost urtez; gizarte, hezkuntza eta lan eremuetan diskriminazio handia dago oraindik.
- Berria, 2007-11-08 # Maite Asensio · Bizkaia
Bost urte bete ditu Berdinduk, Lesbiana, Gay, Bisexual et a Transexualen Arretarako Euskal Zerbitzuak. 2002ko azarotik ia 4.000 lagun joan zaizkie informazio, laguntza edo aholku eske. Izan ere, talde horien eskubideak legez aitortu diren arren, homofobiaren aurkako lan handia egiteko dagoela uste du Victor Santamaria Berdinduren arduradunak.
Zein balantze egiten duzu bost urte hauetan egindago lanaz?
Oso ona. Urte hauetan, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen kolektiboentzat oso onuragarriak izan dira hiru mugarri: 2003ko EAEko Izatezko Bikoteen Legea, 2005ean Espainian sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatu izana eta, azkenik, Espainian pertsonen sexuari buruzko erregistro-aipamenaren aldaketa onartu izana, aurten. Transexualentzat,aurrerapauso handia da genital ebakuntza egin gabe agirietan izena eta sexua aldatu ahal izatea. Hurrengo erronka da sexua aldatzeko ebakuntzak gizarte segurantzaren bidez egin ahal izatea.
Bost urteotan kontsulta kopurua murriztu egin da. Seinale ona al da?
Bai, oso seinale ona da. Kontsulta gehien aipatutako hiru gertakizunen garaian egin dira. Baina gay, lesbiana, bisexual eta transexualen legezko egoera hobetu egin den arren, oraindik lan handia dugu Berdindun, berdintasun legal hori berdintasun erreal bihurtzeko.
Gay, lesbiana, bisexual eta transexualekin lan egiten duzue. Zein dira talde bakoitzaren beharrizanak eta eskakizunak?
Gay, lesbiana eta bisexualen zalantza gehienak haurrak izateari buruzkoak izan dira batez ere: nola aurre egin ingurukoen presioari, nola esan gurasoei, nola adoptatu, ernalkuntza artifiziala nola egin emakumeen kasuan... Bisexualen auzia da konplexuena; guztia sailkatzen saiatzen garen honetan, bisexualen mundua sailkatzea oso zaila da. Transexualei dagokienez, laguntza psikologiko eta emozionala ematen diegu, eta agirietako sexu erregistroa aldatzeko laguntza juridikoa ere bai.
Transexualen taldea al da diskriminazio handiena jasaten duena, edo gizartearen aldetik ulermen gutxiena duena?
Bai, oso baztertuta daude, aurreiritzi asko dagoelako. Transexualitateak arazo fisikoa dakar, berez, osasun arazoa delako, eta hori onartzea oso zaila zaie eurei, gurasoei eta ingurukoei. Transformazio prozesua ere oso gogorra da, sufrimendu handia dakarkie. Prozesua ez da nahi duten bezain azkarra, eta erdibidean daudenean oso gaizki sentitzen dira. Baina amaierara arte heldu nahi dute, eurentzat sexu aldaketa askatasuna delako; bestela, eurei ez dagokien gorputz batean bizi behar dute.
Azken urteotan eztabaida publiko esanguratsua egon da, batez ere gay eta lesbianen joera sexuala eta eskubideak onartze aldera. Horiek desberdintzat hartzeko joera gainditu al da?
Oraindik ez. Ez da inoiz pertsona bat heterosexuala dela nabarmentzen, baina gay eta lesbianen berezitasuna euren joera sexuala da oraindik. Gainera, publiko egin diren kasuetan gizon asko dago, baina lesbianak itzalpean daude oraindik ere. Oso adierazgarria da: emakumeak baztertuta daude, emakume eta lesbiana izateagatik. Euren arazoa da oharkabean pasatzen direla, bi neska eskutik helduta ikustera ohituta gaudelako; ondorioz, lesbianak ikusezin bihurtzen dira. Transexualekin ere gertatzen da. Emakume batek gizon izan nahi duenean ez dago hain gaizki ikusita, gizonezkoa izatea emakumezkoa izatea baino hobea delako gizartean. Hori ez da transfobia, matxismoa baizik.
Emakumeez gain, diskriminazioa jasateko arriskuan dauden beste talde asko dago: nerabeak, landa guneetan bizi direnak, adinekoak... Zein da euren egoera?
Herrietan aniztasuna bizitzea zailagoa izan ohi da; hori dela eta, landa guneetan bizi diren gay, lesbiana, bisexual eta transexual askok hirietara emigratu behar izaten dute. Bertan askeago bizi daitezke, bizitza anonimoagoa da. Bestalde, adineko pertsonen egoera oso gogorra eta mingarria da. Diktadura garaian zehar errepresio itzela jasan zuten, eta haren ostean ere ez zitzaizkien euren eskubideak aitortu; askok eraso fisikoak jasan dituzte, salatzeko aukerarik gabe. Bizitza osoa erreprimituta eman dute, batzuek bizimodu heterosexuala ere egin dute, eta askok diote euren garaia iragan dela. Azkenik, nerabeek traba asko dituzte. Hona etorri nahi badute, esaterako, heldu batekin etorri behar dute. Hori arazo bat da, hain zuzen ere, euren joera sexuala etxean azaltzeko laguntza eskatzen digutelako askok.
Gay, lesbiana, bisexual edo transexual nerabeen %50ak familiaren arbuioa pairatzen du. Zer dela eta dute gurasoek jarrera hori?
Jarrera horrek egoera orokorra islatzen du. Eztabaida handia egon da, legeak egin dira... baina homosexualitatea edo transexualitatea besteengan baino ez dugu ondo ikusten. Guraso askok onartuta diot hori. Gainera, eskoletan jazarpen kasu asko dago horren ondorioz. Gai horren gainean egindako azterketen arabera, oraindik ere 'marikoi' da gaur egun eskoletan gehien erabiltzen duten iraina.
Lan eremuko diskriminazioa oharkabean pasatzen da oso leuna delako, baina esanguratsua da oraindik ere, ezta?
Bai. Gaur egun ezin dute pertsona bat kaleratu homosexuala edo transexuala izateagatik, debekatuta dagoelako. Baina, hain zuzen ere, hori da kaleratze askoren arrazoia. Gainera, enpresa pribatuek egiten diztuzten lan elkarrizketak oso pertsonalak izan daitezke, eta oso kontuan hartzen dute bizitza pribatuaz adierazten dena. Bestalde, ezkondu diren gay eta lesbiana askok ezin izan dituzte eztei bidaia egiteko egunak hartu, ez direlako lantokian ezkontzaren berri ematera ausartu. Helduek adingabeekin lan egiten duten arloetan ere oso argi ikusten da homofobia, pedofiliarekin lotzen dutelako. Izugarria da. Horregatik, taldeon zoritxarrerako, Berdinduk luzaroan jarraituko du, legeen alorrean ia dena lortu den arren, gizartean lan handia eta zaila egin behar delako.