- Sexuaren tentazioak
- Dulce Tentacion emakumeentzako denda erotikoa zabaldu dute Donostian
- Berria, 2007-11-08 # Ainara Arratibel · Donostia
Dulce Tentacion. Gozotegi baten izena dirudi, baina ez. Donostian ireki berri duten emakumeentzako denda erotikoaren izena da. Bakarrik zein bikotekidearekin era dibertigarri batean sexuaz eta erotikaz gozatzeko behar den oro topatuko dute han emakumeek: linjeria, kontsolagailuak, bibra-doreak, mahai jolasak... Nork egingo die muzin sexuaren tentazioei?
Errenterian (Gipuzkoa) duten dendaren arrakasta ikusita, Donostian bi denda zabaldu dituzte Dulce Tentacioneko jabeek: Parte Zaharreko Narrika kalean bata eta Groseko Miracruz kalean bestea. «Horren beharra zegoela iruditzen zitzaigun», dio Narrikako dendako saltzaile Edurne Montesek.
Garai batean denda erotikoak leku ilunak izaten ziren. Orain, ordea, kolorez eta argiz beteta daude. Apaletan dauden objektuek ematen diote neurri batean kolore hori.
Sartu eta eskuinera barruko arroparen atala dago: «Eskaintzarik zabalena arlo horretan dugu». Bodyak, kortseak, ohe atorrak, bularretakoak, kuleroak... Denetik aurki daiteke han. Zein baino zein erakargarriagoa, gainera.
Bibradoreak eta kontsolagailuak daude ondoan. «Oraindik ere lotsa apur bat ematen die emakumeei halakoak erostea». Erosten dutenek, ordea, ez dute kexatzeko arazorik izango. Izan ere, aukera gero eta handiagoa da. Sakelakora konektatzen den bibradorea da produktu berriena: «Emakumeak baginan sartu eta, piztuta edukiz gero, mezu edota dei bat jasotzen duen aldiro bibrazioa antzemango du». Urrutiko kontrol bidez funtzionatzen dutenak ere badira.
Kontsolagailuen kasuan, betiko moldeei eusten diote. Zakilaren edota behatzaren forma dute gehienek. Hori bai, neurri, kolore, erritmo eta estilo askotarikoak dituzte. Garai batean ez bezala, egun gehienak urarekin garbi daitezke: «Dena den, badago horiek garbitzeko produktu bat. Guk noizean behin hori erabiltzera aholkatzen dugu jendea».
Horiekin batera, bola txinatarrak dira gehien saltzen dituztenak. Plazererako ez ezik, bagina ingurua indartzeko ere erabiltzen dituzte bola horiek emakumeek: «Haurdunaldiaren ostean erabiltzeko oso aproposak dira, erditzearen ostean oso sentibera egoten baita inguru hori».
Baina, bakarka gozatzeko objektuak ez ezik, taldean zein bikotearekin sexuaz eta erotikaz gozatzekoak ere badituzte. Horien artean mahai jokoak dira ugarienak. Exxxcitacion (Kitzikapena), Pacto de Amor (Amodio Ituna), Pasion Play (Pasioaren jolasa) eta gisa horretako izenburuek argi eta garbi azaltzen dute zertarako diren joko horiek. Dena den, Montesek horri buruzko argibideak eman nahi izan ditu. «Sexu grina pizteko eta une dibertigarriak igarotzeko dira horiek guztiak».
Arrakasta handiena duten jokoetako bat Pasion play da: «Merkatuko joko erotiko osoena da». Bikotekidearekin pasiozko gaua igarotzeko osagai guztiak ditu: kontsolagailua, zaporea duten kondoiak, eskuburdinak, lubrifikatzailea, bola txinatarrak eta ezpainetako bat. Horiek baliatuta, jokoak proposatzen dituen proba dibertigarri eta bihurriak egin beharko ditu bikoteak: «Oso aproposa da egunerokotasuna alde batera utzi eta harremanari bizigarri bat eman nahi dioten bikoteentzat».
Jan daitezkeen olioak, zaporea duten lubrifikatzaileak, antisorgailuak eta mozorroak ere saltzen dituzte. Produktu erotikoen eskaintza, gainera, gero eta zabalagoa da: «Egunero merkaturatzen dira gauza berriak eta dibertigarriak. Oso zaila da denak ezagutzea. Askotan bezeroek eurek ematen digute horien berri».
Ezkondu aurreko agurrak ere antolatzen dituzte: «Arlo horretan agentzia bat bezala funtzionatzen dugu. Bezeroa etorri eta guk dena antolatzen diogu. Horretarako akordioak ditugu hainbat jatetxe, ostatu, landa etxe eta astialdi enpresarekin».
SAREKO MERKATUA. Gero eta gutxiago diren arren, oraindik badira halako dendetara sartzeko lotsatzen direnak. Haiengan ere pentsatu dute, eta, horretarako, www.dulcetentaciones.es webgunea sortu dute. Atari horretan sartuz gero, dendan eros daitezkeen produktuak kontsulta daitezke. Behin hori eginda, on-line denda atalean sartu eta erosteko aukera izango da: «Zerbitzu hori indartzeko asmoa dugu, gainera, etorkizunean». Helbide elektronikoa ere badute -partevieja@dulcetentacion.es-, kontsultak egin ahal izateko.
No comments:
Post a Comment