2006/10/31

> Berria: Ekitaldeak > GAY MUGIMENDUA EXISTITZEN DA GOIERRIN

  • «Gay mugimendua existitzen da Goierrin»
  • Eskualdeko Gay-Les taldeak asteburuan Txindokira irteera egin du, eta bazkaltzeko elkartu ziren ondoren
  • Goierriko HItza, 2006-10-31 # M. del Olmo

Orain dela urtebete inguru eskualdeko hainbat lagun bildu eta Goierriko Gay Les Taldea sortu zuten. EHGAM barruko gazteak ziren haietako gehienak: «Goierrin gay mugimendua esistitzen dela erakutsi nahi dugu, hemen gaudela», azaldu du Xabierrek, Beasaingo gazte batek. Asteburuan Txindokira mendi ibilaldia antolatu zuten eta bazkari batekin eman zioten bukaera goiz pasari. Babarrunjana egin zuten Goierriko jatetxe batean. Goizeko bederatzietan atera ziren Larraitzetik mendizaleak; ondorengo bazkaritarako hamabost lagun elkartu ziren, denak gizonezkoak. Xabierrek ez daki zergatik ez den emakumerik bildu: «Ez dut uste emakumeei euren homosexualitatea azaltzea gehiago kostatzen zaienik. Hala ere, esan beharra dago irteerara joan ginenak baino askoz gehiago garela gay-ak Goierrin. Nik uste oraindik jendeari kosta egiten zaiola armairutik ateratzea. Hemen, gainera, oso kontakatiluak gara. Hiriburuetan normaltasun gehiagorekin bizi dute homosexualitatea, baita gazte-gazteenen artean ere; hamazazpi urteko gazteak ikusten dituzu anbienteko lekuetan, adibidez. Nik uste hemen Goierriko gaztetxoak ere hiruburura joaten direla parranda egitera. Helduak ez, prozesu hori pasatu zutelako eta jada ez zaielako inporta besteek zer esaten duten».

Goierriko talde bezala baino gehiago norbanako bezala funtzionatzen dutela azaldu dute, bakoitzak bere ekimenez, EHGAM barruan ere badaude euretako batzuk. «Asteburuko irteerarekin hemen gaudela erakutsi nahi genuen eta lortu dugu. Komunikabideetan izan dugun isla da horren adibidea. Guretzat oso garrantzitsua da bisibilitatea, inportantzia handia ematen diogu», azaldu dute. Goierrira begira buruan badute beste ekintzaren bat antolatzea. Faxismoaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira daude. Bitartean, lanean jarraituko omen dute eskubide berdintasunaren alde.

2006/10/30

> Elkarrizketa: IRATI JIMENEZ > "IDAZTEA ARNASA HARTZEA BEZALOAKOA DA NIRETZAT"

  • Irati Jimenez · Idazlea
  • "Idaztea arnasa hartzea bezalakoa da niretzat"
  • El País, País Vasco arg., 2006-10-30 # Xabier G. Argüello, Bilbo
Bat, bi, Manchester da Irati Jimenez idazle bizkaitarrak (Bermeo, 1977) moldiztegitik atera duen lehen eleberria. Bi gizonen arteko ezinezko maitasuna eta idazle bihurtzeko prozesuaren zailtasunak deskribatzen dituen istorio honek Ondarroako Augustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi zuen maiatzean. Egun, Edorta Jimenezen alabak "pertsonak benetan nolakoak garen" islatuko duen fantasia giroko nobela luzea osatzeko lehen urratsak ematen hasia da.

Galdera. Kazetaria zara ogibidez. Eta idazlea, kasualitatez ala tradizioaren eraginez?
Erantzuna. Gehiago kazetari kasualitatez idazle kasualitatez baino. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, baina ez naiz bokazioko kazetaria. Idaztea, aldiz, txiki-txikitatik egin dudan zeozer da.


G. Luzeegia suertatu zaizu aitaren itzala?
E. Egia esan, ez dut sentitu horren pisua, eta seguraski berari esker. Alde honetatik, oso aita ona izan da: konfiantza handia eman dit, baina aldi berean espazioa utzi dit beti nahi dudana egiteko. Oso nobela txarrak egiten baditut, akaso esango diot bere errua izan dela...


G. Nobelan, idazteko asmotan dabilen pertsonaia baten zailtasunak deskribatu dituzu. Zure kasuan, zeintzuk izan ziren zailtasun horiek?
E. Nik ez neukan konfiantza handirik nobela bat idazteko gauza izan nintekeen. Abesti bat gogoratzen dugunean, akatsik gabe entzuten dugu gure buruan, baina ez da gauza bera gertatzen abesten saiatzen garenean. Antzeko zerbait gertatzen zait idazterakoan. Buruan paragrafo perfektua daukazu, eta ikusi eta entzun egiten duzu, baina idazten hasi eta ez da buruan darabilzuna. Konfiantza osoa dut buruan daukadan horretan, baina ez horrenbeste paperean agertzen denean. Neurri handi batean, protagonistari esker irabazi dut konfiantza hori.


G. Zure hitzetan, Bat, bi, Manchester "sormen posible eta amodio inposible baten istorioa" da. Nondik sortu zitzaizun konbinazio hau egiteko asmoa?
E. Lehenbizi, maitasun istorioa sortu zen. Ez dakit nola sortu zen idazle izan nahiarena. Banekien artista senen bat behar zuela, eta konturatu gabe hori indarra hartuz joan zen nobelan. Normalean, muin bat sortzen duzu, ondo pentsatutakoa, baina hariari tiraka egin ahala, pertsonaiek sorpresa handiak ematen dituzte.


G. Eta tartean, modan dagoen gai bat: homosexualitatea.
E. Hori izan da nire beldurrik handiena, ea kontatzeko gai izango ote nintzen friboloegia izan gabe. Azkenean eskubidea eman diot nire buruari, pentsatuz, beharbada ez naiz gai izango istorioa kontatzeko, ez naizelako hain idazle ona edo abila, baina ez emakume batek ezin duelako istorio hori kontatu. Aitzitik ere, emakumea naizen aldetik, hainbat gauza ditut komunean pertsonaia horrekin, ni ere gizonekin maitemindu izan naizelako. Seguraski, niretzat errazagoa da gizon homosexual bati buruz idaztea heterosexual bati buruz idaztea baino. Eta homosexualitatea modan egoteak esan nahi badu hori guztia normaltasunez hartuko dela, bada, ongi etorria izan dadila moda.


G. Zein egoeratan sentitzen duzu idazteko premia?
E. Egunero somatzen dut premia hori. Horrekin bizi naiz eta arnasa hartzea bezalakoa da niretzat. Egunero idazten dut, eta gainera garrantzitsua iruditzen zait diziplina hori hartzea. Hitchcockekin lan egin zuen Ernest Lehman izeneko gidoilari batek honako gomendio hau eman zien idazle gazteei: "ez pentsatu inoiz egiten duzuena artea denik, lana baizik; eta artistak bazarete, lasai egon, egiten duzuen guztia artea izango baita".


G. Zein da zure helburua, salatzea ala kontatzea? Kontenplazioa ala inplikazioa?
E. Nire helburua da kontatzea, pertsonaiak epaitu gabe, eta pertsonaien gogoekin eta sufrimenduekin inplikatzea. Horixe da, nire ustez, idazleak izan behar duen konpromisoa.


G. Idazle bezala, zer asmo berri darabilzu gogoan?
E. Beti egin behar da egiten ez dakiguna, eta nik ez dakit nobela luzea idazten. Horixe da nire oraingo gogoa. Oraindik ez dauka gorputzik, ez dauka konta daitekeen argumenturik, baina bai soinua, eta pertsonaia jakin batzuk; eta imaginatzen dut, bola hori handitu ahala, momentu batean eztanda egin eta kontatzen hasiko naizela. Niri asko gustatzen zait nobela fantastikoa, zientzia fikziozkoa, eta bereziki nobela beltza. Oraingo pertsonaiek Manchesterren erakutsi behar dute benetan zer diren. Antzeko zerbait egin nahi nuke kontestu basatiago batean: pertsonak bene-benetan zer garen oso fundamentalak diren gauzak kentzen dizkigutenean.


G. Aitari emango diozu argitaratu aurretik begiratu bat eman diezaion, ezta?
E. Bat, bi, Manchester ez nion eman. Idazten duzuna zure barne-mundura irekitako lehio bat da, eta askotan, zailagoa egiten da zugandik hurbil dauden pertsonei leiho hori irekitzea.

2006/10/28

> Berria: Ekitaldiak > EDUSEX: BIDE SEGURTASUNA SEXU HEZITEKA BAINO GARRANTZITSUAGOA ESKOLAN

  • Bide segurtasuna sexu heziketa baino garrantzitsuagoa eskolan
  • Gaia sexologia eta hezkuntza profesionalekin lantzen ari dira Bilbon, Edusex jardunaldietan
  • Berria, 2006-10-28 # Iñigo Bilbao, Bilbo

Eskoletan garrantzia handiagoa ematen zaio gaur egun bide segurtasuna erakusteari sexu heziketari baino. «Egia da trafikoak eragiten dituen arazoak izugarriak direla; hala ere, onartezina deritzot autoei arreta handiagoa ipintzea pertsonei baino». Xabier Iturbe Lekeitioko eskola publikoko zuzendariaren berbak dira. Sexologoa eta Pedagogian doktorea, Iturbek sexu heziketa zertan den azaldu du Bilbon, gai honi buruz zenbait elkartek -EHGAM, Bizigay eta Queer Ekintza- antolatu duten Edusex izeneko jardunaldietan.

Iturbek Iñaki Karrera EHUko irakaslea izan du lagun agerraldian. Sexu hezkuntzaren egoera zein den aztertu ostean, aditu bi horiek etorkizunari begira proposamen bat ipini dute mahai gainean. «Sexua ikuspegi biologikora mugatu da, arlo genitalera, ernalketarako eginkizun bezala; eta afektuak bidean galdu dira».

Hego Euskal Herriko eskoletan, LOGSE Espainiako hezkuntza legearen eraginez, gaia zehar lerro landu izan bada ere, ez dela asmatu esan du Iturbek: «90. hamarkadan ikuspegi teorikoari larregizko garrantzia eman zitzaion, gaiak duen ikuspegi praktikoa baztertuz».

Beranduago egindako saioak aipatu ditu, EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Uhin Bare izeneko programa batez ere, horrekin ere ez dela asmatu nabarmenduz. Izan ere, programa hiesak eragindako beldurragatik sortu zutela esan du, ez sexu hezkuntzaren gaineko ardura zegoelako.


«Arazoa da Euskal Curriculuma egiteko aurkeztu berri zaizkigun proposamenetan ere, ez zaiola sexu heziketari behar besteko garrantzirik ematen. Kezka hori daukat, oinarrizko dokumentuan gai periferiko bezala agertzen zaigula gaia, ez erdigunean».

Aldaketa garaiak
Gizartea bera aldatuz joan den neurrian, hezkuntza arloa ere moldatuz joan dela aitortu dute, bai Iturbek, bai Karrerak: «Ikastea ez da orain ezagutzen metaketa hutsa; baloreei eta gaitasunei ematen zaie garrantzia».

Karrerak esan du garai bateko eskola eredua aldatu egin dela, orain ikas-komunitateak hartu duela protagonismoa, ikastetxeak baduelako lotura gizartearekin: «Herria bera ere hezitzaile da».

Sexualitateak bizikidetzarekin duen harremanaz hitz egin du Karrerak, lotura horrek lagundu beharko duelako sexuaren ikuspegi genital hutsa gainditzea: «Ezagutu eta ulertu egin behar dugu nondik gatozen, nola sortuak garen, eta zer nolako harremanak eta bizipenak ditugun».

Sexu heziketa hezkuntzan ardura duten eragile guztien erantzukizuna dela azpimarratu du Karrerak, gurasoena bezala, irakasleena, eskolako gainerako langileena eta baita herriarena berarena ere.

Irakaskuntzan nagusitu den ikuspegi teknikoa, unitate didaktikoetan oinarritu dena, gainditzeko premia aipatu du; baita ikuspegi konstruktibista ere, ikaslea ikaskuntza prozesuaren interesatu bakartzat hartzen duelako. «Ikaskuntza dialogikoa proposatzen dugu guk, ezagutza elkar ezagutzaren bidez, berdinen arteko elkar ekintzen bidez sortuko duena».

Gaia lantzeko metodologia ere proposatzen dute: ikasgelan gai bat aukeratu, horren inguruko behaketa bat egin; informazioa bildu, dagoen bibliografia eta literatura aztertuz; eta ondoren, berdinen arteko elkarrizketa bidez, egoera hobetzeko plangintza egitea. Hezkuntza eragileek praktikara eraman beharko dute plangintza hori, emaitzen gaineko gogoeta egiteko.

Gazteek arazoak dituzte preserbatiboak egoki erabiltzeko

Gazteek preserbatiboak zelan erabiltzen diren badakitela uste duten arren, halako gailu bat erabiltzeko zorian direnean akatsak egiten dituzte. Ondorio hori atera dute Edusex jardunaldien antolatzaileen aginduz, 12 eta 16 urteko gaztetxoen artean inkesta egin dutenek. Azterketa Gestiker etxeak egin du.

Preserbatiboa eta biharamuneko pilula ezagutu eta erabiltzen badakitela aitortu dute inkestari erantzun dioten gehienek: 16 urteko gazteen esanetan, ez daukate preserbatiboa erabiltzeko arazorik; eta 12 urtekoen artean berriz, erdiak esan du (%57,03) badakiela zer den eta zelan erabiltzen den. Adituek baina, bestelako ondorioak atera dituzte: preserbatiboaz daukaten informazio guztia ez da egiazkoa, eta egoki erabiltzeko zailtasunak dituzte gazteek.

2006/10/27

> Iritzia: Asier Sarasola > MOISES

  • Moises
  • Berria, 2006-10-27 # Asier Sarasola
Moisesek dio 21 urterekin jaio zela bere erabakiz, Anari ebaki ziotela zilborrestea. Ar edo emearen arteko ohiko genero banaketaren aurkako terrorista dela, berak hala aukeratuta gertatu den mutazio-modua dela, Moisesek dio.

Moises transexual maskulinoa da. Ana jarri zioten, baina bera Moises zela hazi zen. Orain, sexu-organoen aldaketarako ebakuntzaren atarian dago; zeintzuk ondorioak? Zeintzuk ordaindu beharrekoak? Zeintzuk egungo gorputza ukatu nahi izateko funtsezko arrazoiak? Ospitaleko atea hiru zalantza kolpez joa.

Moisesek dio nerabezaroko gorputz aldaketak beldurrak, gorrotoak eta frustrazioak eragiten zizkiola. Gurasoei esaten die egoerak beraiei sortzen dizkien zalantzen bikoitza dituela seme edo alabak. Norberaren gorputza maitatu ezean ezinezkoa dela inorekin maitemintzea dio Moisesek.

Moisesen ingurukoek Ana ikusten zuten beti, bera Ana zen denentzat. Ondorioz, bizitzan, nortasuna une oro frogatu beharreko trantzean izan da, gizartean zabaldutako gizonaren moldera egoki dadin. Zortzi urtetako hormona tratamendua bizarra eta biloen hazteko eta bularrak gara ez daitezen, edo ebakuntzaren aukera, horren adibide dira; presio sozial horren aztarna Moisesengan. Ezinbestekoa du, beraz, gorputzaren onarpena eta gizartean agerraraztea, biziko duen nolabaiteko prozesua, izatearekin burutuko zitekeelarik, idealki. Hala ere, prozesu honetan urrats asko dira egin beharrekoak; ingurukoek egin beharreko bide propioa bereziki. Legediaren arabera, ez da ezinbestekoa sexu aldaketarik egitea nortasuna onetsia izan dadin. Biztanleak berak baino aurrerakoiago dirudien legea nioke, aukeraren bermea egon dadin beharrezko irteera. Harreman mota berriak ari dira gizarteratzen, duintasunez eta errespetuz ongi etorriak izan daitezen eskatzera behartzen zaie, gaixotasun gabeak eta kalterik gabeak direla ziurtatzea.


Moisesek dio, 15000? ordaintzea zakila zutitzea ziurtatzen ez dion ebakuntzagatik, eta are, plazera lortzeko modua gal lezakeela ohartarazita, ez duela merezi. Ez diola jendartean gizonaren sinbolotzat hartzen dena bere gorputzari emango. Ez dela Pereira, baina Ana izanaz harro dagoela, La2ko Documentos TV saioan Moisesek dio.

2006/10/25

> Berria: Ekitaldiak > EDUSEX: SEXU HEZIKETAREN GAINEAN HAUSNARTZEKO

  • Sexua Hezteko
  • Edusex izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon, sexu heziketaren gainean hausnartzeko
  • Berria, Matraka gehigarria, 2006-10-25

Ikastetxeetan homosexualitatearen gaia herren dabilela. Horixe da 2004an Bilboko gay eta lesbianen hiru elkartek ateratako ondorioa. Edo, hobeto esanda, susmo horrek bultzatuta, ikerketa egitera animatu ziren. Beharrezko diru laguntza lortu eta gero, Gestikerrera jo zuten. Inkesta bat egin behar zuten Bilboko 18 ikastetxetan. Gaiari heldu, eta, ez dauden gauzen inguruan berba egin beharrean, errealitatea bertatik bertara aztertzea erabaki zuten.

Inkestarako galdetegia finkatzen ari zirenean, Biko Arloak sexologia zentroko Agurtzane Ormatzarengana jo zuten. Teknikaria behar zuten ikerketa proiektua egiteko. Behin galdetegia egin eta gero, ikastetxeetara joan ziren, eta sei urtetik 18 urtera arteko neska-mutilei egin zien galdeketa. Lan hori guztia egin ostean, pentsatu zuten interesgarria izango litzatekeela ikerketaren ondorioak jardunaldietan ezagutaraztea.

Urriaren 27an eta 28an izango dira jardunaldiok, Bilboko Euskalduna jauregian. Sexu heziketa jorratuko dute orokorrean, eta, bide batez, ikerketaren emaitzak azalduko dituzte. "Jardunaldien eta ikerketaren helburua da kalitateko sexu heziketara heltzea eta gazte guztiek izatea heziketa hori hartzeko aukera", esan digute Maider Altuna eta Igor Erauzkinek. Biko Arloak sexologia zentroko sexologoak dira biak, eta jardunaldietako alde zientifikoa lotzeko lanean ibili dira: zein gai jorratu, zein aditu gonbidatu parte hartzera...

Jardunaldietako mahai-inguru asko ikerketaren emaitzak eztabaidatzeko erabiliko badituzte ere, hori baino gehiago egongo da. "Ikerketa bultzatu zuten elkarteek homosexualitatearen inguruan lan egiten dutenez, landuko dugu desiren orientazioa, noski. Baina sexu heziketan non gauden ere aztertuko dugu, balioak, etorkizuna, sexu heziketaren historia... Azken batean, ikastetxeetan, ikasgai guztietan landu beharko litzateke sexu heziketa teorian, baina praktikan ez da egiten", esan digu Altunak.

Altunak eta Erauzkinek ere egingo dute ponentzia bat: Sexu heziketa eta aholkularitza. Lan proposamena. Orain arte egindako lanetik abiatuko dira sexu aholkularitzaren bidean, aurrerantzean eman beharreko pausoetara heltzeko. "Azken batean, gu orain ikastetxeetan egiten ari garen lana nonbaitetik dator. Proiektu baten eraikuntza egon da honetan ere. Guk gure programa azaleratuko dugu. Klasera sartzen garenean zer dagoen azaldu", dio Erauzkinek. Altunak gaineratu digu batez ere urduritasuna igartzen dutela ikasgeletara sartzen direnean.

Orain arte, sexu heziketari dagokionez, prebentziora mugatu dute dena: gaixotasunen prebentzioa, haurdunaldiaren prebentzioa... Horri buelta ematen saiatzen dira Altuna eta Erauzkin. "Guk garenetik abiatuta harremanak izaten irakatsi nahi dugu. Zer naiz ni Zelan egiten ditut harremanak besteekin Hori da landu behar duguna", Erauzkinen arabera. Homosexualitatea presente egongo da jardunaldietan, eta ikastetxeetan ere hala egoten da. Dena den, ez bakarrik homosexualitatea. "Sex hitza barruan daukan guztia urduritasunez hartzen da. Esan daitekeena, politikoki zuzena dena, denok dakigu, baina ezkutuan bakoitzaren hainbat jarrera daude. Eta jarrera horiek ez doaz askotan esaten denarekin bat", dio Erauzkinek.

Garrantzitsua da sexologoentzat bakoitza zer garen lantzea eskolan. "Eskolan neskak eta mutilak batera daude, eta berdintasunean hezi behar direlako ez da lantzen emakume izatea eta gizon izatea", dio Altunak. "Gizartean berdintasuna beharrezkoa da, eta gizartean berdinak izan behar gara, baina norbanako moduan ez", gaineratu du Erauzkinek. Ondorioz, sexologiaren ikuspuntua lantzeko beharra ikusten dute. Beraz, jardunaldiak neurri handi batean irakasleentzat, pedagogoentzat, teknikari politikoentzat... izango dira. Jokaerak ulertu egin behar direla aldarrikatzen dute. "Homosexualitatea eskubidea dela esaten da, aukera dela... baina guk uste dugu bakoitzak ulertu behar duela sexuaren, sentimenduen.. aniztasuna. Ulertu egin behar dugu gure ondokoari bere sexu berekoak gustatzen zaizkiola", esan digute.

ta sexuari buruz ulertu behar ditugun gauza asko eskolan ikastea hobe da. Ondo ikasitakoa ez baita inoiz ahazten. Badakite Biko Arloak zentroko lagun biek, ideala eskoletan sexu heziketa ikasgaia izatea izango litzatekeela. Baina hortik urrun gaude. Aholkularitza osagarria izango litzateke behin horraino helduta, ez baitira bide biak kontraesankorrak. Dena den, asteburu honetan Euskaldunara doazen lagunei sexuari buruz pentsarazten badiete, trankil geldituko dira Altuna eta Erauzkin. Eta, ziurrenez, beste antolatzaileak ere bai.

2006/10/24

> Berria: Trans > SEXU ALDAKETAK OSAKIDETZAK BERE GAIN HARTZEA AZTERTUKO DU EUSKO LEGEBILTZARRAK

  • Sexu aldaketak Osakidetzak bere gain hartzea aztertuko du Eusko Legebiltzarrak
  • Hirukoak, PSE-EEk eta EABk babestu dute legez besteko proposamena; PP abstenitu egin da
  • Berria, 2006-10-24 # Gorka Erostarbe, Donostia

Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuen artean sexu aldaketak egiteko ebakuntzak sartzeko aukera aztertzeko erabakia hartu du Eusko Legebiltzarrak. Atzo onartu zuten ekimena Parlamentuko Osasun Batzordean: hirukoak (EAJ, EA, EB) PSE-EEk eta Ezker Abertzaleak (EAB) babestu zuten ekimena; PP abstenitu egin zen. Gisa horretako ebakuntzak Osakidetzaren zerbitzu katalogoan txertatzea ez dela «lehentasuna» esanez arrazoitu zuen abstentzioa alderdi popularrak. PPkoen iritziz, sexu aldaketarena baino lehenago, doako zerbitzua izan behar luketen beste zenbait gai aztertu beharko lirateke.

Sexu aldaketa egiteko ebakuntzak osasun publikoan txertatzeko aukeraz gain, pertsona transexualek izan ditzaketen behar terapeutikoak aztertuko dituzte, atzo onarturiko ekimenaren bitartez. Azterketa horretatik ateratako emaitzek prest egon beharko dute datorren urteko aurrekontuak onartu aurretik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitale publikoek «genero nortasun arazoak dituzten» 36 laguni ematen diete hormona tratamendua.

Legez besteko proposamena zen atzo Legebiltzarrean onarturikoa. Bertan azaltzen denez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailak 60.000 euroko aurrekontua bideratzen du urtero, 2004az geroztik, «transexualitate prozesuetako laguntza pertsonal modura».

Aurtengo Gay eta Lesbianen Nazioarteko Egunean egindako aldarrikapen eta mobilizazioetan transexualen egoera salatu zuten bereziki, eta genero nortasunari buruzko legea eskatu zuten: «Sexuak berriz egokitzeko ebakuntzak doakoa izan behar du eta transexualek psikologo egokien eta adituen laguntza ona jaso behar dute».

[...]

2006/10/22

> Laburrak: Erakusketak > NORVEGIA: ANIMALEN HOMOSEXUALITATEAREN GAINEAN

  • Animalien homosexualitateaz
  • Berria, 2006-10-22

Norvegia. Animalien homosexualitatearen gainean antolatzen den lehen erakusketa zabaldu berri dute Oslon. Gaiaz oso gutxi jarduten den arren, zientzialariek orain arte 1.500 espezietan ikusi ahal izan dituzte harreman homosexualak. Argazkian, bi beltxarga eme, disekaturik.

2006/10/18

> Laburrak: Ekitaldiak > GAY-LES TALDEAK MENDI MARTXA ANTOLATU DU

  • Gay-Les taldeak mendi martxa antolatu du
  • Goierriko Hitza, 2006-10-18
oierriko Gay eta Lesbianen Taldeak (GGLT) mendi irteera antolatu du hilaren 28rako. Txindokira egingo dute ibilaldia, eta ondoren bazkaria izango da Goierriko jatetxe batean; babarrun jana egingo dute. Mendi martxara joateko goizeko bederatzietan jarri dute hitzordua Larraizko aparkalekuan. Izena urriaren 24a baino lehen eman behar da. Izena emateko edo informazio gehiagorako zenbaki hau jarri dute eskuerara: 667 435 570.

2006/10/15

> Kritika: "BAT, BI, MANCHESTER" > BAI, BUENO, EZ DAKIT

  • Bai, bueno, ez dakit
  • Berria, 2006-10-15 # Ibon Egaña
  • 'Bat, bi, Manchester'. Egilea: Irati Jimenez. Argitaletxea: Elkar. Urtea: 2006
Rikardo Arregi Diaz de Herediak duela urte zenbait gay literatura gaitzat zuen mahai-inguruan plazaratu zuen ideia, hots, euskal literaturak pertsonaia gayak irudikatzerakoan modu tremendistan, tragikoan egiten zuela (egiten zuen bakanetan, jakina). Isolaturik agertzen zirela pertsonaia gayak, ingurunerik gabe, heterosexualez inguraturiko giro arrotzean eta ez zutela, beraz, beren sexualitatea eta nortasuna garatzeko inolako aukerarik. Eskukada bat urte pasa, eta aurten emandako hitzaldian Mikel Ayerbek konstatatu du, salbuespen loriagarri bakanak salbuespen, azken bost urteetako euskarazko narratibak irudikatu dituen gayak ere antzerako tasunekin karakterizatu direla. Nonbait, botereak saldu nahi duen normalizazio egoera ez da heldu, ez behinik behin euskarazko literaturara. Horiek horrela, interesez eta irrikaz hartu du irakurle honek Irati Jimenezen Bat, bi, Manchester eleberri saritua, bi mutilen arteko (ezinezko?) maitasun istorioa ardatz duena.

Eta ezin ukatu, perspektiba honetatik eta begi bat pertsonaia nagusiaren karakterizazioan eta harreman homosexualen irudikapenean jarrita, inpresioa halako dezepzioarena denik. Izenik ematen ez zaigun narratzaile homosexuala (ez da behin ere gay hitza erabiltzen liburuan zehar, eta agian ez da kasualitatea) sutsu maitemintzen da bere pisu-kide heterosexualarekin, biak euskaldunak eta Manchesterren bizi direnak. Agian liburu honetan ez dago duela zenbait urtekoetan zegoen tremendismo erabatekorik, eta protagonistak ez du, adibidez, suizidatu beharrik homosexuala izateagatik (nahiz eta, suizidioaren ideia agertu, agertzen den narratzailearen gogoan atzera-aurrera inoiz). Baina, bestalde, beste behin ere bakarrik, gay ingurunerik gabe (nahiz eta iraganeko mutil-lagun ohiak aipatzen eta agertzen diren), heteroez esperantzarik gabe maitemintzera eta frustraziora kondenatuta irudikatzen da mutila narrazioak irauten duen denboran: «Idatzi gabeko nobelak eta lortuko ez dituzun heterosexualak. Frustrazio iturri amaigabea dira». Eta, bihurri jarrita, galdera bat: frustraziozko maitasun bat irudikatu nahi delako hautatu du idazleak narratzaile eta protagonista mutil homosexuala izatea? Zilegi da aukera, jakina, baina pertsonaia homosexuala izatea lau klixe errazago enkajatzeko bidea bada soilik... (ez al zen literatura klixearen aurkako gerra?)

«Tragedia erromantiko» baten protagonista sentitzen du bere burua narratzaileak, eta liburuan bada maitasunaren halako ikuspegi nerabe xamar bat ere, ez direlarik oso ongi justifikatzen sentimendu-aldaketak desamodiotik ahanzturara, maitasunetik gorrotora, indiferentziatik pasiora... Alabaina, eta beharbada paradoxikoki, sentimenduen azalpenean zorrotz asmatzen du Jimenezen lumak, giza barrunbeen katalogo oso bat (maitemina, gorrotoa, jelosia, etsia, dezepzioa...), hitzez jartzen errazegia ez dena bestalde, narratzailearen ahotan jartzen. Metafora errepikatuak, sinbolismoz beteriko pasarteak, irudi eta konparaketa bisualak... horien guztien erabilera neurtu eta egokia lagungarri zaio Jimenezi maitemina eta harekin lotutako eremu semantikoa sakon arakatzeko. Halaber, ahots narratibo nagusiaren eraketari dagokionez, antzematen zaio kontuan izateko ahalegin eta trebetasuna egileari: ingelesezko hitzak tartekatuz, lanbidez itzultzailea denez gero hitzekiko obsesioa bistan jarriz, aldi berean ironikoa, zehatza eta poetikoa den tonu konplexu eta propioa garatuz... Batasuna eta berezkotasuna ematen diote guztiek narrazioaren ahotsari. Elipsiaren erabilera inteligenteak eta narrazioaren atalkatze neurtuak ere, bestalde, narraziogintzaren barrenak ezagutzen dituen eta maneiatzen badakien idazlearen aurrean gaudela erakusten digute.

Sentsazio kontrajarriak, beraz, irakurle honenak nobela honen aurrean. Jimenezen estreinako eleberriak irakurketa gehiago, diferenteak eta sakonak merezi dituelako, agian.

> Laburrak: Ekitaldiak > GAY ETA LES TOPA EGUNA GOIERRIN

  • Gay eta Les Topa eguna antolatu dute 28rako
  • Goierriko Hitza, 2006-10-15
Goierriko Gay eta Les Taldeak (GGLT) antolatutako egun berezia ospatuko da urriaren 28an. Goizean Txindokira igotzeko deia egin dute, nahi duten guztientzat, eta eguerdian eskualdeko jatetxe batean babarrun-jana eginez bazkalduko dute. GGLTk festa giroan aldarrikapena gizarteratzeko ekitaldia gauzatuko du.

2006/10/04

> Elkarrizketa: IÑIGO LAMARKA > "HOMOSEXUAL IZATEAK NEURE BURUAREKIN BAKETZERA BEHARTU NINDUEN"

  • Iñigo Lamarka: «Homosexual izateak neure buruarekin baketzera behartu ninduen»
  • Gehitu elkartearen sortzaileetako bat eta irakaslea izan zen atzo. Administrazioaren eta herriaren arteko zubia da gaur. Ideien jostun eta hiztun amorratua izango da beti.
  • Berria, 2006-10-04 # Nekane Gonzalez, Donostia

Uztailaren 13an munduratu zen, txistu baten konpasean. Homosexuala izateak nerabezaroan ekarritakoetatik ikasi, eta erronka guztiei egin zien aurre. Ondo ezagutzen du bere burua. Berdintasuna, euskara eta eskubidea hitzak ditu azpimarratuta bere hiztegian. Iñigo Lamarka (Donostia, 1959), egun, EAEko hiriburu batetik bestera jauzika bizi da, gidabaimenik ez duen arren. Bere garaian, «Gay nauzu» aitortu zuen. Gaur ere, mila eta bat kontu aitortu dizkigu.

Sanferminetako sardinari agur esan bezperan esan zioten Lamarkatarrek kaixo mutil jaioberriari, ezta?
A, bai! Konturatzea ere?! Nire anai-arrebak bezala, gurasoen etxean jaio nintzen ni, amak hala nahi izan zuelako. Gurasoak Amaran bizi ziren. Etxe aurrean, Bilbotik datorren trenaren bidean igarobide bat zegoen, eta trena zetorrenean abisua ematen zuen. Amak oso gogoan duenez, Bilboko trena han geldi zegoela txistu jo zuenean jaio omen nintzen ni.


Zer ez duzu sekula ahaztuko zure Donostiako haurtzaroaz?
Jaioberria nintzela, izugarri gustatzen omen zitzaidan kalera joatea; eta, bereziki, euria ari zuen egunetan. Pixka bat koxkortuagoa nintzeneko garaietatik, berriz, Santo Tomas Lizeoarekin lotutako oroitzapenak ditut gogoan; oroitzapen onak dira, gainera. Oroitzen naiz, orain Amara hotela dagoen tokian zabaldegi bat zegoela garai hartan, eta hara joaten ginela jolastera.


Homosexuala izateak zer-nolako eragina izan zuen zure nerabezaroan?
Izugarrizko eragin handia, ez dut zalantzarik. Gay nauzu liburuan adierazi nuen homosexuala nintzela ohartzeak zer ondorio izan zituen nire bizitzan. Garai hartan egunkari bat ere idatzi nuen, eta hango pasarte batzuk ere txertatu nituen liburuan. Nire bizitza bestelakoa izango zen homosexual izateak ekarri zizkidan ondorio horiek izan ezean. Nerabezaroko aldi batean, alde negatibo asko izan nituen, nire homosexualitatea ukatu egin bainuen. Baina positiboak ere bai: horrek heldutasun prozesu jakin bat egitera behartu ninduen, neure buruarekin baketzera alegia, eta, beraz, baliabide berezi batzuk sortu eta garatu behar izan nituen.


Aurrerago, Gehitu erakundea sortu zenuten. Eta zuk lehendakari lanak ere egin zenituen. Nolatan?
Homosexual giroko lagunarte zabala genuen, eta dinamika batzuk sortu genituen. Gutariko askok prozesu zaila izan genuen geure burua onartzeko, eta argi ikusi genuen gure moduan zegoen jende askorentzat baliagarria izan zitekeela gure esperientzia. Bestalde, aisiarako eta festarako guneak askatasun gune bilakatu nahi genituen: elkar ezagutzeko, homosexualitatea onartzeko zailtasunak zituztenei leku goxo eta errazak eskaintzeko... horiek izan zien Gehituren aurrekariak. Orduan erabaki genuen elkartea sortzea. Pare bat bilera egin genituen, eta nik ideia guztiak bilduta, dokumentu bat osatu nuen. Dokumentu hori lagunartetik kanpora zabaldu genuen, eta 35 bat lagun bildu ginen. Han, elkarte bat abian jartzea erabaki zen, eta neu izan nintzenez dokumentuaren egilea, elkarteko buru izateko eskatu zidaten. 1997ko urria zen. Dena den, azpimarratu nahi dut lagun askoren lanaren emaitza izan zela Gehitu.


Bestalde, zuzenbide ikasketak egina zara, eta EHUn irakasle izana ere bai.
Bilboko Deustun egin nituen lehenengo bi urteak, eta Donostiako EHUn azken hirurak. 81ean ikasketak amaitu ostean, zuzenbide politikoko irakasle izan nahi nuela erabaki nuen. Ikerketa lan bat egiteko gomendatu zidaten, eta horretan jardundako bi urteetan euskara irakasten ere aritu nintzen, sos batzuk irabazteko. 84an, plaza bat atera zen, azterketa egin nuen, eta hartu egin ninduten. Hamar urte egin nituen EHUn irakasle.


Zer moduzko esperientzia izan zen?
Irakasle izatea izugarri gustatzen zait; gazte-gaztetatik gainera. 14 urterekin, eskola partikularrak ematen hasi nintzen, eta, 16rekin euskara irakasten... pentsa! Zuzenbide Fakultateko lanak bi alderdi ditu: irakaskuntza eta ikerkuntza; eta niretzat eskolak ematea liluragarria izan zen.


Euskara irakasten oso gazte hasi zinen, eta, gerora ere, euskararen aldeko aldartea erakutsi izan duzu beti. Zer lotura duzu euskararekin?
Bi eratako lotura dut. Batetik, lotura emozionala, sentimentala; euskara nire ama hizkuntza delako. Etxean, betidanik, euskaraz hitz egin izan dut gurasoekin eta anai-arrebekin. Gaztelaniaz noiz ikasi nuen ez dakit; baina nire bizitzako lehenengo urteetan euskaraz baino ez nuen hitz egin. Gerora ere, bizitzako hainbat alorretan, barneko eta maiteen ditugun alor horietan, euskara izan da nire komunikazio hizkuntza. Batetik lotura hori, eta bestetik, konpromisoaren alderdia dago. Beti pentsatu izan dut euskara salbatzeko lan izugarria egin behar dela. Euskara hilzorian egon zen, eta hori ezagutu nuen nik. 60ko hamarkadan, euskara berpizten ahalegindu zen pertsona talde bat. Hortik etorri ziren euskara batua, euskal literaturaren berpizkundea eta ikastolen mugimendua. Gaztea nintzen arren, bat egin nuen konpromiso horiekin, eta oraindik ere eusten diet: nahiz eta hilzori egoeratik atera, ahulezia handia dauka euskarak, eta beharrezkoa da lan izugarria egitea. Baina hori ez da nahikoa. Euskara salba liteke, baina gerta liteke benetako komunikazio hizkuntza ez izatea, hau da, gerta liteke salbazio hori formala, sinbolikoa edo nolabait folklorikoa baino ez izatea. Euskarak benetako komunikazio hizkuntza izan behar du.


Abokatu lanetan jardun zenuenen, esaterako, euskaraz egiten al zenituen izapideak?
Abokatutzan ez naiz inoiz aritu. Nire ibilbidean, bi aldi izan ditut: batean, EHUko zuzenbide irakasle izan naiz; eta, bestean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelari. Unibertsitatean euskaraz ematen nituen eskolak, baina gaztelaniaz ere bai. Agian, gaztelaniaz gehiago. Batzar Nagusietan, berriz, txosten politiko batzuk euskaraz egin nituen, baina askoz ere gehiago gaztelaniaz; izan ere, elebitasuna dela-eta beste hizkuntzara itzuli egin behar zirenez, gaztelaniara egindako itzulpena zuzentzeak lan handiagoa ematen zidan, eta nahiago nuen gaztelaniaz idatzi.

Unibertsitatean ere gaztelaniazko eskolak euskarazkoak baino ugariagoak izan zirela esan duzu. Hortaz, EHU edo UPV deitu beharko genioke?
Izen ofiziala EHU-UPV da. Une honetan, UPV-EHU deitu beharko genioke, beharbada; izan ere, oraindik ere diziplina guztiak ez dira euskaraz eskaintzen, eta, beraz, hutsuneak egon badaude. Argi dago unibertsitatea oraindik ez dela erabat elebiduna. Dena den, Zuzenbide Fakultateari dagokionez, nik bereziki horixe ezagutzen baitut, ahalegin handia egin dela esan behar dut. Nik, egia esan, ez daukat elementu nahikorik gaur egun unibertsitatean dagoen egoerari buruzko balorazio zehatzik egiteko, baina argi daukat kalitatea bermatzeak denbora eskatzen duela; ez da urte batetik bestera egiteko moduko kontua. Horregatik, ziur nago, urte batzuen buruan, EHU-UPV binomio horretan, EHUk UPVk adinako garrantzia eta pisua izango duela; hau da, unibertsitate elebiduna izango dugula. Lortuko dugu!


Lortu... Zuk, esaterako, ararteko izatea lortu zenuen. Izendapenerako bozketan, alderdi politiko guztiek baiezko botoa eman zuten, Sozialista Abertzaleek izan ezik.
Bai, hala izan zen. Isilpeko bozketa izan zen... baina azkenean dena jakiten da! Ezker abertzaleko taldeak boto baliogabea eman zuen. Garai hartako legebiltzarkide Joseba Alvarezek eta biok elkarrekin ikasi genuen Santo Tomas Lizeoan, eta hark azaldu zidanez, botoaren bidez, Ararteko erakundeak defendatu beharko lituzkeen hainbat eskubide jarri nahi zituzten mahai gainean; modu hartan beren eskakizunak jakinarazi zituzten, baina ez zen ez aldeko ez kontrako botoa izan.


Nolanahi ere, zeu zaitugu ararteko. Beste pertsona baten tokia hartzea ez da, batzuetan, samurra izaten. Nola zabiltza Mertxe Agundezi lekukoa hartuta?
Oso ondo! Oso gauza erraza izan da! Mertxe pertsona ezin hobea eta goxoa da harremanetarako. Orain, talde sozialistako parlamentaria da, eta Arartekotzari buruzko gaietan bozeramaile lanak ere egiten ditu. Bestalde, Arartekoak bi gauza esan nahi ditu: Ararteko erakundea eta Ararteko burua. Mertxek harreman ona dauka bai nirekin eta baita erakundeko 48 pertsonekin ere.


Eta zeu, zer moduz?
Oso gogotsu nabil, eta argi daukat gogo handia behar dela lan honetan aritzeko. Oso lan polita eta erakargarria da, aukera handiak ematen ditu; nola erakundeei gauzak hobeto egiten laguntzeko, hala gizartean egoera larrian dauden pertsonei, neurri txiki batean, laguntzeko. Giza eskubideak zaintzea eta babestea da gure funtseko helburu, eta hori oso gustuko dut. Nolanahi ere, tentsio iraunkor bat sortzen dit lan honek; nirea ez baita posizio samurra. Azken batean, administrazio publikoak fiskalizatu behar ditut, eta batzuetan, administrazioei gauzak hobeto egin daitezkeela jakinarazi behar diet, ez da erraza. Gainera, erakunde honetan konturatu naiz zer garrantzitsua den esaten dena nola esaten den; hizkuntza asko zaindu behar da. Errealitatea konplexua da, eta Arartekoan, bere konplexutasun osoan landu behar dugu, ñabardurak garrantzitsuak baitira.


EAEko arartekoa zaitugu. Noizko Euskal Herrikoa?
(Barreak). Euskal Herria hitza desberdina da euskaraz edo gaztelaniaz. Euskal hiztunok argi ikusten dugu kontzeptu soziolinguistikoa: euskaraz hitz egiten dutenek eta euskaraz hitz egiten dutenak hartzen dituzten lurraldeek osatzen dutena. Hizkuntzalarientzat kontzeptu baketsua izan da beti, gatazkarik gabea. Bestalde, bada ikuspuntu politiko bat ere, baina nik debekatuta daukat gai politikoez hitz egitea. Gainera, ikuspegi politiko horren barnean, irizpide desberdinak daude. Bakarrik azpimarratu nahi dut dimentsio politiko horretaz gainera, eta lehenago, bazela dimentsio soziolinguistikoa, eta kezkatzen nau azken dimentsio hori ez ote den galduko.


Berdintasuna duzu oinarri. Zer iritzi duzu gaur egungo gizartean dugun (des)berdintasunari buruz?
Berdintasun mota ugari daude, baina egungo populazioari begira, esango nuke emakumeen eta gizonezkoen artekoa dela berdintasunetan nabarmenena; eta, nire ustez, azken hamarkadetan, horren aldeko pauso handiak eman dira. Alabaina, sakon-sakonean dauden jokamolde eta pentsamenduetan, hortxe dirau desberdintasunak. Bi diskriminazio mota daude: formala eta materiala. Gaur egun, emakumea, homosexuala edo beltza izateagatik ez da diskriminazio formalik egiten, baina gizarte egituretan, oraindik ere, matxismoak eta sexismoak eragin handia daukate; hau da, diskriminazio materiala gertatzen da. Administrazioek politika aktiboak egin beharko lituzkete benetako berdintasuna bultzatze aldera. Eta gutariko bakoitzak ere lan egin behar du.


Berdintasuna hizpide... Zure ezkontza eta bikote heterosexual batena berdintasunean oinarritzen direla esango zenuke?
Espainiako Estatuan kode zibila aldatu zenetik, legeari dagokionez, bai. Gero, bikote bakoitzaren ingurua nolakoa den begiratu behar da. Ezkontza heterosexualak baldintzatuagoak daudela esango nuke, urteetan formatu bat eskuratu dutelako. Guk ezkontza geurea izatea nahi genuen; geuk erabaki genuen ezkontzaren formatua, maite ditugunak han egotea nahi genuen. Azpimarratu behar dut bikote homosexual askok oraindik baldintza negatiboak dituztela inguruan.


Ezkontzak ez al dira antzerki?
(Barreak). Alderdi asko dituzte; antzerki alderdia ere bai. Horrek ez du zertan negatibo izan. Antzerkia egiten ari zarela jakin baldin badakizu, eta gogokoa baduzu... Azken batean, oso antzerkizalea naiz.


Goenkale-n aritu izan zara. Zer moduz?
Esan didatenez, ondo. Ez genuen askotan errepikatu behar izan. Baina ez dut uste aktore izateko gaitasunik dudanik. Han, neure ohiko rola jokatu nuen, eta oso natural atera zitzaidan. Gainera, Aizpea Goenaga txikitako laguna dut, eta harekin eman nuen goiz osoa, telebistaren tripa denak ikusten.


Zer rol ez zenuke inoiz ere jokatuko?
Asko, asko! Inondik inora ere ez eskubideen edo askatasunen aurka aritzea ekarriko lidakeen rol bat. Eta neure burua politikagintzan, zentzu hertsian, ere ez dut ikusten. Nolanahi ere, horretan ari direnek egiten duten lana eskertzekoa da.


Gauzak aitortu zalea al zara?
Bai. Norekin ari naizen eta non nagoen kontuan hartuta. Bikotekidearekin eta alderdi intimoenean, zalantzarik gabe.

Intimitatean gaude. Aitor iezaguzu zerbait.
Gay nauzu liburua oso gustura idatzi nuen, neure buruarekin asko hitz eginda; orain, baditut beste pare bat egitasmo buruan.

  • BaT-BaTean
  • Euskara: Euskararen interesak zein diren modu egokian definitu, eta interes horien alde zintzo jokatu beharko litzateke.
  • Herriaren defendatzailea: Izena ez zait asko gustatzen; irudi hori ez dut gogoko. Egokiagoa iruditzen zait «herritarren eskubideen aldeko akuilu» edo antzeko zerbait.
  • Norgatik/zergatik emango zenuke daukazun guztia? Daukadan guztia pertsona edo gauza bakarragatik ez nuke emango. Gauza asko bai, askoren alde, eta batez ere, maitasunagatik.
  • Alardea: Sentimenduak giza eskubideen aurka nola bilaka daitezkeen ispilatzen duen paradigma bihurtu dira alardeak.
  • Programa politikoak: berdintasunaren isla? Horrela beharko lukete!
  • Kargua uzten duzunean, zer? Gogokoen dudana idaztea eta aisialdi zabalagoa izatea da.
  • Morala: Guztiok izan beharko genuke kode moral bat. Bestalde, biziki haserretzen nau morala ideologia zehatz batzuekin lotzeak.
  • Bilbo, Donostia ala Gasteiz? Bilbo eta Donostia. Sentitzen dut gasteiztarrengatik, baina hemen ezin dut politikoki zuzena izan.
  • Tratu txarrak: Matxismoa eta sexismoa erabat desagertzen direnean bukatuko dira emakumeen kontrako tratu txarrak.
  • Bete gabeko ametsik bai? Asko eta asko. Herstura sortzen dit jakiteak amets guztiak ez ditudala bete ahal izango.
  • Donostiako Zinemaldia: Ametsetako bat da gazte-gaztetan egiten nuena berriz egin ahal izatea, hau da, Zinemaldi garaian zinemara joan besterik ez egitea.

2006/10/02

> Liburua: IRATI JIMENEZEN "BAT, BI, MANCHESTER"

  • Irati Jimenez: Bat, bi, Manchester
  • Gara, 2006-10-02
Ezinezko maitasun istorio bat dakar Irati Jimenezek (Mundaka,1977) Elkarrek argitara eman duen lehen nobelan. «Bat, bi, Manchester» lanak Augustin Zubikarai saria jaso zuen.Batetik, kontalaria dugu, itzultzaile lanetan ari da baina idazle izannahiko luke. Homosexuala da, uzkur samarra eta porrot batetik irten berria. Bestetik, Aitor, dena beti erraza izan zaiona, aktorea, heterosexuala. Manchesterren egiten dute topo.

Manchesterren ezagutu genuen elkar. Haragi gordinez antzitako goizalde horditua. Hiru lagun eta laurok, barretan blai, tabernaz taberna. Ez dakit nork gonbidatu ninduen afari batekin hasi eta alkohol amorrutan hondoratu zen jai hartara, baina, egunaren argia pizten hasi zenean, ezagun baten lagunaren etxean lehorreratu ginen, ia dandarrez, ganora galduta. Denok.

Berehala ikusi zintudan, «God, yes», hanka amaigabeak, belaunak ia sorbaldetaraino, nesken adur artean hitz egiten, irribarrea begietan, marihuanak zugan eragiten duen logura aurpegiaz. Erdi jesarrita, zabortegitik jasotako sofan botata. Zaren bezain luze. Pozik, goizaldearen besarkadak eroso eta etxean sentiarazten zaituelako, orain badakit. Okupatutako eraikin ziztrin hartan bion ezagun batek bultzaka eraman ninduen zuganaino, eta aurkeztu gintuen, «you don’t know each other, right?» esanaz, «he’s basque, too». Alkoholaren goia behera zetorrela igartzen nuen. Etxea kakaztuta zegoen, eta maindire apurtu batekin estalita usain susmagarria zeukan sofa zaharkitu hartatik irribarre egin zenidan, behetik gora, batere maliziarik gabe. «Euskalduna zara?», galdetu zenuen. «Tamalez» erantzuteko gogoa sentitu baina irentsi egin nuen. Azken baten, ez zen zure errua ni Manchesterren abandonatuta sentitzea. Haraino erakarri ninduen mutil-laguna ahazteko errezeta baten bila, garagardo beltzetan galduta. Eskua luzatu eta epel-epel zeurea estutu nuenean, neure barruko amorrua baretzen sentitu nuen.

­Euskalduna, bai ­egin nuen hasperen, hezurretaraino mozkortuta­. Eta homosexuala.

Begira-begira geratu zinen. Txantxetan ari ote nintzen jakin guran. Eta baietz edo ezetz, ba ote edo ez ote nintzen, biotariko inork erabakia hartu baino lehen barrez lehertu zinen, Aitor naiz esan eta, sekretuak kontatzen diren ahotsarekin, heterosexuala gaineratu zenuen, bekatua aitortuko bazenit bezala. Bat-bateko neure estutasun hura neurtu nuen. Larri nengoen, bai, baina botagura pasako zitzaidan komunetik behera. Atzamar puntetan hasi eta lepotik gora sentitu nuen zirrara hori, ostera, nekez. Fuck.

[Goizez]

Egunaren argiak piztuta eta kalean ikusi genuen elkar bigarrenez. Egia esateko, kasualitate hutsez. Niretzat lan ordua zen baina tabakoaren harrak janda atera nintzen nikotina bila. Bufanda azpian ezkutatu nituen hotzikarak eta semaforoan zain nengoela erabaki nuen jaka berria erosi behar nuela. Eta horrekin batera, negu luze hark amaigabea zirudiela, hiri hartan lekurik ez nuela, inoiz ez dudala nobelarik bukatuko eta abar eta abar, ad nauseam. Nire betiko pentsamenduak astelehen goiz uzkurretan.

Aurrez aurre egin genuen topo. Zu abiadura hartuta, kolarretik ateratzen, eta ni bulegora bueltan, tabakoa poltsikoan. Neu gelditu nintzen, zu ia nire gainera etorri zinen, biok elkarri sorryka hasi, nor ginen konturatu arte. Bi, hiru segundo luzez tipo hau ezagutzen dut irakurri nizun begietan. Baina neure burua aurkeztu baino lehen etorri zitzaizun gogora.

­A bai. Zapatu gauean, right?

Ingelesaren eta euskararen bi doinuak, biak ama hizkuntzarenak, biak akats gabeak. Baietz esan nizun. Ez nekien beste ezer esatea tokatzen ote zen eta «gero arte» neukan ezpain artean, nora nindoan galdetu zenuenean.

­Lanera. Hemen ondoan daukagu bulegoa.

Buruarekin seinalatu nizun lekua. Enpresaren izena irakurri zenuen, ez zen ezaguna zuretzat. «Esportazioak» esplikatu nizun. Enpresa handia, bulegoak hainbat hiritan, arimarik gabea eta horrela, badakizu.

­Itzultzaile lanak egiten ditut. Idazkaria naiz kontratuz ­baina hori ez nizun esan­. Kanpoko bazkideentzat eta halakoak.

Zure hurrengo galdera entzun eta «tipo hau tentela da» erabaki nuen. Lotsatu egiten nau aitortzeak. Baina pentsatu egin nuen.

­Itzultzaile lanak? Euskaratik ingelesara? ­harrituta.

Bai pentsatu nuen, as if. Esportazioen munduan euskara puntako hizkuntza delako.
­Espainola eta ingelesa ­nahi baino gogorrago atera zitzaidan. Deseroso mamitu zen isilunea, nire pentsamendua irakurri bazenu bezala eta erantzun «ez naiz tentela»­. Tabako bila atera naiz ­esan nuen, esatearren.


Tabakoa aipatzearekin bat, burua makurtu zenuen, neuregana. Ez dakit zenbat daukazun luzeran, metro eta laurogeitik gora-edo; ez dakit, baina txikituta sentitu nintzen, zu baino hamabost zentimetro beherago, sustraiak lurrean ondo sartuta, nire sudur handiegi eta begi txikiekin. Neure ondorantz pauso bat emanaz tabakoa eskatu zenidan, eta bitxia da nola entzuten dudan oraindik, argi eta ozen, zure ahotsaren zirrara, erreko nuke zigarro bat. Berehala eman nizun, eta poltsikoan gorde horren ordez haizeak eragindako hotzikara. Kalea zeharkatu genuen eta hantxe konturatu nintzen, semaforo biren artean, haizerik batere ez zebilela hotzikararik eragiteko, eta hantxe pentsatu nuen: normalean ez diote ezetzik esaten tipo honi. Ez tabakoa emateko, ez beste ezertarako. Zebrabidearen beste aldean, autobus geltokiaren ondoan, pelikula baten kartelak begiratu zigun bioi. Eta emakume guztiei bezala, kartel hartako andreari ere erreparatu zenion. Hanka-luze, ezpain-borobil, dena bere lekuan. Hot, beroa, gustatzen zitzaizula esan zenuen.

­Niri bestea gustatzen zait.

Gizon batekin agertzen zen kartelean. Hura seinalatu nizun.

­A, bai ­irribarre, larunbatekoa gogoratzean­. Bai, jakina.

Goiz argia, hezurretarainoko hotza, oskarbi. Ezagutu zintudan goizaldean ilunak iruditu zitzaizkidan begiak berdeak zirela konturatu nintzen. Ekaitz orlegia. Gauean baino askoz handiagoak. Betile luzeak. Tabakoaren kea bota eta sakon begiratu zenidan. Sakon iruditu zitzaidan. Ez dakit.

­Aurrekoan ez nizun izenik galdetu, ezta?

­Ez.

Ez, erabaki nuen, jendeak ez dizu normalean ezetzik esango.