2006/10/28

> Berria: Ekitaldiak > EDUSEX: BIDE SEGURTASUNA SEXU HEZITEKA BAINO GARRANTZITSUAGOA ESKOLAN

  • Bide segurtasuna sexu heziketa baino garrantzitsuagoa eskolan
  • Gaia sexologia eta hezkuntza profesionalekin lantzen ari dira Bilbon, Edusex jardunaldietan
  • Berria, 2006-10-28 # Iñigo Bilbao, Bilbo

Eskoletan garrantzia handiagoa ematen zaio gaur egun bide segurtasuna erakusteari sexu heziketari baino. «Egia da trafikoak eragiten dituen arazoak izugarriak direla; hala ere, onartezina deritzot autoei arreta handiagoa ipintzea pertsonei baino». Xabier Iturbe Lekeitioko eskola publikoko zuzendariaren berbak dira. Sexologoa eta Pedagogian doktorea, Iturbek sexu heziketa zertan den azaldu du Bilbon, gai honi buruz zenbait elkartek -EHGAM, Bizigay eta Queer Ekintza- antolatu duten Edusex izeneko jardunaldietan.

Iturbek Iñaki Karrera EHUko irakaslea izan du lagun agerraldian. Sexu hezkuntzaren egoera zein den aztertu ostean, aditu bi horiek etorkizunari begira proposamen bat ipini dute mahai gainean. «Sexua ikuspegi biologikora mugatu da, arlo genitalera, ernalketarako eginkizun bezala; eta afektuak bidean galdu dira».

Hego Euskal Herriko eskoletan, LOGSE Espainiako hezkuntza legearen eraginez, gaia zehar lerro landu izan bada ere, ez dela asmatu esan du Iturbek: «90. hamarkadan ikuspegi teorikoari larregizko garrantzia eman zitzaion, gaiak duen ikuspegi praktikoa baztertuz».

Beranduago egindako saioak aipatu ditu, EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Uhin Bare izeneko programa batez ere, horrekin ere ez dela asmatu nabarmenduz. Izan ere, programa hiesak eragindako beldurragatik sortu zutela esan du, ez sexu hezkuntzaren gaineko ardura zegoelako.


«Arazoa da Euskal Curriculuma egiteko aurkeztu berri zaizkigun proposamenetan ere, ez zaiola sexu heziketari behar besteko garrantzirik ematen. Kezka hori daukat, oinarrizko dokumentuan gai periferiko bezala agertzen zaigula gaia, ez erdigunean».

Aldaketa garaiak
Gizartea bera aldatuz joan den neurrian, hezkuntza arloa ere moldatuz joan dela aitortu dute, bai Iturbek, bai Karrerak: «Ikastea ez da orain ezagutzen metaketa hutsa; baloreei eta gaitasunei ematen zaie garrantzia».

Karrerak esan du garai bateko eskola eredua aldatu egin dela, orain ikas-komunitateak hartu duela protagonismoa, ikastetxeak baduelako lotura gizartearekin: «Herria bera ere hezitzaile da».

Sexualitateak bizikidetzarekin duen harremanaz hitz egin du Karrerak, lotura horrek lagundu beharko duelako sexuaren ikuspegi genital hutsa gainditzea: «Ezagutu eta ulertu egin behar dugu nondik gatozen, nola sortuak garen, eta zer nolako harremanak eta bizipenak ditugun».

Sexu heziketa hezkuntzan ardura duten eragile guztien erantzukizuna dela azpimarratu du Karrerak, gurasoena bezala, irakasleena, eskolako gainerako langileena eta baita herriarena berarena ere.

Irakaskuntzan nagusitu den ikuspegi teknikoa, unitate didaktikoetan oinarritu dena, gainditzeko premia aipatu du; baita ikuspegi konstruktibista ere, ikaslea ikaskuntza prozesuaren interesatu bakartzat hartzen duelako. «Ikaskuntza dialogikoa proposatzen dugu guk, ezagutza elkar ezagutzaren bidez, berdinen arteko elkar ekintzen bidez sortuko duena».

Gaia lantzeko metodologia ere proposatzen dute: ikasgelan gai bat aukeratu, horren inguruko behaketa bat egin; informazioa bildu, dagoen bibliografia eta literatura aztertuz; eta ondoren, berdinen arteko elkarrizketa bidez, egoera hobetzeko plangintza egitea. Hezkuntza eragileek praktikara eraman beharko dute plangintza hori, emaitzen gaineko gogoeta egiteko.

Gazteek arazoak dituzte preserbatiboak egoki erabiltzeko

Gazteek preserbatiboak zelan erabiltzen diren badakitela uste duten arren, halako gailu bat erabiltzeko zorian direnean akatsak egiten dituzte. Ondorio hori atera dute Edusex jardunaldien antolatzaileen aginduz, 12 eta 16 urteko gaztetxoen artean inkesta egin dutenek. Azterketa Gestiker etxeak egin du.

Preserbatiboa eta biharamuneko pilula ezagutu eta erabiltzen badakitela aitortu dute inkestari erantzun dioten gehienek: 16 urteko gazteen esanetan, ez daukate preserbatiboa erabiltzeko arazorik; eta 12 urtekoen artean berriz, erdiak esan du (%57,03) badakiela zer den eta zelan erabiltzen den. Adituek baina, bestelako ondorioak atera dituzte: preserbatiboaz daukaten informazio guztia ez da egiazkoa, eta egoki erabiltzeko zailtasunak dituzte gazteek.

No comments: