2006/10/24

> Berria: Trans > SEXU ALDAKETAK OSAKIDETZAK BERE GAIN HARTZEA AZTERTUKO DU EUSKO LEGEBILTZARRAK

  • Sexu aldaketak Osakidetzak bere gain hartzea aztertuko du Eusko Legebiltzarrak
  • Hirukoak, PSE-EEk eta EABk babestu dute legez besteko proposamena; PP abstenitu egin da
  • Berria, 2006-10-24 # Gorka Erostarbe, Donostia

Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuen artean sexu aldaketak egiteko ebakuntzak sartzeko aukera aztertzeko erabakia hartu du Eusko Legebiltzarrak. Atzo onartu zuten ekimena Parlamentuko Osasun Batzordean: hirukoak (EAJ, EA, EB) PSE-EEk eta Ezker Abertzaleak (EAB) babestu zuten ekimena; PP abstenitu egin zen. Gisa horretako ebakuntzak Osakidetzaren zerbitzu katalogoan txertatzea ez dela «lehentasuna» esanez arrazoitu zuen abstentzioa alderdi popularrak. PPkoen iritziz, sexu aldaketarena baino lehenago, doako zerbitzua izan behar luketen beste zenbait gai aztertu beharko lirateke.

Sexu aldaketa egiteko ebakuntzak osasun publikoan txertatzeko aukeraz gain, pertsona transexualek izan ditzaketen behar terapeutikoak aztertuko dituzte, atzo onarturiko ekimenaren bitartez. Azterketa horretatik ateratako emaitzek prest egon beharko dute datorren urteko aurrekontuak onartu aurretik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitale publikoek «genero nortasun arazoak dituzten» 36 laguni ematen diete hormona tratamendua.

Legez besteko proposamena zen atzo Legebiltzarrean onarturikoa. Bertan azaltzen denez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailak 60.000 euroko aurrekontua bideratzen du urtero, 2004az geroztik, «transexualitate prozesuetako laguntza pertsonal modura».

Aurtengo Gay eta Lesbianen Nazioarteko Egunean egindako aldarrikapen eta mobilizazioetan transexualen egoera salatu zuten bereziki, eta genero nortasunari buruzko legea eskatu zuten: «Sexuak berriz egokitzeko ebakuntzak doakoa izan behar du eta transexualek psikologo egokien eta adituen laguntza ona jaso behar dute».

[...]

No comments: