Showing posts with label Ijituak. Show all posts
Showing posts with label Ijituak. Show all posts

2009/11/13

> Iritzia: Juan de Dios Ramirez-Heredia > ARRAZISTEK BETI ERAIKITZEN DUTE HARRESI BAT

  • Arrazistek beti eraikitzen dute harresi bat
  • Berria, 2009-11-13 # Juan de Dios Ramirez-Heredia . Abokatu eta kazetaria, Union Romani elkarteko kidea / Erredakzioan itzulia
Albiste batzuk bi aldiz irakurri behar izaten dira, diotena egia dela sinesteko. Eslovakian, Ostrovany hirian, harresi bat altxatu dute, 150 metro luze eta bi metro garai, ijitoak gainerako biztanleengandik bereizteko. Ez al da sinesten zaila hori gertatzea Europako Batasuneko kide den herrialde batean, noiz eta orain, Berlingo harresia erori zeneko hogeigarren urteurrena bete berritan? Ba al dakite burugabe horiek zer esan nahi duen harresi hori altxatzeak?

1961ean, II. Mundu Gerra bukatu ondoren Alemania zatituan agintzen zuten agintari komunistek harresi izugarri hura eraiki zuten, eragotzi nahian hainbat eta hainbat herritarrek ihes egitea askatasunezko toki batzuetara. Harresiak, berrogei urtez, argi erakutsi du nolako tragedia den herritarrak toki itxietan bakartzea haien ideien arabera, eta kartzelan egotea edo bizia galtzea libre izateko zernahi saio egiteagatik.

Berlinen egoteko zortea izan nuen gau hartan, harresia suntsitu zeneko gau hartan. Izan ere, Europako Parlamentuko diputatua nintzen, eta Justizia Batzordeko kidea, eta egun hartan bilera genuen Berlinen. 1989ko azaroaren 9an, harresi gorrotatuaren alde bateko eta besteko alemanek, mailuak eta pikotxak eskuan, ilusio handiz ekin zioten lotsagarrikeria hura suntsitzeari, berrogei urtean familia osoak banatutako hura txikitzeari. Gau hartan, goiz oheratu nintzen, baina hoteleko aldameneko gelan zen kide bat, urduri, ate-joka hasi zitzaidan, esanez altxatzeko, kalera joan behar genuela, gertaera historiko berezi bat bizi-bizi ikusteko: harresia nola erortzen zen ikusteko. Kalean igaro nuen gau guztia, zorionez beterik, askatasunaren garaipena ikusiz. Eroritako harri koskor bakoitza, hain zuzen, turutaren soinua bezalakoa zen. Izugarrikeria hari emandako kolpe bakoitza musika nota bat zen, eta lagundu egiten zuen gizakien arteko bake eta adiskidantzaren aldeko ereserkirik onena osatzen. Jakina, ezin izan nion eutsi tentaldiari, eta harresiko harri batzuk ekarri nituen Espainiara, lagunen eta familiakoen artean banatzeko. Oraindik badut zementuzko pusketa bat bulegoko apaletan, harresiaren zitalkeriaren lekuko isil.

Eslovakiako eta nazioarteko prentsan, Berlingo harresi berria deitu diote Ostrovanykoari, Europako banaketaren sinboloa erori zeneko hogeigarren urteurrenean.

Ostrovanyko alkate Cyril Revakl-ek dio bera ez dela arrazista: «Badakit-eta jende zintzo asko bizi dela gure ijitoen artean». Baina zuritu egiten du harresia eraikitzea, bizilagun gadche-ek esaten dutelako, eta hau da akusazio nagusia, ijitoek fruta lapurtzen dutela lorategi pribatuetatik.

Harresiaz bestaldean kondenaturiko ijito batek dioenez, horrela bereizirik egoteak ez dio mesederik egiten inori: ez gadche-ei eta ez ijitoei. Beste ijito batzuek diote, etsita, zoologiko batean baleude bezala sentitzen direla. Gaixoak! Orain gosea eta miseria berdindu ahal izango dute, Ostrovanyko agintari arrazistek beste aldetik eskuzabal botatako frutari esker, nire seme-alabek parkeko tximuei sagarrak botatzen zizkietenean bezala.

Bidaia ahantzezin eta hunkigarria egin berri dut Polonian. Majdanek, Treblinka eta Auschwitzeko sarraskitze esparruetan izan naiz, non milioi erdi bat ijito hil zituzten gas hilgarriz, milioika judurekin batean; horretaz gainera, harresien hondarrak ikusi ditut, Varsovia, Lublin eta Krakoviako ghettoak egondako lekuetan. Lekukotasun biziak dira, lazgarriak, gizadiaren garairik gogorren eta zitalenaren erakusgarriak. Jendea pareta haietan ixten zuten, hitzera kondenatu baino lehen.

Badakigu Eslovakian eskuin mutur bat badagoela, faxista eta bortitza, eta prest legokeela Europako historiaren garai beltz hura berritzeko. Garai hartako hitzaile kolaborazionisten oinordekoak dira, naziek iparrean Poloniatik eta hegoan Hungariatik genozidioa egiten zutenean laguntzaile ibilitakoen ondorengoak. Gu, mundu guztiko ijitook, izutu egiten gaitu harako esaldi hark: «Historia ahazten duena, ezinbestean, kondenaturik dago hura berriz bizitzera». Ez alferrik, esaldi horixe dago idatzia Auschwitzeko sarraskitze esparruan, laugarren blokeko sarreran, polonieraz eta ingelesez: «Kto nie pamieta historii, skazany jest na jej ponowne przezycie. The one who does not remember history is bound to live throug it again».

2008/01/14

> Erreportajea: Bestelakoak > IJITO EUSKALDUNEN ARRASTOAN

  • Ijito euskaldunen arrastoan
  • Azken erromintxelen egoera ikertu nahi du Kale Dor Kayiko elkarteak
  • El País, 2008-01-14 # Xabier G. Argüello · Bilbo

Erromintxela, ijito euskaldunen XV. mendeaz gerozko mintzaira berezia, ahanzturarik larrienean isiltzen ari da. Egun, 500 baino gehiago izan daitezke erromintxelaz hitz egiteko gai direnak, baina biologiaren legeak behin-betiko eten omen du transmisioaren katea. Erromintxelaren oroimenari eutsiz, Bilboko Kale Dor Kayiko ijito elkarteak ikerketa proiektua bultzatu nahi du, 1996an hasi zuen ikerketa soziolinguistikoari behin-betiko amaiera emateko asmoz.


"Ingurunera moldatzeko gaitasunagatik, ijitoa kamaleoiaren antzekoa izan da betidanik; horrexen adibidea dugu erromintxela", ziurtatu du Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariorde Oscar Vizarragak.


Berari egokitu zioten duela 11 urte erromintxelari buruzko ikerketa egiteko laguntza eske ibiltzea. "Pello Salaburu zebilen orduan EHUko errektore, eta bulegoan zeukan Bonaparte printzearen mapari begira, zera esan nion: 'hemen euskalki bat falta da, erromintxela'", gogoratu du Vizarragak.


Euskaltzaindiak ere bat egin zuen Kale Dor Kayiko-ren proposamenarekin, eta Josune Muñoz hizkuntzalaria eta Elias Lopez de Mungia historialariaren ahaleginari esker, erromintxelaren hitzak eta esapideak biltzeari ekin zioten.


Muñozek erromintxelaz hitz egiten ere ikasi omen zuen, eta horretarako, garrantzi handikoa suertatu zitzaion Bilboko San Frantzisko auzoan bizi zen 84 urteko ijito euskaldun baten testigantza linguistikoa. "Gizonak ez zekien idazten eta irakurtzen, baina erromintxelaz, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta kaloeraz hitz egiteko gauza zen", nabarmendu du.


Ikerketa etenda geratu zen urtebete geroago, baina orduan bildutako datuek ijito euskaldunen nondik norako historiko eta soziologiko asko argitzen lagundu dute.


"Erromintxelak euskaldun peto-petoak dira, eta tokian tokiko euskalkia erabiltzen dute, baina beren hizkeran erromanierazko hitzak tartekatzen dituzte, India aldekoak gehienak", azaldu du Muñozek.


Punjab deritzon eskualdea omen da ijitoen sorterri historikoa, India eta Pakistanen artean kokatutakoa. IX. mendean, Europa eta Ipar Afrikarantz abiatu ziren, eta 500 urte geroago, Balkanetan, Hungarian, Alemanian, Italian eta Frantzian zehar hedatuta zeuden, baita Nafarroan ere, 1435eko agiri baten arabera. Euskalki batzuetan ematen zaizkien ungriano eta buhame bezalako izendapenek ezin argiroago iradokitzen dute erromintxelen jatorria.


Ijito hitza, aitzitik, Afrika Iparraldetik Iberiar Penintsulara heldu ziren kaloei dagokiela dirudi, Egipto izenetik eratorritako berba baita. Kalo hitzak beltza esan nahi du erromanieraz, eta erromintxelek xango-gorriak esaten diete ijito erdaldunei.


Erromintxelen arrastoa Zuberoako maskaradetara eta Gipuzkoako kaldereroetara hedatu da, eta Prosper Mérimée-ren Carmen eleberriko protagonista Etxalarren jaiotako neska ijito bat da, liburuaren jatorrizko bertsioan "laguna, ene bihotzarena" bezalako euskarazko esaldiak erabiltzen dituena. Jon Mirandek Kama goli erromintxelazko poema idatzi zuen, eta Koldo Izagirrek euskal ijitoen oroimena berreskuratu zuen Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak nobelan. David Zapirain historialariak, azkenik, XVIII. mendean erromintxelaz mintzo zen Antonio Iturbide Larralde bidelapur irundarraren berri ematen digu Bandoleros vascos liburuan.


Gaur egun, 21.000 ijito inguru bizi dira EAEn eta Nafarroan, baina horietatik %2k baino ez omen dakite erromintxelaz hitz egiten. Oscar Vizarragaren esanetan, "litekeena da Lapurdi eta Zuberoa aldean ere, beste 500 edo 1.000 erromintxela egotea".


Jatorrizko euskal ijitoen errealitate soziologikoa ezagutu nahian, Kale Dor Kayiko elkarteak ikerketa proiektua aurkeztuko dio "hilabete barru" Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, "erromintxelen euskalduntasuna eta ijitotasuna neurtzeko asmoz", adierazi du Vizarragak.


Erromintxelazko hitz batzuk

Ama: batia. Aita: batoa. Burua: keroa. Eskua: basta. Hanka: pindrua. Zakila: Karina. Alua: mintxa. Izena: txipa. Etxea: kera. Denda: mertxa. Handia: baroa. Txikia: txinoa. Polita: pukerra. Ona: latosa. Ura: pañia. Esnea: xuta. Ardoa: mola. Kaka: fula. Zakurra: txukela. Katua: txitxaia. Lan egin: kurratu. Eskatu: mangatu. Maitatu: piratu. Edan: piautu. Joan: najel egin. Ikusi: dikelatu. Egin: kerau.