2007/07/28

> Laburrak: Salaketak > ELKARRETARATZEA DONOSTIAN: "EZ IRANEN, EZ INON"

  • 'Ez Iranen, ez inon'
  • Berria, 2007-07-28

EHGAM, Gehitu, Medeak eta Garaipen Emakume Etorkinen Elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian dozenaka lagunek, Iranen azkenaldian izan diren homofobia kasu larriak salatzeko. Berriki, Jafar Kiani harrikatu eta hil zuten Iranen, adulterioa leporatuta. Era berean, Ali Reza Yamshidi Gobernuko bozeramaile judizialak heriotza zigorra berretsi du hogei lagunen aurka, bortxaketa, adulterio eta homosexualitateagatik. “Homofobia, ez Iranen ez inon”, aldarrikatu zuten bertaratuek.

2007/07/23

> Iritzia: Josebe Egia > ESTEREOTIPO PARE BATI BURUZ

  • Estereotipo pare bati buruz
  • Gara, 2007-07-23 # Josebe Egia

Gaurko honetan estereotipoen erorialdia zuekin konpartitzera nator. Mitikoak, herrikoiak, kutsu matxista dutenak edo emakumea kanpoan uzten dutenak.


Alde batetik, «Maritxu berritsu» esakuneak laburbiltzen duena daukagu, hau da, emakumeok gizonezkoek baino joera handiagoa daukagula hitz egiteko. Amaierarik ez duen hitz-jarioa omen da gure ezaugarrietariko bat, bi hitzetan esan daitekeena beste bostehun ele gehiagoz hornitzea, alegia. Gizonezkoek, ordea, di-da batean komunikatzeko ahalmen miresgarria omen daukate, hitz gutxitan dena konpontzekoa.


Bada, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa luze eta serio baten ondorioz, «Maritxu berritsu» ondo baino hobeto izan liteke «Andoni, Peru edo Josu berritsu». Izan ere, egunaren bukaeran botatzen dugun hitz kopurua oso antzekoa da, 16.215 bat, hain zuzen. Beraz, ez da egia emakumeok hirukoiztu egiten dugunik hitz kopurua emakume izategatik eta etengabe gure ahotsa entzutea gustatzeagatik. Pertsona bat hiztuna den ala ez da gakoa, bere sexua edozein dela ere. Hona ikerketa horren ondorioetariko bat, esandakoaren adibide garbia: gehien hitz egiten zuten hiru pertsonak gizonezkoak ziren -45.000 hitz-, baina baita gutxien hitz egiten zuena ere -500-.


Beste gauza bat da, hori bai, hitz egiten dugunaren edukia. Antza denez, oraindik ere gizonek uki edo ikus daitezkeen gauzei buruz hitz egiten dute gehienbat, eta emakumeak pertsonon arteko harremanei eta sentimentuei buruz aritzen gara, neurri askoz handiago batean. Hala ere, jendartean bultzatzen ditugun baloreekin batera egitate hau aldatzen ari dela iruditzen zait, baita aldatu egiten dela ere gizona gizonekin ari denean edo emakume batekin ari denean. Pertzepzioa begi-bistako zerbait bihurtuko delakoan nago, itxaropenez, ados egongo baitzarete gauza bat kantitatea dela eta beste bat kalitatea, ezta?


Beste alde batetik, eta kantitatea alde batera utzi barik, beste ikerketa batek argi utzi du emakumeok ere amets erotikoak barra-barra edukitzen ditugula, gizonezkoen kopurua berdinduta. Amets mota ezberdinak, baina apeta sexualak denok ditugula adierazten dutenak, finean.


Betidanik, arlo hau gizonezkoen urrezko eremua izan da, sexuak euren pentsamenduen eta ametsen ehuneko altu bat betetzen duela, alegia. Beti izan da horrela eta espeziearen ezaugarritzat onartu da inongo arazorik gabe. Emakumeok, berriz, sexualitatearekin arazo gehiago izan ditugu, era askean eta osoki bizitzeko: birjintasuna, garbitasuna, amatasuna eta halako idealen mende egon gara luzaroan. Ondorioz, badirudi sexuak ez duela gure buruan lekurik, ez duela garrantzirik guretzat, ez dela plazer iturri bat.


Baina estereotipo zaharkitu bat besterik ez da. Egun, emakumeok amets erotikoak edukitzeaz gain, gizonek bezalaxe gaiari buruz hitz egiten dugu -horra hor gure hitzen edukietariko bat-. Batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Hemen ere, izaera kontua da gakoa, eta pertsonaren sexuak zerikusi gutxi dauka.

> Berria: Lesbofobia > EMAKUME BATI BI ALABEN ZAINTZA KENDU DIOTE, LESBIANA DELAKO

  • Emakume bati bi alaben zaintza kendu diote, lesbiana delako
  • EITB 24, 2007-07-23

Epailearen ustez, beste emakume batekin duen harremana "kaltegarria" da bi alabentzat. "Amak hautatu egin beharko du: alabak edo bikotekidea", nabarmendu du.


Fernando Ferrin Murtziako Lehen Auzialdiko 9. Epaitegiko epaileak aitari eman dio bere bi alaben zaintza, behin-behinean, amak beste emakume batekin harremana duelako. Harreman horrek neskengan eragin txarra izan dezakeela esan du epaileak.


Emakumeen 16 elkartek eta Homosexualen, Transexualen eta Bisexualen Federazioak (FELTG) epailearen erabakia salatu dute, haren ideologia inposatu nahi izan duelako, legea ezarri beharrean.


Duela gutxi, Murtziako Auzitegi Nagusiak ikerketa hasi zuen, Ferrin epaileak urtebete baino gehiago luzatu zuelako emakume lesbiana batek neska bat adoptatzeko prozesua. Emakume horren bikotekidea neskaren ama biologikoa da.


Hori horrela, aipatu elkarteek epailea zigortzeko eta espedientea irekitzeko eskaera aurkeztu dute gaur Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian (CGPJ).


Autoan, epaileak "egiaztatutzat" jo du amaren eta beste emakumearen arteko harremana kaltegarria dela bi alabentzat. "Amak hautatu egin beharko du: alabak edo bikotekidea", nabarmendu du.


Epailearen ustez, harreman hori kaltegarria da neskatoentzat "aita bat eta ama bat izateko eskubidea" dutelako, eta ez bi ama edo bi aita. "Giro homosexualak kalte egiten die adingabeei, eta haiek ere homosexualak izateko arriskua handitzen du", gaineratu du.


Gainera, Sexu Indarkeriaren kontrako Legea kritikatu du, "salaketa faltsu ugari" daudelako; eta ezkontza homosexualak legeztatzeko erreforma ere, "zorigaiztokoa" eta "seguru aski konstituzioaren kontrakoa" dela iritzita.

2007/07/19

> Berria: Homofobia > SIZZLA KALOJNI ABESLARI JAMAIKARRA EUSKAL HERRIAN IZANGO DA LEHEN ALDIZ

  • Belarra mozteko garaia iritsi da
  • Sizzla Kalonji abeslari jamaikarra Euskal Herrian izango da lehen aldiz, Belarreggae 07 jaialdian
  • Berria, 2007-07-19 # J.S.

Sizzla Kalonji ezagun bezain ezezaguna da reggae soinuak gogoko dituztenen artean. Eskaintzen dituen emanaldi gehienetan, sarrerak agortzen dira. Aukera gutxi dago, hortaz, Kalonjiren mailako reggae abeslariak ikusteko, eta Euskal Herrian are gutxiago. Ez da inoiz hemen izan eta, berriz ere etortzekotan, zail, oso zail, izango da haren kontzertura joatea. Sizzla Kalonjik ez ditu kontzertuak aldez aurretik iragartzen. Misteriotsua da abeslari jamaikarra.


Sizzla Kalonji Zornotzan larunbatean izango den Belarregae 07 jaialdian izango da, The Firehouse Crew taldekideekin batera. Junior Kelly, Chulito Camacho & Ranking Soldiers eta Jahsta Reggae Band izango dira, besteak beste, jaialdian.


Miguel Orlando Collins Sizzla Kalonji (St Mary, Jamaika, 1976) reggae musikaren barruan 80ko hamarkadan bogan zegoen dancehall mugimendua ezagutu, eta bertako buru bilakatu zen. 31 urte besterik ez du, baina 30 lan eman ditu argitara jada. Digi-riddim sintetizadoreak sortzearekin batera jaio zen dancehall estiloa. Garai haietan, Bob Marley eta Jacob Millerren itzal luzeak reggae musikaren garapena oztopatzen zuen. Bide berriak ireki behar zituzten gazteek, eta digi riddimaz baliatu ziren horretarako. Musika tresna berriak, halere, reggae musikaren estandarizazioa sorrarazi zuen. Botoi bat sakatu, eta erritmo baseak eginda zeuden. Edozeinek egin zezakeen reggaea, eta reggaea sekulako negozio bilakatu zen musika ekoizleentzat.


Miguel Orlando gazteak rastafarien jatorrizko izpiritua galtzen ari zela nabaritu zuen; abestietako letrak negargarriak iruditzen zitzaizkion. Garai hartako disko guztiak negozio egiteko besterik erabiltzen ez zirela salatu zuen. Musika industriarekin apurtu eta berak nahi bezalako diskoak ekoizten hasteko erabakia hartu zuen: Black Woman and child (1997), Royal Son on Ethiopia (1999) eta Da Real Thing (2005) azken urteetako reggae diskorik onenetarikoen artean daudela esan izan dute musika estilo honetan adituak direnek. Sizzla Kalonjiren ahotsa eredu bilakatu da reggae eta hip hop zaleen artean. Entzun, bestela, jaialdian parte hartuko duten beste taldeak.

> Berria: Homofobia > BELARREGGAE EDO SIZZLA KALONJI RASTAFARIAREN ESTREINAKO BISITA

  • Belarreggae edo Sizzla Kalonji rastafariaren estreinako bisita
  • Jaietan murgildurik dabilen Zornotzak Belarreggae jaialdia ospatuko du bigarrenez. Bertan, Karibeko erritmo beroak dantzatzeko aukera izanen dugu Chulito Camacho, Junior Kelly edo Euskal Herrian estreinakoz abestuko duen Sizzla Kalonji izar jamaikar handiarekin.
  • Gara, 2007-07-19 # Anartz Bilbao · Bilbo

Iaz Zornotzan abiatutako festibala dugu Belarreggae, izenak berak agerian uzten duen moduan, doinu jamaikar beroz blai datorrena. Radiationek antolatua, indartsu jaio zen jaildia Luciano izarraren parte hartzearekin eta indartsu dator oraingoan ere, Sizzla Kalonjik gurean egingo duen lehenengo agerraldiarekin. Miguel Orlando Collins 1977an jaio zen Saint Maryn, eta reggae musikako izar handia dugu egun. Jamaikako gazteriaren pobrezia, itxaropenik eza eta zapalkuntza ditu gai hitzetan Bobo Ashanti rastafari sinesmeneko artistak eta dagoeneko hogeita hamar lanetik gora ekoitzi ditu, 1995ean Zagalou disko etxean «Burning Up» debuta egin zuenetik. Azkena, hamabost kantez osatutako «I-Space», Greenseleeves disko etxean plazaratu duen hamargarrena. Ekoizle lanak Byron (In The Streetz) Murrayk egin ditu Big Yard estudioetan.


Azkenaldian kalapita ugari sortu da artista jamaikarraren hitzekin eta homofoboa izatea leporatu izan diote izarrari. Zornotzan The Firehouse Crew bandarekin arituko da.


[…]


Polemika

Homofobia salaketa bortitzak jaso ditu Sizzla Kalonji jamaikarrak eta zenbait erakundek letretan gay jendea hiltzera animatzen duela leporatu dio eta kontzertu batzuk bertan behera gelditu zaizkio.

2007/07/15

> Iritzia: Yolanda Elorriaga > ZAPALDUEN OLERKIA

  • Zapalduen olerkia
  • Berria, 2007-07-15 # Yolanda Elorriaga · Gernika

Ekainaren 29a, ostirala, San Pedro jaiak, askoren aldarte etsituarekin zerikusia izango ez duten arren.


BERRIAko portadan hiru titular nabarmen: gorengoa, Jose Antonio Sistiagaren aipu dotorea: «Benetako artelana eternoa da»; hurrengoa letra handienekin eta beltzenekin gai krudel etsigarri eterno bati buruzko goititulu ezin argigarriagoa, beste emakume baten hilketa iragartzen duen hauxe hain zuzen: «Hiru emakumetik bati ukatu egin zioten eskatutako babesa iaz EAEko epaileek»; eta orrialdearen behealdekoa beste hau: «Erabateko berdintasuna aldarri», gay, lesbiana eta transexualen Nazioarteko Eguneko mobilizazioari buruz.


Bai, zapalkuntzaren gaia gai eternoa da, eta gizakia existitzen denetik Eñaut Elorrietaren kantu ederraren moduko artelanen sortzailea dena, gizakiak bere buruaren defentsan sortzen duelako.


Eta bai, egia da, erabat traumatikoa da iraindu eta zapaldu zaituen hura jendearen bitore eta txaloen artean goratua dela ikustea.


Baina ez zait bakarrik niri gertatu, egunero gertatzen zaie Iraken edo hirugarren munduko miserian hiltzen direnei Bush eta mundu honetako beste agintariak euren hauteskunde kanpainetan bitore eta txaloen artean goratuak diren bitartean, eta egunero gertatzen zaie gure mundu modernoan genero indarkeria, bulling-a, mobing-a, edo beste mila zapalkuntza mota zahar jasan behar dutenei, kontu jakina baita mugagabeko botere gose basatia gizakiaren erroan dagoela, eta norberaren frustrazioa besteen zanpaketaz arintzearena primate guztien betiko ohitura zaharra baino ez dela.


Hirugarrenez idazten dut gai berari buruz, eta dagoeneko soberan dakit ez dudala ezer aldatuko. Ez dut itxaropen horrekin idazten, bizirik nagoelako baino.

2007/07/13

> Berria: Festak > MAIRUAREN ALARDEA, ANTZUOLAKO JAIETAKO EKITALDIRIK AIPAGARRIENA

  • Mairuaren Alardea, Antzuolako jaietako ekitaldirik aipagarriena
  • Hasiak dira 2007ko Antzuolako jai nagusiak. Kanpai eta suziri artean jaietarako deia kalejira baten bidez zabaldu ostean, antzuolarrak festa giroan sartu ziren atzo. Lehen egunean, kantu-afaria eta Hontzaren Jaitsiera izan ziren ekitaldirik arrakastatsuenak. Hala ere, urtero bezala, zapatuko Mairuaren Alardeak piztuko du ikusmin handien. Antzuolarrek antzina Abd al-Rahman III.aren tropei irabazitako bataila gogorarazten du historiaz jositako ekitaldiak.
  • Gara, 2007-07-13 # Jokin Bereziartua

Atzotik hasi eta igandera arte, Antzuolan jai giroa izango da nagusi. Aurtengo egitarauak adin guztiei zuzendutako hamaika ekitaldi eskaintzen du. Jolasak, feriak, kontzertuak, herri bazkariak eta herri kirolak aurki daitezke, beste ekitaldi batzuen artean, aurtengo jaien programan. Aspertzeko unerik ez, beraz.


Atzo, jaietako egun guztietan bezalaxe, ez zen umeei zuzendutako jarduerarik falta izan. Goizeko hamar eta erdietan, udaleku irekietako begiraleekin jolasak egin zituzten, eta geroago, eguerdiko bietan, herriko plazan guztiek bapo-bapo bazkaldu zuten. Beste alde batetik, gazteek jaietan beren topaleku nagusi izango diren txosnak ireki zituzten, eta gauean Ipar Irlandako talde baten kontzertua izan zen Zurrategi plazan; Terry O´Nellyrena, hain zuzen ere. Bestalde, Gimnasia Erritmikoko eta Antzuola Kirol Elkarteko kirolariek Hontzaren Jaitsiera egin zuten, «gau iluneko erregeak bere begiradarekin» antzuolarrak zain ditzan. Helduek, ordea, Herriko Plazan afaldu ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldearekin euskal kantekin gozatzeko aukera izan zuten.


Memento nagusia

Nolanahi ere, jaietako memento nagusia uztailaren 14an gertatuko da, arratsaldeko seietan. Izan ere, jaietako zapatu arratsaldeetan egiten duten Mairuaren Alardea da, ezbairik gabe, Antzuolako Jaietako ekitaldi nagusia. Mairuaren Alardearekin Baldejunkerako -Salinas de Oro eta Muez herrien artean dagoen harana- batailan Antzuolako talde baten borroka gogorarazten dute. Orduko Kordobako kalifari, Abd al-Rahman III.ari hain zuzen, gudua irabazi ziotela irudikatzen duen bandera kentzea omentzen du Antzuolako herriak ekitaldi horretan. Bandera historiko horren kopia bat kaleratzen dute. Horretarako, egitarauren antolatzaileen esanetan, «kolorez beterikoa, originala eta ikusgarria» den desfile bat egiten dute.


Antzuolatarrentzat hain berezia den ekitaldi horren ezaugarri aipagarrienak musika, bandera, kapitainaren hitzaldia eta abesten dituzten bertsoak dira. Desfilearen ondoren eta Antzuolako herriak duen dantza-tradizioaren adierazle, herriko dantzariek Trokeo dantza izeneko dantza egiten dute. Gutxienez bi mende ditu.


[…]

2007/07/05

> Berria: Zinema > ITSASONDO: "TORMENTA DE VERANO" UDAKO GAUEKO ZINEMA ZIKLOAN

  • Lau pelikula eskainiko dituzte udako gaueko zinema zikloan
  • Gai sozialak jorratzen dituzten filmak aukeratu dituzte ostiral gauetarako
  • Goierriko Hitza, 2007-07-05 # Arkaitz Apalategi

Itsasondoko Kultur Elkarteak eta Udalak II. Gaueko Zinema Zikloa antolatu dute hil honetarako. Guztira lau film eskainiko dituzte ostiral gauetan, bihar hasi eta uztailaren 27ra bitartean. Udako gauetan aisialdirako aukera eman nahi izan diete antolatzaileek herritar guztiei. Emanaldiak gaueko hamarretatik aurrera izango dira, eliza ondoko frontoian.


Aurtengo edizioan, garrantzi berezia eman diete filmek lantzen dituzten gaiei. Antolatzaileek diotenez, «ziklo hau antolatzeko orduan gai sozialak ukitzen dituzten filmak aukeratu ditugu, adin guztietako jendearentzat egokiak direnak». Horren adibide da bihar bertan botako duten filma. Izan ere, gay eta lesbianen nazioarteko eguna igaro ondoren, gai horren inguruko kontzientzia zabaltzen jarraitu nahi dute. Horretarako Marco Kreuzpainter zuzendariaren Tormenta de verano lana aukeratu dute, EHGAMeko kideen laguntzarekin. Arraunlari talde batean dabiltzan bi mutil udako kanpamendu batera joango dira, eta bien artean zerbait sortuko da.


Gaueko zinema zikloan euskararen presentzia ere bermatu nahi izan dute; horregatik, bi pelikula euskaraz eta beste bi gaztelaniaz eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, euskaraz eskainiko duten filmetako bat da Brian Koppelmanen Ajuste de cuentas filma. Hilaren 27an, berriz, Mark Hermanen Brassed off filma emango dute, hori ere euskaraz. Ikatz meategi bateko langileen historia kontatzen da bertan.


Lau emanaldien artean Michael Winterbottomen In this world filma izango da berezienetako bat. Dokudrama horrek errefuxiatu zelai batean bizi diren bi haur afgnaniarren bizimodua kontatzen du. Kritikaren harrera ona eta hainbat sari jaso ditu filmak, Berlingo Urrezko Hartza esaterako.

2007/07/03

> Iritzia: Asier Sarasola > INOREN IZENEAN

  • Inoren izenean
  • Berria, 2007-07-03 # Asier Sarasola

Iragan berri da gay eta lesbianen nazioarteko eguna. Madrilen, hiriburu espainiarrean. Gallardon alkate dela eta PPren gehiengo absolutua nabarmen oso izan den probintzian. Zapateroren gobernuak ezkontzari buruzko legediak egokitu ostean. Batak hala besteak erabili ahal izango dute beraz, dirudienez, gobernuburu izateko norgehiagoka izaten denean. Tarte berezia eskaini nahi izan zion Cuatro kateko erreportaje programak, Callejeros-ek, hiriburuko hitzordua zela eta. Kalekoaz bainoago jardutera, etxekoaz eta etxekoez, ordea.


Zer esan zuten gurasoek jakin zutenean, nola egin? Galdera horren pean atariz atari eta solasean. Bizioa izango da, baina, horrela, etxean ikusten genituela eta hain egiten zaidala urruna, interesaren arabera erabili nahi zaituen lagunaren tankerakoa, ikusten ez dugun ahotsa elkarrizketatuarekiko, beldur izatera iritsi nintzen ez ote ziren handik “SOS, adolescentes” bainoago “Nerabeak, alerta gorria” den saioko psikologoa irtengo. Kalean egin litekeen galderarik ez zitzaien bururatuko saioko gidoilariei, arduratzeko moduko zer edo zer.


Madrilera iritsitakoen artean ordezkari poloniarrak genituen mediatikoenak. Ez da gutxiagorako. Jakingo duzue bertako agintariak zer asmorekin dabiltzan azkenaldian. Elizak zer esanik izango du gobernuaren norabidean, Wojtila aurrerakoia oso genuela esaten zutenak ere badira. Bestalde, nondik hartuko zuen izena Krakoviak? Kraka hobitik esatea ez liteke zilegi, baina neurriok ez dira urruti ibiliko.


Zer den eliza, aizue. Wojtila egin nahi dute santu orain, milioka pertsonaren audientzia izan zuen Robert Kubicka Formula 1eko gidariaren istripuan, pilotua onik ateratzea hark obratu mirakulua ote den ikertzen hasi baita Vatikanoa. Tele5 katearen emankizunean eman den ikusgarriena, esatarien hitzetan. Suntsipenaren estetikazaleak inondik ere, espikerrak. Eta santu egin nahi dute, eta istripua dela kausa, nolabait errepidean hiltzen direnen zaindari bilaka dadin edo, bera, Papamobilaren Aita hain zuzen. Hain justu, udara, errepide kotxez betetakoz bihurtuko denean. Oportunismoa ezingo diogu ukatu Ratzinger atzerakoiari. Zalantza dut ez ote den Formula 1eko gidari izena ala Chueca auzoko taberna bati egoki letorkiokeena.

2007/07/02

> Iritzia: IMANOL ALVAREZ · EHGAM > EUSKAL GAY MUGIMENDUAK 30 URTE

  • Euskal gay mugimenduak 30 urte
  • Aldaketa 16, 195. zk., 2007-07-02 # Imanol Alvarez · EHGAMeko partaidea

Euskal Gay Mugimendua osatzeko asmoa 1976ko azaroan otu zitzaigun lagun bati eta bici Durangoko Liburu eta Diskoaren azokaren testuinguruan. Hortik gutxira, 1977ko hasieran hain zuzen, EHGAMen jendaurreko aurkezpena burutu zen. Agian horrexegatik izan du beti oraindik kide naizen taldeak nahiko erlazio estua euskararekin eta euskal kulturarekin.


Denbora honetan guztian askatasun sexualen eremuko aldaketa ugariren lekukoa izan da euskal gay mugimendua. Baina, lekukoa izateaz gain, baita aldaketa hauen motore nagusienetarikoa izan dela baiezta dezakegu inolako zalantzarik gabe.


Hogeita hamar urte lerro gutxi batzuetan laburtzea ezina bada ere, zenbait mugarri aipatuko ditut:


-1977an eta 1978an Madrilgo Kongresuan parlamentari batek lehen eta bigarren aldiz hitz egin zuen gay-lesbianen aldarrikapenen alde. Diputatu hori garai hartako Euskadiko Ezkerrako Francisco Letamendía Belzunce “Ortzi” izan zen.


-1978an polizia batek Francisco Vadillo (Francis) trabestia (orduan esaten zen bezala) hil zuen Errenterian. Erailketa honen aurrean Gipuzkoako EHGAMek protestaldi eta mobilizazioak antolatu zituen. Oso arrakastatsuak izan ziren ekitaldiak, baina, haien ondorioz, taldekideek jazarpen basatia pairatu behar izan zuten denboraldi batez, elementu parapolizialen aldetik. Urte horretan ere izan zen Euskal Herrian lehenengo ekainaren 28ko manifestazioa Bilbon. Estatu mailako COFLHEE koordinakundea sortu zen hogeiren bat urtez erreferentziala izan zena


-1979an lortu genuen oraindik indarrean zegoen Arriskutasun Soziakeko Legea aldatzea, homosexualitatea bertatik ateraraziz. Ordura arte, harreman sexual izatearen susmo hutsagatik edonor izan zitekeen kartzelaratua lege horren arabera. Urte honetan bertan lesbianen kolektiboak hasten dira sortzen, nahiz eta lesbiana askok talde mistoetan segitzeko erabakia hartzen duten.


-1983an lortzen da EHGAMen legeztatzea, lau urte lehenago eskatu arren.


-1989an COFLHEEk Lege Antidiskriminatzaile Proiektua aurkezten du. Politikariek gehiegi zelakoan, ez zioten jaramon handirik egin. Halere, eta zorionez, bertan agertzen ziren iradokizun eta aldarrikapen gehienak joan ziren apurka-apurka zertuz: kode militarraren aldaketa, hirialokairuen legea, bikote-legea, ezkontzarena…


- Aipagarriak lirateke, era berean, Hiesaren kontrako hiritar batzordeen sortzea 80ko hamarkadan (EHGAMek bultzatuak, hies-homosexualitatea identifikazioa hautsi nahian), Munduko osasun Erakundeak 1990ean homosexualitatea behin betiko kentzea gaixotasun-zerrendetatik, gay-les taldeen ugaritzea 90eko hamarkadatik aurrera (hogeiren bat talde daude gaur egun Euskal Herrian)… Zerrenda luzea da. Ezin, ordea hemen aipatzea merezi duten guztiak aipatu.


Garaipenak asko izan dira, bai, baina erronka mardulak ditugu hemendik aurrera lanean segitzeko: homofobia handia dago oraindik gizartean, batzuetan oso sotila bada ere; oraindik badira sexualitate mota asko zokoratu edo arbuiatuak (belaunaldien arteko harremanak, sadomasoak…); etorkin gehienak gurea baino are homofoboak diren kulturetatik datozkigu…


Dena dela, gehien kezkatzen gaituena da ikustea nola leku askotan lehengo manifestazio eta aldarrikapenak inauteri eta jaialdi bihurtu diren. Festa, jakina, oso onuragarria da, besteak beste, buru-osasunerako. Ez dugu, beraz, gaitzetsiko. Baina, erabat salagarria iruditzen zaigu, aldiz, merkatariek egiten duten ekainaren 28aren erabilpena. Iraingarria eta mingarria ere iruditzen zaigu, errebindikazio oro baztertu eta ezkutatu egiten dutelako, errealitatea faltsutu egiten dutelako eta, azken batean, gay-lesbianak diseinuzko urrezko kaiolekin engainatzen saiatu. Are mingarriagoa dena, hau guztia gay-talde askoren laguntzarekin egiten dute.


Homofobia salatuz jarraituko dugu. Gizarte justuago eta libreagoarekin amesten jarraituko dugu.

2007/07/01

> Iritzia: Araitz Mendibil > SEXUALITATEA ASKATASUNEZ BIZI

  • Sexualitatea askatasunez bizi
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-07-01 # Araitz Mendibil · Bilgune feministako kidea, Errenteria-Orereta

Azken urte honetan aldaketa handiak ematen ari dira gay, lesbiana, transexualen eskubideei dagokionean. Baina ezin dugu alerta jaitsi, legeek hainbat eskubideren aitortza helburu badute ere, aniztasunaren errespetutik oso urrun aurkitzen garela adierazten diguten datu eta gertaerak ditugu egunero.


Familia eta beronen egitura heterosexualaren bidez banatzen eta antolatzen ditu rolak patriarkatuak, berau «normala» eta beste guztia «desbiazioa» dela jendarteari muinetaraino sartuz. Erlijioak eta instituzioak ere, arau bihurtu duten normaltasun honen atzetik mugitu dira. Arau hausle hauek jendartetik aparte, ezkutatuta bizi behar izan dute beraien sexualitatea eta egun egoera ez da uste dugun bezain beste aldatu. Ikastetxeetan oraindik ere, bere sexuarengandik espero ez diren jarrera maskulino edo femeninoagoak izateagatik baztertuak diren ikasleak asko dira; eta hau adibide sinpleenetakoa izanik, ondoren jendartean ematen diren jarrerak are bortitzagoak izaten dira.


Aukera sexual guztiak behar dute bere espazioa jendartean. Arau mugatzaileetatik haratago joan eta jendarte anitza, oztoporik gabea eratzeko ardura dugu guztiok, norma heterosexualarekin amaitzekoa. Gure aukera sexuala momentuan dena izanda ere askatasun osoz bizitzeko eskubidea guztiok ez dugun eskubide bat da.


Dikotomiarekin bukatu

Emakume/gizon=femenino/maskulino genero dikotomiarekin amaitzeko beharra aldarrikatzen dugu jendartean. Genero eta sexuen arteko bereizketekin amaitu eta pertsona guztiak era berean baloratzeko ordua da, bere jarrera ezaugarri sexualak direnak izanda ere. Hau dugu sexuen eta rolen aferarekin amaitzeko era.


Azkenik, ezin gara ahaztu lesbianen arazo, behar eta eskubideekiko mugimendu feministatik izan dugun utzikeria. Gu geu ere arau sexualen aferan aniztasuna kontuan hartu gabe ibili izan gara urte luzeetan zehar. Bada ordua zatiketekin etxetik bertatik amaitzekoa. Horregatik dei egiten diegu feminista, emakume eta aurrerakoi sentitzen den orori ekainaren 28an egingo diren mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzera.