- «Espetxe politika krudela» bukatzeko presio soziala eratu nahi du Etxerat-ek
- Larunbatean Bilbon egingo duten nazio manifestaziora joateko deia egin du presoen senideen elkarteak
- Berria, 2008-12-31 # Ekaitz Goienetxea • Bilbo
Manifestazio isila egingo dute Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, zapatu honetan (Aita Donostia plaza, 17:30), eta ahalik eta jende gehien azaltzeko eskatu du presoen senideen elkarteak. «Bilgune indartsu bat egin behar dugu, aldarrikapen hau ozen entzun dadin beharrezkoa den leku guztietan».
Lau puntutan laburbildu ditu Etxerat-ek aldarrikapenak: gaixotasun larriak dituzten presoak «berehala» askatzea; bizi osorako espetxe zigorrak amaitzea; bakartzeak bukatzea; eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea.
Jone Artolaren esanetan, gizarteak badu «indarra» espetxeetako egungo egoera aldatzeko, eta «gustura» daudela adierazi du, jaso duten sostenguarekin. «Konpromisoak eskatu ditugu, eta gustura gaude euskal herriko eragile sozial eta sindikalek mahai gainean jarri ditugun oinarrizko aldarrikapenei emandako babesarekin».
3.000 atxikimendu
Guztira 2.947 atxikimendu bildu ditu. Hainbat talde eta norbanakorekin bildu da azken hilabeteotan Etxerat, «gizarteko ahalik eta eremu zabalenera iristeko». Gehiengo sindikalaren babesa lortu dute, esate baterako: EHNE, ESK, EILAS, ELA, LAB eta Hirurena. Ezker abertzalea eta Aralar ere batu zaizkie, eta baita beste hainbat gizarte eragile ere, Lokarri, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak... Espetxeetan dituzten senideei eta beraiei buruzko esperientziak azaldu dizkiete Etxerat-ek haiei guztiei. «Bizipen, sufrimendu eta ezintasun hau nolabait aldaketarako indar bilakatu nahiak eraman gaitu horretara».
Errealitatea benetan gogorra dela dio Jone Artolak, eta hainbat adibide eman ditu: hogei urte espetxean dauden hainbati hamar urtez luzatu diete zigorra, bakartuak eta isolatuak «asko» dira, minbiziarekin presondegian jarraitzen dutenak ere badira, «ehunka» kilometrotara «ia-ia guztiak», bisitetarako eta gutunak jasotzeko «zailtasunak» dauzkate.
Bilboko kaleetan «milaka eta milaka» lagun batuko direla uste du Etxerat-ek; jasotako babesak hori pentsarazten die presoen senideei. «Badira une batzuk eguneroko lan hau guztia bildu eta bateraturik, indarturik erakusteko». Egun hori datorren larunbata dela adierazi du Etxerat-ek.
Aralar: «politika zekena»
Aralar alderdi politikoak ere bat egin du manifestazio deialdiarekin, eta presoen egoera salatu du. «Euskal Herriko gatazka politiko luzean presoena da alderdirik mingarrienetakoa, eta Espainiako Gobernu ezberdinek politika zekena darabilte gai honetan».
Bereziki kezkagarritzat jo du preso gaixoen eta hiru laurdenak beteta dituztenen egoera. Horiek askatzeko galdegin du. «Sakabanaketa politikak euskal presoen giza eskubideak urratzen ditu, alde batetik, baina haien senitartekoei ere inork merezi ez duen zigorra eransten die».
Eragileen atxikimenduak
EHNE, ESK, EILAS, ELA, LAB, Hiru, Ezker Abertzalea, Aralar, Askapena, Elkartzen, Emun, EHGAM (Bizkaia), Lokarri, GITE-IPES, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Betagarri musika taldea, Ken 7 musika taldea, Komite Internazionalistak, Herria 2000 Eliza aldizkaria, Hernaniko Gazte Asanblada, Eraldatu, Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE), Gazte Independentistak, Gazte Komunisten Kolektiboak (GKK), Ikasle Abertzaleak (IA), Ikasle Ekintza, Presoen Aldeko Taldeak, Sare Antifaxista, Oiartzun Irratia, Anai Artea, Indar Gorri, Txori Barrote, Lakaxita Gaztetxea, Kabia Kultur Elkartea, Askapena, Elkartasun Batzordeak Euskal Herriarekin, Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak, Errondabide Kultur Elkartea, Txarrantxa Taberna