2008/01/31

> Berria: Oroitzapena > ERANTZULE POLITIKOAK ARGITZEKO ESKATU DIOTE MARTXOAREN 3KO BIKTIMEK LEGEBILTZARRARI

  • Erantzule politikoak argitzeko eskatu diote Martxoaren 3ko biktimek Legebiltzarrari
  • 1976an Gasteizen izandako gertaerak argitzeko sortutako batzordean agerraldia egin du elkarteak
  • Berria, 2008-01-31 # Edurne Begiristain · Gasteiz

1976ko matxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien erantzule politikoak gizartearen aurrean zeintzuk diren argitzeko eskaera eraman du Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak Eusko Legebiltzarrean sortutako batzorde berezira. Batzordeko kideek salatu dute inork ez duela argitu sarraski haren erantzuleak zeintzuk diren, nahiz eta 32 urte pasatu diren Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehundik gora zauritu zituenetik. Hori dela eta, Gasteizko gertakariak ikertzeko sortutako batzordeari galdegin diote 1976an agintaritza eta botere karguak zituztenen erantzukizun politikoak ezarriko dituen ebazpen bat egin dezan.


Gasteizko jazoerak sakonago ikertze aldera, Legebiltzarrean sortutako batzorde bereziaren lehen saioan egin dituzte eskakizunok biktimen elkartekoek. Orain dela 32 urte izandako sarraskiaren inguruan Valentin de Foronda Historia Institutuak egindako txostena ontzat jo arren, elkartekoek iritzi diote lan horrek ez duela zehazten gertatutakoaren erantzukizun politikoak. Besteak beste, Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak salatu du Manuel Fragak, garai hartan Gobernazioko ministroa zenak, kargu politiko batean jarraitzen duela eta ez duela azalpenik eman «izugarrikeria» harengatik. «Onartezina da oraindik jardunean egotea», adierazi du.


Nolanahi ere, elkarteko kideek ohartarazi dute ez dutela itxaropena galduko egunen batean gertakari haren arduradunak epaituen jarlekuetan ikusteko. «Justizia kontu bat da, eta senideek, lagunok eta gizarteak, oro har, lortzea espero dugu».


Martxoaren 3ko biktimen elkartearen ustez, gainera, Poliziaren oldarraldia aldez aurretik «ongi planifikatutako» ekintza bat izan zen, eta asmo argia zuen: «Sistema demokratiko baten alde borrokatzen ziren langileei eskarmentua ematea». Areago, elkarteko bozeramaileak azaldu du zalantzarik ez dutela garai hartako estatuko eta tokiko arduradun politiko eta polizial gorenen «onespena eta baimena» izan zuela Poliziaren jokabideak.


BIKTIMAK. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote Gasteizko gertakarietan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona guztiak -hil, zauritu edo kartzelatu zituztenak- biktimatzat har ditzan, eta Terrorismoaren Biktimenganako Elkartasunaren Legean jasotako kalte-ordain ekonomikoa jaso dezaten. Txaskoren ustetan, Espainiako Kongresuak onartutako Oroimen Historikoaren Legeak «trantsizioko» biktimak aintzat hartzen ez dituenez, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko ditu kontuan «askatasunak berreskuratzeko eta demokrazia ezartzeko borrokan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona haiek guztiak».


TALDEEN IRITZIA. 1976ko martxoaren 3ko gertaerak argitzen lagunduko duen ebazpena egitea begi onez ikusi dute EAJ, EA, EB, EAB eta PSEren legebiltzar taldeetako ordezkariek -PPko ordezkariak ez du parte hartu batzordean-. Nolanahi ere, PSEko legebiltzarkide Antonio Riveraren aburuz, «oso zaila» izango da zehaztea Poliziaren jokabidea aldez aurretik planifikatua izan zen ala bat-batean hartutako erabakia izan zen. PSEko legebiltzarkideak iritzi dio Espainiako Gobernuak «esku zabal» jokatu beharko lukeela martxoaren 3ko biktimak Oroimen Historikoaren Legean tokia izan dezaten.


Rafa Larreina EAko legebiltzarkidearen ustez, ezinbestekoa litzateke Poliziaren oldarraldiaren ondorioz kalte egindako pertsona guztien zerrenda osatua egitea, Jaurlaritzako Biktimen Elkartasunerako Legeak pertsona horiek guztiak biktimatzat har ditzan.

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME NAGUSIEN SEXUALITATEA

  • Emakume nagusien sexualitatea
  • Gara, 2008-01-31 # Laura Mintegi · Idazlea

Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia


Adin ertaineko emakumeen sexualitatea ezagutzeko inkesta bidali didate Kordobatik. Lehenengo galdera adina izan da, 50-59 urte, 60-69, 70-79, 80-89 edo 90etik gora. Horri erantzutea erraza izan da. Ordutik aurrera dena izan da zalantza, baldinba, ez ote, segun eta norekin, agian noizbait, garai hartan baliteke, unearen arabera, eztakitpa...!


Galdera bakoitzarekin zalantza bera: erantzunak egiatan islatzen du sexuak sorrarazten duen kilika, edo uste/sumatzen dudana erantzuten dut, dagoeneko jakin dakidana esanez.


Nork bere buruari gezur txikiak sarri esan badizkio, une batean ez du jakiterik zer den egia eta zer egiantzekoa. Desiraren gainean constructo hutsa eraiki du, arrazionala, eta «ikasita» du bere jarrera sexuarekin, gogoratu gabe nola eragin zion sexuak lehen aldi urrunean. Ahaztu du bere jite naturala eta memorizatu ditu jokabide ikasiak, monotoniak eta harreman inposatuek metatuta. Errealitatea baino errealago bizi du buruan eraiki duen fikzioa: ez dit esaten, baina pentsatzen du; nahiz eta adierazi ez, berak ere gauza bera sentitzen du; ez zaio antzematen baina nire jokamolde hau gustatzen zaio gehien.


Genero femeninoak intentsitate handiaz bizi du desira, oraindik ez-dena, eta eroso murgiltzen da erregistro sentsorialean, definitu gabeko harremanetan, ez-berbazko lengoaian, begiraden unibertso isilean; desiraren arloan, alegia, sexualitatearen muinean.


Inkesta anonimo honetan gauza intimoak galdetzen dira (zaletasunak, praktikak, ohiturak, filiak, fobiak). Baina praktika sexuala baino gehiago, jarrera ikertu nahi dute: «zer nahi zenuke aldatu/hobetu zure oraingo harreman afektibo-sexualean? Uste al duzu egun oztoporen bat duzula zure sexualitatea bizitzeko? Zerk eragiten zaitu gehien, ziurtasun ezak, beldurrak, lotsak, zure gorputzarekiko irudiak, seme-alaben iritziak, iraganeko oroitzapenak, interes faltak, bortizkeriak, espazio egokirik ez edukitzeak, beste etapa batean egoteak, bikotekide ezak, nekeak edo sentitzeak zure bikotekideak ez zaituela nahikorik baloratzen?».


Galdera «sinpleetatik» (Heterosexuala zara? Lesbiana? Bisexuala? Besteren bat?) atoan jotzen du nahien arlora: «Bikotekide berria nahi zenuke? Gizonezkoa edo emakumea?».


Adin ertaineko emakumeek garai ezberdinak bizi izan dituzte sexualitatearekin: frankismoaren errepresioarekin hasi, 68ko ideia libertarioetatik pasa eta ondorengo destape iberikora. Dena bekatua zen garaitik pasatu ziren maitasun librera eta, azkenik, arau moralik gabeko garaira. Adinekoenak ama gazte-gazteak izan ziren; gazteenak, ordea, ama berantiarrak, profesionalak izateko presio ikaragarria pairatu baitzuten.


Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea (ikus Audre Lorde) emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia. Eta orain inkesta batek galdetzen die: «zer gustatzen zaizu? Eta zer nahi zenuke probatu?». Ba al dago erantzunik dagoeneko?

> Berria: Argitalpenak > "GENTE DE ERRENTERIA" LIBURUAN HERRIKO 25 PERTSONAIA ELKARRIZKETATU DITUZTE

  • 'Gente de Errenteria' liburuan herriko 25 pertsonaia elkarrizketatu dituzte
  • Oarsoaldeko Hitza, 2008-01-31

Elisabeth Montes eta Donato Castaño kazetariek herriko 25 pertsonaia elkarrizketatu dituzte 'Gente de Errenteria' liburuan. "2007. urtean protagonista izan diren herritarrak aukeratu ditugu, arlo askotarikoak", azpimarratu zuten prentsaurrekoen liburuaren egileek.


Protagonisten zerrenda

Juan Carlos Merino, Alkatea. Mikel Odriozola, Atleta. Jose Maria Muñoa, Apaiza. Mikel eta Jon Bagues, Musikariak. Sara Carracelas, Igerilaria. Mari Cruz Sanchez, Dantza irakaslea. Ainhoa Franco, Dantza ikaslea. Inaxito Albisu, Irakaslea. Josetxo Oliveri, Jone Idiazabal, Jon Kortajarena eta Kepa Oliveri, Artisau Azokaren antolatzaileak. Andoni Agirregomezkorta,Telebistako aurkezlea. Rafa Bandres, Kazetaria. Emi eta Maria del Mar, San Markos Plataformako kideak. Angel Elbedin, Kintoen afarien antolatzailea. Mikel Martin, EHGAMeko kidea. Bernarda Borda, Etorkina. Josemi Hernandez, Egunkari saltzailea. Maribel Boubeta, Alaia Elkartea. Aitziber Lopez de Etxezarreta, Landare saltzailea. Miren Zabala, Mendizalea. Jose Luis Urretabizkaia, Ahate zaindaria.

2008/01/17

> Iritzia: Laura Mintegi > SIMONE DE BEAUVOIR-EN IRAKASPENA

  • Simone de Beauvoir-en irakaspena
  • Gara, 2008-01-17 # Laura Mintegi · Idazlea

Eztabadaigarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean


Ez zaiola gustatzen, dio auzokideak, ez zaio batere gustatzen nola egiten diren orain gauzak: «lehen gehiegi aguantatzen genuen, baliteke, baina oraingo hau ere ez dago ondo», esaten du, «bikotekide batekin ezkondu, umeak egin, banatu, beste batekin elkartu eta ume gehiago egin, honi gehitu bikotekide berriaren umeak... ez dago jakiterik zein den familia nuklearra, non amaitzen den norberaren familia eta non hasten den hurkoarena; zenbat amama eduki dezake haur batek? Batzuek hiru eta lau amama dituzte, biologikoak eta bestelakoak, aitaren edo amaren bikotekide berriaren gurasoak ere aitite-amamatzat ditu. Ematen du den-dena dela behin-behinekoa dela, zati baterakoa...», eta burua gaitzespen keinuaz mugitzen du, destainaz.


Auzokidea ez da inoiz izan estuegia konbentzio sozialei dagokiela. Garai batean, egia da, ez zuen ondo ikusten ezkondu gabeko konbibentzia, baina gaur egun etxeko gazteenei esaten die proba egiteko aurretik, eta elkarbizitza ondo joanez gero, denbora izango dutela ezkontzeko aurrerago.


Auzokidea 1938an jaiotakoa da euskal herrixka batean, eta egun ia 70 urte ditu. Hogeita hamar urte lehenago, 1908an alegia, Simone de Beauvoir jaio zen Parisen.


Egia da ez dela gauza bera Parisen jaiotzea edo Euskal Herriko herrixka batean. Baina
emakumeentzako egoera, batean edo bestean, estua eta mugatzailea zen 1908an eta 1938an: formaziorako aukera gutxi, aitaren menpekoak ziren eta ezkontzarako prestatuak. Naturalki pasatzen ziren aitaren babespetik senarraren ordenupera, txintik esan gabe, gizonezkoaren autoritatea ez baitzen jartzen kolokan. Berdin Parisen edo Mungian, Marrakechen edo Cuencan. XX. mendearen hasieran inongo emakumeri ez zitzaion ezagutzen autonomia, irabazi beharra zuten.


Egunotan, Simone de Beauvoir jaio zela ehun urte bete direla, entzun behar izan dugu Simonek egindako gehiena Jean Paul-en itzalean egin zuela; honengandik ez balitz, hark ezer gutxi egingo zuela.


Eztabaidagarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean. Ez dago horrelako argumentaziorik eusterik. Baina, zalantza guztietatik kanpo gelditzen da Sartrek ez ziola ezertxo ere irakatsi Beauvoirri bizitzari dagokiola. Gizonezkoa zen aldetik, edozein modutan bizi zitekeen, ezkondurik edo soltero, konbentzional edo bohemio, bakarrik edo maitalearekin. Simonengandik espero zen, klase sozial bereko gizonarekin ezkontzea, burgeskume batzuen ama keratsua izatea, eta etxekoandre zentzudun gisa jokatzea, soilik. Patua markaturik zuen aurretik, eta ez zuen aukera handirik: bai ala bai, ziotson garaiak.


Simone de Beauvoirren irakaspen handiena ez dago bere liburuetan, baizik eta bere bizimoduan, erakutsi baitzuen posible zela egitea liburuetan idatzi zuena.

> Komunikatuak: Bizkaiko Emakume Asanblada > GURE GORPUTZEN JABE IZAN GAITEZEN: ABORTUA LIBRE DOHAN!

  • MANIFESTUA: GURE GORPUTZEN JABE IZAN GAITEZEN: ABORTUA LIBRE ETA DOHAN !
  • EHGAM-DOK, 2008-01-17 # BIZKAIKO EMAKUME ASANBLADA

Bartzelona eta Madrilgo klinika batzuen ixierak eta ustez legez kanpoko abortuak egiteagatik hainbat lagun atxilotu izanak jendartean sortu duen alarma dela eta, Erakunde Feministeen Kordinadora eta Bizkaiko Emakume Asanbladak ondorengoa


ADIERAZI NAHI DUGU


Berria emateko era alarmistari gure gaitzespena, izan ere, interpretazio interesatuei bide ematen baitie Espainian haurdunaldia nahita etetearen benetako errealitatea eta zein baldintzatan burutzen den itxuraldatzeko.


Mugimendu feministak bide luzea egin du emakumeek euren eskubideak gauzatu ahal izateko borrokan. Askotan, egia osoaren jabe direlakoan daudenen etengabeko erasoen aurrean, erabakitzeko gaitasunaren aurkako taldeak, esaterako, emakumeei euren epaiketa moralak ezarri nahi dizkietenak, horretarako txantajeak, mehatxuak eta gezurrak erabiliz. Horrexegatik da garrantzitsua informazioa era argi eta objektiboan ematea, gaia bere errealitatetik azalduko duen eran eta ez sentsazionalismotik, "jaiotzear zeudenen abortuak" (el país, 2007ko azaroak 27) eta halako titularrekin egiten den bezala.


Hau ez da nahitako haurdunaldi eteteen errealitatea Espainian. Non eta 2005ean euren haurdunaldia etetea erabaki zuten emakumeen % 88k haurdunaldiaren lehenengo 12 asteen tartean egin zuten. Gainerako % 12etatik % 2 baino ez dira 21 aste baino gehiagoko haurdunaldiak, eta ia guztiak fetuarentzako arriskuagatik egindako abortuak dira (kontuan izan behar baita arrisku hauetariko asko hogeigarren astetik aurrera baino ez direla ikusten). Datuok emakumeen erabakiei zilegitasuna kentzeko emandako informazioak ukatzen dituzte. Eta erakusten dute, gehienak ahalik eta lasterren abortatzen dutela, nahiz eta asko izan gaur egun nahi ez duen haurdunaldia nahita eten ahal izateko jartzen diren oztopoak.


Hauek hedatzen ari diren informazioetan ezkutatu nahi diren zailtasunak eta egungo legeriarekin sare publikoan normaltasunez abortatzea ez dagoela bermatua ahazten dutenak. Horregatik egiten diren abortuen % 2,9 baino ez dira egiten ospitale publikoetan eta % 97,1, berriz, zentro pribatuetan. Baina, gainera, onartutako hiru balizkoetan, sare publikora jotzeko zailtasun honek emakume asko abortatu ahal izateko erromesaldi batera behartzen ditu, hiri batetik bestera joatera, euren erkidegoan bertan edo beste batean, honek berarekin dakartzan lan, ekonomia eta psikologia mailako arazo guztiekin.


Bestalde, beharrezko da gogoraraztea gaur egungo legearekin ez dagoela eperik haurdun dagoenaren osasun fisiko edo psikologikorako arriskua baldin badago, beraz, garrantzitsua da informazioa zuhurtziaz ematea gizartean alarmarik sor ez dadin eta inplikatutako lagun guztien, profesionalen, zein emakumeen, errugabetasun-presuntziorako eskubidea bermatua izan dadin.


Zinez uste dugu emakumearen segurtasun emozionala eta fisikoa eta osasuna zaintzea beharrezkoa dela, eta, horregatik, ziur gaude nahi ez duen haurdunaldi baten gainean erabakitzeko askatasuna eta eskubidea dituela.


  • HORREGATIK, ONDORENGOA EXIJITZEN DUGU:
  • Haurdunaldiak etetea sanitate publikoan era normalizatuan burutu daitezela. Horrekin batera sexu eta erreprodukziorako eskubideen gaineko prebentziorako programa zabal eta eraginkorrak, bai eta Erkidego guztietan antisorgailu metodoak eskura izateko aukera ere.
  • Abortua despenalizatzea eta emakumeek euren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen lege berri bat.
  • Atxilotutako guztien askatasuna eta historien konfidentzialtasuna gordea izatea.

2008/01/14

> Erreportajea: Bestelakoak > IJITO EUSKALDUNEN ARRASTOAN

  • Ijito euskaldunen arrastoan
  • Azken erromintxelen egoera ikertu nahi du Kale Dor Kayiko elkarteak
  • El País, 2008-01-14 # Xabier G. Argüello · Bilbo

Erromintxela, ijito euskaldunen XV. mendeaz gerozko mintzaira berezia, ahanzturarik larrienean isiltzen ari da. Egun, 500 baino gehiago izan daitezke erromintxelaz hitz egiteko gai direnak, baina biologiaren legeak behin-betiko eten omen du transmisioaren katea. Erromintxelaren oroimenari eutsiz, Bilboko Kale Dor Kayiko ijito elkarteak ikerketa proiektua bultzatu nahi du, 1996an hasi zuen ikerketa soziolinguistikoari behin-betiko amaiera emateko asmoz.


"Ingurunera moldatzeko gaitasunagatik, ijitoa kamaleoiaren antzekoa izan da betidanik; horrexen adibidea dugu erromintxela", ziurtatu du Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariorde Oscar Vizarragak.


Berari egokitu zioten duela 11 urte erromintxelari buruzko ikerketa egiteko laguntza eske ibiltzea. "Pello Salaburu zebilen orduan EHUko errektore, eta bulegoan zeukan Bonaparte printzearen mapari begira, zera esan nion: 'hemen euskalki bat falta da, erromintxela'", gogoratu du Vizarragak.


Euskaltzaindiak ere bat egin zuen Kale Dor Kayiko-ren proposamenarekin, eta Josune Muñoz hizkuntzalaria eta Elias Lopez de Mungia historialariaren ahaleginari esker, erromintxelaren hitzak eta esapideak biltzeari ekin zioten.


Muñozek erromintxelaz hitz egiten ere ikasi omen zuen, eta horretarako, garrantzi handikoa suertatu zitzaion Bilboko San Frantzisko auzoan bizi zen 84 urteko ijito euskaldun baten testigantza linguistikoa. "Gizonak ez zekien idazten eta irakurtzen, baina erromintxelaz, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta kaloeraz hitz egiteko gauza zen", nabarmendu du.


Ikerketa etenda geratu zen urtebete geroago, baina orduan bildutako datuek ijito euskaldunen nondik norako historiko eta soziologiko asko argitzen lagundu dute.


"Erromintxelak euskaldun peto-petoak dira, eta tokian tokiko euskalkia erabiltzen dute, baina beren hizkeran erromanierazko hitzak tartekatzen dituzte, India aldekoak gehienak", azaldu du Muñozek.


Punjab deritzon eskualdea omen da ijitoen sorterri historikoa, India eta Pakistanen artean kokatutakoa. IX. mendean, Europa eta Ipar Afrikarantz abiatu ziren, eta 500 urte geroago, Balkanetan, Hungarian, Alemanian, Italian eta Frantzian zehar hedatuta zeuden, baita Nafarroan ere, 1435eko agiri baten arabera. Euskalki batzuetan ematen zaizkien ungriano eta buhame bezalako izendapenek ezin argiroago iradokitzen dute erromintxelen jatorria.


Ijito hitza, aitzitik, Afrika Iparraldetik Iberiar Penintsulara heldu ziren kaloei dagokiela dirudi, Egipto izenetik eratorritako berba baita. Kalo hitzak beltza esan nahi du erromanieraz, eta erromintxelek xango-gorriak esaten diete ijito erdaldunei.


Erromintxelen arrastoa Zuberoako maskaradetara eta Gipuzkoako kaldereroetara hedatu da, eta Prosper Mérimée-ren Carmen eleberriko protagonista Etxalarren jaiotako neska ijito bat da, liburuaren jatorrizko bertsioan "laguna, ene bihotzarena" bezalako euskarazko esaldiak erabiltzen dituena. Jon Mirandek Kama goli erromintxelazko poema idatzi zuen, eta Koldo Izagirrek euskal ijitoen oroimena berreskuratu zuen Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak nobelan. David Zapirain historialariak, azkenik, XVIII. mendean erromintxelaz mintzo zen Antonio Iturbide Larralde bidelapur irundarraren berri ematen digu Bandoleros vascos liburuan.


Gaur egun, 21.000 ijito inguru bizi dira EAEn eta Nafarroan, baina horietatik %2k baino ez omen dakite erromintxelaz hitz egiten. Oscar Vizarragaren esanetan, "litekeena da Lapurdi eta Zuberoa aldean ere, beste 500 edo 1.000 erromintxela egotea".


Jatorrizko euskal ijitoen errealitate soziologikoa ezagutu nahian, Kale Dor Kayiko elkarteak ikerketa proiektua aurkeztuko dio "hilabete barru" Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, "erromintxelen euskalduntasuna eta ijitotasuna neurtzeko asmoz", adierazi du Vizarragak.


Erromintxelazko hitz batzuk

Ama: batia. Aita: batoa. Burua: keroa. Eskua: basta. Hanka: pindrua. Zakila: Karina. Alua: mintxa. Izena: txipa. Etxea: kera. Denda: mertxa. Handia: baroa. Txikia: txinoa. Polita: pukerra. Ona: latosa. Ura: pañia. Esnea: xuta. Ardoa: mola. Kaka: fula. Zakurra: txukela. Katua: txitxaia. Lan egin: kurratu. Eskatu: mangatu. Maitatu: piratu. Edan: piautu. Joan: najel egin. Ikusi: dikelatu. Egin: kerau.


2008/01/12

> Iritzia: Julen Zabala · EHGAMeko kidea > BAI, MARITXUA NAIZ

  • Bai, maritxua naiz
  • Berria, 2008-01-12 # Julen Zabala · EHGAMeko kidea / Erredakzioan itzulia

Urtarrilaren 3rako Kattalingorrik -gay, lesbiana eta transexualei laguntzeko Iruñeko zentroak- elkarretaratzea antolatu zuen, eraso homofobo bortitz bat salatzeko -beste bat, zoritxarrez-. Han bildu ginenok Davidi, hau da, eraso zioten gazteari elkartasuna adierazteko atsegina izan genuen, ilunabarreko eguraldi zakarrari batere kasurik egin gabe.


Egun batzuk lehenago komunikabideetan albistearen berri eman zutenean, hotzikara izugarri bat sentitu genuen. Gay, lesbiana, transexual izan edo, besterik gabe, heteronormak ezartzen duenaren aldean desberdin sentitzen garenok guri egina bezala sufritzen dugu gisa horretako zernahi eraso.


Diskriminazioaren kontra aspalditik ari garen erakundeok hasieratik argi eta garbi izan dugu inork ez lukeela sufritu behar bere izaera dela kausa -izaera sexuala eta beste zernahi motatakoa-. Baina, zoritxarrez, halaxe gertatzen da oraindik ere, aztoratzeko bezain maiz, nahiz eta gutxitan zabaltzen den horren oihartzuna.


Huskeria da lege aldetik zerbait aurreratu, gizartean onarpenak bildu eta erreferente batzuk sortu izana, benetako orduan egitura heterofaxistak ia bere hartan baldin badaude gure gizartean.


Davidek eta bera bezalako gazteek eskubide guztia dute diren bezalakoak agertzeko nahi duten tokian, nahi duten orduan eta nornahirekin. Orain, hemen, nornahi aurrean dugula, modua izan behar dugu ahotsa goratu eta beldurrik gabe esan ahal izateko: «Bai, maritxua naiz, eta zer?», «bai, bollera naiz, ezin da ala?», «bai, trans naiz, inporta al zaizu ba?».


Davidek kemen handia duela aitortu behar dugu, ez bere adinarekin jendaurrean bere izaera onartu duelako bakarrik, baita sufritu duen eraso homofoboari duintasun bete-beteaz aurre egin diolako ere: buruz buru, erasoa salatuz, komunikabideetan salatu ere, eta Kattalingorrik antolaturiko elkarretaratzean agertuz, artean zauriturik zegoela. Salatu izana bera aurrera ari garen seinale da, dudarik gabe, baina dagokion neurrian eskertu behar diogu.


Badakigu zein zaila den zernahi salaketa aurkeztea, eta are gehiago eraso heterofaxistak salatzea: homofoboak, lesbofoboak, transfoboak, (hetero)sexistak, matxistak... Eta are gehiago lekukotasunik emango duen inor ez badago. Ausardia handia behar da, dudarik gabe, norberaren eta gizartearen beldur kontaezinak gainditzeko. Baina beste biderik ez dago.


Gehiegitan bide hori ez da nahikoa, baina ezinbestekoa da erasotzaileak identifikatzeko lana eta epaiketarako bidea hasteko. Errudunak kalean ibil daitezke ezertxo ere gertatu ez balitz bezala. Zaila da konprenitzen, eta are zailago horrelako erasoek gizartean nolako alarma sortzen duten kontuan izanik -gogora ditzagun Sergi Xavier Martinen kasuko irudi izugarriak: neska gazte bati eraso zion iazko urriaren 7an, Bartzelonako tren batean-. Epaileei dei egiten diegu, horrelako kasuetan berehala erantzuna eman eta zigor zentzagarriak ezar ditzaten.


Davidi abenduaren 27an eraso zioten, «maritxu zikina» oihukatuz bat; garaitsu berean, Eliza katolikoko hierarka batzuek, nola ez, adierazpen negargarriak egin zituzten. Erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, Bernardo Alvarezek adierazi zuen, Tenerifeko pulpitutik, homosexualitateak kalte egiten diela pertsonei eta gizarteari, gaitz bat dela eta homosexualen %94 bizioagatik direla homosexual, eta, gainera, adingabekoei abusuak egitea zuritu zuen: «Izan ere, deskuidatuz gero, probokatu egiten zaituzte».


Egun batzuk geroago, familia kristauaren aldeko «otoitzean» eta aita santuaren bedeinkazioarekin, beste hierarka batzuek ekin zioten. Rouco Varelak familia arloko politiken kontra egin zuen: esaterako, sexu berekoak ezkontzearen eta dibortzioa soiltzearen kontra. Horrelakoek, hark esan zuenez, «giza eskubideetan atzera egitea dakarte».


Garcia-Gascok laizismoaren kultura deitzen duena kritikatu zuen; haren esanetan, etsipena dakarren iruzur bat da, abortuaren, dibortzioaren eta «gazteen heziketa manipulatu nahi duten ideologien» bidez egina: «Demokraziaren galbidean gara». Cañizaresek, berriz, segurtatu zuen familiaren kontrako «mehatxu argiak eta eraso gogorrak» daudela, eta «gizartearen geroaren kontrako eraso larriak» direla.


Baina ez dezagun geure burua engaina. Nahiz eta badagoen horrelakoak hierarkia katolikoaren parte baten fanatismoaren erakusgarritzat hartzen duenik eta eliza baten barrenean jarrera batek baino gehiagok lekua badutela pentsatzen duenik, isiltasunak hau gogorarazten digu: entzun eta isil, baiezko biribil.


Blazquez delako baten hitzak -apezpikuen presidente eta neurritasunaren ordezkari omen-, abenduaren 30eko «otoitz» hartan esanak, argiak eta garbiak dira. «Familia kristauari izena kendu nahi diote, ustezko familia moderno batekin kontrajarriz», adierazi zuen, eta gaitzetsi egin zituen familia eredua bakarra dela ukatzen duten lege guztiak. Hauxe omen da eredu bakarra: «Ezkontzan, hau da, gizon baten eta emakume baten batasun iraunkorrean oinarriturikoa».


Argi baino argiago utzi dute homosexualitateak, esaterako emakumearen berdintasunak bezala, ez duela lekurik eliza horretan, eta katolikoen zerua -ia eliza guztiena bezala, baita ia erlijio guztiena ere- lurreko infernua dela gay, lesbiana eta transexualentzat.


Bada garaia etengabeko eraso horiek geldiarazteko. Indar aurrerakoi eta gizarte mugimendu guztiek eginahalean aritu behar dute izurrite hori betiko bukatzeko eta gizarte egiaz laikoa ezartzeko. Hierarkia katolikoaren fanatismo horrek, isiltasun konplizeak eta beste sektore ultra batzuen segidismoak, dudarik gabe, honelakoak ekartzen dituzte: homofobia, lesbofobia, transfobia, (hetero)sexismoa eta matxismoa. Eta horien fruituak irainak izaten dira, eta erasoak, eta gorrotozko krimenak.


Giza Eskubideetan, berdintasunean eta aniztasunean sinesten ez duten erakundeak, emakumea baztertzen segitzen dutenak eta homosexualitatea gaixotasuntzat hartzen dutenak mespretxatu egin behar dira gizartean, eta baztertu instituzioetan: hasteko, ezin dute finantzabide publikorik jasotzen segitu, eta ezin dute hezkuntza sisteman parte hartzen segitu.


David gazteak eraso homofobo bortitzaren inguruan izaniko jarrera eredugarriak pentsarazi egin beharko lioke gizarte guztiari. Haren lekukotasuna ikasgai ezin baliotsuagoa da, eta kontuan hartu behar dute, besteak beste Herritartasunerako Hezkuntza izeneko irakasgaian, homofobiaren gaia tratatzeko orduan. Hezkuntza sistemaren eta gizarte pedagogiaren bitartez bakarrik lortuko dugu salatutako eraso horren gisakorik ez izatea berriro.


Herritartasuna lortzeko puntukako baimen bat egongo balitz, Davidek sobran izango luke makina bat puntu. Baina, haien txatalen parafrasea eginez, orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago litzateke, hierarkia katoliko penagarri eta lotsagarri horrek herritartasuna lortzea baino.


Burua tente bizi nahi dugunok, «bai, maritxua naiz», «bai, bollera naiz» edo «bai, trans naiz» harro esateko askatasunez bizi nahi dugunok, sostengua, maitasuna eta elkartasuna adierazi nahi diogu Davidi. Hark bezala bere izaeragatik sufritzen edo sufrituko dutenek, jakin dezatela lekua badutela gure familian; Goliat heterofaxistari min egiten badio ere, gurea ere familia handi bat da, ezaugarri nagusi gisa desberdintasuna eta aniztasuna errespetatzea duen familia bat.

2008/01/09

> In memoriam: Simone de Beauvoir > ESTALKIRIK GABEKO ZALAPARTA ERAGILEA

  • Estalkirik gabeko zalaparta eragilea
  • Gaur ehun urte jaio zen Simone de Beauvoir feminista, idazle eta filosofo existentzialista
  • Berria, 2008-01-09 # Arantzazu Muñoa

«Emakumea ez da emakume jaiotzen, bilakatu egiten da», idatzi zuen Simone de Beauvoirrek Le Deuxième Sexe-n (Bigarren sexua) 1949an, Frantziako emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu eta lau urtera. Feminismoaren Biblia bilakatu zen askorentzat Beauvoirren lana, eta filosofian XX. mendean idatzi den obrarik garrantzitsuentzat jo izan da. Garaian bertan ere sekulako arrakasta lortu zuen: aste batean 22.000 ale saltzera iritsi zen.


Gordin eta estalkirik gabe azaldu zuen Beauvoirrek emakumearen sexualitatea eta askoren ustez horrexegatik eragin zuen halako zalaparta. Ez zuen eufemismorik erabili gaiaz aritzeko. Baginaz, klitorisaz, hilekoaz eta emakumearen plazeraz hitz egin zuen; gerraondoko Frantzian artean tabu ziren kontzeptuez.


Emakumearen nortasuna eta ezberdintasun sexuala psikologiaren, historiaren, antropologiaren, biologiaren, erreprodukzioaren eta harreman afektibo-sexualen ikuspegitik landu zituen. Emakumea «bestea» izan zela ondorioztatu zuen, hau da, objektua, gizona subjektua zen bitartean.


Pripublikarrak taldearen ustez, Beauvoirren ideia horiek gaur egun ere balio dute, emakumea betiko estereotipoetatik askatzen saiatu baitzen Beauvoir: «Emakume asko zeudela esan zigun, nahiz eta hezkuntzak eta gizarteak emakume mota bat eraiki», dio Maria Murrek taldearen izenean. Haren esanetan, Beauvoirren teoriak, bizirik jarraitzen du, besteak beste, gaur egun ere badaudelako emakume asko daudela ahazten duten feminismoak: «Ezin da epairik eman emakumeek dituzten beharren gainean».


«Sexuen artean harreman sexual eta afektibo berriak sortuko dira, orain imajinatu ere egin ezin ditugunak», zioen Beauvoirrek. Halako mintzoekin aldekoak eta aurkakoak sortu zitzaizkion inguruan. Lagunek Castor ezizena jarri zioten, haren izpiritu eraikitzailea islatzeko. Etsaiek, berriz, Sartreren emakumea zela salatzeko, «grand sartreuse» edo «Notre Dame de Sartre» deitzen zioten.


Emakumeentzat aske izatea baino esklabo izatea erosoagoa zela adierazi zuen Beauvoirrek eta beste ezeren aurretik autonomia ekonomikoa behar zutela emakumeek. Geroago, 343ren manifestua sinatu zuen, 1971n Le Monde-k argitaratu zuena. 343 emakumek inoiz abortatu zutela adierazi zuten bertan eta Beauvoirrek esan zuen, feminista zen aldetik, bere lehen urratsa manifestu hura sinatzea izan zela.


Orduan nahiz orain, polemika
Beauvoirrek aurkakoak ez zituen katoliko eskuindarren artean bakarrik izan, baita komunisten artean ere. Batzuek kontrazepzioa eta abortua neurosiaren, bizioaren, lizunkeriaren eta homosexualitatearen ondorio zirela zioten. Besteek, berriz, emakumea klaseen arteko borrokaren bitartez askatuko zela eta Beauvoirrek akats bat egin zuela: zapaltzailea gizona zela sinetsi.


Le Deuxième Sexe idatzi zuenetik ia 60 urte igaro badira ere, zeresana ematen jarraitzen dute lanak eta egileak. Askok salatu dute Beauvoirrek eraiki nahi izan zuen irudia eta benetan zena, ez zetozela bat; lanean aldarrikatu zuena eta gero bere zenbait idatzik erakutsi dutena kontraesana direla. 90eko hamarraldian Beauvoirrek idatzitako maitasun eskutitzak ezagutu zirenean sortu zen polemika. Emakume hotza, urruna, zentzumenik eta sexualitaterik gabea zela erakutsi zuen zenbaiten ustez Le Deuxième Sexe-n. Eta bere bisexualitatea ere kritikatu zuten. 1948. eta 1964. urte bitartean idatzitako 304 eskutitzek haren irudia aldatu zuten: «Zure mendeko emaztea nauzu», dio batean, eta honela idatzi zion Nelson Algren maitale estatubatuarrari beste batean: «Ongi portatuko naiz, platerak garbituko ditut, eskobatu egingo dut, neroni joango naiz arrautzak erostera eta rhum opil bat egingo dut eta ez dut zure ilerik, ez zure bizkarrik ukituko zure baimenik gabe».


Feminismoaren ikur eta zalaparta eragile izateaz gain, idazle eta filosofo existentzialista ere izan zen Beauvoir. Gaur dira 100 urte jaio zela, eta hura gogoratzeko jardunaldiak ari dira egiten Paris Diderot unibertsitatean.


Frantziako familia burges batean jaio zen Simone de Beauvoir eta kristautasunean hezi. Gazterik galdu zuen Jainkoarenganako sinesmena. Gaztetxo zelarik familiaren gainbehera bizi izan zuen, aitak lana galdu eta alkoholismoan erori zenean. Amak, hala ere, gogor egin zuen lan eta bi alabak aurrera ateratzea lortu zuen.


Sorbonan filosofia ikasten ari zela ezagutu zuen Jean Paul Sartre, filosofia ikaslea hau ere. 1929an hasi zuten maitasun harreman aske eta modernoa, eta zenbaitetan baita eskandaluzkoa ere orduko gizartearentzako. Ikasketak amaitu ostean, Frantziako zenbait hiritan eskola ematen hasi zen, baina II. Mundu Gerrak erabat aldatu zion bizimodua, eta 1943an, Paris alemaniarrek hartuta zeukatela, irakaskuntza utzi behar izan zuen. Erresistentzia frantseseko kide egin zen eta lehen nobela idatzi zuen: L'Invitée (1943), askatasunari eta betebehar indibidualari buruzkoa. Gai beraren gainean idatzi zuen hurrengo lana ere, Le Sang des autres-en (1944), Besteen odola izenburupean euskarara emana dagoen Beauvoirren lan bakarra, Oier Alonsok itzulia eta Ibaizabalek argitaratua.


Gerraren ondoren, Sartrek zuzendutako Les Temps Modernes aldizkarian hasi zen lanean. Urte horietan Europan zehar bidaia asko egin zituen eta Kuban, Txinan, Errusian nahiz Vietnamen ere izan zen, Sartrerekin batera komunismoa babesten. Beauvoirren literatura Sartrek eta biek defendatutako existentzialismoak zipriztindu zuen, hala ere.


Le Deuxième Sexe idatzi baino bi urte lehenago Sartrerekin zuen maitasun harremana hautsi egin zen, hura Dolores Vanetti aktorearekin maite harremanetan hasi baitzen. Dena den, urte hartan bertan AEBetara joan beharra izan zuen hitzaldi bat ematera eta Nelson Algren idazlea ezagutu zuen eta harekin ibili zen 1964 arte, nahiz jakin Algrenekin zuen harremana ez zela Sartrerekin zuenaren berbera izango inoiz eskutitz batean adierazi zion moduan: «Zurekin bizitzen ezin banaiz geratu, ez da maitasun faltagatik. Handinahikeria irudi dakizukeen arren, jakin behar duzuna da Sartrek zenbaiteraino behar nauen. Nahiago nuke hil, nire zorionarengatik dena egin zuen bati min eman baino».


Polemika handia eragin arren, Beauvoirrek feminismoaren oinarriak jarri zituen eta mundu osoko injustiziaren aurkako sinbolo eta askatasunaren ikur bilakatu zen.


Hala, Algrenek behin baino gehiagotan eskatu zion Beauvoirrek Sartre behin betiko uzteko, baina ez zuen halakorik egin eta 1948ko uztailaren 18an zera idatzi zion: «Zuregatik gauzarik gehienei egin ahalko nieke uko. Dena den, ez nintzateke gutuko duzun Simone izango nire bizitza Sartrerekin batera egiteari uko egingo banio. Izaki zikina izango nintzateke, traidorea, berekoia. Hau jakin dezazun nahi dut, etorkizunean hartzen duzun erabakia edozein delarik ere: zurekin bizitzen ezin banaiz geratu, ez da maitasun faltagatik. Handinahikeria irudi dakizukeen arren, jakin behar duzuna da Sartrek zenbaiteraino behar nauen. Nahiago nuke hil, nire zorionarengatik dena egin zuen bati min eman baino». Azkenean Algrenek amaiera jarri zion harremanari.


Hausturak depresioa eragin zion, baina Claude Lanzman komunista ezagutu zuenean berehala gainditu zuen. Les Temps Modernes aldizkarian egiten zuen hark ere lan eta horretatik sortu zen bien arteko harremana. Berak 42 urte zeuzkan orduan eta Lanzman bera baino 17 urte gazteagoa zen. Berarekin bizitzen jarriko zela hitz eman zion lehen gizona zuen Lanzman. Hark ederki ulertzen zuen Beauvoirren eta Sartreren arteko harremana.


Bitarte horretan Sartrek Dolores Vanettirekin zuen harremana eten zuen eta osasunez gaizkitzen hasi zen. Horrek arduratu egiten zuen Beauvoir. La Vieillesse (1970) idatzi zuenean bere bizitza Sartre zaintzen ematea erabaki zuen eta haren alboan egon zen hil zen arte (1980ko apirilaren 15an). Hari gorazarre egiteko liburu bat atera zuen handi urtebetera La Cérémonie des adieux eta 1986ko apirilaren 14an bera hil zen jaio zen irían bertan, Parisen.


  • 'Tête à tête' elkarrizketa imajinarioan
  • Berria, 2008-01-09 # Mariasin Landa · Idazlea

Idazle, pentsalari eta existentzialismo frantsesaren pertsonaia hau ezaguna dugu, gehien bat, idatzi zuen liburu batengatik, Bigarren sexua, emakumeen egoera eta izaera aztertzeko idatzi den obrarik enblematikoena, emakume askorengan eta mugimendu feministan eragin handia izan duena. Horretaz gain ,nobelagile (txarra) eta memoriagilea (aparta) ere izan zen , mende honetako kultura frantsesaren dama ospetsua izatera helduz, askorentzat J.P. Sartreren bikotekidea izan zelako, ni bezalako gazte edota emakume inkonformista beste askorentzat aitzindari eta hezitzaile liluragarria izan zelako.


EGUNKARIA: Neu jaio nintzen urtean idatzi zenuen Bigarren sexua, 1949an alegia... eta hamazazpi urte nituela irakurri nuen, liburu klandestinoek sortarazten ziguten emozio kilikagarriaz... Nola bururatu zitzaizun gure begi inuzenteak zabaltzea?


SIMONE: O, ma chère... badakizu, garai hartan ni ez nintzen feminista inola ere. Garai haietan, gizonezkoen artean onartu eta onetsitako intelektual tipikoa nintzen. Feminismoa niretzat esanahi iraultzailerik gabeko errebindikazio burges sorta bat baino ez zen. Liburu hura ustekabekoa izan zen nolabait, nitaz zerbait idatzi nahian nenbilen eta Sartrek eskaini zidan ideia: zergatik ez duzu aztertzen emakume izateak zugan izan duen eragina?...


E: Elizak urte askoz Index-ean eduki zuen liburua izan zen, moralgabe eta lotsagarria, amatasun-sena ukatzeaz gain, sexu-askatasuna aldarrikatzea leporatzen zizuten... ez al da ohore bat izan?


S.: Bon! Gehientsuenetan gertatzen den bezala, kritika gehienak ez ziren liburuari berari zuzenduak, idatzi zuen emakumeari baizik: frigidoa, neurotikoa, errea eta bekaiztiaz gain, lizun, ninfomanoa eta abar deitu zidaten...


E: Galdera soil baina adierazgarriak ematen dio hasiera liburuari: zer da emakume bat? Zuk uste al duzu gizonezko batek bere buruaz horrelako galdera egingo zuenik?


S.: Non, bien sûr! Gizonak beti uste izan du bera dela betidanik GI-ZA-KIA, zuzenarekiko okerra definitzen den modura. Gizonak, betidanik, bere buruaz subjektu, esentzial izatearen ustea eduki du, emakumea, ez-esentzial, objektu, hau da, BESTEA izatearen kategoriara mugatuz ... Emakumea beti «bestea» izatea da patriarkatuaren oinarrietako bat, zalantzarik gabe.


E. «Emakumea ez da emakume jaiotzen, bilakatu egiten da «,zure liburuaren baieztapen horrek arrakasta handia izan zuen, denok barneratu genuen esaldia da, mende honetako emakumeen borrokako lema, baina, agian, gaurko gazteek ahantzi dutena...


S. Bada, oso sintoma ona izan daiteke hori, lurra borobila dela ukatzen ez den bezala, ia denek onartzen duten egia dela alegia.


E. Orain dela gutxi, gizonezko pottoko maitagarri horietako batek zera galdetu zidan inuzenteki: «Baina zergatik agoantatu dute emakumeek hainbeste Historian zehar?»... Egia esango dizut, ez nintzen ausartu zuk zeure liburuan salatzen duzuna esatera, hau da, emakumea ideologia patriarkalaren biktima eta konplizea izan dela.


S. Liburu horretan, ideologia patriarkalak emakumeari atxikitzen zion esentzia «femeninoa» aztertzen nuen gehien bat, emakume izatea egoera baten ondorioa zela frogatzen nuen, nola haurtzaroan eta adoleszentzian garatzen zen prozesu hau, eta ezkontzan eta amatasunean burutu... Baina ideologia hori hain da borobila zer biktimaren konplizitatea lortzen baitu, esklaboen jokabideak bultzatu, ihesbideak eskaini... Oh,, la, la,la, la feminité!


E. Nik gogoan dut, batez ere, zugandik jaso nuen ezinbestezko lema: independentzia ekonomikoa, ogibideren bat izatea, bete beharreko lehen baldintza zela emakume aske batentzat, eta orain, berriz, zer esango dizut, bada?... Nire inguruan, emakume gehienak estresatuta ikusten ditut, superwoman izatera kondenaturik nahiz eta ekonomikoki independenteak izan... Gaur egun, ez al dira zapalkuntza zenbait onartzen maitasunaren izenean?


S. O, l'amour! «Sous le pont Mirabeau coule La Seine et nos amours!» Gogoratzen al duzu poema hori?


E. Bai, noski, Apollinaire!... Baina ez zaitez adarretatik joan, madame! Pasioa, desira, amodioa, zer leku dute hitz hauek zure liburuan? Bigarren sexua-n, , mundu afektiboaren sare korapilotsuaren azterketa egitea falta zitzaizula iruditzen zait... Begira, bestela, azken urte hauetan gertatu dena: J.P. Sartre eta zuk osatzen zenuten bikote zoragarria ez omen zela hain eredugarria izan frogatu da... zuen arteko gutunen bidez jakin izan duguna zuen mitoa apurtzeko adinekoa izan da.


S. Pardon, niri kontuak eskatzen ala?


E. Ez, zuri bakarrik ez.. Geure buruari ere bai. Belaunaldi bateko emakumeek hartu zintugun eredu, eta «Sartreren baten» bila abiatu ginen , maitasun sendoa baina librea izan zitekeelakoan.... eta gero...


S. Il fait beau aujourd'hui...


E. Ez zaitez eskakeatu, ma chère... Esaten nizun bezala, gero... apo gehiegi musukatu behar izan dugu, Sartre bihurtuko zirelakoan. Zuk aldarrikatzen zenuen emakume aske izate haren konpromisoa bizitza guztia okupatzen duen lana da, uf!, modan ez dagoen zerbait.


S. Eta ez al duzu Simone de Beauvoir baten bila ibilitako gizonik ezagutu?


E. Inori ez diot horrelakorik inoiz entzun, sentitzen dut. Beldur dira, nonbait. Gainera, azken urte hauetan, zutaz atera diren azken liburuek gaizki tratatu zaituzte... gupidagabeki.


S. Nik beti defenditu izan nuen norbera egoera askoren ondorio dela, eta pentsatzen nuena betetzen saiatu nintzen, ondo batzuetan, gaizki besteetan. Montparnaseko kanposantu honetan beti duzu arrosaren bat nire hilobian. Hori ez dute aitortzen aipatzen dizkidazun liburuek, n'est-ce-pas?... Bide batez, adizu, itzulita al dago euskarara Bigarren sexua?


  • Oharra: artikulu hau Euskaldunon Egunkaria-n argitaratu zen, 1997ko abuztuaren 8an, Elkarrizketa imajinarioak sailaren barruan.
  • Mende batera, oraindik bizirik
  • Berria, 2008-01-09 # Maite Gonzalez Esnal · Idazlea

Hirurogeiko hamarkada, Donostia. Debekua nonahi, baina ideia berritzaile batzuek Bidasoa zeharkatzen dute, gure zorionerako.


Bitxia gertatu arren, existenzialismoaren berri moja eta apaiz eskolatuen bidez iristen zaigu; biak ala biak, frankismoaren laguntzaile saiatuak izanik, pentsamendu askeari itxiturak jartzen buru-belarri bizi baitira. Ordea, guztiz kontrakoa gertatu zen: itotzen gintuzten maistra eta apaiz eskolatuen espantuek -funtzionarioak irakurtzeko gauza ez zirenez, enteratu ere ez ziren egin-, bada, gure zaindari erlijiotsuek, beraiek, bultzatzen gaituzte Ama Birjina, edo betiko ama, edo emakume isila, edo andre esaneko, ereduekin apurtzera.


Arriskutsua zen gizarte arre hartan nor bere kabuz pentsatzea, harrika jardutea bezalakoa zen. Eta basamortu hartan bizi ginen gu Bigarren Sexua eskuratzeko ausardia izan genuenean. Nola moldatu ginen? XXl. mendean gauden honetan zentsuraren kontrako errebeldia bitxia bezala uler liteke: Donostiatik Hendaiara topoz joan; Hendaiatik Miarritzera autobusez. Miarritzen, arkupeko halako dendan, soldata irabazi berriarekin liburuak erosi. Bi tomo, Buenos Aireseko Ediciones Siglo Veintek argitaratua. Hurrengo pausoa, muga pasatzeko hain maiz erabilitako trikimailua: Txamarraren azpian izkutatu liburuak, gerrikoa lagun, poliziaren miaketa eragotziko zuen irribarre adeitsua entsaiatu ondoren.


Ordea, 60. hamarkadan, traketsa zen pentsamendu librea gazteleraz inprimatzen zuen teknologia, akats larriak egiten zituen. Irakurtzeko egarriz geunden ideia haiek zatikatuak zetozen, orrialde osoak zuri. Hurrengo asteburuan, atzera berriz Miarritzera liburuak aldatzera.


Transgresio perfektua izan zen gurea, joan-etorri haien ondoren nola ez aldarrikatu «askatasuna liburuetan dago», edo, haizeak emakumeon kontra bortitz jotzen duenean, nola ez gogoratu jada 1949an Simone de Beauvoirrek gaztigatu ziguna: « emakume bilakatu egiten garela/gaituztela, alegia?»


Harez geroztik euriak egin du, franko egin ere. Bai, madame de Beauvoir, jarraitzen dugu «bestea» izaten. Tradizioak pisu handia duen kultura batean suertatu ginen, eta tradizioa, bistan da, nekez dugu aldeko emakumeok. Patriarkadoren sostengu irmoa baita, eta ohikerien babesle eta pribilejioen zuritzaile. Jarraitzen dugu «bestea» izaten, eta aldi berean errebeldeak, geure baitako izateari uko egin ez diogun neurrian. Eta, halere, zuek pentsatu baino ekonomiak askozaz basatiago kolpatzen du, eta eragiten duen pobreziaren kausaz, mendebaldeko gizarte aberastuan bizi garenoi, beste errealitate gordin bat jartzen digu aurrean: «bestea» izateko mailak eta mailak daudela, alegia.

2008/01/04

> Berria: Erasoak > HOMOFOBIAREN AURKA IRUÑEAN

  • Homofobiaren aurka Iruñean
  • Elkarretaratzea egin dute Kattalingorri elkarteak deituta, gazte batek izandako erasoa salatzeko
  • Berria, 2008-01-04
"Erasorik ez, homofobiarik ez" leloa ardatz hartuta elkarretaratzea egin zuten atzo ilunabarrean Iruñean, Udaletxe parean. Kattalingorri elkarteak deitutako ekimena izan zen, eta lehengo asteko ostegunean gazte batek Donibane auzoan jasandako eraso homofoboa salatzea zuen xede. 19 urteko gaztea hainbat nerabek iraindu eta jo egin zuten. Elkarretaratzean gogora ekarri zuten era honetako erasoak ez direla jazoera bakana, eta erakundeei eskatu zieten tolerantzia eta errespetua sustatzen laguntzeko.