2008/01/09

> In memoriam: Simone de Beauvoir > ESTALKIRIK GABEKO ZALAPARTA ERAGILEA

  • Estalkirik gabeko zalaparta eragilea
  • Gaur ehun urte jaio zen Simone de Beauvoir feminista, idazle eta filosofo existentzialista
  • Berria, 2008-01-09 # Arantzazu Muñoa

«Emakumea ez da emakume jaiotzen, bilakatu egiten da», idatzi zuen Simone de Beauvoirrek Le Deuxième Sexe-n (Bigarren sexua) 1949an, Frantziako emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu eta lau urtera. Feminismoaren Biblia bilakatu zen askorentzat Beauvoirren lana, eta filosofian XX. mendean idatzi den obrarik garrantzitsuentzat jo izan da. Garaian bertan ere sekulako arrakasta lortu zuen: aste batean 22.000 ale saltzera iritsi zen.


Gordin eta estalkirik gabe azaldu zuen Beauvoirrek emakumearen sexualitatea eta askoren ustez horrexegatik eragin zuen halako zalaparta. Ez zuen eufemismorik erabili gaiaz aritzeko. Baginaz, klitorisaz, hilekoaz eta emakumearen plazeraz hitz egin zuen; gerraondoko Frantzian artean tabu ziren kontzeptuez.


Emakumearen nortasuna eta ezberdintasun sexuala psikologiaren, historiaren, antropologiaren, biologiaren, erreprodukzioaren eta harreman afektibo-sexualen ikuspegitik landu zituen. Emakumea «bestea» izan zela ondorioztatu zuen, hau da, objektua, gizona subjektua zen bitartean.


Pripublikarrak taldearen ustez, Beauvoirren ideia horiek gaur egun ere balio dute, emakumea betiko estereotipoetatik askatzen saiatu baitzen Beauvoir: «Emakume asko zeudela esan zigun, nahiz eta hezkuntzak eta gizarteak emakume mota bat eraiki», dio Maria Murrek taldearen izenean. Haren esanetan, Beauvoirren teoriak, bizirik jarraitzen du, besteak beste, gaur egun ere badaudelako emakume asko daudela ahazten duten feminismoak: «Ezin da epairik eman emakumeek dituzten beharren gainean».


«Sexuen artean harreman sexual eta afektibo berriak sortuko dira, orain imajinatu ere egin ezin ditugunak», zioen Beauvoirrek. Halako mintzoekin aldekoak eta aurkakoak sortu zitzaizkion inguruan. Lagunek Castor ezizena jarri zioten, haren izpiritu eraikitzailea islatzeko. Etsaiek, berriz, Sartreren emakumea zela salatzeko, «grand sartreuse» edo «Notre Dame de Sartre» deitzen zioten.


Emakumeentzat aske izatea baino esklabo izatea erosoagoa zela adierazi zuen Beauvoirrek eta beste ezeren aurretik autonomia ekonomikoa behar zutela emakumeek. Geroago, 343ren manifestua sinatu zuen, 1971n Le Monde-k argitaratu zuena. 343 emakumek inoiz abortatu zutela adierazi zuten bertan eta Beauvoirrek esan zuen, feminista zen aldetik, bere lehen urratsa manifestu hura sinatzea izan zela.


Orduan nahiz orain, polemika
Beauvoirrek aurkakoak ez zituen katoliko eskuindarren artean bakarrik izan, baita komunisten artean ere. Batzuek kontrazepzioa eta abortua neurosiaren, bizioaren, lizunkeriaren eta homosexualitatearen ondorio zirela zioten. Besteek, berriz, emakumea klaseen arteko borrokaren bitartez askatuko zela eta Beauvoirrek akats bat egin zuela: zapaltzailea gizona zela sinetsi.


Le Deuxième Sexe idatzi zuenetik ia 60 urte igaro badira ere, zeresana ematen jarraitzen dute lanak eta egileak. Askok salatu dute Beauvoirrek eraiki nahi izan zuen irudia eta benetan zena, ez zetozela bat; lanean aldarrikatu zuena eta gero bere zenbait idatzik erakutsi dutena kontraesana direla. 90eko hamarraldian Beauvoirrek idatzitako maitasun eskutitzak ezagutu zirenean sortu zen polemika. Emakume hotza, urruna, zentzumenik eta sexualitaterik gabea zela erakutsi zuen zenbaiten ustez Le Deuxième Sexe-n. Eta bere bisexualitatea ere kritikatu zuten. 1948. eta 1964. urte bitartean idatzitako 304 eskutitzek haren irudia aldatu zuten: «Zure mendeko emaztea nauzu», dio batean, eta honela idatzi zion Nelson Algren maitale estatubatuarrari beste batean: «Ongi portatuko naiz, platerak garbituko ditut, eskobatu egingo dut, neroni joango naiz arrautzak erostera eta rhum opil bat egingo dut eta ez dut zure ilerik, ez zure bizkarrik ukituko zure baimenik gabe».


Feminismoaren ikur eta zalaparta eragile izateaz gain, idazle eta filosofo existentzialista ere izan zen Beauvoir. Gaur dira 100 urte jaio zela, eta hura gogoratzeko jardunaldiak ari dira egiten Paris Diderot unibertsitatean.


Frantziako familia burges batean jaio zen Simone de Beauvoir eta kristautasunean hezi. Gazterik galdu zuen Jainkoarenganako sinesmena. Gaztetxo zelarik familiaren gainbehera bizi izan zuen, aitak lana galdu eta alkoholismoan erori zenean. Amak, hala ere, gogor egin zuen lan eta bi alabak aurrera ateratzea lortu zuen.


Sorbonan filosofia ikasten ari zela ezagutu zuen Jean Paul Sartre, filosofia ikaslea hau ere. 1929an hasi zuten maitasun harreman aske eta modernoa, eta zenbaitetan baita eskandaluzkoa ere orduko gizartearentzako. Ikasketak amaitu ostean, Frantziako zenbait hiritan eskola ematen hasi zen, baina II. Mundu Gerrak erabat aldatu zion bizimodua, eta 1943an, Paris alemaniarrek hartuta zeukatela, irakaskuntza utzi behar izan zuen. Erresistentzia frantseseko kide egin zen eta lehen nobela idatzi zuen: L'Invitée (1943), askatasunari eta betebehar indibidualari buruzkoa. Gai beraren gainean idatzi zuen hurrengo lana ere, Le Sang des autres-en (1944), Besteen odola izenburupean euskarara emana dagoen Beauvoirren lan bakarra, Oier Alonsok itzulia eta Ibaizabalek argitaratua.


Gerraren ondoren, Sartrek zuzendutako Les Temps Modernes aldizkarian hasi zen lanean. Urte horietan Europan zehar bidaia asko egin zituen eta Kuban, Txinan, Errusian nahiz Vietnamen ere izan zen, Sartrerekin batera komunismoa babesten. Beauvoirren literatura Sartrek eta biek defendatutako existentzialismoak zipriztindu zuen, hala ere.


Le Deuxième Sexe idatzi baino bi urte lehenago Sartrerekin zuen maitasun harremana hautsi egin zen, hura Dolores Vanetti aktorearekin maite harremanetan hasi baitzen. Dena den, urte hartan bertan AEBetara joan beharra izan zuen hitzaldi bat ematera eta Nelson Algren idazlea ezagutu zuen eta harekin ibili zen 1964 arte, nahiz jakin Algrenekin zuen harremana ez zela Sartrerekin zuenaren berbera izango inoiz eskutitz batean adierazi zion moduan: «Zurekin bizitzen ezin banaiz geratu, ez da maitasun faltagatik. Handinahikeria irudi dakizukeen arren, jakin behar duzuna da Sartrek zenbaiteraino behar nauen. Nahiago nuke hil, nire zorionarengatik dena egin zuen bati min eman baino».


Polemika handia eragin arren, Beauvoirrek feminismoaren oinarriak jarri zituen eta mundu osoko injustiziaren aurkako sinbolo eta askatasunaren ikur bilakatu zen.


Hala, Algrenek behin baino gehiagotan eskatu zion Beauvoirrek Sartre behin betiko uzteko, baina ez zuen halakorik egin eta 1948ko uztailaren 18an zera idatzi zion: «Zuregatik gauzarik gehienei egin ahalko nieke uko. Dena den, ez nintzateke gutuko duzun Simone izango nire bizitza Sartrerekin batera egiteari uko egingo banio. Izaki zikina izango nintzateke, traidorea, berekoia. Hau jakin dezazun nahi dut, etorkizunean hartzen duzun erabakia edozein delarik ere: zurekin bizitzen ezin banaiz geratu, ez da maitasun faltagatik. Handinahikeria irudi dakizukeen arren, jakin behar duzuna da Sartrek zenbaiteraino behar nauen. Nahiago nuke hil, nire zorionarengatik dena egin zuen bati min eman baino». Azkenean Algrenek amaiera jarri zion harremanari.


Hausturak depresioa eragin zion, baina Claude Lanzman komunista ezagutu zuenean berehala gainditu zuen. Les Temps Modernes aldizkarian egiten zuen hark ere lan eta horretatik sortu zen bien arteko harremana. Berak 42 urte zeuzkan orduan eta Lanzman bera baino 17 urte gazteagoa zen. Berarekin bizitzen jarriko zela hitz eman zion lehen gizona zuen Lanzman. Hark ederki ulertzen zuen Beauvoirren eta Sartreren arteko harremana.


Bitarte horretan Sartrek Dolores Vanettirekin zuen harremana eten zuen eta osasunez gaizkitzen hasi zen. Horrek arduratu egiten zuen Beauvoir. La Vieillesse (1970) idatzi zuenean bere bizitza Sartre zaintzen ematea erabaki zuen eta haren alboan egon zen hil zen arte (1980ko apirilaren 15an). Hari gorazarre egiteko liburu bat atera zuen handi urtebetera La Cérémonie des adieux eta 1986ko apirilaren 14an bera hil zen jaio zen irían bertan, Parisen.


  • 'Tête à tête' elkarrizketa imajinarioan
  • Berria, 2008-01-09 # Mariasin Landa · Idazlea

Idazle, pentsalari eta existentzialismo frantsesaren pertsonaia hau ezaguna dugu, gehien bat, idatzi zuen liburu batengatik, Bigarren sexua, emakumeen egoera eta izaera aztertzeko idatzi den obrarik enblematikoena, emakume askorengan eta mugimendu feministan eragin handia izan duena. Horretaz gain ,nobelagile (txarra) eta memoriagilea (aparta) ere izan zen , mende honetako kultura frantsesaren dama ospetsua izatera helduz, askorentzat J.P. Sartreren bikotekidea izan zelako, ni bezalako gazte edota emakume inkonformista beste askorentzat aitzindari eta hezitzaile liluragarria izan zelako.


EGUNKARIA: Neu jaio nintzen urtean idatzi zenuen Bigarren sexua, 1949an alegia... eta hamazazpi urte nituela irakurri nuen, liburu klandestinoek sortarazten ziguten emozio kilikagarriaz... Nola bururatu zitzaizun gure begi inuzenteak zabaltzea?


SIMONE: O, ma chère... badakizu, garai hartan ni ez nintzen feminista inola ere. Garai haietan, gizonezkoen artean onartu eta onetsitako intelektual tipikoa nintzen. Feminismoa niretzat esanahi iraultzailerik gabeko errebindikazio burges sorta bat baino ez zen. Liburu hura ustekabekoa izan zen nolabait, nitaz zerbait idatzi nahian nenbilen eta Sartrek eskaini zidan ideia: zergatik ez duzu aztertzen emakume izateak zugan izan duen eragina?...


E: Elizak urte askoz Index-ean eduki zuen liburua izan zen, moralgabe eta lotsagarria, amatasun-sena ukatzeaz gain, sexu-askatasuna aldarrikatzea leporatzen zizuten... ez al da ohore bat izan?


S.: Bon! Gehientsuenetan gertatzen den bezala, kritika gehienak ez ziren liburuari berari zuzenduak, idatzi zuen emakumeari baizik: frigidoa, neurotikoa, errea eta bekaiztiaz gain, lizun, ninfomanoa eta abar deitu zidaten...


E: Galdera soil baina adierazgarriak ematen dio hasiera liburuari: zer da emakume bat? Zuk uste al duzu gizonezko batek bere buruaz horrelako galdera egingo zuenik?


S.: Non, bien sûr! Gizonak beti uste izan du bera dela betidanik GI-ZA-KIA, zuzenarekiko okerra definitzen den modura. Gizonak, betidanik, bere buruaz subjektu, esentzial izatearen ustea eduki du, emakumea, ez-esentzial, objektu, hau da, BESTEA izatearen kategoriara mugatuz ... Emakumea beti «bestea» izatea da patriarkatuaren oinarrietako bat, zalantzarik gabe.


E. «Emakumea ez da emakume jaiotzen, bilakatu egiten da «,zure liburuaren baieztapen horrek arrakasta handia izan zuen, denok barneratu genuen esaldia da, mende honetako emakumeen borrokako lema, baina, agian, gaurko gazteek ahantzi dutena...


S. Bada, oso sintoma ona izan daiteke hori, lurra borobila dela ukatzen ez den bezala, ia denek onartzen duten egia dela alegia.


E. Orain dela gutxi, gizonezko pottoko maitagarri horietako batek zera galdetu zidan inuzenteki: «Baina zergatik agoantatu dute emakumeek hainbeste Historian zehar?»... Egia esango dizut, ez nintzen ausartu zuk zeure liburuan salatzen duzuna esatera, hau da, emakumea ideologia patriarkalaren biktima eta konplizea izan dela.


S. Liburu horretan, ideologia patriarkalak emakumeari atxikitzen zion esentzia «femeninoa» aztertzen nuen gehien bat, emakume izatea egoera baten ondorioa zela frogatzen nuen, nola haurtzaroan eta adoleszentzian garatzen zen prozesu hau, eta ezkontzan eta amatasunean burutu... Baina ideologia hori hain da borobila zer biktimaren konplizitatea lortzen baitu, esklaboen jokabideak bultzatu, ihesbideak eskaini... Oh,, la, la,la, la feminité!


E. Nik gogoan dut, batez ere, zugandik jaso nuen ezinbestezko lema: independentzia ekonomikoa, ogibideren bat izatea, bete beharreko lehen baldintza zela emakume aske batentzat, eta orain, berriz, zer esango dizut, bada?... Nire inguruan, emakume gehienak estresatuta ikusten ditut, superwoman izatera kondenaturik nahiz eta ekonomikoki independenteak izan... Gaur egun, ez al dira zapalkuntza zenbait onartzen maitasunaren izenean?


S. O, l'amour! «Sous le pont Mirabeau coule La Seine et nos amours!» Gogoratzen al duzu poema hori?


E. Bai, noski, Apollinaire!... Baina ez zaitez adarretatik joan, madame! Pasioa, desira, amodioa, zer leku dute hitz hauek zure liburuan? Bigarren sexua-n, , mundu afektiboaren sare korapilotsuaren azterketa egitea falta zitzaizula iruditzen zait... Begira, bestela, azken urte hauetan gertatu dena: J.P. Sartre eta zuk osatzen zenuten bikote zoragarria ez omen zela hain eredugarria izan frogatu da... zuen arteko gutunen bidez jakin izan duguna zuen mitoa apurtzeko adinekoa izan da.


S. Pardon, niri kontuak eskatzen ala?


E. Ez, zuri bakarrik ez.. Geure buruari ere bai. Belaunaldi bateko emakumeek hartu zintugun eredu, eta «Sartreren baten» bila abiatu ginen , maitasun sendoa baina librea izan zitekeelakoan.... eta gero...


S. Il fait beau aujourd'hui...


E. Ez zaitez eskakeatu, ma chère... Esaten nizun bezala, gero... apo gehiegi musukatu behar izan dugu, Sartre bihurtuko zirelakoan. Zuk aldarrikatzen zenuen emakume aske izate haren konpromisoa bizitza guztia okupatzen duen lana da, uf!, modan ez dagoen zerbait.


S. Eta ez al duzu Simone de Beauvoir baten bila ibilitako gizonik ezagutu?


E. Inori ez diot horrelakorik inoiz entzun, sentitzen dut. Beldur dira, nonbait. Gainera, azken urte hauetan, zutaz atera diren azken liburuek gaizki tratatu zaituzte... gupidagabeki.


S. Nik beti defenditu izan nuen norbera egoera askoren ondorio dela, eta pentsatzen nuena betetzen saiatu nintzen, ondo batzuetan, gaizki besteetan. Montparnaseko kanposantu honetan beti duzu arrosaren bat nire hilobian. Hori ez dute aitortzen aipatzen dizkidazun liburuek, n'est-ce-pas?... Bide batez, adizu, itzulita al dago euskarara Bigarren sexua?


  • Oharra: artikulu hau Euskaldunon Egunkaria-n argitaratu zen, 1997ko abuztuaren 8an, Elkarrizketa imajinarioak sailaren barruan.
  • Mende batera, oraindik bizirik
  • Berria, 2008-01-09 # Maite Gonzalez Esnal · Idazlea

Hirurogeiko hamarkada, Donostia. Debekua nonahi, baina ideia berritzaile batzuek Bidasoa zeharkatzen dute, gure zorionerako.


Bitxia gertatu arren, existenzialismoaren berri moja eta apaiz eskolatuen bidez iristen zaigu; biak ala biak, frankismoaren laguntzaile saiatuak izanik, pentsamendu askeari itxiturak jartzen buru-belarri bizi baitira. Ordea, guztiz kontrakoa gertatu zen: itotzen gintuzten maistra eta apaiz eskolatuen espantuek -funtzionarioak irakurtzeko gauza ez zirenez, enteratu ere ez ziren egin-, bada, gure zaindari erlijiotsuek, beraiek, bultzatzen gaituzte Ama Birjina, edo betiko ama, edo emakume isila, edo andre esaneko, ereduekin apurtzera.


Arriskutsua zen gizarte arre hartan nor bere kabuz pentsatzea, harrika jardutea bezalakoa zen. Eta basamortu hartan bizi ginen gu Bigarren Sexua eskuratzeko ausardia izan genuenean. Nola moldatu ginen? XXl. mendean gauden honetan zentsuraren kontrako errebeldia bitxia bezala uler liteke: Donostiatik Hendaiara topoz joan; Hendaiatik Miarritzera autobusez. Miarritzen, arkupeko halako dendan, soldata irabazi berriarekin liburuak erosi. Bi tomo, Buenos Aireseko Ediciones Siglo Veintek argitaratua. Hurrengo pausoa, muga pasatzeko hain maiz erabilitako trikimailua: Txamarraren azpian izkutatu liburuak, gerrikoa lagun, poliziaren miaketa eragotziko zuen irribarre adeitsua entsaiatu ondoren.


Ordea, 60. hamarkadan, traketsa zen pentsamendu librea gazteleraz inprimatzen zuen teknologia, akats larriak egiten zituen. Irakurtzeko egarriz geunden ideia haiek zatikatuak zetozen, orrialde osoak zuri. Hurrengo asteburuan, atzera berriz Miarritzera liburuak aldatzera.


Transgresio perfektua izan zen gurea, joan-etorri haien ondoren nola ez aldarrikatu «askatasuna liburuetan dago», edo, haizeak emakumeon kontra bortitz jotzen duenean, nola ez gogoratu jada 1949an Simone de Beauvoirrek gaztigatu ziguna: « emakume bilakatu egiten garela/gaituztela, alegia?»


Harez geroztik euriak egin du, franko egin ere. Bai, madame de Beauvoir, jarraitzen dugu «bestea» izaten. Tradizioak pisu handia duen kultura batean suertatu ginen, eta tradizioa, bistan da, nekez dugu aldeko emakumeok. Patriarkadoren sostengu irmoa baita, eta ohikerien babesle eta pribilejioen zuritzaile. Jarraitzen dugu «bestea» izaten, eta aldi berean errebeldeak, geure baitako izateari uko egin ez diogun neurrian. Eta, halere, zuek pentsatu baino ekonomiak askozaz basatiago kolpatzen du, eta eragiten duen pobreziaren kausaz, mendebaldeko gizarte aberastuan bizi garenoi, beste errealitate gordin bat jartzen digu aurrean: «bestea» izateko mailak eta mailak daudela, alegia.

No comments: