2007/02/25

> Iritzia: Patxi Vicente Altxu > ALTXU, ZURE GABEZIAREKIN ELKARBIZITZEN

  • Altxu, zure gabeziarekin elkarbizitzen
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-02-25 # Zure anai Patxi Vicente eta sendia · Errenteria-Orereta

Igande honetan, otsailak 25, urtebete egingo du Xanti zendu zela. Ia deus esan gabe joan zitzaigun, presatuta balego bezala, agurtzeko tarterik utzi gabe.


Urte bat pasatu da, nahiz eta bere falta sumatzen dugunoi oporraldi motz bat izan dela iruditu zaigun. Laster batean Bilbotik edo Iruñetik etorriko dela iruditzen zaigu, eguneroko betebeharren eta monotoniaren artean eten moduko egonaldi motz honen xehetasunak kontatuko dizkigula. Egonaldi luzea edota oso luzea izatea nahiko genuke, bai, baina oporraldia azken batean. Etortzerakoan, ikus genezan bere begiratoki preziatuenean, kulturdenda eta
La Rosa tabernaren artean, edo La Paularen aurrean Biteri txiki eta Zumardia ikuskatzen. Azken hau, Zumardia bera, bere aisialdiaren erdigunea baitzen.


Baina ez da horrela izan, eta denbora honetan guztian zure gabeziarekin elkarbizitzera behartuta egon gara. Horregatik, zauden tokitik badakit entzungo didazula jakin badakitelako, zerbait esan nahi dizut. Garai honetan guztian ez gara bakarrik egon; zenuen lagun piloaren aldetik jaso ditugun maitasun eta elkartasun adierazpenak atsegin handiz hartu ditugu. Hemendik esker aunitz beraientzat, gure izenean nahiz zurean.


Zure aldeko hileta mingarria bezain zirraragarria izan bazen, maiatzean egin zizuten omenaldia, zuk hainbatengan utzitako maitasunaren erakusketa izan zen. Madalenetan, berriz, herriko Bandak zuri eskainitako kontzertua, zure madalenetan. Orduan, orain ez bezala, ez genuen hitzik aurkitu jasotako maitasuna eta laguntza eskertzeko. Eskerrak, beraz, Errenteriako elkarte eta estamentuei, hain harro sentiarazi gintuzten ekitaldiak gauzatzen laguntzeagatik.


Baina ezin dut idatzia bukatu Gaztaño auzoa bereziki aipatu gabe; bere jendea, Bukagaitz Elkartea, hango jaiak eta kontzertuak, sanjoanak eta San Juan sua. Egon zirenei eta beti zureak izango direnei, benetako eta maitasunezko besarkada gure sendiaren partetik.


Bukatzeko, esan, zauden tokian zaudela, jakin beharrean zaudela hemen denetarik utzi duzula, axolagabekeria ezik. Eta maite zaitugunoi, familia eta lagunak, bidean segitzen lagundu beharko gaituzula.


Gure besarkadarik luzeena bidaltzen dizugu. Muxu handi bat.

2007/02/24

> Laburrak: In memorian > ORERETA: ALTXUREN OMENEZKO EKIMENAK

  • Altxuren omenezko ekimenak
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-02-24

Bihar urtebete egingo du Xanti Vicente Altxu herritar eta ekintzaile ezaguna zendu zela. Senideek haren omenezko meza antolatu dute biharko, 12:30ean, Kaputxinoen elizan. Martxoaren 4an, aldiz, bideo emanaldia izango da Mikelazulo Elkartean, 17:00etan, EHGAMen eskutik. Iazko maiatzean Altxuri egindako omenaldiaren DVDa proiektatuko dute.

2007/02/21

> Berria: Elkartasunak > ESPETXE POLITIKAREN AURKAKO ETA PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO LANUZTERA DEITU DU EHGAMEK ETA BESTE ERAKUNDEEK

  • Irtenbiderako jokalekua «mendeku politikekin» eraiki behar duen galdetu dio LABek PSOEri
  • Espetxe politikaren aurkako eta presoen eskubideen aldeko ostiraleko lanuztera deitu du sindikatuak
  • Berria, 2007-02-21 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Espetxe politika salatzeko Etxerat-ek deituta etzi egingo den ordubeteko lanuzterako deia egin die LABek euskal langileei. Larunbaterako Bilbon antolatutako manifestazioarekin ere bat egin du sindikatuak. Izan ere, euskal preso eta senideen egoera «eutsiezina» da, Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez. Espainiako gobernuburu Rodriguez Zapaterori galdetu zion kartzela politika bezalako «mendekuan oinarritutako politikekin» konponbide jokalekua eraiki nahi duen. Mobilizazioetarako deia egin zuten LABeko zuzendaritzako zein hainbat enpresa batzordetako kideekin batera eginiko agerraldian egin zituen Diezek adierazpenok.


Presoen eskubideak «estrukturalki zanpatuak» daude, Diezen hitzetan. «Ordua da, erretoriketatik haratago, mendekuan oinarritutako eta egungo egoeran faktore baldintzatzaile handia izaten ari den kartzela politikari nahikoa da esateko». Haika-Segi auziko gazteak sakabanatu izana, Iñaki de Juana, Parot doktrina edo gaixo dauden presoen kasuak gogoratu zituen.


Zapaterok Gasteizko mitinean ez zuela «presoen eskubide urraketa sistematikoaz» hitz erdirik egin salatu zuen. Eta galdetu zion hori den «herri honetan egoera berriak sortzeko eta bake bidean aurrera egiteko» bere politika; edo «mendeku politikozko halako oinarriekin» eraiki daitekeen Zuzenbide Estatua. «Hauek dira PSOEren gobernuaren eta Zapateroren keinuak irtenbide jokalekua eraikitzeko?». Gehitu zuenez, «hartarako gauza asko mugitu behar dira, baina bederen bat eta oraintxe, kartzela politika da». Ezker abertzalearen posizio politikoa baldintzatzeko PSOEren «estrategia orokorraren baitan» kokatu zuen kartzela politika. Horregatik, presoen eskubideen eta konponbidearen alde kalera ateratzeko ordua dela iritzi zion.


PSOE kartzela politika «muturrera» eramaten ari dela, eta horrek ez duela «ezer onik» ekarriko esan zuen, halaber, LABeko buruzagi Ainhoa Etxaidek. Egoera aldatzeko, espetxe politikaren aurka dagoen «gehiengo handiari» kalera ateratzeko deia egin zion.


ELA-ren jarrera
Lanuztearekin bat ez egiteko ELAren erabakia «harriduraz» hartu du Diezek. Ibaetako Foroak urtarrilaren 20rako deitua zuen manifestazioa «alde bakarrez bertan behera» utzi izana, edo Milakabilakarekin izaniko jarrera aipatu zituen. Diezen ustez, «ez dira erabaki onak elkarlanerako», ez eta «koherenteak» presoen eskubideen defentsan. Urratsak egiteko garaia dela gaineratu zuen.


Eragileen babesa
Etzi ordubeteko lanuztea egiteko Etxerat-en deiarekin eta larunbatean Bilbon izango den manifestazioarekin bat egin dute hainbat herri eragilek. Euskal presoekiko «eskubideen urraketa neurrigabea» salatu dute, eta Iñaki de Juanaren kasua gogoratu. «Ez da bidezkoa, inondik inora, adierazpen askatasunaz baliatzeagatik kartzela zigorra ezartzea, ez 96 urtekoa, ez 3 urtekoa. Iñakik kalean, etxean behar luke aspaldi». Presoekiko neurriek espetxe politika «ankerra eta krudela» dela agertzen dutela iritzi diote, besteren artean, zigorra beteta edo gaixorik preso dituztenen kasuak zein sakabanaketa salatzearekin batera. Horregatik, aste honetako mobilizazioei atxikimendua agertu diete Esait, Gurasoak, Behatokia, Herria 2000 Eliza, EHBE, Bai Euskal Herriari, Askatasuna, AEK, Eguzki, IPES, EHE, Sortzen-Ikasbatuaz, Askapena, Anai-Artea, IKA, EHGAM, Elkartzen, Bilgune Feminista eta Komite Internazionalistak eragileek. EAE-ANV alderdiak ere bat egin du mobilizazioetarako deialdiekin, ohar bidez jakinarazi duenez.

2007/02/18

> Iritzia: Imanol Alvarez > FRANKISMOAREN BESTE BIKTIMAK

  • Frankismoaren beste biktimak
  • Argia, 2007-02-18 (2076 zbk) # Imanol Alvarez

Aspaldion, frankismoaren biktimak gora eta behera, artikulu ugari idatzi da, ekitaldi askotxo antolatu eta baita oroitarriren bat ezarri ere. Esan gabe doa ederto baino edertoago iruditzen zaidala. Baina -beti egon behar bainaren bat-, nortzuk dira frankismoaren biktimak?


Gaur egun, medioetan-eta, biktimak berba erabiltzen denean, euskal gatazkaren biktimez aritu nahirik, gehien-gehienetan ETAren ekintzek eragindakoez bakarrik aritu ohi da. Hitzaren erabilera erredukzionista egiten dute. Nahita eta kontzienteki egin ere.


Antzeko zerbait gertatzen da frankismoaren biktimez hitz egiten denean. Gehien-gehienetan gudari edota ezkerreko alderdi eta sindikatuetako kide izanagatik gartzelaratu edo fusilatu zituztenak omentzen dira. Frankismoaren biktima terminoaren erabilerak ere askoz zabalagoa izan beharko luke. Izan ere, oroitzapen goibeleko erregimen totalitarioaren biktimak beste asko eta asko izan zirelako. Edo direlako. Edo garelako, ez baitaukat batere argi erregimen haren astinduek ez ote duten egun arte iraun.


Frankismoan milaka lagun izan ziren espetxeratuak, adibidez, beraien ustezko nahiagotasun afektibo-sexualagatik. Hots, esan ohi den bezala, homosexual izateagatik. Asko eta asko erbestera behartuak izan ziren, Miguel de Molina esaterako. Edo baita fusilatuak ere, García Lorca kasu. Halere, beste milaka lagunek kaleetan eta komisaldegietan, lege edo epaileen laguntzarik gabe jasan zituzten laidoak eta jipoiak betiko polizien aldetik, delitu bakarra zutela: modu zehatz batean jantzi, mintzatu edo mugitzea. Zantzu horietan oinarritzen zuten homosexual izan zitezkeelako susmoa, ondorioz, umiliazorik basatiena bideratu eta justifikatzeko.


Badirudi gizarteak ahaztu egiten dituela bestelako biktima hauek. Badirudi biktima guztiak ez direla/garela maila berekoak. Lehendakariak izugarrizko oroitarria inauguratu du Artxanda mendian frankismoaren biktimen oroimenez, gonbidatuak eta aipatuak, ordea, gorago esan bezala, lehenengo mailakoak: gudariak eta alderdi eta sindikatutakoak edo beren ondorengoak baino ez.


Nahi gabe edo nahita egindako iraina nolabait arintzearren, kide naizen taldeak 2005ean ohorezko saria eman zion euskal gay mugimenduaren hastapenetan -oraindik ere trantsizioaren hastapenetan geundelarik- manifestazioetako lehen lerroan joaten ziren trans haietako bati. Haiek izan ziren era zuzenean zapalkuntza fisiko bortitzena jasan zutenak, ezin baitzuten beraien «delitua» ezkutatu. Ildo beretik, Durangon laster inauguratuko dugu, Udalaren eta Justizia Sailaren laguntzaz, beste biktima horien omenezko oroitarria. Artxandakoa baino apalagoa, aurrekontu-arazoak medio, baina hura bezain esanguratsua eta hunkigarria edo are esanguratsu eta hunkigarriagoa. Ea horretara ere datorren lehendakaria.

2007/02/17

> Berria: Gurasotasuna > SEXU BEREKO GURASOEN ETA GURASOGAIEN ELKARTEA SORTUKO DUTE GAUR MIARRITZEN

  • Sexu bereko gurasoen eta gurasogaien elkartea sortuko dute gaur Miarritzen
  • Ezkontza eta adopzio eskubideari buruz jarrera har dezaten eskatuko diete hautetsiei
  • Berria, 2007-02-17 # Aitor Renteria · Miarritze

Miarritzeko (Lapurdi) gay eta lesbianen elkarteak (LGP) bilkura bat antolatu du gaur Miarritzen sexu bereko guraso eta gurasogaien elkartea sortzeko asmoz. Frantziako presidentziarako hauteskundeen harira, sexu bereko pertsonen ezkontza eta adopzio eskubideari buruz jarrera har dezaten eskatuko diete hautetsi eta hautagaiei. Bederen PSF eta UDFeko ordezkariak presente izanen dira bilkuran.


«Lesbianen %11k eta gay-en %7k haur bat daukate; lesbianen %45k eta gay-en %36k ukan nahi dute», dio Philippe Lacoste LGPko presidenteak. Haurra ukan nahi duten sexu bereko pertsonek Administrazioaren zirrikituak baliatu behar dituzte. Legeak errealitatea onartu behar duela nabarmendu du, sexu bereko pertsonei gainerateko pertsonei onartzen dizkien eskubide berak aitortuz.


Frantziako legeak elkarrekin ezkontzea kalerazten die sexu bereko pertsonei. Ezin dute haurrik adoptatu eta ezin dute lagundutako ernalkuntza baliatu. Norbanakoek haur bat adoptatzea haizu dute. «Hipokresiak agintzen du, gurasoetariko bat kukutu behar delako adopzio prozedura irauten duen bitartean», azaldu du Lacostek.


Lehen traba hori gaindituta ere, legeak inposaturiko hesiak sexu bereko bikoteei ez diete aitortzen gainerateko bikoteek dituzten eskubide berak. Bigarren gurasoa, egunerokoan eragile bada ere, legearen aitzinean ez du eskubiderik. Horrela, haurraren ardura legala duen gurasoari zerbait gertatzen bazaio, bigarren gurasoak ez du haurraren ardura legala eskatzeko aukerarik.


«Gainerateko haurrek dituzten eskubideak ukatu egiten dizkiote sexu bereko gurasoen haurrari», salatu du Lacostek. Oinordetza eskubidea ere debekatzen diote haurrari eta hori jasanezinezko diskriminazioa dela dio.


Diskriminazioa ezabatu

Gurasoen ardura hobesten duen legea, gurasoen eskubide eta eginbeharra finkatzen duen legea bilakatzea eskatzen dute. Haurraren familia liburuan, adibidez, hiru elementu agertzea eskatzen dute: norengandik sortu den, noren haurra den eta zeinek hezi duen.


Informazioa gardena izatea eskatzen dute. «Informazioa gordez haurrari adierazten zaio ezberdina dela, gorde behar duen zerbait duela», azpimarratu du Lacostek. Arduraren etika garatzeko legeak gardentasuna eskaini behar duela uste du LGPk.


Legearen trabak direla eta, sexu bereko bikoteek molde ezberdinak baliatu behar izan dituzte haurrak ukaiteko. «Batzuek aitzineko bikote heterosexualetatik, bertzeek lagundutako ernalkuntza, isilpeko adopzioa edo bertze batzuen parte-hartzea. Legeak borondate naturalari hesia jarri nahi dionean bideak atzematen dira lortzeko». Legearen bermea eskatzen dute.

2007/02/06

> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN · EHGAM > "HETEROSEXUALENGANA IRISTEA DA HELBURUA"

  • Mikel Martin · EHGAM-eko kidea
  • «Heterosexualengana iristea da helburua»
  • Bilbon egin den 'Zinegoak' zikloko filma batzuk eman dituzte asteburuan herrian
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-02-06 # I. Berrio


Asteburuan Les-Gay-Trans gaiak lantzen dituzten ikus-entzunezkoen emanaldiak antolatu ditu EHGAM-ek. Taldeko kide Mikel Martin (Donostia, 1954) pozik agertu da herritarren artean izan duen harreragatik. Datorren urtean berriz ere filmak emango dituzte.


Ostiralean eta larunbatean filmak eman zenituzten Kulturgunean. Zein izan da erantzuna?
Oso ona, bi egunetan 250 ikusle inguru izan ditugu.


Eta zuek pozik al zaudete?
Bai. Azken film laburra eman eta han bertan balorazioa egin genuen. Jendea gogoz geratu zela ikusi genuen. Ikusleei motz egin zitzaien eta gehiago nahi zuten. Hori oso seinale ona dela uste dugu. Horregatik, gure aldetik helburuak bete ditugula uste dugu.


Zeintzuk ziren helburu horiek?
Batetik, Zinegoak bera herrira ekartzea. Azken lau urteetan egon gara horretarako borrokan, eta azkenean lortu dugu. Zinegoak Bilbon egiten da, eta garrantzitsua da filmak herri batera ekartzea.


Zein zen beste helburua?
Zine desberdina ikusi dugu. Esaterako, lesbianek egindako film laburrak. Lesbianek zein bizimodu duten ikusi ahal izan dugu. Euskal Herrian egindako zinema ere ikusi dugu. Azken batean, jendeari gure berri eman nahi genion, eta lortu dugu.


Eta ba al dago hobetzeko zerbait?
Bai, jakina. Luis Antonio Villenak esaten duen moduan, Les-Gay-Trans mugimendua bizi dugunotik haratago zabaldu behar da zinema hori. Heterosexualengana iristea da helburua. Alegia, jende gehiago ekarri behar dugu zinema aretora.


Hortaz, jarraitzeko asmoa duzue.
Bai. Datorren urtean ere Zinegoak-en zati bat hona ekartzen saiatuko gara. Udala, aurten adina edo gehiago inplikatzen saiatuko gara horretarako.