Showing posts with label Maiatzak 17. Show all posts
Showing posts with label Maiatzak 17. Show all posts

2009/05/17

> Berria: Maiatzak 17 > FRANKISMOAK ZAPALDUTAKO "BESTEAK" GOGOAN, DURANGON

  • Frankismoak zapaldutako «besteak» gogoan, Durangon
  • Francoren diktaduran sexu joeraren ondorioz hildakoen omenezko eskultura jarri du EHGAMek
  • Berria, 2009-05-17 # Maite Asensio • Durango
Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.

Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.

Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».

Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.

76ko azaroko egun batean
Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».

Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».

2009/05/14

> Berria: Maiatzak 17 > ARABA: 7menos20 ETA EHGAM ELKARTEEK ALDAKETAREN ERAGILE IZAN NAHI DUTE

  • LGTB elkarteek aldaketaren eragile izan nahi dute
  • Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako eguna dela-eta heterozentrismoarekin bukatzeko eskatu dute
  • Berria, 2009-05-14 # Jon Rejado • Gasteiz
Lesbianen, homosexualen, transexualen eta bisexualen elkarteek azpimarratu dute gizarte berri bat sortzeko eragile izan behar dutela homofobiaren kontrako borrokan. 7menos20 eta EHGAM Araba elkarteek adierazi dute helburu horren alde egin behar dutela mugimendu sozialekin, sindikalekin eta pentsaera politiko guztiekin lan eginez. Dei hori egin dute maiatzaren 17an egingo den homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren kontrako egunaren atarian.

Egungo sistema heterozentrista dela nabarmendu dute elkarteek, eta homofobiaren arazoa sortzen duela kritikatu dute heterosexualitatea ardatz duen sistema den neurrian. Lesbianek, homosexualek, transexualeek eta bisexualek sufritzen dituzte beldur eta aurreiritzi horiek, eta hori oinarritzat hartuta, sufritzen dutenek izan behar dute aldaketa eragileak.

Ideia hori aldarrikatuko dute maiatzaren 17an egingo diren ekimenetan. Aldarrikapen horrez gain Eliza Katolikoaren jarrera salatuko dute. Celestino Migliori Vatikanoko ordezkariak Nazio Batuen Erakundean egindako adierazpenak gogora ekarri dituzte, homosexualitatea ez despenalizatzeko eskatu zuen.

Hainbat ekimen
Maiatzaren 17a dela-eta hainbat ekimen antolatu dira Euskal Herrian. Maiatzaren 16an eskultura baten inaugurazioa egingo da, eta elkarretaratze nazionala deitu dute 18:30ean. Maiatzaren 17an bertan, manifestazioa egingo da Gasteizen, eta 12:30ean aterako da Babesgabetuen Andre Mari Zuriaren plazatik. Horrez gain Transfobia, lesbofobia eta homofobiaren aurpegiakerakusketa gaurtik aurrera ikusgai egongo da Gasteizko Hikaateneon.

2008/05/18

> Berria: Maiatzak 17 > "EZ HEMEN, EZ INON" HOMOFOBIA GEHIAGO PAIRATU BEHAR EZ IZATEA ESKATU DUTE


  • «Ez hemen, ez inon» homofobia gehiago pairatu behar ez izatea eskatu dute
  • Gara, 2008-05-18

Ehgam-ek deituta elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Donostiako Bulebarrean oraindik orain gay, lesbiana eta transexualek pairatzen duten bazterkeria salatzeko. «Ez hemen ez inon» leloa zuen pankartaren atzean batu ziren guztiak.


Atzo bete ziren hemezortzi urte Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ezabatu zuenetik. Data esanguratsua da inondik ere kolektibo horietako kideentzat, pairatzen duten homofobiaren zantzuetako bat desagertu baitzen. Hori dela eta, maiatzaren 17a Nazio Batuen Erakundeak Homofobiaren Aurkako Egun izenda dezan eskatu dute behin baino gehiagotan.


Ehgam-ek etxean maiz homofobia eta lesbofobia kasuak gertatzen direla salatu zuen, hala nola, gaztetxoek homofobia bullyinga pairatzen dutela, edota gero eta ugariago direla bazterkeria kasu horiek lan eremuan ere. Baina gure mugetatik kanpoko egoerari ere erreparatu zioten eta gogor salatu zuten, oraindik zenbait estatuk heriotza zigorra ezartzen dietela homosexualei.


Elkarretaratzea ez zen izan Ehgam elkarteak atzo egin zuen ekimen bakarra. Goizean erakustaldi gidatua egin zuten Donostiako Lugaritz kultur etxean jarria duten erakusketan. «Homobofia, lesbofobia eta transfobiaren aurpegiak» izeneko bildumak homofobia adibide diren ekintzak eta adierazpenak jaso ditu hainbat paneletan.


Gehitu elkarteko kideek bestalde, elkartasun afaria egin zuten atzo gauean. Batutako dirua homofobiaren aurkako borrokan ari den Colonbia Diversa elkarteari igorriko diote, bere lanean aurrera egin dezan.

2008/05/17

> Berria: Maiatzak 17 > ATZEAN UTZI GABEKO JARRERAK SALATUKO DITUZTE GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALEK


  • Atzean utzi gabeko jarrerak salatuko dituzte Gay, Lesbiana eta Transexualek
  • Aspaldiko kontuak dirudite, baina homofobia, lesbofobia eta transfobia oraindik orain egunerokoan sumatu ahal di-ra eta kolektibo horietako kideek bereziki pairatzen dituzte. Horiek salatzeko eta haus- narketa eragiteko deia egin dute gaur, Homofobiaren Aurkako Egunean.
  • Gara, 2008-05-17 # Maider Eizmendi · Gara

Gaur betetzen dira hemezortzi urte Osasunerako Mundu Erakundeak buruko gai- tzen ataletik homosexualitatea atera zuenetik. Data honek esangura berezia du gay, lesbiana eta transexualen kolektiboen artean, urteetan pairatutako diskriminazioaren zeinuetako bat desagertzea ekarri baitzuen. Oraindik orain, ordea, ugari dira pairatu behar dituzten gisa horretako bazter- keria zantzuak eta hortik gaurko eguneko hausnarketa eta salaketak.


Ehgam-ek orain hamar egun jarri zuen abian «Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurpegiak» izeneko erakusketa Donostiako Lugaritz kultur etxean. Helburua, elkarteko kideek azaldu dutenez, lesbofobia, homofobia eta transfobiaren alde ezberdinak islatzea da. Horretarako, horien adierazle diren ehun bat kasu aukeratu eta bildu dituzte, tartean zeresana eta oihartzuna izan duten ugari.


Baina horretaz gain, gurean eta aspaldira saltorik egin gabe hainbat pertsonaiak egindako adierazpen «homofoboak» irakurtze-ko aukera ere bada, eta elkarteko kideek adierazi dutenez, horietan zera nabarmentzen da: «Aipamen eta zantzu homofoboak eskuinean bai, baina ezkerreko jotzen direnen artean ere nabarmentzen dira». Tartean aipamena egin diote Renfe enpresak bikote heterosexualen mesedetan 70eko hamar-kadaren amaieran jarritako promozioari. «Bidaiatu ezazu zure emaztearekin ohe bagoian». Noski, eskaintza horrek ez zituen kontuan hartzen bikote homosexualak. Kasu bat baino ez da, baina horrelako adibide gehiago daude.


Lugaritzera bertaratzen dena hausnarketa egitera bultzatzen du erakusketak, eta horixe du helburu elkarteak: jendeari pentsaraztea eta homofobia, lesbofobia eta transfobia oraindik orain egunerokoan presente daudela azaleratzea.


Kanpoan zein etxean
Gehitu elkartea ere buru-belarri aritu da lanean gaur ospatzen den Homofobiaren Aurkako Egunaren harira. Elkarteko kide Koldobike Jauregik adierazi duenez, aurreko urteetan egin bezala munduko hainbat bazterretan homosexualitatea heriotzaz zigortzen dela salatuko dute. «Errealitate hori ezin dugu ahaztu; gainera, beste hainbat estatutan debekatuta dago sexu bereko bi pertsonen arteko harremana».


Kanpoan bai, baina etxean ere egiteko asko dago, ordea, besteren artean hezkuntzari dagokionez: «Aurten arreta berezia eskainiko diogu eskolan azaleratzen den homofobiari». Oraindik orain salaketa zehatzen berri emateko modurik ez du, baina «jaso, jaso ditugu». Hezkuntza arloan lan sakona egin behar dela uste du eta helburu horrekin abian dute proiektu bat, «batez ere DBHko Bigarren Zikloko ikasleen artean egiten ari gara, homosexualitateaz askatasunez hitz egin dezaten espazio bat sortu nahian». Jauregiren esanetan, garapen prozesuan diren gazte asko ez dira ausartzen sexu bereko pertsonenganako desioa adierazten, «erreferentziarik ez dutelako askotan». Dibertsitatea landu behar da, balioetan aldaketa bultzatu, «azken batean, oinarrizko eskubide baten gainean ari gara».


Gehitu elkarteak, Nazioa Batuen Erakundeak gaurko eguna Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egun izenda dezan nahi du, eta helburu hori lortze aldera mozioak aurkeztu ditu Euskal Herriko makina bat udaletan. Balorazio positiboa egin dute, udal eta erakunde askoren onespena lortu baitute.


Gaur hainbat ekitaldi egingo dituzte elkarte biek. Ehgam-ek, erakusketaren bisitaldi gidatua antolatu du goizeko 11.00etarako eta elkarretaratzea, berriz, arratsaldeko 18.00etan «Ez hemen ez inon» leloarekin Donostiako Bulebarrean; Gehituk, bestalde, elkartasun afaria antolatu du Colombia Diversa elkarteak homofobiari aurre egiteko abian duen proiektua diruz laguntze aldera.


Latorrizko Gehitu saria eman diote gobernu frantsesari
Gehitu elkarteak urtero eman ohi dio «homofobia adierazteagatik nabarmendu den pertsona edo entitateari» Latorrizko Gehitu Saria. Aurtengoan, atzo egindako agerraldian jakinarazi zutenez, Gobernu frantsesari egokitu zaio. Estatu frantsesak mutil-lagun holandarrarekin ezkontzeagatik gizon frantziar bati frantses herritartasuna kendu izana gaitzetsi zuten Gehituko kideek. «Estatu batek hiritar bati herritartasuna kentzea onartezina da, herritarren eta horien eskubideen babesle omen den Europa honetan». Gobernu frantsesak Ardoise izeneko programa informatikoa abiarazteko saialdia ere salatu zuten. «Polizia fitxategi honetan `homosexual', `sindikalista' eta `prostituzioaren bezero' gisako datuak jaso nahi zituzten; oinarrizko eskubideak urratzea da hori». Presio sozialari esker asmoa bertan behera geratu zen, «baina planteatzea bera homofobia zeinu garbia» dela uste du Gehituk.

2007/05/17

> Iritzia: Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu > KONPONDU GABEKO ERRONKA

  • Konpondu gabeko erronka
  • Berria, 2007-05-17 # Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Batzuetan gizarte-erdiespenen urteroko oroitzapenek jada lortu izan hutsagatik garrantzirik ez dutena pentsatzeko tentazioan eror gaitezke. Egun hauetan gogoratzen dugunean, duela 17 urteko maiatzaren 17an, Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea gaixotasun gisa hartzeari utzi ziola, mediku aditu edo politikari bakar batek ere homosexualitatea gaixotasuna edo desbideratzea ez denik zalantzan jarriko ez duela pentsatzeko tentazioa izan dezakegu.


Zoritxarrez, urtero, gaurkotasunak gogorarazten digu errealitatea lehen begiradan irudi zezakeenetik oso desberdina dela. Horren adibide garbia da Polonian berriki gertatutakoa, orientazio homosexuala edo identitate transexuala oraindik ere milioika pertsona bigarren mailako gisa ikusteko arrazoi nahikoa dela konturatzeko ez baitugu Europako Batasunetik atera beharrik.


Poloniaren kasuak ohiz kanpoko interesa piztu du, jendarteko iritzian gutxiengo sexualek herrialde askotan jasaten duten errealitate gordinarekiko, Polonia Europako Batasuneko kide delako eta, horrez gain, hurbileko herrialdea delako. Izan ere, asko hitz egin da Poloniako Gobernuko zenbait kideren adierazpenez, «homosexualitatea edo beste edozein sexu desbideratze eskolan sustatzearen» aurkako legea onartzeko asmoa iragarri baitzuten. Lege horren arabera, beren homosexualitatea ezkutatzen ez zuten hezitzaileak kaleratzearekin edo isunekin zigortu ahal izango ziren, bai eta espetxe-zigorrekin ere.


Orain, badirudi Poloniako Gobernuak ez duela lege hori aurrera eramango, agian horregatik da une egokia gogorarazteko Poloniako kasua hedabide handiek arreta txikia eskaintzen dioten izozmendiaren erpina besterik ez dela.


Izan ere, Poloniako Gobernuak «propaganda homosexuala» deitzen duena eskolan gertatzea saihesteko asmoa ez da inola ere berria EBn. Horrela bada, ez dira 4 urte pasa Erresuma Batuan Section 28 ezaguna indargabetu zenetik. Zuzenketa hori Margaret Thatcherren agintaldian onartu zen 1988an, eta legez debekatu zuen eskola publikoetan homosexualitateaz «familiarteko harreman onargarri» gisa hitz egitea; eta irakasleak eta ikasleak halako autozentsurara eraman zituen, ezen aniztasun sexuala defendatzen zuten eskola-elkarteak ixtea eragin baitzuen.


Ziurrenik, Poloniako kasuarekin duen desberdintasun nagusia da badirudiela Poloniako Gobernuak herritarren babesa duela homosexualitatea jazarri eta kriminalizatzeko, hona hemen adibide bat: gayen harrotasunaren aldeko martxa batean parte hartzeak, builaka gay, lesbiana edo transexualak erailtzeko eskatzen duten kontramanifestarien eraso ikaragarriak jasotzea eragin dezake, polizia-indarren eta udal gobernuen pasibotasunarekin eta konplizitatearekin.


Hala eta guztiz ere, egungo Europan gutxiengo sexualen legezko berdintasuna eskatzen dutenenganako indarkeria soziala ez da Poloniako biztanleriarena bakarrik.


Iaz Letoniako hiriburuko gayen harrotasunaren eguneko martxako parte-hartzaileak, Europako Parlamentuko eta Europako beste parlamentu nazionaletako kideak barne, kontramanifestariek eraso zituzten, poliziaren aldetik egoki zen babesa jaso gabe. Hilabete batzuk geroago, Letoniako Parlamentuak atzera bota zuen onartu izan balitz komunikabideetan, «familia babesteko» helburuarekin, homosexualitatearen edozein aipamen egitea debekatuko zukeen lege-proposamena. Letoniako alderdi nagusiaren proposamena zen.


Zauri larriak izan zituzten Tallinngo Gay Pride-eko parte-hartzaileetariko batzuk, Estonian ordura arte inoiz gertatu ez bazen ere. Hemen zehaztu behar da Gay Pride deiturikoek --Lesbiana, gay eta transexualen harrotasunaren aldeko martxak-- ezaugarriren bat badute guztiz baketsuak eta dibertigarriak izatea dela, martxa koloretsuak, musikaz beteak eta alaiak dira, horregatik errebindikazioa alde batera uzten ez badute ere.


Agian, horregatik iruditzen zaizkigu hain harrigarriak urtero aipaturiko herrialdeetatik iristen zaizkigun mota horretako erasoei buruzko albisteak. Zalantzarik gabe, ez ginateke hainbeste harrituko gure herrialdean agintari batek, inolako lotsarik gabe, homosexualitatea giza espeziea galtzea eragin dezakeelako gizartearentzako arriskutsua dela esan ahal izango balu, eta giza espezieko kide batzuk --desberdin maitatze hutsagatik--, beste batzuei eraso egiten dietela ikusitakoan isilik geratuko balitz.


Hala eta guztiz ere, Europan asaldatu egin behar gaituzten gertakari horiek ezin dira milioika gay, lesbiana eta transexualek beste kontinente batzuetan jasaten duten egoerarekin alderatu.


Ez dago gogoratu beharrik homosexualitatea, oraindik ere, heriotzarekin zigortzen dela Mauritania, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Yemen edo Iran bezalako herrialdeetan, non, Amnesty Internationalen arabera, 4.000 homosexual, lesbiana, bisexual eta transexual hilarazi dituzten 1979az geroztik.

> Berria: Homofobia > GEHITUK EB-KO HOMOFOBIA ETA TRANSFOBIA SALATU DITU

  • Gehituk EBko homofobia eta transfobia salatu ditu
  • Oraindik ere munduko hainbat estatutan homosexual eta transexualak gogor zigortzen dituztela kritikatu zuten. Era berean, Latorrizko Gehitu saria jakinarazi zuten. Aurten PP, UPN eta EAJko zazpi parlamentariri egokitu zaie, homosexualen ezkontza eskubidearen aurka egiteagatik.
  • Gara, 2007-05-17 # Maider Eizmendi

Hamazazpi urte beteko dira gaur Osasunerako Mundu Erakundearen batzar nagusiak homosexualitatea buru gaixota-sunen zerrendatik baztertu zuenetik, eta horrek ekarri zuen aurrerapausoagatik, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako eguna izendatu dute. Gehituko kideek beharrezko jo zuten atzo egindako agerraldian «pertsona homosexual eta transexualei zaien gorroto irrazionalaren aurkako eguna» antolatzea; haien esanetan, oraindik ere «bidegabekeria» ugari gertatzen baita.


Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek nabarmendu zutenez, munduko zortzi herrialdetan gutxienez indarrean mantentzen dute heriotza zigorra homosexualentzat, eta beste estatu batzuetan, kartzelazigorrak ezartzen dituzte. «Baina ez dago urruti joan beharrik, Europar Batasuneko herrialde batzuetan lesbiana, gay eta transexualek bizi duten egoera ez da samurra», adierazi zuten. Hala, Poloniako Gobernuak agertu duen «homofobia eta transfobia» onartezina dela adierazi zuten. «Gobernu horrek bere lege-proiektuan proposatzen zuen pertsona lesbiana, gay edo transexualak ikastetxe guztietatik kanporatzea eta maitatzeko molde askotarikoei buruzko erreferentziak desagerraraztea», azaldu zuten.


Homofobia soziala

Gehituko kideek homofobia soziala zigor koderik txarrena baino hilgarriagoa izan daitekeela esan zuten. «Brasilen homosexualitatea guztiz legezkoa da eta, hala ere, 2.000 pertsona inguru izan dira erailak azken 20 urteoten, sexu joera edo genero identitatea direla kausa», azaldu zuten. Lan esparruan egiten dieten bereizkeria ez zuten alboratu nahi izan Gehituko kideek. «Bereziki gogorrak dira pertsona transexualen artean dagoen langabeziaren datuak, %80koa baita», nabarmendu zuten. Bestetik, eskola arloan egin diren hainbat azterketa ahoan hartu zituzten, eta bullying kasu askoren atzean homofobia dagoela adierazi zuten.


Homofobiaren eta transfobiaren gaineko azterketa egitearekin batera, urtero egin ohi duten modura, Mujikak eta Iñiguezek «lesbiana, gay eta transexualen eskubideen, duintasunaren eta berdintasunaren aurkako lanean nabarmendu delako» aurtengo Latorrizko Gehitu sariaren irabazlea jakinarazi zuten. Aurten, otsailaren 27an sexu bereko pertsonek osatutako bikoteen ezkontzeko eskubidearen aurka bozkatu zuten Hego Euskal Herriko parlamentariei egokitu zaie. «Zehazki, Alderdi Popularreko lau parlamentari, UPNko bi parlamentari eta EAJko parlamentari bat izan dira sarituak», azaldu zuten.

> Berria: Homofobia > PP, UPN ETA EAJKO ZAZPI DIPUTATURI EMAN DIETE AURTENGO LATORRIZKO GEHITU SARIA

  • PP, UPN eta EAJko zazpi diputaturi eman diete aurtengo Latorrizko Gehitu saria
  • Ekimen «homofobo» baten alde egiteagatik «sarituko» ditu Gehituk, eta baita Poloniako Gobernua ere
  • Berria, 2007-05-17 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Egunaren harira, «bere homofobiagatik nabarmendu den pertsona edo entitateari» Latorrizko Gehitu Saria emango dio aurten ere Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak. Aurtengo «izendatuak» jakinarazi ditu jada: bikote homosexualen ezkontzaren aurkako ekimen bat aintzat hartzearen aldeko botoa eman zuten zazpi euskal diputatu; eta homosexualen aurkako legeak bultzatzen ari den Poloniako Gobernua.


Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek atzo gogoratu zutenez, joan den otsailaren 27an Foro de la Familiak gay eta lesbianek osatutako bikoteentzat legezko berdintasunaren aurka eta ezkontza esparrutik bikote horiek baztertzeko asmoz, Kode Zibilaren erreformaren aldeko ekimena aurkeztu zuen Madrilgo Kongresuan. Ekimena aintzat hartzearen alde bozkatu zuten zazpi euskal diputatuk. «Jakin bazekiten ekimenak gure seme-alabentzat legezko babesik eza zekarrela eta gure familienganako eraso garbia zela», dio Gehituk. EAEko PPko lau diputatuk, UPNko bik eta EAJko batek eman zuten botoa Gehitu-rentzat ekimen «homofoboa, intolerantea eta zorrotza» denaren alde.


Homofobia munduan

“Latorrizko Gehitu Saria” merezi du Poloniako Gobernuak ere, elkartearen ustez, gay, lesbiana eta transexualen aurkako «etengabeko erasoan» ari delako. Horren lekuko, hezkuntza lege proposamena salatu zuten. Irakasle homosexualei eskolak ematea galaraztea proposatu zuen Poloniako Gobernuak, «Europako Batasunaren ustez oinarrietako bat den bazterketa ezaren printzipioaren aurka».


Munduko beste hainbat herrialdetan egoera ez da hobea. Zortzi herrialdek heriotza zigorra indarrean dute homosexualen aurka, eta beste herrialde askotan, zigorrik handienak ezartzen zaizkie.


Gaur 17 urte egingo ditu Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen katalogotik kendu zuela. Hori da maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Eguna izendatzearen arrazoia.