2007/05/17

> Iritzia: Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu > KONPONDU GABEKO ERRONKA

  • Konpondu gabeko erronka
  • Berria, 2007-05-17 # Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Batzuetan gizarte-erdiespenen urteroko oroitzapenek jada lortu izan hutsagatik garrantzirik ez dutena pentsatzeko tentazioan eror gaitezke. Egun hauetan gogoratzen dugunean, duela 17 urteko maiatzaren 17an, Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea gaixotasun gisa hartzeari utzi ziola, mediku aditu edo politikari bakar batek ere homosexualitatea gaixotasuna edo desbideratzea ez denik zalantzan jarriko ez duela pentsatzeko tentazioa izan dezakegu.


Zoritxarrez, urtero, gaurkotasunak gogorarazten digu errealitatea lehen begiradan irudi zezakeenetik oso desberdina dela. Horren adibide garbia da Polonian berriki gertatutakoa, orientazio homosexuala edo identitate transexuala oraindik ere milioika pertsona bigarren mailako gisa ikusteko arrazoi nahikoa dela konturatzeko ez baitugu Europako Batasunetik atera beharrik.


Poloniaren kasuak ohiz kanpoko interesa piztu du, jendarteko iritzian gutxiengo sexualek herrialde askotan jasaten duten errealitate gordinarekiko, Polonia Europako Batasuneko kide delako eta, horrez gain, hurbileko herrialdea delako. Izan ere, asko hitz egin da Poloniako Gobernuko zenbait kideren adierazpenez, «homosexualitatea edo beste edozein sexu desbideratze eskolan sustatzearen» aurkako legea onartzeko asmoa iragarri baitzuten. Lege horren arabera, beren homosexualitatea ezkutatzen ez zuten hezitzaileak kaleratzearekin edo isunekin zigortu ahal izango ziren, bai eta espetxe-zigorrekin ere.


Orain, badirudi Poloniako Gobernuak ez duela lege hori aurrera eramango, agian horregatik da une egokia gogorarazteko Poloniako kasua hedabide handiek arreta txikia eskaintzen dioten izozmendiaren erpina besterik ez dela.


Izan ere, Poloniako Gobernuak «propaganda homosexuala» deitzen duena eskolan gertatzea saihesteko asmoa ez da inola ere berria EBn. Horrela bada, ez dira 4 urte pasa Erresuma Batuan Section 28 ezaguna indargabetu zenetik. Zuzenketa hori Margaret Thatcherren agintaldian onartu zen 1988an, eta legez debekatu zuen eskola publikoetan homosexualitateaz «familiarteko harreman onargarri» gisa hitz egitea; eta irakasleak eta ikasleak halako autozentsurara eraman zituen, ezen aniztasun sexuala defendatzen zuten eskola-elkarteak ixtea eragin baitzuen.


Ziurrenik, Poloniako kasuarekin duen desberdintasun nagusia da badirudiela Poloniako Gobernuak herritarren babesa duela homosexualitatea jazarri eta kriminalizatzeko, hona hemen adibide bat: gayen harrotasunaren aldeko martxa batean parte hartzeak, builaka gay, lesbiana edo transexualak erailtzeko eskatzen duten kontramanifestarien eraso ikaragarriak jasotzea eragin dezake, polizia-indarren eta udal gobernuen pasibotasunarekin eta konplizitatearekin.


Hala eta guztiz ere, egungo Europan gutxiengo sexualen legezko berdintasuna eskatzen dutenenganako indarkeria soziala ez da Poloniako biztanleriarena bakarrik.


Iaz Letoniako hiriburuko gayen harrotasunaren eguneko martxako parte-hartzaileak, Europako Parlamentuko eta Europako beste parlamentu nazionaletako kideak barne, kontramanifestariek eraso zituzten, poliziaren aldetik egoki zen babesa jaso gabe. Hilabete batzuk geroago, Letoniako Parlamentuak atzera bota zuen onartu izan balitz komunikabideetan, «familia babesteko» helburuarekin, homosexualitatearen edozein aipamen egitea debekatuko zukeen lege-proposamena. Letoniako alderdi nagusiaren proposamena zen.


Zauri larriak izan zituzten Tallinngo Gay Pride-eko parte-hartzaileetariko batzuk, Estonian ordura arte inoiz gertatu ez bazen ere. Hemen zehaztu behar da Gay Pride deiturikoek --Lesbiana, gay eta transexualen harrotasunaren aldeko martxak-- ezaugarriren bat badute guztiz baketsuak eta dibertigarriak izatea dela, martxa koloretsuak, musikaz beteak eta alaiak dira, horregatik errebindikazioa alde batera uzten ez badute ere.


Agian, horregatik iruditzen zaizkigu hain harrigarriak urtero aipaturiko herrialdeetatik iristen zaizkigun mota horretako erasoei buruzko albisteak. Zalantzarik gabe, ez ginateke hainbeste harrituko gure herrialdean agintari batek, inolako lotsarik gabe, homosexualitatea giza espeziea galtzea eragin dezakeelako gizartearentzako arriskutsua dela esan ahal izango balu, eta giza espezieko kide batzuk --desberdin maitatze hutsagatik--, beste batzuei eraso egiten dietela ikusitakoan isilik geratuko balitz.


Hala eta guztiz ere, Europan asaldatu egin behar gaituzten gertakari horiek ezin dira milioika gay, lesbiana eta transexualek beste kontinente batzuetan jasaten duten egoerarekin alderatu.


Ez dago gogoratu beharrik homosexualitatea, oraindik ere, heriotzarekin zigortzen dela Mauritania, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Yemen edo Iran bezalako herrialdeetan, non, Amnesty Internationalen arabera, 4.000 homosexual, lesbiana, bisexual eta transexual hilarazi dituzten 1979az geroztik.

No comments: