2007/05/11

> Berria: Justizia > OSTIRALEAN EPAITUKO DITUZTE USTEZ MIKEL MARTIN EHGAMEKO KIDEA JIPOITU ZUTEN LAU MILITARRAK

  • Ostiralean epaituko dituzte ustez Mikel Martin EHGAMeko kidea jipoitu zuten lau militarrak
  • Ustezko erasotzaileetako birentzat kartzela zigorra eskatuko du Fiskaltzak, eta isuna beste bientzat
  • Berria, 2007-05-09 # Erredakzioa · Donostia

Espainiako armadako lau militar epaituko dituzte ostiralean Donostiako Auzitegian, 2005ean Mikel Martin Zutik-eko eta EHGAMeko militante ezaguna jipoitu zutelakoan. Ustezko erasotzaileetako birentzat, bakoitzarentzat urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte-ordaina eskatuko du fiskalak, erasoa haiek egin zutelakoan. Beste bien kontra, berriz, bakoitzarentzat 4.200 euroko isuna galdegingo du fiskalak, biei ala biei jipoia eragotzi ez izana eta Martini lagundu ez izana leporatuta.


Martinen abokatuek, ordea, zigor handiagoak eskatuko dituzte ustezko erasotzaileen aurka. Hain zuzen ere, lehen bi militarren aurka hiru urteko espetxe zigorra eskatuko dute bakoitzarentzat, eta beste bien aurka 7.200 euroko isuna. Halaber, Martinentzat 18.000 euroko kalte-ordaina galdegingo du akusazio partikularrak.


Zutik alderdia eta EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimendua herri akusazio gisa izango dira ostiraleko epaiketan, eta akusazio partikularraren eskaera berberak egingo dituzte ustez erasoan parte hartu zuten lau militarren aurka.


137 egun, kolpeak osatzeko

Donostia erdigunean, Urbieta kalean, izan zuen erasoa Martinek, 2005eko urtarrilaren 13an, 23:00ak inguru zirela. Egun hartan, Martinek berak azaldu zuenez, taxia hartzera zihoala lau lagun ikusi zituen, «nahiko jarrera bortitzean, kale seinaleak jotzen». Hurbildu eta irainka hasi zitzaizkiola azaldu zuen. Konortea galdu arte jo zuten, Ibarretxeren Planaren zein ETAren aldekoa zen galdetzen zioten bitartean.


Fiskalaren idatziaren arabera, akusatuetako bik jo zuten Martin, baina beste biek ez zuten ezertxo ere egin erasoa geldiarazteko.


Erasoaren ondorioz, Donostia Ospitalera eraman zuten Zutik eta EHGAMeko kidea; larrialdi zerbitzuetan artatu zuten. Gorputz osoan, buruan zein aurpegian kolpe ugari jaso zituen; ahoan eta ezkerreko begian puntuak eman behar izan zizkioten ospitalean. Zauriak osatzeko, Martinek 137 egun behar izan zituela jasotzen du fiskalaren idatziak, eta horietatik 102 egunean ohiko jarduera egin ezinik egon zela.


Erasoa gertatu ostean, ustezko bi erasotzaile atxilotu zituen Donostiako Udaltzaingoak. Erasoaren lekuko izan ziren hainbat lagunek deitu ostean bertaratu ziren udaltzainak, eta militarretako bi atxilotu. Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten, eta, berri agentziek zabaldu zutenez, Alcala de Henaresko (Espainia) base militarrera itzuli ziren. Izan ere, agentzien arabera, bi militarrak urtarrilaren 1etik 15era bitartean Euskal Herrira bidali zituzten, Donostiako Loiola auzoko kuartelera.


Erasoaren ostean, babes eta elkartasun mezu ugari jaso zituen Martinek. Euskal alderdi, instituzio eta elkarte ugarik ere salatu zuten Martinen aurkako erasoa, eta Espainiako Gobernuari gertaerak argitzeko ikerketa sakona eskatu zioten gehienek.

No comments: