2009/01/29

> Berria: Hezkuntza > CURRICULUMAREN AURKA EGIN ZUTENEK ATZERA EGIN BEHARKO LUKETELA ESAN DU CAMPOSEK

  • Curriculumaren aurka egin zutenek atzera egin beharko luketela esan du Camposek
  • Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren ustez, argi geratu da curriculumak ez duela oinarrizko eskubiderik hurtasen
  • Berria, 2009-01-29 # Ainara Arratibel
«Euskal curriculuma horrenbeste kritikatu zutenek atzera egin beharko lukete», adierazi zuen atzo Tontxu Camposek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Campos pozik agertu zen EAEko Auzitegi Nagusiak euskal curriculumaren alde egin duelako. «Garbi geratzen da curriculumak ez duela oinarrizko eskubiderik urratzen».

Eusko Jaurlaritzak 2007ko urrian onartu zuen derrigorrezko hezkuntza osorako curriculum berriaren dekretua. PSE-EE, PP eta Ezker Abertzalea aurka agertu ziren. Dekretuak elebitasunaren alde egiten du, eta baita derrigorrezko hezkuntza amaituta ikasle guztiek B2 hizkuntz gaitasuna izatearen alde ere. Ikastetxeei ordutegiak antolatzeko autonomia ematen zaie, baina ordu gutxiago ematen zaio heziketa fisikoari eta gehiago zientziei.

Hilabete geroago herritar talde batek helegitea jarri zuen, euskal curriculuma baliorik gabe uzteko eskatuz. Herritar talde horren aburuz, Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiak oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu: ideologia askatasuna eta gurasoek seme-alaben heziketa moral eta erlijiosoa aukeratzeko duten eskubidea, tartean. EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, atzera bota du herritar taldearen helegitea. Epaitegiak ebatzi duenez, «Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiak ez du norberaren ideia moral eta erlijiosoekin talka egiten duen elementu proselitista eta hezitzailerik».

Halaber, Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren jurisprudentzia aintzat hartuta, zera dio: «Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiak ez ditu Estatuari eskatu behar zaion alderdikeriarik ezaren mugak gainditzen». Camposen ustez, hainbat talde eta alderdi politikok ez zioten behar adinako balioa eman hezkuntza eragileek lortutako akordioari. «Konturatu beharko lukete lan egiteko modua egokia zela, eta lortutako akordioak beraiek adierazi zuten baino balio handiagoa zuela».

Objekzioa, debekatua
Espainiako Auzitegi Gorenak, bestalde, ukatu egin zuen atzo Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiaren kontrako objekzio eskubidea. 22 epailek erabakiaren alde bozkatu zuten, eta zazpik kontra. Auzitegiaren arabera, irakasgaiaren edukiak ez du gurasoek beren seme-alaben heziketa moral eta erlijiosoa aukeratzeko duten eskubidea urratzen.

Gehitu elkarteak pozik hartu du Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia. Haien aburuz, irakasgaiak «pertsona ororen giza eskubideak aitortzen eta erakusten ditu». Dena den, ezinbestekoa ikusten dute irakasgaiaren edukiak zabaltzea.

2009/01/28

> Komunikatua: Gehitu > GEHITU HERRITARTASUNERAKO IRAKASGAIARI BURUZ AUZITEGI GORENAK EMAN DUEN EPAIAREN AURREAN

  • Gehitu Herritartasunerako Irakasgaiari buruz Auzitegi Gorenak eman duen epaiaren aurrean
  • Gehitu, 2009-01-28
Gehitu osatzen dugunak biziki poztu gara gaur Auzitegi Gorenak herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza irakasgaiarekiko kontzientzia eragozpenari buruz emandako epaiagatik.

Gehituk, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen berdintasun legal eta sozialaren alde, haien gizarte normalizazioaren alde eta haien eskubide, duintasun eta askatasunaren alde lan egiten duen aldetik, epaia honi buruz oso iritzi ona du, Auzitegi Gorenak, epai honen bidez, irakasgai hau derrigorrezkoa dela bermatzen baitu; gogora ekarri nahi dugu herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza irakasgaiak aitortzen eta erakusten dituela pertsona ororen giza eskubideak, eta Konstituzioak nahiz Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak jasotzen dituzten balio demokratikoak.

Gurasoei aitortzen badiegu ere euren seme-alabak hezteko duten eskubidea, uste dugu badirela irakatsi beharreko printzipioak eta balio komunak, esaterako: berdintasuna, errespetua, askatasuna, indarkeria-eza… .Horiek guztiak herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza irakasgaian jasotzen dira.

Egia da, bestalde, Gehituk, irakasgaiaren gutxieneko edukiak onartu zirenean, kritikatu zuela lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eskubideen eta berdintasunaren defentsari buruzko edukiak gutxiegi izatea irakasgai honetan. Gazte eta nerabe lesbiana, gay, transexual eta bisexualek jasaten dituzten jazarpena eta erasoei buruzko egungo datuak kontuan harturik, premiazkotzat jotzen dugu errealitate horri lehenbailehen aurre egitea, eta populazioa heztea errespetuaren, berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren balioetan. Bestalde, ezinbestekoa dela uste dugu irakasgai honen edukiak zabaltzea, eta espero dugu epai honek irakasgaia berrikusi eta edukiak zabal daitezen balioko duela.

Epai honen aurka helegitea aurkeztuko dutela jakitun gara, baina espero dugu, azkenean, irakasgaiaren balioa eta egokitasuna aitortuko direla; izan ere, oinarrizko tresna dela iruditzen zaigu, berdintasunezko gizarte bidezkoagoa eta askeagoa izan dezagun.

2009/01/26

> Komunikatua: Gerraren Aurkako Plataforma > OKUPAZIOAREN ETA PALESTINAR HERRIAREN GENOZIDIOAREN KONTRA

  • Okupazioaren eta Palestinar herriaren genozidioaren kontra. Palestina askatu.
  • Gipuzkoako Gerraren Aurkako Plataforma, 2009-01-26
Israelek burutu duen Gaza kontrako eraso militar hau Palestinaren okupazioaren atal berri bat baino ez da; Israelek inpunitate osoz jokatzen du Palestinar herriaren kontra. Gazaren aurkako ekintza kriminal honek 1400 hildako eta 5500tik gorako zauritu utzi ditu. Bonbardaketak herriaren kontrakoak izateaz gain, mota guztietako azpiegituren kontra izan dira, fosforoz egindako bonbak erabili dira, hiru astetako etengabeko erasoa izan da. Eta guzti hau Europar gobernuen eta Nazioarteko Instituzioen begirada konplizearekin. Agintari hauen pasibitateak genozidio honen konplize egiten ditu.

Gogoratu Europar Batasunak Gazaren kontrako ikaragarrizko blokeo bat burutzen ari dela azkeneko urte eta erdi honetan.

Sarraski hau, Nazioarteko Legedia eskuetan hartuta, gizateriaren kontrako krimenak dira. Eta hau kontutan hartuta berehalako neurriak behar dira Gazan gertatu diren bezelako triskantzak geldiarazteko.

Palestinan pake justu eta iraunkorra posiblea da baina Nazioarteko legedia ezarriz, Nazio Batuen erabakiak betearaziz. Erabaki horietan Israeli exijitzen zaio 1967an okupatutako lurraldeetatik erretiratzea eta Palestinar herriari bere autodeterminazio eskubidea aitortzea eta eki-Jerusalemen hiriburua izango duen Estatu Palestinar independientea sortzea. Okupazioa da zonalde horretan bortizkeria sortzen duena. Okupazioaren bukaerak bakarrik ekar dezake pakea eta segurtasuna bi aldeentzako.

Behar beharrezkoa da gure agintariek hitzetatik haratago joatea eta Israelek Palestinar herriaren kontra egiten dituen etengabeko erasoak salatzeaz gain politika basati honi frenoa jartzea ezinbestekoa da. Horregatik gure agintariei exijitzen diegu, bai Eusko Jaurlaritzari bai Gobernu Foralari bai Diputazio Foralari bai udaletxeei Israelen politika hiltzaile honen gaitzespen argi bat eman ditzatela eta horretaz gain eten ditzatela Israelekin dituzten harreman guztiak, bai politikoak bai kulturalak bai kiroletakoak bai komertzialak. Gure agintariei exijitu behar diegu has daitezela behingoz Israeleko gobernua presionatzen. Europar Batasunak Israelekin dituen harremanetarako itzarmena eten behar du, estatu arrazista eta terrorista honekin kolaboratzearekin bukatu egin behar du eta zigor ekonomikoak, komertzialak eta politikoak ezarri behar ditu Israeleko estatuak Palestinar Herriaren giza eskubide eta nazio eskubideak errespetatzen ez dituen bitartean.
Bestela gure gobernuek konplize izaten jarraituko dute.

Gure akademikoei premiazko eskaria egiten diegu; Israeleko akademikoei boikota egitea, Israeleko Akademia isolatzea, bai foroetan bai nazioarteko elkarte eta jarduera akademikoetan. Israeleko instituzio akademikoak zapalkuntza honen konplizeak dira Israeleko politikarekin bat egiten duelako.

Euskal Herriko gizarteari gonbidapen bat luzatu nahi dizuegu Israeletik datozen produktuak ez erosteko eta ezta ere Israeleko kapitala dituztenak edota Israelen inbertitzen dituzten beste enpresenak ere. Palestinako 200 giza talde desberdinek bultzatutako nazioarteko boikot kanpaina bat da hau eta denok batera lan honetan haurrera jarraituz gero BOIKOT kanpaina honekin etekinak lor ditzakegu.

Palestinar herriarekin bat egiten dugu. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu beraien sufrimendu eta beraien borrokan ere.
Gure konpromisoa adierazi nahi dugu Palestinar herriarekin eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugula adierazi nahi dugu Ekialde Ertainean justiziazko bake bat lortzeko bidean.
  • GAZA LURRALDEAREN BLOKEOAREKIN BUKATU
  • PALESTINAREN KONTRAKO ERASOEKIN BUKATU
  • ISRAELI BOIKOTA
  • PALESTINA ASKATU

2009/01/22

> Erreportajea: Homofobia > FRANTZIAK EZ DU ONARTUKO HOMOSEXUALEK ODOLA EMATEA

  • Frantziak ez du onartuko homosexualek odola ematea
  • Frantziaren jarrera homofoboa dela salatu dute hainbat elkartek, seropositiboa izatea homosexuala izatearekin parekatzeagatik. Epidemiologia ikerketan oinarritzen dela dio Gobernuak, arriskuak ekidin nahian
  • Berria, 2009-01-22 # Aitor Renteria • Baiona
Roselyne Bachelot Frantziako Osasun ministroak odola emateko araudia onartu berri du eta, hainbat ataletan jarrera malguagoak hobetsi baditu ere, gizon homosexualei odola ematea debekatuko die, orain artean bezala. Talde homosexualen arabera, Frantziaren erabakia homofoboa da. Ikerketa zientifikoetan oinarritzen dela adierazi du Bachelotek, baina homosexualek ez dituzte aintzat hartzen ministroaren irizpideak.

Izan ere, Bachelotek baliatzen dituen ikerketak Osasun Zaindaritzarako Erakundeak 2002an egindako lanetan oinarritzen dira. Gizonen topalekuetan galdetegiak banatu zituzten, eta bederatzi mila erantzun bildu. Horietarik 8.719 gizonezkoenak izan ziren. Batez bertze, 34 urte zuten, eta egoera ekonomiko ona. Erantzun horietan oinarritu da Bachelot debekua ezartzeko. «Gayen %10 -%18ek hiesa dute; heterosexualen artean, berriz, %0,2 da kutsatuen kopurua».

Ikerketa horrek balio zientifikorik ez duela azaldu du Christophe Stephany Miarritzeko Gay eta Lesbianen elkarteko presidenteak. Lehenik eta behin, ministroak iragarri dituen ehunekoen artean dagoen aldea nabarmendu du. Handiegia, zerbait adierazteko. Baina kopururik handiena harturik ere, galdetegia ohitura jakin batzuk dituen talde jakin bati egindakoa dela azpimarratu du. «Ez du balizko komunitate homosexualak ihardetsi, ohitura jakin batzuk dituzten pertsonek baizik».

Jardun arriskutsuak talde arriskutsuekin nahastea leporatzen dio ministroari. Alta, heterosexualek galdetegiari ez dietela erantzun gogorarazi du. Horrela azaltzen da bi taldeen arteko ehunekoen ezberdintasuna eta lesbianen erantzunik eza.

Talde arriskutsurik ez dagoela nabarmendu du Stephanyk, jardun arriskutsuak baizik. Alta, azken urte luzeetan homosexualek hiesaren kontrako neurriak baliatu dituztela gogorarazi du, eta hies kasuak heterosexualen artean ugaldu direla bitartean. Azken talde horretan jardun arriskutsuak ohikoagoak direla ondorioztatzen du.

«Beren nortasunean ez beste oinarrituz, gayei odola ematea betiko debekatzeak nahasketa izugarria eragiten du, homosexualitatearen eta jardun arriskutsuen amalgama egiten duelako, ñabardurarik gabe», adierazi du Jean-Luc Romerok, Hiesaren Aurkako Tokiko Hautetsien Elkarteko Presidenteak.

Rocheloten erabakia baztertzailea dela dio Romerok, eta gogoratu du horrela ebatzi zutela bai Frantziako Batzorde Etikoak 2002ko ekainean, baita Halde erakundeak ere 2006ko otsailean. Baina Rochelotek ez ditu ebazpen horiek kontuan hartu.

Act Up elkartearen iritziz, Bacheloten erabakia ez da oinarritzen zientzia azterketetan. «Gayei odola ematea debekatuz, ministroak bazterketaren gatazka bizirik atxiki nahi du, arrazoia emanez horrela muturreko jarrera homofoboak dituztenei».

Ferraria autobidean
Ministroaren erabakiak oinarri zientifikoak dituela azaldu du Francois Lefayer EPFS erakundeko Pariseko prentsa arduradunak. Odola hartzen duten zentroen erakundea da EPFS. «Norbaitek Ferrari bat gidatzen badu autopistan eta bertze nehor ez baldin bada, ez dago arazorik orduko 300 kilometrotan badoa ere; baina bertze jende batengan eragina duelarik, bidetik atera behar da, bertzeen bizia arriskuan ezartzen duelako», adierazi du.

Ez du onartzen jarrera homofoboa leporatzea. Gogorarazi du erabakiak ez diela debekurik inposatzen lesbianei, eta bai aldiz bertze talde batzuei, adibidez Erresuma Batuan urte bete baino gehiago pasatu duten pertsonei, edo usu odol transfusioak egiten dituzten pertsonei.

Hiesa errealitatea dela dio Lefayerrek, eta odola hartzearen ardura duen erakundeak kontuan hartu behar duela azaldu du. «Gustatu edo ez, bertzeak kutsa ditzaketen arriskuak baztertu behar ditugu».

Debekuaren gibelean arrazoi filosofikorik ez dagoela erran du Bernard David Pariseko EPFSko ardura duen medikuak. Egunen batean epidemiologia azterketen emaitzak aldatzen badira, debekuaren arrazoia desagertuko dela azaldu du. «Orduan naturaltasunez onartuko zaie odola ematea». Bitartean, sendagileek osasun irizpideak hobetsiko dituztela jakinarazi du, Bacheloten ebazpenarekin bat eginez.

Hepatitisa atzematen da gehien odolari egin probetan
Urtean batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izaten diren 100.000 odol emateetatik, infekzioa izaten dute ale batzuek: 5 eta 10 artean izaten dira hepatitis C dutenak; 10 inguruk hepatitis B izaten dute; 1 eta 5 artean dira GIBa atzematen zaienak. Suntsitu egiten dira infekzioa atzematen zaien odol poltsak.

Odol emaileak galdegin ditu Miarritzeko odol zentroak
Urtero %5 emendatzen dira odol beharrak Ipar Euskal Herrian. Miarritzeko Odol Zentroko arduradunek jendea odola ematera deitu dute, elurte eta besta egunen ondorioz apaldu delako zeukaten odol kopurua. Hala ere, gizonei ez diete odolik hartzen homosexualak baldin badira.

148.000
Odol emateak, batez beste, urteko. Urtero, batez beste, 148.000 odol emate izaten dira Euskal Herrian.

Nafarroan urtean, batez beste, 32.000 odol emate izatean dira. Azken 10 urteetan 32.000 inguru odol emate izaten dira Nafarroan. Odol emateak %3 handitzeko ezarria zuten helburua ez da bete herrialdean.

Ipar Euskal Herrian 16.000 odol emate izaten dira urtero. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 16.000 odol emate izaten dira, batez beste. Aurten 17.000 biltzera iristea dute helburu.

EAEn 100.000 izan ohi dira urteko odol emateak. 100.000 odol emate dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

680
Baionako erietxean artatutako hiesdunak. Hiesa duten 680 lagun artatzen dituzte Baionako erietxean. Nafarroa Behereko eta Lapurdiko jendea da nagusiki, baina baita Landetakoa ere (Frantzia). Osasun zerbitzuen arabera, hiesa duten lau pertsonatik batek ez daki.

Gobernuak eman datuak ez direla zehatzak salatu dute
Frantziako Gobernuaren inkesten arabera, gizon homosexualen %10 eta %18 bitartean dira hiesa dutenak. Aldiz, heterosexualen kopuru zehatza eman dute: %0,2. Homosexualentzat ematen den datua zabalegia dela eta ez duela oinarri zientifikorik salatu dute gay eta lesbianen elkarteek.

Erresuma Batuan izandakoek ere ezin dute odolik eman
Erresuma Batuan bederen urtea pasatu dutenek ere ezin dute odolik eman Lapurdiko odol zentroetan. Behi eroen eritasunaren ondorioa da, eta arriskua desagertu arte neurri hori indarrean egonen dela aitzinatu du Frantziak. Odol transfusioak ukan dituzten jendeek ere ezin dute odolik eman.

  • «Ematea ez da eskubidea»
  • Odola ematea kasik mundu osoan debekatzen diete homosexualei. Hego Euskal Herrian duela hamar urte kendu zuten debekua, eta praktika arriskutsuez galdetzen dute orain.
  • Berria, 2009-01-22 # Mikel Peruarena • Donostia
Gizonekin sexu harremanak dituzten gizonei odola ematen ez uztea «irizpide kasik unibertsala» da, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari Miguel Angel Vesgaren esanetan: «Europan, Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan... Horrela izan da 1980ko hamarkada hasieratik». Hortaz, Frantziak hartu duen erabakia ez da berria, Vesgak dioenez: «Lehendik ezarria zuten irizpide bat baloratu, eta mantentzea erabaki dute». Europako Batasunak zenbait irizpide ezarriak ditu odol emateari buruz. Hor ez da homosexualei odol ematea ukatzen dien araurik, baina estatu edo eskualde bakoitzak aukerak ditu, bertako odol emaileen soslaia ikusita, irizpide hertsiagoak jartzeko.

Espainia, Portugal, Italia eta Suedia dira salbuespenak. Herrialde horietan homosexualek ez dute legezko debekurik odola emateko. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere ez da halako debekurik. Orain ia hamar urte erabaki zuten debeku hori kentzea, Gipuzkoako odol emaileen elkarteko presidente Sabin Urzelairen arabera. Ordura arte, aparte uzten ziren «arrisku taldeak» deitzen zirenak: heroinazaleak, hemofilia zutenak eta homosexualak. Vesgaren hitzetan, «zein datu eta egoera zeuden ikusi eta ikerketa zorrotza eginda» hartu zuten erabaki hura.

Trukean, Vesgak azaldu duenez, bi iragazki igaro behar dituzte odol emaileek: praktika arriskutsuei buruzko elkarrizketa medikoa eta laborategiko probak. Urzelairen hitzetan, «orain ez da galdetzen homosexuala zaren, baizik eta nolako harreman sexualak izan dituzun». Galderak zehatzak dira: hepatitisa pasatu ote duten, atzerrira bidaiatu duten, sexu harremanak pertsona batekin baino gehiagorekin izan dituzten, babesik hartu duten harreman horietan, prostituziora jo duten... Galderei erantzutea derrigorrezkoa da. «Ez badiezu galderei erantzun nahi, zeure burua baztertzen duzu», ohartarazi du Urzelaik.

Infekzioak atzemateko epea
0Odol hartze guztiei probak egiten zaizkie laborategian, Urzelaik dioenez: «Zuk ematen baduzu odola 50 aldiz, 50 aldiz egiten dira probak, hor ez dago zalantzarik». Arriskua beste bat da, Vesgaren esanetan, infekzio batzuk ez baitira atzematen zenbait egun pasa arte. Epe ezkutua esaten zaio horri. «Aurreko 10 egunetan kutsatu den norbait etorri eta ez konturatzea, hori da egiazko arriskua. Eta arrisku hori handiagoa da homosexual aktiboen artean; hori datu epidemiologiko garrantzitsua da», adierazi du Vesgak.

GIB Giza Immunoeskasiaren Birusa duten lagun gehiago daude homosexualen artean, heterosexualen artean baino, Vesgak dioenez: «Eman dezagun, gizonezkoen artean, biztanleriaren %4k harreman homosexualak dituela; herrialde askotan GIBdunen erdiak homosexualak dira». Frantziako Gobernuak hartu duen erabakia datu horrek eragin duela uste du transfusio zentroko zuzendariak: «Normalean, erabakiok hartzen dira datu objektiboak ikusita». Hala ere, arazoa «zaila» dela uste du Vesgak, eta ezin dela giza talde oso bat baztertu sexu joerarengatik: «Aurkitu beharko litzateke sistema bat, ziurtatuko duena odol emaileak ez duela praktika arriskutsurik izan, eta inor baztertuko ez duena».

Urzelaik ere gauzak ez direla nahastu behar uste du: «Arazoa dago kolektibo bat diskriminatua sentitzen bada; eta, gainera odola ezin badu eman!». Etorkinekin ere, azken aldian, antzeko arazoak gertatzen ari direla ziurtatu du Urzelaik, baina Erdialdeko Amerikan egon direnek, edo handik datozenek, paludismoa edukitzeko arrisku handiagoa dutela ohartarazi du: «Orduan, han egon garenok, ezin dugu odolik eman lau hilabetetan. Eta hori ez da hartzen diskriminazio moduan».

Pertsona bakoitzak, banaka-banaka, zer praktika arriskutsu izan dituen begiratu behar dela uste du Urzelaik: «Odola ematea ez da eskubidea. Odola jasotzea da eskubidea. Beste bati laguntzeko eman behar da odola».

2009/01/21

> Berria: Indarkeria > IKUSGAI EGIN NAHI DUTE SEXU BEREKO BIKOTEEN INDARKERIA

  • Ikusgai egin nahi dute sexu bereko bikoteen indarkeria
  • Gay eta lesbiana bikote barruko indarkeriari aurre egiteko kanpaina abiatu dute Aldartek eta Bizkaiko Diputazioak
  • Berria, 2009-01-21 # Maite Asensio • Bilbo
Sexu bereko pertsonez osatutako bikoteen barruan ere badago tratu txarrik. Baina gizartean gay eta lesbianen harremanak gutxi ikusten direnez gero, guztiz ikusezina da bikote horietan gertatzen den indarkeria. Errealitate horren berri emateko, Ikusi, balioetsi, ekin kanpaina abiatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Aldarte Gay, Lesbiana eta Transexualen Arretarako Zentroak. Halaber, arazoari buruz eztabaidatzeko gunea eta horri aurre egiteko lege aholkularitza eskainiko die Aldartek gay eta lesbianei.

Zaila da sexu bereko bikoteen barruko indarkeria antzematea, baita bikotea osatzen dutenentzat ere. Iaz, hogei kasuren berri izan zuen Aldartek, Bizkaian. «Ez zuten zuzenean esaten tratu txarrak jasaten zituztela; haiekin hitz egitean konturatu ginen», dio Inmaculada Mujika Aldarteko zuzendariak. Izan ere, «mito asko» dago gay eta lesbiana bikoteen inguruan: «Idealizatuta daude. Jendeak uste du hor ezin dela indarkeriarik egon, harremanotan berdintasun handia dagoelakoan». Gainera, tratu txarrak salatzea zaila zaie gay eta lesbianei, joera sexuala isilpean dutenei batik bat.

Sexu berekoen arteko indarkeria aztertzean, genero indarkerian agertzen diren jarrerak «estrapolatzen» direla azaldu du Mujikak: «Gay eta lesbianen harremanetan ere badaude bikotekidea kontrolatzeko joera, jeloskortasuna edota mendekotasuna». Hartara, Mujikak uste du sexismoak eta genero rolek eragina dutela sexu berekoen harremanetan agertzen den indarkerian, «maitasun erromantikoaren ideian, adibidez».

2009/01/20

> Berria: Indarkeria > HARREMAN YHOMOSEXUALETAN TRATU TXARRAK SAIHESTEKO KANPAINA BAT ABIARAZI DUTE BIZKAIAN

  • Harreman homosexualetan tratu txarrak saihesteko kanpaina bat abiarazi dute Bizkaian
  • EITB, 2009-01-20
Sexu berekoen arteko biolentzia ikusaraztea, gizarteari gogoeta eginaraztea eta tratu txarren kontra egiteko baliabide erabilgarriak eskaintzea ditu helburu kanpainak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Gai eta Lesbianentzako Arreta Zentroarekin elkarlanean, "harreman homosexualetan izaten den biolentziaren aurka egiteko" informazio-kanpaina bat jarri du martxan.

Kanpainak "Ikusi, ebaluatu, jardun" goiburua du eta sexu berekoen arteko biolentzia ikusaraztea, gizarteari gogoeta eginaraztea eta tratu txarren kontra egiteko baliabide erabilgarriak eskaintzea ditu helburu.

Aipatutako baliabideak, besteak beste, tratu txarrak antzemateko test bat, erakunde eta elkarteetan banatuko duten kartel bat eta webgune baten sorrera dira.

> Elkarrizketa: Roberto Caston > "DESBERDINA DENA ONARTZEA ZAILA DA..."

  • Roberto Caston – Zinemagilea: «Desberdina dena onartzea zaila da, desberdina den hori ikusten ez baduzu, bizi ez baduzu»
  • Traza handiko atzerriko zinema jaialdi batean aurkeztuko den aurreneko euskal filma zuzendu du Roberto Castonek. Berlinaleko Panorama sailean erakutsiko dute 'Ander', sexu askatasuna gai nagusi duen euskarazko pelikula.
  • Berria, 2009-01-20 # Irune Berro • Bilbo
Zinegoak jaialdiko eskuko egitarauetako testuak idazten aurkitu dugu Roberto Caston zinemagilea (Coruña, 1973). Ander filmaren egilea ez ezik, Zinegoak jaialdiko zuzendaria ere baita Caston. Galiziarra sortzez, sei urte daramatza Bilbon bizitzen. Aurten, urtarrilaren 30etik otsailaren 7ra egingo dute gay, lesbiana eta transexualen inguruko Bilboko zinema festibala. Eta, egunotan, azken kontuak lotzen dabil Castonek gidatzen duen lan taldea. Ohi baino lanpetuago dabiltza, estresak jota. Baina Castonek gogo onez erantzun die aurki estreinatuko duen filmari buruzko galderei. Zuzendu duen lehen lan luzea da. Iragan den udan grabatu zuen, Bizkaiko Zeanuri herrian, Josean Bengoetxea eta Christian Esquivel aktoreekin.

Baserri giroan kokatu duzu filmak kontatzen duen istorioa, bizimodu hiritarretik urrun. Eta horren helburua probokatzea dela esan duzu. Eztabaida sortzea, jendearen kontzientzian eragiteko.
Jendeari zer pentsatua eman nahi diot; esan nahi diot homosexualitatea ez dela bakarrik hiri handietan gertatzen. Herrietan ere ematen dela, herri txikietan. Lurrarekin lotura estua duten toki horietan tradizioak agintzen duela uste da, ez dela inoiz ohiz kanpoko gauza arrarorik gertatzen. Baina sexu bereko pertsonak maite dituztenak leku guztietan daudela esan nahi diot jendeari, filmaren bidez. Homosexualitatea ez dela hirira mugatzen. Egon daitezkeela desberdin pentsatzen eta maitatzen duten bi edo hiru edo zenbait pertsona herri batean, txiki-txikia izan arren. Pixkana haziz doan immigrazioak ere ekar ditzake aldaketak herri txikietara. Eta prostituzioa ez da berria leku horietan. Osagai horiek ditu filmak.

Zure ustez, baserri giroko herri horietan itxiagoa da jendea hirietan baino? Ez da topikoa?
Itxiagoak direla iruditzen zait. Leku guztietako herri txikietan gertatzen da, Euskal Herriko herrietan, Galiziakoetan, Andaluziakoetan... Baserri giroko herri txikiak tradizionalagoak izaten dira, aldaketarekiko eta pentsaera modernoarekiko hotzagoak. Zailagoa da jende horrengana heltzea. Batzuek, hala ere, harritzen zaituzte; hirietan bizi diren askok baino pentsaera askatzaileagoa dute. Baina tira, homosexualitatearen normalizazioan urratsak egitea zailagoa da herrietan, hirietan baino. Homosexualitatea ikusezina baita toki horietan. Eta desberdina dena onartzea zaila da, desberdina den hori ikusten ez baduzu, bizi ez baduzu.

Hirietan ere jende asko bizi da errealitate horri bizkar emanda. Ez duzu uste?
Bai, noski. Arlo honetan dena egina dagoela pentsatzen dutenak oker dabiltza. Bide luzea dugu oraindik egiteko. Bilbo, esaterako, hiri nahiko handia da, eta ez da ohikoa sexu bereko bikoteak kalean eskutik hartuta ikustea. Jendea ez da ausartzen benetan den moduan agertzera.

Beharrezkoa da gaur egun halako filmak egitea?
Baserri giroan nahiz hirian kokatzen direnak, denak dira beharrezkoak. Jende askorengana denbora gutxian heltzeko bitarteko ezin hobea da zinema. Kontua da zinema industria dela, eta, zoritxarrez, pelikulek negozio izan behar dute jendearengana heltzeko. Hau da, banatuko duen enpresarik ez badago, estreinatu barik geratuko da filma. Eta, horrela, nekez iritsiko da jendearengana. Homosexualitatea eta transexualitatea gaitzat duten filmei gertatzen zaie: bidean geratzen dira. Estatu espainiarreko aretoetara apenas heltzen diren. Euskal Herrian nekez ikus daitezke. Komertzialenak heltzen dira. Batzuetan mirariak gertatzen dira: film batek sari garrantzitsu bat jasotzen du eta munduaren luze-zabalean hedatzen da. Brokeback Mountain, esaterako. Pelikula ikaragarria da. Baina homosexualitateari buruzko ikuspegi gris samarra ematen du. Pertsonaietako bat hiltzen da... Tira, 60ko edo 70eko hamarkadan giroturik dago, eta sasoi hartan errazagoa zen hala gertatzea beste era batera baino, baina...

Zure filmak amaiera zeharo desberdina duela esan nahi duzu?
Erabat desberdina, bai. Batzuek galdetzen didate ea Ander euskal Brokeback Mountain-a den, baina ez dute zerikusirik, benetan. Ezertan ere ez dute antzik. Ezta azaltzen diren mendietan ere, ederragoak dira hemengoak!

Zer-nolako ikuspegia eman nahi izan duzu homosexualitateaz?
Oso modu naturalean agertu nahi izan dut. Anderrek ez daki homosexuala dela, eta ez da bere homosexualitateaz jabetuko Jose ezagutuko duen arte. Emakumeekin harremanak izan ditu noizbehinka, eta Reme prostitutarekin ere bai. Baina besterik ez. 44 urte ditu eta mutilzaharra da. Haren etorkizuna amarekin bizitzea dela dirudi. Euskal Herrian dauden hainbat baserritarren antzeko bizimodua du Anderrek. Ez du esan nahi mutilzahar guztiak homosexualak direnik, baina Anderren kasuan hala da. Bere sexualitatea txarto ulertu duelako dago egoera horretan.

Filmak aurrera egin ahala aurrera egingo du ere Anderren pertsonaiak?
Modu naturalean jabetuko da bere sexualitateaz, Joseren bidez. Homosexuala dela jakitean sortuko da gatazka bere baitan. Josek ez du halako gatazkarik. Perutik dator Jose. Ez dakigu Perun hala bizi duten, baina Josek behintzat hala bizi du bere homosexualitatea. Ez dio beldurrik jendearen jarrerari. Anderrek, ordea, sekulako beldurra dio jendeak esan dezakeenari. Hori da bien arteko desberdintasun nagusia. Jose kanpotik dator eta azaleko koloretik hasita da desberdina herrian. Beste zerbaitetan ere desberdina izateak ez dio askorik axola. Azkenean Anderrek berak askatuko du barruan duen korapiloa.

Berlinaleko Panorama sailean parte hartzeko hautatu dute filma.
Zinemaz dakiten lagun batzuei erakutsi nien eta gustatu zitzaien. Berlinale laster izango zela eta, probatzea pentsatu genuen. Panorama sailera aurkeztea filma, eta ez sail ofizialera, hor behi sakratuen lanak ematen baitituzte eta gurea aurrekontu txikiko filma baita. Oso zaila da Panoraman aukeratzea. Milaka eta milaka lan aurkezten dira, eta soilik hamabost aukeratzen dituzte. Pasatu behar duen lehen iragazkia Espainiako Kultura Ministerioarena da. Eta Ander filmak pasatu zuen, Agustin Diaz Yanesen Sólo quiero caminar filmarekin batera. Liga berberean jokatuko dute biek, eta harrigarria da Diaz Yanesen pelikulak sekulako aurrekontua baitu. Beraz, Ander maila horretara heltzea izugarri pozgarria da guretzat. Telefonoz deitu nindutenean pozez saltoka hasi nintzen, ezin nuen sinetsi! Gainera, badago gehiago: Panorama sailaren barruan, Panorama Berezia azpisaila dago. Hau da, hiru film aukeratzen dituzte areto arruntean barik, jauregi batean eskaintzeko. Jendaurrean estreinaldi bat egiteko, ekitaldi batekin eta abar. Julie Delpyren azken pelikularekin batera emango dute gurea. Iaz Madonnaren filma estreinatu zuten sala horretan. Madonna pasatu zen alfonbra gorritik pasatuko gara gu, ikaragarria da! [barrezka esan du].

Zure lehen film luzea izanik, ez zenuen halako arrakastarik espero, ezta?
Film bat idazten duzunean [Castonek berak idatzi du Ander filma-ren gidoia] pentsatzen duzun lehen gauza da: «mesedez, enpresaren bat egon dadila filma banatzeko prest». Estatu espainiarrean, sortzen diren filmen erdiak baino ez dira estreinatzen. Gainerakoak zuzendarien lagunengana baino ez dira heltzen. Nik gogo bereziz heldu nion film honi, egiten nuen lehen lan luzea baitzen. Ez dakit asko edo gutxi dakidan, baina hasieratik izan nuen argi nekien dena emango nuela filmaren alde. Egin ditudan ikasketek filma sortzen izugarri lagundu didatela uste dut, gainera. Filologia Hispanikoa ikasi nuen aurrena, eta Zinema Zuzendaritza gero. Pelikula bat egiteko garaian, osagarriak direla uste dut. Zeren hizkuntzak eta literaturak ikasita, istorio bat kontatzeko baliagarriak zaizkizun gakoak eskuratzen dituzu. Eta ikus-entzunezko arteen ikasketek istorio hori irudien bidez zelan kontatu erakusten dizute. Horretaz gain, zorte handia izan dut: talde artistikoak dena eman du. Askoren lehen lan luzea izan da.

Berlinalen erakutsi baino lehen, Euskal Herrian estreinatuko da Ander, Zinegoak jaialdian, hil bukaeran. Baina noiz helduko da aretoetara?
Gutxien-gutxienez filma Euskal Herrian ikustea nahi genuen. Eta ezuste polita hartu dugu atzerriko enpresa banatzaile ugarik interesa agertu dutela ikusita. Badirudi Europako zenbait herritan eta AEBetan erakutsiko dutela. Euskal Herrian, aldiz, ez dakigu aretoetara helduko den. Hemengo enpresa bakar batek ere ez digu deitu. Zain egon gara; Berlinen egongo ginen jakin nahi genuen deitu baino lehen. Ez baitzaituzte berdin hartzen Berlinen egongo bazara edo ez bazara egongo. Ea lortzen dugun Euskal Herrian, gehiagorik ez bada, gutxienez, bi astez egotea aretoetan. Eta jakina, irabazirik balego, Berdindurentzat izango lirateke sosak.

Berdindu, lesbiana, gay eta transexualen arretarako Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak ekoitzi du filma. Halako obra bat babesteko prest dagoen ekoizpen enpresarik ez dago Euskal Herrian?
Ekoizpen enpresa bati aurkeztu izan banio, ziurrenik ez luke onartuko. Gidoi intimista du filmak, arriskatua. Kutsu naturalista du gainera, dokumentalera egiten du. Ez da film aspergarria, baina tempo lasaia du, baserri mundukoa. Hemengo ekoizpen enpresa batzuei aurkeztu nien, haien iritzia ezagutzeko, bideragarria zen jakiteko. Eta proiektuak etorkizunik ez zuela esan zidaten. Baina ez da harritzekoa: ekoizpen enpresek beti erratzen dute. Gauza askori esan behar diete ezetz, dena ezin baitute ekoitzi. Baldintza horietan zaila da asmatzea. Zinema ekoizle izatea oso zaila da, inoiz ez dago jakiterik produktu ona non dagoen. Eta ekoizlearen lana ezinbestekoa da zineman, oso garrantzitsua. Horregatik dago zinema espainiarra dagoen moduan... Ekoizle on gutxi daude.

Euskarazko filma da Ander; haatik, zuk ez dakizu euskaraz. Zelan moldatu zara pelikula zuzentzeko?
Gidoia gaztelaniaz idatzi nuen, eta euskaraz izan behar zuten zatiak beste kolore batekin markatu nituen. Aktoreek gaztelaniaz irakurri zuten, eta hautaprobak gaztelaniaz egin genituen. Euskaraz izan behar zuen zatia itzuli genuen, Arratiako bizkaierara gainera. Ibar horretako neska batek, Arantza Etxebarriak egin zuen itzulpena eta nirekin egon zen filmaketan. Euskal hizkuntzaz arduratu zen bera, eta hizkuntza konbentzionala ez den beste hizkuntzaz arduratu nintzen ni. Nik hizkuntza ez ezagutzeak filmari on egin diola esango nuke, aktoreek dituzten beste ahalmen batzuei erreparatu bainien: transmititzen dituzten emozioei, tonuari... Testuak sor dezakeen morrontzatik urrun aritu naiz.

2009/01/13

> Kritika: Gontzal Agote > MILK ETA OBAMA

  • Milk eta Obama
  • Berria, 2009-01-13 # Gontzal Agote
Bere ibilbide zinematografikoaren hasieran, homosexualitatea gaitzat -gai nagusitzat- zuten bi film egin zituen Gus Van Santek. Bad Night-ekin egin zuen debuta 1985ean, eta River Phoenix eta Keanu Reeves aurrez aurre jarri zituen, sei urte beranduago, My Own Private Idaho filmean. Orain, ia bi hamarkada geroago, berriro heldu dio gauari, baina Dylanek esaten zuen moduan, garaiak aldatzen ari dira. Ameriketako Estatu Batuetako historiako oso momentu garrantzitsu batean etorri da Milk, hemendik egun gutxira lehen presidente afroamerikarra izendatuko baitute. Eta testuinguru horretan ulertzen ahal da bere azken pelikula hau.

Izan ere, istorio militantea da. Gay komunitatea bere eskubideen alde nola borrokatu den kontatzen du filmak, Harvey Milk ekintzaile eta politikariaren bizipenen bitartez. Baina filma harago doa, murritzegia bailitzateke soilik gay mugimenduaren defentsa moduan ulertzea.

Eskubide zibilen aldeko borrokaren isla da Harvey Milk eta lagunen ahalegina, eta norbaitek horrela ulertuko ez balu, amaieran argi utzi nahi du Gus Van Santek, alter ego-aren off-eko ahotsaren bitartez: afroamerikarren, emakumezkoen, etorkinen, erretiratuen... azken finean, gutxiengoen aldeko aldarria. Barack Obamaren aroa hasi behar den honetan oso gogoan izan beharrekoa, AEBetan eta nonahi.

Alde horretatik, hainbat irakaspen uzten ditu gay komunitateak San Frantziskon, hasieran, eta herrialde osoan, ondoren, egindako borrokaldi luzeak. Filmak xehetasun handiz kontatuko digu prozesu osoa: kontzientzia hartzea, borroka moldeak, ekintza zuzena eta bide politikoaren arteko uztarketa, etsipena, garaipen txikiak... Beste pelikula militante askoren moduan, eskubide zibilen arloan oso pedagogikoa gertatzen ahal da Milk.

Afera da, pedagogia hori pantailara eramateko, zuzendariak biderik ohikoena hautatu duela, lekutan daude Gerry, Elephant eta Last Days-eko bide esperimentalak. Oso estatubatuarra den generoa da biopic-a, eta kasu honetan hagiografia moduko bat osatu du bere pertsonaia kutunaren inguruan.

Makularik gabeko gizona, konprometitua eta nekaezina, aldareetara igotzeko modukoa, kasik. Askotan ertzik gabekoa eta tematiegia gertatuko da Sean Pennek haragitzen duen Harvey Milk hori; maitakorregia eta samurregia, beharbada, zuzendariaren begirada. Azken hilabeteotan han eta hemen Obama santifikatuari eskaini zaionaren oso antzekoa.

2009/01/08

> Berria: Zinema > ANDER, HOMOSEXUALITATEA JORRATZEN DUEN LEHENENGO EUSKARAZKO FILMA, BERLINALEN IZANGO DA

  • Ander, homosexualitatea jorratzen duen lehenengo euskarazko filma, Berlinalen izango da
  • Hainbat saritarako hautagaitza lortu du Berlineko jaialdian eta Zinegoakeko irekiera ekitaldian aurkeztuko dute, urtarrilaren 30ean.
  • EITB, 2009-01-08
Ander, Roberto Castonek idatzi eta zuzendu duen filma, Berlineko 59. Zinemaldian, Berlinalen, parte hartzeko aukeratu dute. Hainbat sari jasotzeko hautagaia da.

Aurkezpena urtarrilaren 30ean izango da, Zinegoak 09ren (Bilboko gay-lesbo-trans Nazioarteko Zinemaldia) irekiera ekitaldian, Arriaga Antzokian.

Egun gutxi batzuk beranduago, Berlinera egingo du bidaia, bertako Berlinalen hainbat saritarako izendatu baitute, besteak beste, Publikoari, FIPRESCI deiturikoa (Nazioarteko Kritikarena) eta Zuzendari Berriari eskainitakoak.

Baserritar baten istorioa da Ander. Bere harridurarako, bere baserrian lanean hasten den Peruko etorkin batetaz maitemintzen da. Zeanurin grabatu zuten, 2008ko udan eta homosexualitatea jorratzen duen lehenengo euskarazko filma da.

Berdindu, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen arretarako zerbitzuak eskatuta egin zuten filma: 2007an hasi ziren gai honen inguruko euskarazko lehenengo film luzea egiteko proiektuarekin. Homosexualitatearen normalizaziorako aurrerapausu bezala ikusi zuten proiektua eta zinema bitarteko hartuta.

> Berria: Zinema > KALIFORNIAKO LEHEN POLITIKO HOMOSEXUALA HELDU DA ZINEMA-ARETOETARA

  • Kaliforniako lehen politiko homosexuala heldu da zinema-aretoetara
  • Sean Penn Harvey Bernard Milken azalean sartu da Gus Van Santek zuzenduriko film honetan.
  • EITB, 2009-01-08
Egun batean Harveyk Wall Streeteko exekutibo postua utzi eta San Franciscora mugitzea erabakitzen du bere bikotearekin batera. Kaliforniako hiri horretan ekingo dio bere bide politikoari Borroka politikoarekin batera Diego Lunak interpretatzen duen gaztearekin abentura bat hasiko du. Aurkezten den enegarren hauteskundeetan duela gutxi birkalifikatutako 5 guneko zinegotzi aukeratzen dute. Orientazio sexualagatik pertsona bat lanetik kaleratzea eragozten duen ordenantza munizipal bat aurrera ateratzen saiatzen da. Irakasle homosexualen kaleratzearen alde egin nahi zen referenduma eragozteko babesa lortzen saiatzen da, badakielako borroka hori oso garrantzitsua dela gay mugimenduaren etorkizunerako.

Sean Pennek "Mi nombre es Harvey Milk" filmean eginiko lanarengatik dramazko aktore onenaren Urrezko Globoetarako izendapena jaso du.

Dustin Lance Black Mi nombre es Harvey Milk filmeko gidoilariak 90eko hamarkadan entzun zuen lehen aldiz Harvey Milken izena. Urte batzuk beranduago, dokumental onenaren Oscar Saria eskuratu zuen The Times of Harvey Milk filma ikusteko aukera izan zuen. Gauza guztien gainetik Harvey Milki entzundako esaldi batek markatu zuen gidoilaria: ''Tokiren batean, baliteke Des Moinesen edota San Antonion gay gazte batek egunkari bat ireki eta homosexual bat San Franciscoko zinegotzi aukeratu dutela irakurriko du. Esperantza, mundu hobe bat eta etorkizun hobe bat badela pentsatuko du.'' Gidoilaria identifikatuta sentitu zen politikariaren hitzekin: ''Negarren hasi nintzen ni deskribitzen zuen mutil hori nintzelako eta nigan esperantza sortu zuelako. Gay komunitatearentzat oso momentu zailak ziren HIESaren krisia zela eta. Orduan jakin nuen berriz ere zerbait egitea beharrezkoa zela ikusi nuen, Milken mezura itzuli beharra zegoela.''

Filma datorren urtarrilaren 9an estreinatuko da Espainian.

2009/01/05

> Iritzia: Rikardo Arregi > ATEISMOA

  • Ateismoa
  • Deia, 2009-01-05 # Rikardo Arregi
Bartzelonako autobus batzuetan, Londreseko eta Erresuma Batuko beste hirietan bezala orain dela gutxi, ateismoaren aldeko iragarkiak jarriko dituzte, zenbait talde ateok ordainduta: "Ziur asko jainkorik ez da existitzen. Utzi kezkak alde batera eta goza ezazu bizitza".

Gustatuko litzaidake niri hemengo autobusetan horrelakorik ikustea, baina uste dut gure Basque Country moderno eta aurrerakoi hau ez dagoela oraindik prestaturik gauza horietarako: hemen oraindik sineskeriek martiriak ekoizten dituzte egunero; hemen elizak, tenpluak eta meskitak barra-barra eraikitzen dira; hemen bonbak jartzen dira traszendentzia baten izenean. Bartzelonako artzapezpiku katoliko erromako bat eta iman musulman bat berehala batu dira haien ipuinen defentsan, eta ez dira falta betiko ahots mengelak espiritualitate are mengelagoa aldarrikatzen.

Fededunak ez dira konturatzen zer nolako matraka ematen duten egunero; azken aste hauetan, eguberriak direla eta, matraka jasangaitza izan da. Normalean gehiengoa ez da konturatzen ematen duen matrakaz. Kexatzen dira ekainaren 28an marikez, lesbianez eta transexualez betetzen direlako kaleak, inoiz ez katoliko erromakoek kaleak, plazak eta mendiak betetzen dituztenean haien sinbolo eta oihuekin.

Tradizioa aipatzen dute horrelakoetan eta ahantzi ateismoa mendebaldean haien ipuinak baino zaharragoa dela. Haien sentsibilitate mindua aterako dute plazara eta ahantziko dute betiko moduan besteok jasan behar ditugun irain egunerokoak.

Haiek ere bizitza gozatzen dutela esango dute. Ez dut uste. Haien ideiek heriotza dute oinarri eta helburu. Bizitza apalagoa da, eta laburregia hain ergelki galtzeko.

2009/01/04

> Berria: Elkartasuna > PRESOEN ESKUBIDEEN ALDARRIA KALERA ERAMAN DUTE MILAKA LAGUNEK BILBON

  • Presoen eskubideen aldarria kalera eraman dute milaka lagunek Bilbon
  • Abiatu eta ordubetera, manifestazioaren burua Zabalburun zegoela, Aita Donostian abiatu ezinik zeuden ehunka lagun. Euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala bildu da Bilbon
  • Berria, 2009-01-04 # Mikel Carramiñana • Bilbo
Euskal Herritik kanpo egon arren, etxetik inoiz baino gertuago izan ziren atzo 764 euskal presoak. Guztien izenak eta argazkiak izan ziren Etxerat-ek Bilbon antolatutako martxan. Milaka eta milaka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin, presoen eskubideak aldarrikatu eta haien senideak babesteko. Bost ilara luzetan banatuta abiatu zuten martxa senideek eta, aurrean, Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aita zegoen, Europan urte gehien daraman presoarena. Etxerat-en ikurra, kriseilua, esku artean zeraman Santos Sagarduik.

Presoen senideak herritarren txalo artean igaro ziren manifestazioaren hasieratik bukaeraraino. Haiek zabaldu zuten martxa, eta pankartak haien atzetik egin zuen aurrera. Heriotza zigorrik ez, Biziarteko zigorrik ez, Euskal presoak Euskal Herrira leloa agertzen zuen pankartaren atzean, euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala ikus zitekeen.

LABetik Sonia Gonzalez, Txutxi Ariznabarreta eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusia izan ziren manifestazioan, baita Rafa Diez idazkari nagusi ohia ere. Arantza Urkaregi, Tasio Erkizia, Nekane Erauskin, Iñaki Antiguedad, Jone Goirizelaia, Marine Pueyo eta Arnaldo Otegi izan ziren, besteak beste, ezker abertzaletik. Aralarrek ere ordezkaritza zabala izan zuen mobilizazioan, Iñaki Aldekoa, Oxel Erostarbe, Jon Abril eta Dani Maeztu.

Maeztuk, martxan eginiko adierazpenetan, sakabanaketaren politikak «giza eskubideak urratzen» dituela gogorarazi zuen, eta hura ezartzen dutenek presoen senitartekoei «inork merezi ez duen zigorra» ezartzen dietela salatu zuen.

Azkenaldiko jendetsuena
Bilbon azkenaldian egin den manifestazio nazionalik jendetsuena izan zen Etxerat-ek deituta atzo egindakoa. Autonomia kalea ia osorik bete zuten parte-hartzaileek, Aita Donostia plazatik Zabalbururaino behintzat bai. Presoen senideak Aita Donostiatik pasatu zirenean, 18:30 aldera, jendeak abiapuntuan jarraitzen zuen, martxa hasi ezinean.

Manifestazio isila iragarri bazuten ere, azkenean ohiko aldarriak izan ziren nagusi ibilbide osoan, «Euskal presoak etxera», «demokrazia Euskal Herriarentzat» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatu zuten behin eta berriro martxan parte hartu zutenek. Adar baten hotsa eta irrintziak entzun zitezkeen eta, aldiro, Hator hator Gabon kanta abestu zuten milaka ahotsek, presoen etxeratzea eskatzeko.

Bestelako elementuak ere ez ziren falta martxan, presoen aldeko itsasgarriak eta egutegiak, diru laguntzak biltzeko zorro zaratatsuak, ikurrinak eta arrano beltzaren banderak eta Ertzaintzaren helikopteroa zein furgonetak manifestazioaren buruan.

Autonomia eta Hurtado Ametzaga kaleak zeharkatu ondoren, Plaza Biribila zeharkatu eta udaletxera jo zuten manifestariek. Bertan egin zuten ekitaldi nagusia 19:30 inguruan. Milaka lagun, ordea, urrun zeuden oraindik ezer entzuteko.