Showing posts with label Baiona. Show all posts
Showing posts with label Baiona. Show all posts

2009/10/07

> Berria: Indarkeria > EMAKUME BAT BORTXATU DUTE BAIONAN, ETA BILBON BESTE BATI SEXU ERASOA EGIN DIOTE

  • Emakume bat bortxatu dute Baionan, eta Bilbon beste bati sexu erasoa egin diote
  • Baionako bortxaketa bi gizonek egin zutela eta Bilbokoa beste hiruk diote poliziek, eta bosten atzetik ari dira
  • Berria, 2009-10-07 # Erredakzioa . Baiona
Bi gizonezkok 40 urte inguruko emakume bat bortxatu zuten ostiraletik larunbaterako gauean Baionan. Goizaldean gertatu zen erasoa, 01:00etatik 05:00etara bitartean. Emakumea Arena diskotekatik irteten ikusi zuten; atzetik jarraitu zioten erasotzaileek. Poliziaren arabera, emakumea indarrez atxiki, eta ibai bazter batera eraman zuten, Glain ingurura. Bertan bortxatu zuten, eta jo ere egin zutela ere jakinarazi dute. Bortxaketaren ostean, gizonezkoek alde egin zuten, eta emakumeak babes bila jo zuen Elkarteen Etxera. Zenbait pertsona aurkitu zituen han, eta azaldu egin zien gertatu berri zitzaiona. Larrialdi zerbitzuei dei egin zieten orduan, bertara joan ziren eta lehen arreta ere leku berean eman zioten.

Frantziako Poliziak ez du beste xehetasunik eman bortxaketari buruz, baina ikerketa zabaldu du bortxatzaileak atzemateko. Herritarren laguntza galdegin du horretarako. Bortxaketari edo bortxatzaileei buruzko edozein berri izan dezakeenak Baionako polizia etxera jotzeko, edo 0559-46 22 22 telefonora deitzeko eskatu dute poliziek.

Larunbat goizaldean bertan beste bortxaketa saio bat ere gertatu zen. Bilbon, Ametzola parkean gertatu zen erasoa. 20 urte inguruko neska bat, festa batetik etxerako bidean zihoala, parketik igaro zen. Ertzaintzari salatu dionez, «jatorri magrebtarreko» hiru gizon gazte hurreratu zitzaizkion, «bortxatzeko asmo argiarekin».

Hiru gizonezkoak gorputza ukitzen aritu zitzaizkiola salatu du emakume gazteak, baita lurrera bota zutela ere. Behin lurrera botata, galtzak ere jaitsi zizkiotela azaldu du. Une hartan, ordea, beste emakume bat agertu zen Ametzola parkean. Jendea heldu zela ikusita, eta bortxatzen saiatzen ari ziren emakumeak kontra egiten zienez, eta menderatu ezinik zeukatenez, erasotzaileek utzi egin zuten emakumea, eta lekua hustu zuten. Ertzaintzak azaldu du ikerketa zabalik duela hiru erasotzaileak atxilotzeko.

Durangon, labanaz mehatxu
Bestetik, Durangon (Bizkaia), 41 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo ertzainek. Bikotekide zuen emakumearen etxean sartu zen gizona, Durangoko alde zaharrean, Ertzaintzak azaldu duenez lehendik zituen giltzekin. Sukaldetik labana bat hartu, eta emakumea eta haren bikotekide berria zeuden logelara sartu zela, eta labanarekin mehatxu egin ziela salatu du emakumeak. Erasotzaileak diru zorroa eta sakelako bi telefono lapurtu zituela ere salatu du emakumeak. Ertzainek Durangon bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, ibilgailu batean, ostutako diru zorroa gainean zuela.

2008/10/06

> Berria: Indarkeria > GIZONEZKO BAT ATXILOTU DUTE BAIONAN EMAZTE OHIA ETA ALABA JO DITUELAKOAN

  • Gizonezko bat atxilotu dute Baionan emazte ohia eta alaba jo dituelakoan
  • Polizia frantsesak 52 urteko gizonezko bat atxilotu du Baionan, ustez emazte ohia eta hiru urteko alaba jo dituelako.
  • Gara, 2008-10-06

52 urteko gizonezkoak ustez ama-alabak larri zauritu ditu, eta hilketa saioa leporatzen diote. Bikotea banatuta bizi zen eta dibortziatzeko prozesuan zen.


Joan den ostegun iluntzean izan zen erasoa emazte ohia bizi zen etxean, Baionako Beyris auzoan. Antza denez, gizonak lehendabizi labanarekin eraso zion emakumeari, eta gero, harri batekin. Toraxean eta buruan zauri larriak eragin zizkion arren, emakumeak alde egitea lortu zuen eta auzokideek osasun zerbitzuei deitu zieten.


Emazte ohiak alde egin eta gero, hiru urte eta erdiko alabarengana joan zen eta harriekin kolpeka hasi zitzaion, umeak konortea galdu zuen arte.


Larrialdi zerbitzuetako kideek haurra konorterik gabe aurkitu zuten. Erietxera eraman zuten eta zauri larriak dituen arren, hiltzeko arriskutik kanpo dago.


Ustezko erasotzailea asteburuan atxilotu dute.