- Emakume bat bortxatu dute Baionan, eta Bilbon beste bati sexu erasoa egin diote
- Baionako bortxaketa bi gizonek egin zutela eta Bilbokoa beste hiruk diote poliziek, eta bosten atzetik ari dira
- Berria, 2009-10-07 # Erredakzioa . Baiona
Frantziako Poliziak ez du beste xehetasunik eman bortxaketari buruz, baina ikerketa zabaldu du bortxatzaileak atzemateko. Herritarren laguntza galdegin du horretarako. Bortxaketari edo bortxatzaileei buruzko edozein berri izan dezakeenak Baionako polizia etxera jotzeko, edo 0559-46 22 22 telefonora deitzeko eskatu dute poliziek.
Larunbat goizaldean bertan beste bortxaketa saio bat ere gertatu zen. Bilbon, Ametzola parkean gertatu zen erasoa. 20 urte inguruko neska bat, festa batetik etxerako bidean zihoala, parketik igaro zen. Ertzaintzari salatu dionez, «jatorri magrebtarreko» hiru gizon gazte hurreratu zitzaizkion, «bortxatzeko asmo argiarekin».
Hiru gizonezkoak gorputza ukitzen aritu zitzaizkiola salatu du emakume gazteak, baita lurrera bota zutela ere. Behin lurrera botata, galtzak ere jaitsi zizkiotela azaldu du. Une hartan, ordea, beste emakume bat agertu zen Ametzola parkean. Jendea heldu zela ikusita, eta bortxatzen saiatzen ari ziren emakumeak kontra egiten zienez, eta menderatu ezinik zeukatenez, erasotzaileek utzi egin zuten emakumea, eta lekua hustu zuten. Ertzaintzak azaldu du ikerketa zabalik duela hiru erasotzaileak atxilotzeko.
Durangon, labanaz mehatxu
Bestetik, Durangon (Bizkaia), 41 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo ertzainek. Bikotekide zuen emakumearen etxean sartu zen gizona, Durangoko alde zaharrean, Ertzaintzak azaldu duenez lehendik zituen giltzekin. Sukaldetik labana bat hartu, eta emakumea eta haren bikotekide berria zeuden logelara sartu zela, eta labanarekin mehatxu egin ziela salatu du emakumeak. Erasotzaileak diru zorroa eta sakelako bi telefono lapurtu zituela ere salatu du emakumeak. Ertzainek Durangon bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, ibilgailu batean, ostutako diru zorroa gainean zuela.
No comments:
Post a Comment