2009/10/25

> Berria: Elkartasuna > TANTAKA OSATZEN ARI DEN UHOLDEA

  • Tantaka osatzen ari den uholdea
  • Presoen eskubideen alde. Euskal presoen eta beren senideen eta lagunen eskubideak aldarrikatzeko Etxerat-ek abiatu duen 'Elkartasun uholdea' kanpainak 2.500 atxikimendu jaso ditu dagoeneko. Herritarren babesa eskatu dute sinatzaileek.
  • Berria, 2009-10-25 # Aitziber Laskibar . Bilbo
Bilboko Guggenheim inguruan etengabea da turisten joan-etorria udazkeneko egun sargorian. Guggenheim ez den beste leku batera ere zuzentzen dute begirada oraingoan. Geldi dagoen taldearengana. Handia da taldea. Zapi zuria dute lepoan askok. Txapela batek baino gehiagok. Adinean gora doazenak ugari dira. Gazteak ere dezente. «Zer dago hemen?», turisten kuriositatea. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimena dela azaldu dio batek. Horien eskubideen defentsan osatzen ari den «elkartasun uholdea» aurkeztuko dutela. Etxeraten zapi zuria lepoan daraman emakumeak esku orriak banatzeari ekin dio. «Euskal presoak Euskal Herrira!» dioen orria irribarretsu hartu dute bisitariek.

Etxerat elkarteak presoen eta beren senideen eta lagunen babeserako prestatutako agiriari sinadura bidez atxikimendua emateaz gain, agerraldi jendetsuan egonda irudikatu dute elkartasuna hainbat eremutako pertsona ezagunek: ezker abertzaleko Arantza Urkaregik, Aralarreko Iñaki Aldekoak eta Alternatiba Eraikitzeneko Jonathan Martinezek, esaterako. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabier Amuriza eta Iratxe Ibarra bertsolariak ere bertan egon dira. RIP, Hesian eta Bilbomatrix musika taldeetako kideak ere bai. Patxi Uribarren eta Martin Orbe apaizak. Elkartzeneko kideak, Gazte Independentistak, LABeko eta Bilgune Feministako ordezkariak, kirolariak...

Kazetarientzat prestatutako eserleku gehienak, ordea, hutsik geratu dira. Hiru komunikabideetako ordezkariak besterik ez dira joan presoen eta senideen eskubideen alde dagoeneko 2.500 eragile eta pertsonak osatutako «Elkartasun uholdearen» berri jasotzera.

Preso eta senideak azkenaldian pairatzen ari diren «kriminalizazioa» salatu dute Oihana Bartra bertsolariak eta Iñaki Olano kazetariak, Etxerat bera legez kanporatzeko eskaera egina dagoela ohartarazita. «Eraso horiek presoek pairatzen duten eskubide urraketa etengabeari inpunitatea ematea besterik ez dute bilatzen». Eta aldarria «kriminalizatzea» elkartasunaren zergatiak «ezkutatzea» dela adierazi dute.

Baina senideek espetxe politikaren ondorioen berri emateko zilegitasun osoa dutela defendatu dute. Elkartasuna adierazi diote hargatik Etxerat-i, eta haren kontrako «mehatxuak» bertan behera uzteko eskatu dute. Presoen eta senideen eskubideen defentsan aritzeko ere eskatu diete herritarrei, hileko azken ostiralean egingo diren elkarretaratzean parte hartzeko dei berezia eginda. «Elkartasun uholdea» osatzeko idazkiari atxikimendua emateko aukera ere zabalik dago elkartasunauholdea.wordpress.com atarian.
  • Eragileen babesak
  • Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, Eilas.
  • Eragile politikoak: Aralar, ezker abertzalea.
  • Gizarte eragileak. Komite Internazionalistak, Ezker Gogoa, Ahaztuak, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Ehgam, Esait, EHBE, Salhaketa, Iratzarri, Gazte Independentistak, Apaiz Koordinadora (...).
  • Alfonso Sastreren gutuna
Lagun maiteok:

Zilegi bekit zuei hitzok helaraztea, hitz gutxi batzuk baino ez, zuen artean egon daitezen nire ordez, ni neu ezin bainaiz hor egon, zuekin; baina, besterik ezinean, bihotz-arimaz lagunduko zaituztet.

Maiz erabili ohi dut gogoetagai euskal historiaren oraindik oraingo alderdi hau: alegia, presoen senideak zigor lazgarria jasaten ari direla, ahaide kutunen gabezia ez ezik, gabezia horrek berekin dakarzkien distantzia handiak gainditu behar dituztelako; horrek biktima errugabe bihurtzen ditu -zaituzte-, edozein delituren biktima, eta, are, edozein erantzukizunen biktima.

Horrexegatik, ulergarri zait amnistia aldarri entzutetsuak -«Amnistia osoa!»- honako beste aldaera hau ekartzea hurrengo: «Presoak, etxera!»; esamolde horrek, gainera, esanahi bikoitza dauka, batetik, norbere herrialdea norbere etxetzat jotzen duelako, sinbolikoki, eta, bestetik, oraingo edo orduko norbere bizilekutzat jotzen duelako, zehazki. Preso dagoena, bere askatasunaz gabetua ez ezik, urrun baitago, bere herrialdetik eta bere bizilekutik urrunduta.

Zuetaz gogoeta egiten dudalarik, Antigona alegiazkoa datorkit etengabe akordura, tragedia greko bateko pertsonaia hura, orain dela 2.500 urtekoa. Hiltzeko -hilarazia izateko- zorian fortunatu zen emakume hura. Eta, zergatik? Bada, besterik gabe, militante politiko-militar baten arreba izateagatik; baina ez neba laguntzeagatik edo arriskuan eta perilean haren laguntzaile izateagatik, baizik eta neba hil ostean hura lurperatzen ahalegintzeagatik. Halako jokabideagatik, terrorista deritzotena izango litzateke gaur egun.

Egoera egiazkoak eta gaur egungoak dira, ez dira bakarrik euskal kasuak. Palestinan, esate baterako, abertzale palestinarren familien etxeak bonbardatzen ditu Israelgo armadak -zeina ez baitute terroristek osatzen, jakina, indar armatu agurgarriek baizik-. Senitarteko bat abertzale izatea da hango familien delitua.

Horrek guztiak, lagun maiteok, erro-errotik aldatu beharra dauka, eta horregatik ari gara borrokan egunero, nor bere ahalegintxoa eginez. Ni neuk ez daukat zalantza izpirik, euskal preso guztien askatasunak sine qua non baldintza behar du izan, egunen batean... bakea! ernatuko bada herri honetan. Eta bake horrek heldu beharra dauka.

Bihoazkizue nire agurrik senideartekoenak eta desirarik onenak.

No comments: