2009/10/22

> Berria: Indarkeria > NAFARROA: SEXU ERASOAK IZAN DITUELA SALATU DU NESKA BATEK LIZARRAN

  • Sexu erasoak izan dituela salatu du neska batek Lizarran
  • Bikotekideari tratu txar psikologikoak emateagatik, 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute Azkoienen
  • Berria, 2009-10-22 # Erredakzioa . Iruñea
Foruzaingoak 23 urteko gizonezko bat atxilotu du Lizarran (Nafarroa), sexu erasoa egin diolakoan adingabeko neska bati. Ustezko erasotzailea aurreko astelehenean atxilotu zuten. Foruzaingoak jakinarazi duenez, «gizonezkoak gutxienez bi aldiz eraso zion neskari». Antza denez, erasotzaileak eta biktimak aurretik ezagutzen zuten elkar. Noiz edo noiz elkartu ziren erasoa gertatu baino lehen. Nafarroako Gobernuaren arabera, «erasotzaileak bere bikotekide izateko desioa adierazi zion aurreko astean biktimari». Baina adingabeak ezezkoa erantzun zion. Jakinarazi dutenez, litekeena da ezezko erantzuna jasotzeagatik eraso izana.

Izan ere, ezezkoa jaso ondotik, ustez gizonezkoak neskari besotik heldu eta etxera eraman zuen, han eraso egiteko. Han, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, neskarekin bortxazko sexu harremana izan zuen. Hurrengo egunean, gertakari hori errepikatu egin zela jakinarazi dute iturri ofizialek, erasotzaileak eta biktimak kalean topo egin ostean. Bi egun horietan, adingabearen gurasoak kezkatuta ibili ziren; izan ere, alabarengan jarrera aldaketa sumatu zuten. Hala, adingabearen telefono deiak miatzen hasi ziren. Horren bitartez, besteak beste, alabak atxilotuari egindako telefono deiak aztertzen hasi ziren. Orduan konturatu ziren zer gertatzen ari zen, eta salaketa jarri zuten. 23 urteko akusatua epailearen esku dago egun.

Bestalde, Foruzaingoak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du Azkoienen, genero indarkeriagatik. Foru Poliziak jakinarazi duenez, gizonezkoa epailearen eskuetan da, astelehenean emazteari tratu txar psikologikoak ematea eta mehatxu egitea egotzita. Biktimak astelehenean bertan jarri zuen salaketa, eta urruntze agindua ere eskatu zuen. Jakin denez, akusatuak genero indarkeriagatik aurrekariak dauzka.

Gizonezko bat, zigorturik
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Donostiako gizonezko bati urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, bikotekide ohiaren bikotekidea jipoitzeagatik. Epaiaren arabera, 2008ko maiatzaren 9an gertatu zen erasoa, 17:30ean. Biktima TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduko langilea zen. Hala, Donostiako erdiguneko kale batean lanean ari zela, auto bat hurbildu zitzaion, eta handik, borra batekin hiltzeko mehatxu egin zion epaituak.

Akusatua mehatxua egin zuen tokitik joan eta minutu gutxira itzuli zen. Autotik jaitsi, eta biktima jotzen hasi zen. Epaiak dioenaren arabera, «makila batekin buruan eta hanketan jo zuen». Eraso horren ondorioz, TAOko langileak besoetan, ahoan, ezpainetan eta hortzetan zauriak izan zituen. Horren ondorioz, bost egun behar izan zituen guztiz osatzeko. Epaiketan, Fiskaltzak eskatutako zigorra ontzat eman du akusatuak. Hala, urtebeteko kartzela zigorra jaso du. Horrez gain, biktimari egindako lesioengatik, 3.500 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

No comments: