2009/10/18

> Berria: Erakusketak > HOMOSEXUALITATEARI BURUZKO ERAKUSKETA EKARRI DU GEHITU ZUMAIARA

  • Homosexualitateari buruzko erakusketa ekarri du Gehituk Zumaiara
  • 16 gizonezko eta 15 emakume homosexualen biografiak jasotzen dira bertan Hezitzailea izateaz gain, erreferenteak ematea du helburu erakusketa honek
  • El Diario Vasco, 2009-10-18 # J.L. Romatet . Zumaia
“Emakume eta gizon homosexualak historian zehar” izeneko erakusketa zabalduko da bihar Foronda kultur etxean. 31 panelez osatutako erakusketa hau urriaren 31 bitartean ikusi ahal izango da kultur etxeko ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 20;00etara, eta 9:30etik 13:30era larunbatetan.

16 gizonezkoen eta 15 emakumezkoen biografiak jasotzen dira Gehitu erakundeak antolatuta erakusketa honetan. Safo olerkariarekin hasi eta Alejandro Amenabar zinemagilearekin amaitzen da. Tartean Alejandro Magno, Miguel Angel, Marguerite Yourcenar edo Jodie Foster bezalako pertsona ospetsuen bizitzen berri jakin daiteke. «Beraien arlo profesionalean oso ezagunak diren pertsonak izan dira. Denak, gainera, homosexualak dira. Erakusketa honen helburuetako bat pertsona hauen homosexualitatea agerian uztea da, askotan ezkutuan egon baita», zioen Gehituko koordina-tzaile Koldobike Mujikak Foronda kultur etxean egin zen aurkezpen ekitaldian. Bere esanetan, «justizia egin behar da pertsona hauekin, askotan sufritu egin zuten eta beraien sexualitateagatik».

Mujikaren esanetan, erakusketa «hezitzailea» da eta «erreferenteak» ere ematen ditu. «Gazte nerabeak bakarrik senti daitezke homosexualitaterako bidea hartzen badute. Baina, ikusten badute pertsona ezagun eta garrantzitsu hauek homosexualak izan zirela, hor erreferenteak aurki ditzake».

Erakusketa eratzerakoan emakumezko eta gizonezkoen arteko parekotasuna bilatzen saiatu zirela gaineratu zuen. «Garai guztiak jasotzen ere saiatu gara. Kristoren aurreko IV. mendeko Safo olerkariarekin hasten gara eta gaur egun hain ezaguna den Alejandro Amenabar zinemagilearekin amaitzen dugu». Aipatu zuenez, nahiko zaila izan da emakumezkoak aurkitzea: «Horrek eramaten gaitu galdetzera ea zer gertatu den emakumezkoekin».

Gaineratu zuenez, Zumaian ikusi daitekeena mustra bat besterik ez da, «Pertsona gehiagoren biografiekin osatzen saiatuko gara». Mujikak eskerrak eman zizkion Udalari eta, bereziki, kultura zinegotziari Foronda uzteagatik erakusketa jartzeko.

Pili Etxabe kultura zinegotziak Berdintasun planaren barruan kokatu zuen erakusketa hau. «Garaia da bidetik oztopoak kendu eta homosexualitatea normaliza-tzeko», aldarrikatu zuen.

No comments: