2009/10/28

> Berria: Erakusketa > HISTORIA SO, FANZINE SORTA ZAHARRARI BEGIRA

  • Historiari so, fanzine sorta zaharrari begira
  • Gasteizko Antso Jakituna Fundazioak duen fanzine bildumatik 200 paratu dituzte erakusketan
  • Berria, 2009-10-28 # Anakoz Amenabar . Gasteiz
Moztu, itsatsi, kopiatu eta banatu. Ekoizpen bide erraza eta merkea zuten fanzineek, estetika originala eta desberdina, kaotikoa zenbaitetan. Gazteek gazteentzako eginak, euren behar eta mezuak zabaltzeko sortutako argitalpenak webguneek ordezkatu dituzte, baina badira oraindik ondo gordetako altxorrak. Gasteizko Antso Jakituna liburutegiak 1970az geroko fanzineen erakusketa prestatu du.

Duela urte batzuk fanzineek ez zuten lekurik liburutegietan, ez ziren informazio iturri «serioa» historialarientzat, eta ez zituzten gordetzen. Gaur egun, ordea, gutxik jarriko dute zalantzan historia behar bezala aztertzeko ezinbesteko informazio iturri direla. Antso Jakituna liburutegian, apurka-apurka, 500 fanzine inguru bildu dituzte, eta horietatik 200 hautatu dituzte aurkeztu berri duten erakusketarako, denak Euskal Herrian sortutakoak.

1970eko hamarkadan esanguratsu izan ziren Panpina ustela, Gay hotsa, Euskadi Sioux eta Pott aurki daitezke, besteren artean. Gai jakinetan espezializatutako fanzineak, zineman edo musikan, esaterako, edo gizarte gaiak jorratzen dituztenak ere bildu dituzte. «Zama politiko handia zuten garaikoek. Frankismoaren kontrakoek, esaterako, bertan aurkitu zuten bidea», aipatu du erakusketako antolatzaile Txaro Martinezek. Gehienek bi edo hiru urte irauten zuten. «Euskal Herriaren beste ikuspegi bat ematen zutela da garrantzitsua».

1980ko hamarkadan entzutetsu egin ziren Tmeo, Burp! eta La Comictiva, izen handiko egileen eskutik. Mauro Entrialgo, Alex de la Iglesia, Mikel Valverde, Simonides eta Bernardo Atxaga aritu ziren, beste batzuen artean. «Fanzine bat aipatzekotan, Gasteizen sortutako Resiste esango nuke, 1998ra arte izandakoa. Bahitu egin zuten lehenengo alea, Amedo komisarioa GAL aferarekin lotzeagatik», gogorarazi du Martinezek.

Fanzine egileek eurek aipatu bezala, banaketa izaten zen oztopo nagusia. Ekoizteko ez zen diru askorik behar izaten, baina banaketa izaten zen buruhaustea. 1990eko hamarkadan behera egin zuen nabarmen fanzine kopuruak. Internetek lekua hartu, eta papera eta banaketa gastuak aurrezten hasi ziren. Bob Dylani eskainitako Fanzimmer eta El Karma dira horren adibide.

Bilduma osatzear
Fanzine bilduma zabala du Antso Jakituna Fundazioak, baina oraindik ere gehiago jasotzeko prest daude. Gehienak irakurri ostean desagertu ziren, eta ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen. «Zaila izaten da halakoak topatzea, normalean gazteek gazteentzat egiten zituztelako, eta denbora gutxian desagertu, horregatik ongi etorriak dira guztiak».

Erakusketa urte amaiera arte izango da Antso Jakitunak Betoñun (Gasteiz) duen egoitzan. Erakusketarekin batera, Mikel eta Juan Luis Diaz de Corcuerak prestatutako katalogoa argitaratu dute.

No comments: