- «Gozamenez»: sexualitatea modu zabalean eta positiboan bizitzeko Nafarroan sortutako programa
- Gozamenez programak zortzigarren urtea beteko du aurten. Ekimen aurrerakoi eta orijinala da; sexualitateari buruzko ikuspegi berria eskaintzea eta egunerokoan duen presentziaz eta garrantziaz ohartaraztea du helburu. Sexualitateari normalean ematen zaion tratamendu negatiboari buelta eman nahi izan diote, eta horretarako edozein motatako ekintzak antolatu dituzte: erakusketak, askotariko tailerrak, zinema emanaldiak, bestak, sexu kontsultak on-line...
- Gara, 2007-06-20 # Jasone Mitxeltorena
Gozamenez koordinakundea aspalditik sexualitatearen arloan lan egiten ari diren erakundeek osatzen dute. Bakoitzak bere pentsamoldea izan arren, sexualitateari buruzko ideiaren inguruan bat egin dute indarrak bildu eta gazteei zuzendutako programa aurrera ateratzeko. Sexua arlo guztietara zabaldu nahi dute, ekintza puntuala baino askoz ere gehiago dela erakutsi nahi dute. Izaki sexudunak garen heinean sexualitatea egunerokoan gure baitan dagoela adierazi nahi du Gozamenez-ek. «Orain arte sexualitatea modu negatiboan azaltzen zela uste dugu, hau da, egiten ziren ekimenak sexuak ekar ditzakeen arriskuetan oinarritzen zirela. Positibismoan murgiltzeko beharra ikusi genuen, eta arlo askotara zabaltzekoa», Xabi Santxez HIESaren Kontrako Komisioko kideak azaldu duenez. Prebentzioa ere lantzen duten arren, sexualitatearen aniztasuna eta horri zor zaion errespetua bezalako atalei ere garrantzia eman nahi izaten diote. Beharrezko deritzote bakoitzak sexualitatea bizitzeko modua duela, hori aniztasuna dela eta zilegitasun osoa duela barneratzeari. Filosofia hori eta heziketa sexuala batzeko modua koordinakundean aurkitu zen.
Duela zortzi bat urte eman zion hasiera koordinakundeak izen bereko programari. Hasierako bultzatzaileak HIESaren Kontrako Komisioa, EHGAM, Andraize eta Iturramako Emakumearentzat Arreta Zentroa, Nafarroako Gazte Kontseilua eta SARE elkartea izan ziren. Egun, erakunde gehiago bildu zaizkie, bertzeak bertze, Gehitu, Askagintza, Mandragora, Hegoak eta ILOTA LEDO. Azken finean, Nafarroan sexualitatea lantzen duten hainbat talde. Horrez gainera, programa martxan jartzen den zona bakoitzeko teknikari eta hezitzaileekin lan egiten dute, eta noski, toki bakoitzeko gazteekin, horiek antolatuta daudenean: gaztetxeekin, gazte asanbledekin, elkarteekin...
Gasteizko Udalak sortu zuen gazteak eta aisialdia gaia lantzeko EMAIZE programa izan omen da Gozamenez-en eredua. Duela zortzi urte Gasteizen parte hartu zuten hainbat eragilek Nafarroan bultzatu zuten ekimena, nahiz eta hango dimentsiorik ez lortu, eratuagoa baita. Geroztik herrialdeko zona aunitzetan lan egiten dute, hala nola, Leitzan, Lekunberrin, Goizuetan, Lizarran, Lodosan, Tafallan, Sakanan, Esteribarren, Aezkoan, Burlatan, Barañainen, Iruñean, Corellan, Buñuelen, Uharten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (azken honi zonei emandako tratamendu bera ematen diote). Programa komunitarioa dela jakinarazi zuten, zona bakoitzeko eragile eta gazteekin harremanetan jarri eta denen artean jarduten baitute. Koordinakundeko kideak zona zehatzez arduratzen dira, baina euren lana jarduerak burutzeko klabe batzuk ematera eta baliabideak jartzera mugatzen omen da. Zonako Emakumearentzako Arreta Zentroekin, udaletan dauden droga eta sexu prebentziorako teknikariekin, sexu hezitzaileekin eta gazteekin harremanetan jartzen dira lehendabizi, eta gero jardueren antolaketa prozesuan parte hartzen dute: filosofiaren klabeak eman eta horiek barneratzen direla ziurtatzen dute (sexualitatea gorputz osoarekin bizitzea eta ez genitaletan bakarrik, jarrera sexistarik ez ematea...). Garrantzitsua da Gozamenez-en filosofia transmititu eta bertako gazte eta eragileek berau barneratzea, baina baita bakoitzak zer egin nahi duen eta nola egin nahi duen erabakitzea ere. Zona bakoitzeko eragileei dagokienez, filosofia barneratu eta eragile bihurtzen dira baliabideak jarri ahal izateko, inondik ere ez jarduerak prestatzeko. Izan ere, egun saturazio handia ematen omen da. Oihana Lopezek Gazte Kontseilutik nabarmendu duenez, «arlo askotatik joaten gara gazteengana eta saturatu egiten ditugu. Askotan ez diegu beren kabuz jarduteko aukerarik ematen. Motorra haiek izan behar dute, eurek gestiona dezatela euren jarduna. Baliabideak jartzea ongi dago, baina askatasuna utzi behar da». Leku bakoitzean errealitate ezberdinak omen daude: Barañainen gazteen antolamendu handia omen dago, eta ideia ere guztiz barneratuta omen dute.
«Erotizazio txertoa sartzen diogu»
Jardunaldi berriak aurrera eramateaz gain, eragile eta erakundeek antolatutako ekimenei euren ukitua ematen saiatzen omen dira: «Txerto erotikoa sartzen diogu ohikoa den edozein jardunaldiri. Erotikoa esaten dugunean, pelikula erotikoak etortzen zaizkio jendeari burura, baina ez da hori. Zentzumenak lantzen dira eta sexua esplizitatzen da. Adibidez, NUPen egin den jardueretako bat jantokian menu berezia eskaintzea izan zen, izen erotikoak zituzten platerak atera ziren eta dastamena landu genuen», azaldu dute Santxezek eta Lopezek. Sakanan adibidez, urte aunitz omen daramatzate jardunaldiak prestatzen, eta aurten deus berririk egin beharrean, ohiko ekitaldiei «kutsua indartzea» erabaki dutela jakinarazi zuten koordinakundeko kideek. Beren hitzetan, ikuspuntua aldatzeko «betaurreko ezberdinak» jartzea da kontua.
Bertzalde, Gozamenez-ekoen ustez egun dauden baliabideak erabiltzea beharrezkoa da. Beraiek ez daude prestaturik zerbitzu hori emateko. Jasotzen dituzten diru-laguntzak urriak dira, eta kideak ez daude liberatuak; beraz, ezin zaizkio programari ehuneko ehunean zuzendu. Egun baliabideak badaudela uste dute, adibidez, Emakumeentzako Arreta Zentroak. Asistentzia emateaz gain, heziketa sexuala emateaz arduratzen dira, eta hori publikoa izatea hagitz positibotzat jotzen dute, zaila baita horrelako zerbitzua Gobernutik etortzea. Nafarroan COFES deituriko zentroak ireki zirenean sexualitatearen heziketan ekarpen handia izan omen zen: kontsultak, kanpainak, hitzaldiak institutuetan... Duela urte batzuk lan hori moztu egin zen: Gobernuak izena aldatu eta langileak berritu zituen, osasun arloko langileak sartu eta hezitzaileak zirenak (sexologoak) gutxitu egin zituen. Egun hasierako jarduera horri eusten bazaio ekimen pertsonalari esker omen da, hau da, hasieratik dauden langileek horri eusten dietelako. Txantreako Andraize da horren erreferentea, eta Iturramako zentroa ere aipa daiteke adibidetzat. Horiek biak dira Gozamenez programan hasieratik parte hartzen dutenak eta Koordinakundeko kide direnak. Gozamenez-en web orrian sexu-kontsultak eskaintzen dituzte. Dena den, aldaketa handia izan omen da, atzeraka. Asistentzia teknikoa ematera mugatzen omen dira zentro gehienetan, eta ez behar bezalako heziketa edo aholkularitza ematera. Gozamenez harremanak dituen zentroei bere filosofia transmititzen saiatzen da, eta gazteekin burututako jarduerak behintzat ikuspegi horretatik eraman behar izaten dira aintzinera. Eurena programa bat bertzerik ez denez, ezin dute zentro horiek ematen zituzten zerbitzu guztiak eskaini, baina gaiari buruzko kontsultak posibleak dira Gozamenez-en web orrian: www.gozamenez.com
Sexualitatearen ikuspegi negatiboa
Hasieran aipatu bezala, Santxez eta Lopezek sexualitatea lantzen duten eragile ezberdinak prebentzioan zentratzen direla azaldu dute, asistentzia teknikoaren barrenean adibidez. Garrantzizkoa eta beharrezkoa deritzote horri, baina sexualitatearen alde negatiboa zabalduta eta etengabe arriskuak aipatuta, beldurra eta eragin negatiboa transmititzen direla uste dute. «Asistentzia ematen zaigunean, segurtasun neurriak hartu ez ditugula-eta kulpabilizatu egiten gaituzte batzuetan», gaineratu du Lopezek. Dena den, arazoa ez da horretara mugatzen: «Jasotzen ditugun ideiak, eredu patriarkal eta sexistak... horrek denak sexuaren gaineko ideia okerra sortzen digu eta beldurrez betetzen gaitu». Ikuspegi zabala ezagutara eman beharraz mintzatzen dira. Plazerra sentitzea, norbera bere buruarekin eta inguruarekin gustura sentitzea, hori sexualitatea omen da. «Kalean zoazela lore usainarekin disfrutatzea eta beraz, plazerra sentitzea, hori ere sexualitatea da», erran du Andraizeko hezitzaile batek. Horretan berebiziko garrantzia dute zentzumenek, eta zentzumenek sentiarazten duten horretaz gozatzeak. Horretaz jabetuz gero, sentsazio horiez disfrutatuko dugu.
Gozamenez programaren helburua ideia hori transmititu eta praktikara eramanda norberak esperimentatzea da. Antolatzen diren jarduera batzuek ez dute aparteko berezitasunik emandako tratamendua ez bada; aunitzek ez omen dute ulertzen txalaparta bezalako tailerrak sexualitatearekin izan dezakeen harremana, eta hor ikustarazten omen zaie jarduera horrekin disfrutatuz gero sexualitateaz gozatzen ari direla. Zaila omen da hori ulertaraztea, baina planteatzean hausnarketara deitzen da, eta mementoan ez ulertu edo konpartitu ez arren, egunerokoa bertze modu batean ikusi eta egoera jakin batzuen aintzinean beharbada ulertzera ailegatuko direla uste du Lopezek: «Gozatzen den esperientzia bat bizitzean beharbada sentipen hori sexua hitzarekin lotuko du».
Aurtengo kanpaina
Udako jaiei begira kanpaina antolatu dute. Ohikoa den sexu erasoen kontrako kanpaina begi onez eta beharrezkoa ikusten dute, baina mezu positiboa ere helarazi nahi dute: «Jaiak jendea ezagutzeko eta horretaz gozatzeko aukera paregabea direla zabaldu nahi dugu», dio Lopezek. Horretarako bakoitzak bere burua eta gainerakoak zaindu behar dituela eta tratu onek nagusitu behar dutela gaineratzen du Santxezek.
Hilabete honetarako Iruñean prestatu dituzten jardueren artean, IPESek antolaturiko «Emakumea eta Zinea» film proiekzioetan parte-hartzea aipa daiteke. Horrez gainera, Eguzki Bideoak-ekin batean, hilaren 29an Mercaderes kalean «Desayuno en Plutón» emanen dute. Gaur 20.00etan «Ipuin kontalari erotikoa» izanen da, eta asteburuan gai horren inguruan tailerrak izanen dira. Programak web orrian aurki daitezke.
Exposiciones, talleres variados y unidades didácticas durante el año
Son diversas las actividades llevadas a cabo por el programa Gozamenez. Se han realizado exposiciones como Carteles de prevención o Sexualidad y los cinco sentidos. Se desarrollan talleres de caricias, henna, maquillaje, masaje, sexualidad, graffiti, percusiones, bailes africanos, capoeira, danza del vientre, hip-hop, teatro, arcilla, risoterapia, comic, txalaparta y cortometraje. Además, se toma parte en actividades organizadas por otros colectivos y en todos los institutos de Nafarroa se ofrece una unidad didáctica que pretende desmitificar la idea del príncipe azul con la obra de teatro de Oihulari Clown. J. M.
- Actividades de Gozamenez
- 16 de mayo en la UPNA
- «Recorrido sensorial» estimulando los cinco sentidos y disfrutando.
- 15, 16, 22 y 23 de Junio en Leitza
- Taller de risoterapia o Irriterapia en el Gaztetxe de Leitza de las 19.00 a las 21.00.
- 15 de Junio en Burlata
- Concierto del grupo Paréntesis (hip-hop) y otras actividades como capoeira.
- 20, 22, 23 y 24 de junio en Iruñea
- Cuenta cuentos erótico en Kalaska a las 21.00 y taller durante el fin de semana en Andraize.
- 19, 27 y 29 de junio en Iruñea
- Dentro de «El cine y la Mujer» de IPES, proyección de los filmes «Valerie» y «Shortbus», a las 20.00 en los cines Golem. Ayer tuvo lugar un debate con la invitada Francisca Bermejo. El 29, proyección de «Desayuno en plutón», a las 22.30 en Mercaderes, con Eguzki Bideoak.
- 27 de junio en Leitza
- «Ur Festa» en las piscinas municipales desde las 22.00 a las 24.00.
- 28 de junio en Iruñea
- Manifestación de gays, lesbianas y transexuales que saldrá a las 20.00 desde la Estación de Autobuses y posterior fiesta en Nabarreria.
- 4, 6, 11, 13 y 16 de septiembre
- Taller de cortometrajes en Leitza y Goizueta.
- 12-30
- Urtekoei zuzenduta
- Gazteei zuzendutakoa da Gozamenez programa. 12 urte dituztenekin, nerabezaroan daudenekin, eta 30 urte dituztenekin aritzen dira jardueretan.