2007/06/20

> Berria: Ekainak 28 > ZILARREZKO GEHITU SARIA, AMNESTY INTERNATIONAL-I

  • Zilarrezko Gehitu Saria, Amnesty International-i
  • Datorren asteko ostegunean ospatuko dute Harrotasunaren Eguna
  • Irutxuloko Hitza, 2007-06-20 # A. Portugal


Urtero bezala, datorren ekainaren 28an gay, lesbiana, bisexual eta transexualen Harrotasunaren Eguna ospatuko du Gehituk, Bulebarretik abiatuko den manifestazioan. Egun hori beste hainbat ekitaldi egiteko baliatu dute; tartean, atzo Zilarrezko Gehitu Saria eman zioten Amnesty International erakundeari.


«Duen ibilbidea, oihartzuna eta ospea izanik, lesbiana, gay eta transexualen eskubideen aldeko borrokan sartu izana pauso garrantzitsua da». Horrela justifikatu zuten Amnesty Internationali emandako saria. Hain zuzen ere, Esteban Beltran erakundeko Espainiako zuzendariak jaso zuen atzo saria, arratsaldean Koldo Mitxelena kulturunean eman zuen hitzaldian.


Bestalde, ekainaren 28an Europa, atzera pausorik ez lelopean aterako dira Gehituko kideak kalera. Urteko errepasoari dagokionez, Koldobike Mujika Gehituko kidea pozik agertu zen, Espainiako Genero Nortasunaren Legea martxan jarri dutelako. Hala ere, egoera «gazi-gozoa» dela esan zuen Mujikak. Duela gutxi Aimar izeneko Hernaniko gazte transexual batek bere buruaz beste egin zuela esan zuen, «sexu aldaketa prozesua gainditzeko indarra falta izan zaiolako».


Osasun arloari dagokionez, Sergio Iñiguezek esan zuenez, «Euskadin atzean geratzen ari gara». Besteak beste, pertsona transexualen ebakuntzak Osakidetzaren baitan ez izatea salatu zuen. PPren jarrera, Poloniako auzia... oraindik asko dagoela egiteko esan zuten Gehituko bi kideek.


Abenduan, Donostian, Politika Lesbikoen III. jardunaldiak egingo dituztela ere iragarri zuten. 400 emakume lesbiana izango dira bertan.

  • Ekitaldiak
  • Ekainak 20, gaur. Administrazio publikoak gay eta lesbianen eskubideen defentsan. 19:00etan, Arrasate kaleko Kutxa aretoan.
  • Ekainak 23. Jaia. 23:30ean, Egiako kultur etxean.
  • Ekainak 28. Manifestazioa. 19:30ean, Bulebarrean.
  • Besteak
  • Erakusketa. Homosexualak historian. Alderdi Ederreko liburutegian, ekainaren 28tik uztailaren 14ra.
  • Kursaalaren argiztapena. Ekainaren 28tik uztailaren 1era.

No comments: