2007/06/28

> Berria: Ekainak 28 > ESKUBIDE BERDINTASUNA ALDARRIKATUKO DUTE GAUR HOMOSEXUALEK

  • Eskubide berdintasuna aldarrikatuko dute gaur homosexualek
  • EITB 24, 2007-06-28

Manifestazioak daude antolatuta euskal hiriburuetan, baita festak eta erakusketak ere. Horrez gain, EHGAM eta Gaytasuna taldeek aurtengo Urrezko Hirukoa eta Trapuzko Espartina sariadunak nortzuk diren jakinaraziko dute.


Mundu osoko gayek, lesbianek eta transexualek bere eguna dute gaurkoa: Gay Harrotasun Eguna. Euskal Herrian, manifestazioak daude deituta hiriburuetan, baita festa eta erakusketak ere.


"Hau ez da nahikoa, esto no es suficiente" lelopean, ehunka lagun kalera aterako dira Bilbon berdintasuna aldarrikatzeko (20:00). Ordu berean, martxak daude deituta Gasteizen, Donostian eta Iruñan. Biarritzen, 16:00etan aterako da manifestazioa.


Donostia "ortzadarraren" hiriburua da egunotan. Batetik, atzodanik eta igandera arte Kursaal jauregia gay harrotasunaren banderaren argiekin jantzi dute. Bestetik, Gehituk antolatuta, erakusketa berezia dago antolatuta hiriburuko liburutegi nagusian. "Historiako Homosexualak" du izena erakustaldiak eta uztailaren 14ra arte egongo da zabalik. Homosexualak izan ziren edo beren bizitzan zehar sexu bereko lagun bat maite zuten pertsonaia ezagunak (zientzia, literatura, artea, politika eta erlijio alorrekoak) biltzen ditu.


26 paneletan, Alejandro Handia, Sokrates, San Agustin, Miguel Anjel, Catalina de Erauso, Gertrude Stein (idazlea), Tchaikowski eta Jacinto Benavente pertsonaia ezagunen bizitza ageri da, besteak beste.


Bilbon, aurtengo Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak nori dagozkion jakinaraziko dute Eghamek eta Gaytasunak.


Eguna ondo amaitzeko, jaiak daude nonahi antolatuta. Hala nola, Gasteizko Montermoso kulturgunean edota Bilboko Kafe Antzokian.


Homosexualitatea jazartzen duten 70 herrialde daude oraindik

Ospatzeko asko badago ere, bada zer salatua. Amnisty Internacional (AI) erakundeak adierazi duenez, homosexualitatea jazartzen dute munduko 70 herrialdek, horietako zortzik (Afganistan, Saudi Arabia, Iran, Mauritania, Pakistan, Sudan, Yemen eta Nigeriako iparraldeko estatu batzuk) heriotza-zigorra dute ezarrita halako kasuetan.


Gay Harrotasunaren Egunaren harira, Poloniako Gobernuaren jarrera kritikatu du AIk. Erakundearen arabera, "homofobia instituzionala" egiten dute Kaczynski bikiek. Nolanahi ere, erakundeak aitortu duenez, homosexualitatea jazartzeko mugimendua dezente gutxitu da munduan. "Egun, Europako ezein gobernuk ez ditu helduen arteko harreman homosexualak zigortzen eta gazteleraz hitz egiten duten herrialdeetan, Nikaraguan bakarrik dira delitu", agertu dute kaleratutako oharrean.


Dena dela, Legean hala jasota ez badago ere, praktikan homosexualak zigortzen dituzte hainbat herrialdek. Hala, "eskandalu publikoa", "jarrera lizuna" edota "familiaren kontrako krimenak" dituzte hizpide. Horren adibide, Errusian, Errumanian, Moldavian eta Polonian homosexualen manifestazioen kontra egin dutela gogorarazi du Amnesty Internacional erakundeak
.

No comments: