2007/09/25

> Berria: Telebista > KALAKA: KASTRAZIO KIMIKOARI BURUZ HITZ EGIN DIO AINTZANE GARAIREN NEBAK INMA ZABALETA KAZETARIARI

  • Iban Mayo elkarrizketatuko du Xabier Euzkitzek aste honetako "Kalaka"n
  • Kastrazio kimikoari buruz hitz egin dio Aintzane Garairen nebak Inma Zabaleta kazetariari
  • EITB, 2007-09-25

Frantziako Tourraz geroztik Iban Mayo txirrindularia guztion ahotan izan da. Saunier Duval taldeko kirolariak positiboa eman zuen uztailean eta ordutik hona ez du adierazpen publikorik egin. Xabier Euzkitzek ETB-1en gidatzen duen "Kalaka" saioan plazaratuko ditu bizitakoak, asteazkenean, gaueko hamarretan.


Kastrazio Kimikoa izango da aste honetako gai nagusia. Gaurkotasunari helduta aurreko asteburuan askatu berri duten Vald’Hebroneko bortxatzailearen kasua aztertuko dute kalakariek eta pil-pilean dagoen Sarkozyren proposamen politikoa ere izango dute mintzagai.


Arantxa Azurza abokatua, Markos Zapiain filosofoa, Amaia Vazquez sexologoa eta Xabier Gezala ertzaina platoan izango dira. Gonbidatu berezien iritziak entzuteko denbora ere izango da. Alde batetik, Jon Ander Bilbao psikiatra eta, bestetik, Ainhoa Arregi, Gipuzkoako Abusu Sexualak Jasandakoen Elkartekoa Miramonen izango dira zuzen zuzenean.


Bestalde, Inma Zabaleta erreportariak David Garai Aintzane Garairen nebaren iritzia jaso du kastrazio kimikoaren inguruan. Punta-puntako testigantzak, beraz, aste honetako "Kalaka"n, 22:00etatik aurrera.

2007/09/16

> Berria: Ekitaldiak > ARRITXULON, ASKATASUNA KUTSATZEN

  • Arritxulon, askatasuna kutsatzen
  • EHGAM XVI. Les-gay-trans Kanpaldia egiten ari da, laugarrenez Arritxulon
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-16 # Olatz Mitxelena

Laugarrenez bildu dira EHGAMeko kideak Arritxulon, XVI. Les-gay-trans Kanpaldian. 65 lagun inguru daude aterpetxean, ostiraletik, eta gaur emango dituzte bukatutzat kanpaldiaren baitan antolatutako ekimenak. Kanpaldiarekin ematen diote EHGAMeko kideek urtero hasiera ikasturteari, eta, aurten gainera, ikasturte berezia dute, taldea sortu zeneko 30. urteurrena betetzen baita. Horregatik, 30. urte kutsatzen irakur daiteke kanpaldira bildutakoei ongietorria egiteko jarri duten pankartan.


Urtero legez, ludikotasuna eta eraketa uztartu dituzte astebururako antolatutako ekimenetan. Herenegun Aluaren Algara taldearekin egin zuten festa, eta atzo, goizetik, norberak nahi zuen horretan eman zuen denbora: batzuek mendi buelta eman zuten, beste batzuek autodefentsa ikastaroan parte hartu zuten, eta beste asko, patxadan egon ziren, lagunartean, inguruak eskaintzen dituen aukeraz gozatuz.


Bitartean, antolatzaileetako batzuk atzo gaueko ikuskizunerako beharrezko guztiak prestatzen aritu ziren. Tartean zen taldeko kide Mikel Martin: «Gaur [atzogatik] Yogurinha Borovaren emanaldia dugu. Transformista itzela da, eta lagun handia. Gure hastapenetako kanpaldietan eman zion hasiera bere ibilbideari».


Baina gaueko festa bitartean, askok prestatutako tailerretan parte hartu zuten. Hala nahi izan zuten emakumeek autodefentsari buruzkoak ikasi zituzten. Emakumeen kontrako erasoen aurrean, indarraren erabilpenetik haratago, autodefentsaren gakoei buruz hausnartzen aritu ziren, saio praktikoan. «Ezetz esaten ikastea, norbere burua maitatzea, norberak bere armak erabiltzen jakitea...» azaldu zituzten gakoetako batzuk dira.


Arratsaldean, beste hiru tailer egin zituzten. Emozioek osasunarengan duten eraginari buruzkoa izan zen bata, jolasak egin zituzten beste batean, eta batukadaz gozatu zuten hirugarren tailer batean.


Gaur, bukatzeko, Oiartzun, Luberri eta Herri Musikaren txokoa bisitatu asmo dituzte.


30 urtera, bada zeregina

«Gure aldarrikapenak zaharrak dira: sexu librea, Euskal Herria librean. Euskal Herria homofobiatik, lesbofobiatik eta transfobiatik libre», zioen Martinek, beste urtebetez kanpaldian biltzearen arrazoiengatik galdetuta. «Gure antolakuntzak gizarteko beste talde batzuk kutsatzen jarraitzeko aukera emango digu».


Taldea sortuz geroztik, «bide luzea» egin dutela aitortu arren, lanean jarraitzeko beharra argi du Martinek: «Lanean jarraitu behar dugu, egunen batean, pertsona guztiek aurreiritzirik eta erasorik gabeko sexualitateaz gozatzeko aukera izan dezaten».

2007/09/14

> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN · EHGAM > "BESTELAKO SEXU AUKERENTZAT PLAN AKTIBOAK BEHAR DIRA ESKOLETAN"

  • Mikel Martin · EHGAMeko kidea: «Bestelako sexu aukerentzat plan aktiboak behar dira eskoletan»
  • EHGAM erakundeak 30 urte bete ditu aurten. Gaur hasiko da 16. kanpaldia. Mikel Martinen iritziz, ekimen hori erabat finkatuta dago.
  • Berria, 2007-09-14 # Ion Olano · Donostia


EHGAMek gaur, bihar eta etzi Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo duen kanpaldia prestatzen ari dela jaso du Mikel Martinek BERRIA. Aurten hamaseigarren kanpaldia izan arren, hasiberriaren ilusioa nabari zaio.


Aurten berriro. Zergatik?

Uste dugu jendeak honetarako gogoa duela, eta guk ere interes handia dugu. Era berean, kurtso berria abiatzeko seinalea da guretzat. Kanpaldian lagunekin elkartu nahi dugu, elkar sentitu, giro askean. Espazioa eta denbora elkarbanatu, bizi erritmo ezberdin batean gozatzeko. Eskatzen dugun konpromiso bakarra ondo pasatzea da.


Aurten izango da kanpaldia egiten dugun 16. urtea. Beste urte batzuetan bezala, Arritxuloko aterpetxean egingo dugu, Oiartzunen (Gipuzkoa). Oraingoz, badakigu ez dela soilik Euskal Herriko jendea etorriko. Esaterako, Aragoitik (Espainia) etorriko dira batzuk.


Zein helbururekin antolatu duzue aurtengo kanpaldia?

Pixkanaka, jarduera berriak txertatzen ari gara kanpaldiko egitarauan. Aurten, adibidez, gogo eta osasun egoerak sistema immunologikoan nola eragiten duen ikasteko tailer bat antolatu dugu. Elkarteko emakumeei esker, emakumeentzako defentsa ikastaroa ere berreskuratu dugu. Badago beste tailer berezi bat sexualitateari buruzkoa: Sexu alaia du izena. Horrez gain, jostailu erotikoen erakusketa egingo dugu. Gainera, Sentsualitatea, sexualitatea, segurtasuna izeneko tailer bat ere prestatu dugu. Egingo dugun beste gauza berezi bat txikiak gineneneko jokoak berreskuratzea izango da, baita gu baino zaharragoak diren jokoak ere.


Gaur gauean talde berezia izango dugu gurean: Aluaren Algara. Bihar, berriz, urtero bezala festa egingo dugu. Festa horretan egingo du emanaldia transformista bikain batek: Yougurinha Burova da bere izen artistikoa. Batukada tailerra ere izango dugu, eta natura gustuko duenarentzat, mendi ibilera leunak antolatu ditugu. Etzi, gogoa duenarentzat, Oiartzunera egingo dugu bisita. Oro har, ondo ateratzea espero dugu. Eta kanpaldira etorri nahi duenak jakin dezala: parte hartzea ez da kanpaldian egoteko ezinbesteko baldintza.


Urte hauetan guztietan, belaunaldi berriak joan al dira kanpaldira?

Batez besteko adina 28 urteren inguruan dabil. Azken urteotan, neska-mutilak paretsu etorri dira, eta batzuetan neska gehiago. Lehenengo urteetan ez zen horrela, gizonezkoak ziren nagusi. Aurten Oiartzunen egingo da berriro; kanpaldia beste herrialdeetan egiteko gogoa daukagu, baina ez da erraza.


Hamaseigarrena da aurtengo kanpaldia. Zein bilakaera izan du ekimen honek?

Uste dugu ekimen hau finkatuta dagoela dagoeneko. EHGAMek urte osoan egiten duen beste edozein ekimen bezain finkatuta. Urteotan nabaritu dugun aldaketa, lehen aipatutako emakumeen presentziaz gain, transexualena izan da. Izan ere, transexualen presentzia haziz joan da kanpaldiz kanpaldi, ez soilik maila teorikoan, errealitatean baizik.


EHGAMek 30 urte bete ditu aurten. Zeintzuk dira, egun, erakundearen erronkarik nagusienak?

Autoantolaketan sinesten jarraitzen dugu. Erakundeen parte hartze aktiboa eskatzen jarraituko dugu, baita ikusgaitasuna bultzatzeko ekintzak antolatzen ere. Iraultza sexuala, beharrezkoa dena, egiteke dago. Bestelakotasun sexualentzako plan aktiboak egin behar dira eskoletan, EHGAMen heziketa da bidea leloa errealitate bihur dadin. Izan ere, homofobia egon badago, eta alde askotatik egin behar zaio aurre. Erakunde batzuengandik ezin dugu gehiegi espero, beraz geuk esku hartu beharko dugu.


Homofobia eta lesbofobia indartsu al dira, oraindik, gure artean?
Euskal Herrian izan diren erasoetatik haratago, homofobia mundu ikuskera baten parte da, gutxiengo sexualak baztertzen dituena. Horri aurre egiteak lan handia eta konkretua eskatzen du. Hedabideetan txantxa homofoboak egiten dituzte; lantokietan, homofobia eta matxismoa darien hitzarmenak sinatzen dituzte. Tristeena da kontu honi ez zaiola behar duen garrantzia ematen. Errazagoa da pentsatzea: «Honek ez du zerikusirik nirekin».


Azken urteotan zein urrats positibo egin dela uste duzu?

Orokorrean ikusgaitasun gehiago lortu dugu. Era berean, gainontzeko elkarteak irazkorragoak dira gaiarekin, askok bere egin dituzte lesbiana, homosexual eta transexual mugimenduaren aldarrikapenak. Hala ere, berriz nabarmendu nahi dugu kontzientzia askapena eta aurreiritzien desagerpena ez dagokiela soilik kaltetuei, ezinbestekoa dela gizarteak aldarri horiek bere egitea: politikariek, idazleek, irakasleek, sindikatuek, gazte erakundeek, hedabideek...


Azken urteotan garrantzitsua izan den beste kontu bat nazioarteko homosexual, lesbiana eta transexualek jasaten dituzten egoeren ezagupena izan da: esaterako, Polonian oso egoera gogorra dute, Iranen debekua sufritzen dute, eta Hego Amerika ere ez dugu begien bistatik galdu behar. Gutxiengo sexualen kontrako jazarpenaren aurrean arreta eta konpromisoa eskatzen dizkiogu gizarteari.

2007/09/12

> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEK IKASTURTEA HASTEKO KANPALDIA ANTOLATU DU ARRITXULON

  • EHGAMek ikasturtea hasteko kanpaldia antolatu du Arritxulon
  • Oraindik izena eman daiteke asteburu honetan aterpetxean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-12 # Goiatz Labandibar

Dagoeneko laugarrenez, Arritxuloko aterpetxea eta Aritxulegi ingurua aukeratu ditu EHGAMek azken hamasei urteetan egin duten les-gay kanpaldia egiteko. Asteburu honetan izango da: etzi hasi eta igandea bitartean.


Aurtengo kanpaldia, izenetik bertatik dator berrikuntzarekin. Izan ere, lehenengoz transexualei ere aipamen zuzena egin diote: les-gay-trans kanpaldia izango da. Mikel Martinek azaldu du arrazoia: «Gay askapenerako mugimendua beti ulertu dugu minoria eta identitate sexual guztien alde. Aurten lehen aldiz aipatu ditugu izenean transexualak, jendeari errealitate hori ere erakutsi nahi diegulako, buruan sartu nahi diegulako» .


Adierazgarria izan ohi da EHGAMek ongi etorria emateko jartzen duen kartela bera: «Hiru punturekin bukatzen da, edozein identitate sexualeko jendea etorri daitekeelako lesbiana, gay eta transexualez gain ere: bisexualak, heterosexual errespetudunak...», argitu du Mikel Martinek.


Asteburupasa honek ekitaldiz betetako egitaraua izan ohi du. Aurtengoa ere ez da gutxiago izango. «Guztiak gauza asko eta onak ikasiko ditugula espero dugu», esan du Martinek.


EHGAMek, 30 urte

Kanpaldiarekin emango dio hasiera EHGAMek 2007/2008 ikasturteari. Aurtengoa, gainera, urte berezia da taldearentzat, 30. urtemuga ospatuko baititu. Leloa ere aukeratu dute urtearentzat: EHGAM 30 urte kutsatzen, «sexua aske bizitzeko», azaldu du Martinek.


Kanpaldiaren filosofia hitz gutxitan definitu du Mikel Martinek, «helburua giro oneko topagunea egitea da, naturarekiko errespetuan eta gu ere, naturalki errespetatuz».


Oraindik izena emateko aukera badute parte hartu nahi dutenek, 667 435 570 telefonora deitu edo ehgamhelbidera idatz dezakete. Oraingoz, 65 lagun inguruk eman dute izena asteburu osoa pasatzeko, Euskal Herri osotik eta baita Aragoitik (Espainia) ere. Lehentasuna asteburu osoa pasatzera doazenek izango dute.


Asteburu osoa pasatzeko, 60 euro sartu behar dira Euskadiko Kutxaren 3035 0063 82 0630 0302 22 kontu korrontean. Kanpina eramango dutenek, 50 euro ordaindu behar dituzte. Informazio gehiago behar duenak www.ehgam.com helbidean aurkituko du.


  • EGITARAUA
  • Prestatutako guztian parte hartzea «borondatezkoa» izango da eta «malguak» izango dira ordutegiekin, esan dutenez.
  • ETZI, IRAILAK 14
  • 18:00etan. Ongietorria.
  • Gauean. Aluaren Algara.
  • LARUNBATA, HILAK 15
  • 10:30ean. Mendi martxa eta tailerrak: sexu alaia, emakumeen autodefentsa, jolasak...
  • 17:00etan. Tailerrak: autodefentsa; batukada; tuppersexa; sentsualitatea, sexualitatea eta segurtasuna, eta egoera emozionalaren eragina osasunean.
  • Gauean. Yogurinha Borova eta DJ 2ttor.
  • IGANDEA, IRAILAK 16
  • Goizean. Oiartzunera bisita edo Herri Musikaren Txokoa eta Luberri museo geologikora bisita.