Showing posts with label Oroitzapena. Show all posts
Showing posts with label Oroitzapena. Show all posts

2009/10/28

> Berria: Erakusketa > HISTORIA SO, FANZINE SORTA ZAHARRARI BEGIRA

  • Historiari so, fanzine sorta zaharrari begira
  • Gasteizko Antso Jakituna Fundazioak duen fanzine bildumatik 200 paratu dituzte erakusketan
  • Berria, 2009-10-28 # Anakoz Amenabar . Gasteiz
Moztu, itsatsi, kopiatu eta banatu. Ekoizpen bide erraza eta merkea zuten fanzineek, estetika originala eta desberdina, kaotikoa zenbaitetan. Gazteek gazteentzako eginak, euren behar eta mezuak zabaltzeko sortutako argitalpenak webguneek ordezkatu dituzte, baina badira oraindik ondo gordetako altxorrak. Gasteizko Antso Jakituna liburutegiak 1970az geroko fanzineen erakusketa prestatu du.

Duela urte batzuk fanzineek ez zuten lekurik liburutegietan, ez ziren informazio iturri «serioa» historialarientzat, eta ez zituzten gordetzen. Gaur egun, ordea, gutxik jarriko dute zalantzan historia behar bezala aztertzeko ezinbesteko informazio iturri direla. Antso Jakituna liburutegian, apurka-apurka, 500 fanzine inguru bildu dituzte, eta horietatik 200 hautatu dituzte aurkeztu berri duten erakusketarako, denak Euskal Herrian sortutakoak.

1970eko hamarkadan esanguratsu izan ziren Panpina ustela, Gay hotsa, Euskadi Sioux eta Pott aurki daitezke, besteren artean. Gai jakinetan espezializatutako fanzineak, zineman edo musikan, esaterako, edo gizarte gaiak jorratzen dituztenak ere bildu dituzte. «Zama politiko handia zuten garaikoek. Frankismoaren kontrakoek, esaterako, bertan aurkitu zuten bidea», aipatu du erakusketako antolatzaile Txaro Martinezek. Gehienek bi edo hiru urte irauten zuten. «Euskal Herriaren beste ikuspegi bat ematen zutela da garrantzitsua».

1980ko hamarkadan entzutetsu egin ziren Tmeo, Burp! eta La Comictiva, izen handiko egileen eskutik. Mauro Entrialgo, Alex de la Iglesia, Mikel Valverde, Simonides eta Bernardo Atxaga aritu ziren, beste batzuen artean. «Fanzine bat aipatzekotan, Gasteizen sortutako Resiste esango nuke, 1998ra arte izandakoa. Bahitu egin zuten lehenengo alea, Amedo komisarioa GAL aferarekin lotzeagatik», gogorarazi du Martinezek.

Fanzine egileek eurek aipatu bezala, banaketa izaten zen oztopo nagusia. Ekoizteko ez zen diru askorik behar izaten, baina banaketa izaten zen buruhaustea. 1990eko hamarkadan behera egin zuen nabarmen fanzine kopuruak. Internetek lekua hartu, eta papera eta banaketa gastuak aurrezten hasi ziren. Bob Dylani eskainitako Fanzimmer eta El Karma dira horren adibide.

Bilduma osatzear
Fanzine bilduma zabala du Antso Jakituna Fundazioak, baina oraindik ere gehiago jasotzeko prest daude. Gehienak irakurri ostean desagertu ziren, eta ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen. «Zaila izaten da halakoak topatzea, normalean gazteek gazteentzat egiten zituztelako, eta denbora gutxian desagertu, horregatik ongi etorriak dira guztiak».

Erakusketa urte amaiera arte izango da Antso Jakitunak Betoñun (Gasteiz) duen egoitzan. Erakusketarekin batera, Mikel eta Juan Luis Diaz de Corcuerak prestatutako katalogoa argitaratu dute.

2009/05/17

> Berria: Maiatzak 17 > FRANKISMOAK ZAPALDUTAKO "BESTEAK" GOGOAN, DURANGON

  • Frankismoak zapaldutako «besteak» gogoan, Durangon
  • Francoren diktaduran sexu joeraren ondorioz hildakoen omenezko eskultura jarri du EHGAMek
  • Berria, 2009-05-17 # Maite Asensio • Durango
Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.

Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.

Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».

Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.

76ko azaroko egun batean
Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».

Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».

2008/10/25

> Laburrak: Oroitzapena > GEHITUK FRANKISMOAN HOMOSEXUALEK JASANDAKO JAZARPENA GOGORARAZIKO DU

  • Gehituk frankismoan homosexualek jasandako jazarpena gogoraraziko du
  • Berria, 2008-10-25 # Erredakzioa · Donostia

Gehitu gay eta lesbianen kolektiboak ekitaldi sorta antolatu du datorren astean homosexualek eta transexualek frankismoan jasan zuten jazarpena gogora ekartzeko. Donostian eta Miarritzen (Lapurdi) egingo dira jardunaldiak, eta memoria historikoa berreskuratze aldera, besteak beste, Fernando Olmeda idazleak eta Antonio Ruiz frankismo garaian preso egondakoek osatutako elkarteko ordezkariak hartuko dute parte. Jazarpena gordin jasan zuten Andres Garcia eta Silvia Reyesek ere hartuko dute parte jardunaldietan, bai eta Frantziako Triangles Roses elkarteko Jean Le Bitousek ere. Gogora ekarri nahi dute frankismoak homosexual eta transexualak pertsona «arriskutsu» modura tratatzen zituela, eta «sendatu» egin nahi zituela.

2008/02/05

> Berria: Oroitzapena > FRANKISMOKO PRESO GAY ETA LESBIANAK OMENDU DITUZTE

  • Frankismoko preso gay eta lesbianak omendu dituzte
  • Berria, 2008-02-05 # Erredakzioa · Gasteiz

1936ko gerra garaian eta frankismoan preso sartu zituzten gay, lesbiana eta transexualak omendu zituen Eusko Jaurlaritzak herenegun, Langraizko (Araba) espetxe kanpoan eginiko ekitaldi baten bidez. Pertsona horiek «heroitzat» jo zituen Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak, onartzen ez zituen erregimen bati irautea lortu zutelako.


Ekitaldian, preso homosexualen omenez Nestor Basterretxeak eginiko eskultura bat aurkeztu zuten eta garai hartako argazkiak erakutsi zituzten. Era berean, 1944an homosexuala eta errepublikanoa izateagatik espetxean izandako Juan Sotoren testigantza eman zuten, grabazio baten bidez. Sotoren esanetan, «batzuen eta besteen makila eta mespretxua» jasan zituzten preso homosexualek.


Madrazoren hitzetan, preso homosexualak «laidoztatu eta torturatu bazituzten ere, eta euren garuna aldarazteko lobotomia bezalako tratamendu medikuak egin bazizkieten ere, ez zuten pertsona horien duintasuna azpiratzea lortu».


Iñigo Lamarka EAEko arartekoa ere izan zen ekitaldian. Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari Mercedes Gallizok, berriz, idatzi bat bidaliz bat egin nahi izan zuen omenaldiarekin.

2008/02/03

> Berria: Oroitzapena > LANGRAIZ: FRANKISMOAN SEXU JOERAGATIK JAZARRIAK OMENDUKO DITU GAUR JAURLARITZAK

  • Frankismoan sexu joeragatik jazarriak omenduko ditu gaur Jaurlaritzak
  • Berria, 2008-02-03 # Erredakzioa · Donostia

Langraizko kartzelan (Araba) omenaldia egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak antolatuta, frankismo garaian sexu joeragatik jazarri zituzten gizon eta emakumeak gogora ekartzeko. 1940-47 tartean, gay, lesbiana eta transexualak zirelako, preso izan zituzten hainbat pertsona espetxe horretan, eta haiek omentzeko antolatu du ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak.


Ekitaldia, 12:00etan hasiko da, eta bertan Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarekin batera, Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi Mercedes Gallizo eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarca izango dira. Garai hartan sexu joeragatik jazarri zituzten pertsonen testigantzek lekua izango dute ekitaldian, eta gaia gertutik jarraitu duten hainbat lagun egongo dira; esate baterako, Fernando Olmeda kazetari eta idazlea; Olmedak El látigo y la pluma (Zigorraa eta luma) liburua idatzi zuen.


Kritikak ekitaldiari

Kritikak egin dituzte hainbat taldek omenaldiaren harira. Ahaztuak 1936-1977 erakundeak, esate baterako, Javier Madrazori, ekitaldi honekin, aurretik beste hainbatekin egin duen moduan, frankismoko biktimak «erabiltzea» egozten dio. Langraizko espetxean egun presoak egoera aski txarrean daudela gogorarazi du. Eta gainerakoetan ere ez daude hobeto. Zazpi preso hil ziren iaz Euskal Herriko espetxeetan, eta azken hiru urteetan guztira 27 hil dira. Azken hildakoa, Langraizen izan da, lehengo hilean.

2008/01/31

> Berria: Oroitzapena > ERANTZULE POLITIKOAK ARGITZEKO ESKATU DIOTE MARTXOAREN 3KO BIKTIMEK LEGEBILTZARRARI

  • Erantzule politikoak argitzeko eskatu diote Martxoaren 3ko biktimek Legebiltzarrari
  • 1976an Gasteizen izandako gertaerak argitzeko sortutako batzordean agerraldia egin du elkarteak
  • Berria, 2008-01-31 # Edurne Begiristain · Gasteiz

1976ko matxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien erantzule politikoak gizartearen aurrean zeintzuk diren argitzeko eskaera eraman du Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak Eusko Legebiltzarrean sortutako batzorde berezira. Batzordeko kideek salatu dute inork ez duela argitu sarraski haren erantzuleak zeintzuk diren, nahiz eta 32 urte pasatu diren Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehundik gora zauritu zituenetik. Hori dela eta, Gasteizko gertakariak ikertzeko sortutako batzordeari galdegin diote 1976an agintaritza eta botere karguak zituztenen erantzukizun politikoak ezarriko dituen ebazpen bat egin dezan.


Gasteizko jazoerak sakonago ikertze aldera, Legebiltzarrean sortutako batzorde bereziaren lehen saioan egin dituzte eskakizunok biktimen elkartekoek. Orain dela 32 urte izandako sarraskiaren inguruan Valentin de Foronda Historia Institutuak egindako txostena ontzat jo arren, elkartekoek iritzi diote lan horrek ez duela zehazten gertatutakoaren erantzukizun politikoak. Besteak beste, Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak salatu du Manuel Fragak, garai hartan Gobernazioko ministroa zenak, kargu politiko batean jarraitzen duela eta ez duela azalpenik eman «izugarrikeria» harengatik. «Onartezina da oraindik jardunean egotea», adierazi du.


Nolanahi ere, elkarteko kideek ohartarazi dute ez dutela itxaropena galduko egunen batean gertakari haren arduradunak epaituen jarlekuetan ikusteko. «Justizia kontu bat da, eta senideek, lagunok eta gizarteak, oro har, lortzea espero dugu».


Martxoaren 3ko biktimen elkartearen ustez, gainera, Poliziaren oldarraldia aldez aurretik «ongi planifikatutako» ekintza bat izan zen, eta asmo argia zuen: «Sistema demokratiko baten alde borrokatzen ziren langileei eskarmentua ematea». Areago, elkarteko bozeramaileak azaldu du zalantzarik ez dutela garai hartako estatuko eta tokiko arduradun politiko eta polizial gorenen «onespena eta baimena» izan zuela Poliziaren jokabideak.


BIKTIMAK. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote Gasteizko gertakarietan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona guztiak -hil, zauritu edo kartzelatu zituztenak- biktimatzat har ditzan, eta Terrorismoaren Biktimenganako Elkartasunaren Legean jasotako kalte-ordain ekonomikoa jaso dezaten. Txaskoren ustetan, Espainiako Kongresuak onartutako Oroimen Historikoaren Legeak «trantsizioko» biktimak aintzat hartzen ez dituenez, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko ditu kontuan «askatasunak berreskuratzeko eta demokrazia ezartzeko borrokan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona haiek guztiak».


TALDEEN IRITZIA. 1976ko martxoaren 3ko gertaerak argitzen lagunduko duen ebazpena egitea begi onez ikusi dute EAJ, EA, EB, EAB eta PSEren legebiltzar taldeetako ordezkariek -PPko ordezkariak ez du parte hartu batzordean-. Nolanahi ere, PSEko legebiltzarkide Antonio Riveraren aburuz, «oso zaila» izango da zehaztea Poliziaren jokabidea aldez aurretik planifikatua izan zen ala bat-batean hartutako erabakia izan zen. PSEko legebiltzarkideak iritzi dio Espainiako Gobernuak «esku zabal» jokatu beharko lukeela martxoaren 3ko biktimak Oroimen Historikoaren Legean tokia izan dezaten.


Rafa Larreina EAko legebiltzarkidearen ustez, ezinbestekoa litzateke Poliziaren oldarraldiaren ondorioz kalte egindako pertsona guztien zerrenda osatua egitea, Jaurlaritzako Biktimen Elkartasunerako Legeak pertsona horiek guztiak biktimatzat har ditzan.

2007/12/16

> Artikulua: Angel Erro > RENEE VIVIEN, SAFOREN IKASLE INGELESA

  • Renee Vivien, Saforen ikasle ingelesa
  • Bere lesbiana izaera literatur lanetan estalkirik gabe islatzen aitzindari izan zen Renee Vivien, zentzumenak eta horien alderdi erotikoa poesiara eraman zuen idazlea
  • Berria, 2007-12-16 # Angel Erro


XIX. mendera arte harreman lesbiarrez idazten bakarrak gizonezkoak izan ziren. Juvenal edo Baudelaire, Diderot edo Henry James. Maiz begirada fribolo eta voyeurismoz betea zen. XX. mende hasieran sortu ziren emakumezko idazle, poeta eta artisten lehenbiziko komunitateak, Londresen, Berlinen eta Parisen. Frantziako hiriburuan Renee Vivien, Natalie Clifford-Barney, Gertrude Stein eta Tamara de Lempicka zeuden, besteak beste. Londresen,Virginia Woolf, Radclylffe Hall eta Katherine Mansfield.


Emakume horiek zaila zuten beraien desirak idaztea, zenbaitetan behartuta sentitzen dira gai lesbiarrak hainbat modutan mozorrotzera: maitasun heterosexualeko istorio «ezberdinak» kontatuz (Willa Cather-en Nire Antonia), sexu aldaketen bidez (Virginia Woolfen Orlando), gizonezkoen arteko maitasun istorioak lantzen (Marguerite Yourcenar).
Edo izengoitiz baliatuta argitaratu behar zuten, Patricia Highsmithek egin behar izan zuen bezala. Hala izan zen, oro har, XX. mendeko bigarren erdira arte. Horregatik, deigarria da aurreko mendetik beretik Renee Vivienek bere lesbiana izatea horren argi eduki ez ezik, papereratu eta poemetaratu ere egin izana, inolako estalkirik erabili nahi izan gabe. Neurri handian aurrelari lana ere egiten, balentria horretan xahutu zuela esan ahal izateraino.


Lehen poema liburua, Études et Préludes, 1901ean agertu zen. Ordurako Londrestik Parisera aldatua zen, eta bertan bizimodu lesbiar irekia zeraman. Bi urte lehenago, Natalie Clifford Barneys idazle amerikarra ezagutu zuen eta, segituan maiteminduta, hasierako lanen musatzat hartu zuen. Baina Renee Vivienek lehen liburu horretan R. Vivien sinatu zuen, segituan Rene Vivien gizon izena hartu bazuen ere. Kritikariek laudatu egin zuten liburua, eta Baudelaire eta Verlaineren lanekin konparatu zuten. Bitartean, Renee bere burua prestatzen ari zen, jendaurrean agertzeko eta poema bildumaren autoretza aitortzeko. Hala egin izan zuenean, kritikak bizkarra eman zion eta garai hartako egunkari eta aldizkarietan berari buruzko trufak agertzen hasi ziren. Kritikariekiko harremanak ebatsi zituen zeharo. Un femme m'apparut nobelan prentsa gizonei zera die: «Ez hitz egin niri mirespen faltsuz, jakin-min gaiztoaren eta bizioaren arteko nahasketa aitorrezina baino ez delako. Eraso guztiak, irain guztiak nahiago ditut, mirespen horiek baino».


Zuen edertasun grinak eta adierazi behar erabatekoak talka egiten zuten garai hartako murruekin. Horrek Renee depresiora eta anorexiara eramango zuen. Zeukan izaerak ez zion onartzen bizitzarekiko edo gizartearekiko hitzarmenik egitea, eta 31 urte zituela hil zen, 1909an, suidizio saio baten eriondo ezaxolatuan. 50 urte geroago Natalie maitale ohiak bere memorietan idatziko zuenez, «ezin izango zen salbatu; haren bizitza buruhilketa luze bat izan zen».


PARIS
. Renee Vivien izengoitia zen, berez Pauline Mary Tarn zen. Ingalaterran sortu zen, 1877ko ekainaren 11n. Ama amerikarra eta aita ingelesa zituen. Parisen eta Londresen ikasi ondoren, 1899. urtean Parisera alde egitea erabaki zuen (hala nola literatur lana frantsesez ontzea ere), adinez nagusia izanez gero, aitak, hamar bat urte lehenago hildakoak, utzitako herentzia bereganatu ondoren. Han, Colette, Pierre Louys edo Liane de Pougy eta Natalie Barney ezagutu zituen; azken horrekin bat-bateko maitemintzea sentitu zuen. Natalie ere poeta zen, eta hasiera-hasieratik miretsi zuen Renee Vivienen talentua.


Zentzumenak eta horien alderdi erotikoa poesiarako berreskuratzen zituen, Baudelairek lehenago egin zuen modura. Poesia parnasianoa egiten zuen Vivienek, Verlaine baten musikalitatearen eta malgutasunaren jabe, baina Verlainerenean gehienbat erotismoa adierazten du, eta Vivienek, berriz, heriotzaren aurretik erakusten du gurikeria hori. Neurri batean, Renee Vivienek estetika zaharkitu bat darabil, ongi erabiltzen badu ere. Horregatik, Andre Gidek ez zuen frantses poesiaren bere antologian sartu nahi izan (bide batez, kritikari eskandalizatuen epaia berretsiz), aitzinsolasean adierazten duenez Renee Vivienen lan lirikoan ez delako aipatzea merezi duen ezer berririk. Baina sinbolisten zenbait irudi femenino bere egiteaz gain, irudi horiek benetan bizi izanaere ez bada nahikoa meritu, esan behar da haren poemetan tarteka aurkitzen direla sugar irrazionalista zenbait, harrigarriak, eta, oro har, leku guztietatik gainezka egiten duen grina bat, patu gisa ulertua, batzuetan loriatu egiten dena eta bestetan, patu ezin hartuzkoa den heinean, suntsitu egiten dena, bizitzaren aldeko pasio erabateko bat, gizartearen debekuek nola bideratu oztopatuz gero, heriotzaren pasioa bilakatuta.


SAFO 1900. Bizitza egitasmoa hark, beste eredurik ez zuenez, Saforengan finkatu behar zituen zutabeak. Renee Vivienek bere obran erreferentetzat hartzen du, baina ez bakarrik bere obran. Eta hor datza emakume honen ezaugarri nagusia. Bere bizitzara ere, puntuz puntu, eraman nahi izan zituen postulatu safikoak, eta are Saforen beraren bizitza ere. Hortik heldu da Safo 1900 izendura, Reneek gogotik onartu zuena, azken finean Safo fin de siècle bat gorpuztea izan zen bere egitasmo behinena.


1900ean, Natalie Clifford Barneyrekin batera greziera ikasten hasi zen. Natalierekiko harremana apurtu ondoren, berak jarraituko du ikasketekin. Poeta grekoaren itzulpen bat atondu zuen, eta Saforen egokitzapen asko egin zituen, modu askotara, zatiak hartuz, bertsio askearen bitartez, aipuen bitartez, eta abar.
1904an, Natalierekin berriro, Greziara joan eta Lesbosen eskola bat fundatzeko ideia zerabilen.

  • Lesbiana izatea aro viktoriarrean
  • Renee Vivien ingelesa zen, Natalie Clifford Barney amerikarra, eta biek Parisen egin zuten topo. Garai hartan Parisek ostatu ematen zien mundu osoko emakumezko idazleei
  • Berria, 2007-12-16 # A. Erro

Parisko saloi literarioetan, Renee eta Nataliez gain, besteak beste, Liane de Pougy, Anna de Noailles eta Colette elkartzen ziren. Frantses kritikariek beraien lanak preziatzen dituzte: «Emakumeen zintzotasunarekin lirismo zaporetsu, ausart bat sortu da, sentsualtasun zehatz eta xehe batez hornitua». Frantziako hiriburua irekitasunaren (edo dekadentzia moralaren) sinonimotzat hartzen zen puritanismoak estututako Ingalaterratik edo Estatu Batuetan. Ez da kasualitatea Oscar Wilde sodomiagatik ezarri zioten bi urteko kartzelaldiaren ondoren Parisera erretiratu izana, bertan hil arte. Aro viktoriarraren moral antonomasiaz zorrotz hark, Ingalaterran, gizonezkoen jarduera homosexualak delitutzat hartzen zituen. Izan ere, 1885eko Criminal Law Amendment Act-ek zigor latzak paratzen zizkien sodomitei; lege eransketa bat egin nahi izan zen lesbianismoa ere zigortu ahal izateko. Pasadizo ospetsua da Viktoria erreginak delako klausula hura atzera bota zuela, ez tolerantziagatik, baizik eta holakorik zegoenik ere ez zitzaiolako buruan sartzen.


XIX. mendean lesbianismoaz aritzeko espresio zabalduena inbertitu edo desbideratu sexuala zen. Zientziak berak hitz horiek erabiltzen zituen, XX. mendean homosexual kontzeptua hedatzen hasi zen arte. Batetik bestera aldea bada, eta ez soilik desbideratze nozioari darion kutsu moralistagatik. Freud iritsi arte, gai honi buruz aritzerakoan ez zen arreta ezartzen sexu bereko norbaitekiko desiran. Sexu desbideraketa rol jakin batzuetatiko urruntzeari baino ez zegokion. Rol horien arabera, irrika sexuala gizonezkoen ezaugarri esklusiboa zen (Felhing doktoreak zioen emakume batek sexu grina sentitzea patologikoa dela). Horiek hala, ez da harritzekoa Viktoria erreginak eta gizarte horretako kide gehienek lesbianak egon zitezkeenik ezin ulertua, zeren nola erakar zezaketen elkar bi izaki pasibok? Holakoa azaltzeko, logikaz, bietako baten inbertsioa behar zen, emakume haren nortasun sexualaren alderantzikapen osotzat ulertua, gizon rola bereganatu izana alegia. Perbertsioa gizon nortasuna garatu izatean datza, eta ez desira emakume batengan ezartzean (hori «ulergarria» delako «gizondu» den heinean).


Sexu rol horiek bizitzako arlo guztietara hedatzen ziren. Emakume perbertituek izan ohi zituzten ezaugarri maskulinoak zerrendatzen zituzten medikuek. Havelock Ellisek 1903ko Sexual inversion saiakeran dioenez, ilea ohi baino motzago daramate, txistuka dakite, beregainak izaten dira, edan eta batez ere erre egiten dute, ez soilik zigarretak, baita zigarroak ere, ez dira emanak edo ez dute gaitasunik etxeko arduretarako, eta kirola maite dute, besteak beste. Hola izanda, feministak eta sufragistak ere degeneratuen multzoan zeuden, askoren ustez.


Desbideratuak izatetik homosexualak izatera, eta hortik gay eta lesbiana autoizendatzera... Bide luzea egin da ehun urtean. Natalie Clifford Barneyk, Renee Vivienen maitaleak, aldaketa horietako asko ikusiko zituen bere bizitzan; 96 urterekin hil zen.


Virginia Woolfen zirkuluan ibiliak biak, Lytton Strachey margolariak John M. Keynes ekonomista itzaltsua izanen zenari 1906an idatzitako eskutitz batean idatzi zion: «Egia osoa esan behar dugu, eta egia osoa deabruzkoa da (...). Erokeria da pentsatzea andre zaharrei ulertarazten ahal diegula sentimendu hauek ongi daudela (...). Horretara jartzen bagara, esango nuke buruargitasun eta zuhurtziaz lor genezakeela. Baina zergatik beharko genuke lan hori gure gain hartu? Azken finean, uste dut gure unea hemendik ehun urtera iritsiko dela, kontua prestatu eta lotu ondoren, halako moldez ezen gure eskutitzak argitaratzeko orduan dagoeneko mundu guztia aldatua egonen den».


  • Lan zenbait
  • Poesia
  • Études et Préludes, 1901.
  • Évocations, 1903.
  • La Venus des Auvègles, 1904.
  • Chansons pour mon ombre, 1907.
  • Sillages, 1908.
  • Itzulpena eta iruzkinak
  • Sappho, 1903.
  • Eleberria
  • Une femme m'apparut..., 1904-1905.

2007/07/02

> Iritzia: IMANOL ALVAREZ · EHGAM > EUSKAL GAY MUGIMENDUAK 30 URTE

  • Euskal gay mugimenduak 30 urte
  • Aldaketa 16, 195. zk., 2007-07-02 # Imanol Alvarez · EHGAMeko partaidea

Euskal Gay Mugimendua osatzeko asmoa 1976ko azaroan otu zitzaigun lagun bati eta bici Durangoko Liburu eta Diskoaren azokaren testuinguruan. Hortik gutxira, 1977ko hasieran hain zuzen, EHGAMen jendaurreko aurkezpena burutu zen. Agian horrexegatik izan du beti oraindik kide naizen taldeak nahiko erlazio estua euskararekin eta euskal kulturarekin.


Denbora honetan guztian askatasun sexualen eremuko aldaketa ugariren lekukoa izan da euskal gay mugimendua. Baina, lekukoa izateaz gain, baita aldaketa hauen motore nagusienetarikoa izan dela baiezta dezakegu inolako zalantzarik gabe.


Hogeita hamar urte lerro gutxi batzuetan laburtzea ezina bada ere, zenbait mugarri aipatuko ditut:


-1977an eta 1978an Madrilgo Kongresuan parlamentari batek lehen eta bigarren aldiz hitz egin zuen gay-lesbianen aldarrikapenen alde. Diputatu hori garai hartako Euskadiko Ezkerrako Francisco Letamendía Belzunce “Ortzi” izan zen.


-1978an polizia batek Francisco Vadillo (Francis) trabestia (orduan esaten zen bezala) hil zuen Errenterian. Erailketa honen aurrean Gipuzkoako EHGAMek protestaldi eta mobilizazioak antolatu zituen. Oso arrakastatsuak izan ziren ekitaldiak, baina, haien ondorioz, taldekideek jazarpen basatia pairatu behar izan zuten denboraldi batez, elementu parapolizialen aldetik. Urte horretan ere izan zen Euskal Herrian lehenengo ekainaren 28ko manifestazioa Bilbon. Estatu mailako COFLHEE koordinakundea sortu zen hogeiren bat urtez erreferentziala izan zena


-1979an lortu genuen oraindik indarrean zegoen Arriskutasun Soziakeko Legea aldatzea, homosexualitatea bertatik ateraraziz. Ordura arte, harreman sexual izatearen susmo hutsagatik edonor izan zitekeen kartzelaratua lege horren arabera. Urte honetan bertan lesbianen kolektiboak hasten dira sortzen, nahiz eta lesbiana askok talde mistoetan segitzeko erabakia hartzen duten.


-1983an lortzen da EHGAMen legeztatzea, lau urte lehenago eskatu arren.


-1989an COFLHEEk Lege Antidiskriminatzaile Proiektua aurkezten du. Politikariek gehiegi zelakoan, ez zioten jaramon handirik egin. Halere, eta zorionez, bertan agertzen ziren iradokizun eta aldarrikapen gehienak joan ziren apurka-apurka zertuz: kode militarraren aldaketa, hirialokairuen legea, bikote-legea, ezkontzarena…


- Aipagarriak lirateke, era berean, Hiesaren kontrako hiritar batzordeen sortzea 80ko hamarkadan (EHGAMek bultzatuak, hies-homosexualitatea identifikazioa hautsi nahian), Munduko osasun Erakundeak 1990ean homosexualitatea behin betiko kentzea gaixotasun-zerrendetatik, gay-les taldeen ugaritzea 90eko hamarkadatik aurrera (hogeiren bat talde daude gaur egun Euskal Herrian)… Zerrenda luzea da. Ezin, ordea hemen aipatzea merezi duten guztiak aipatu.


Garaipenak asko izan dira, bai, baina erronka mardulak ditugu hemendik aurrera lanean segitzeko: homofobia handia dago oraindik gizartean, batzuetan oso sotila bada ere; oraindik badira sexualitate mota asko zokoratu edo arbuiatuak (belaunaldien arteko harremanak, sadomasoak…); etorkin gehienak gurea baino are homofoboak diren kulturetatik datozkigu…


Dena dela, gehien kezkatzen gaituena da ikustea nola leku askotan lehengo manifestazio eta aldarrikapenak inauteri eta jaialdi bihurtu diren. Festa, jakina, oso onuragarria da, besteak beste, buru-osasunerako. Ez dugu, beraz, gaitzetsiko. Baina, erabat salagarria iruditzen zaigu, aldiz, merkatariek egiten duten ekainaren 28aren erabilpena. Iraingarria eta mingarria ere iruditzen zaigu, errebindikazio oro baztertu eta ezkutatu egiten dutelako, errealitatea faltsutu egiten dutelako eta, azken batean, gay-lesbianak diseinuzko urrezko kaiolekin engainatzen saiatu. Are mingarriagoa dena, hau guztia gay-talde askoren laguntzarekin egiten dute.


Homofobia salatuz jarraituko dugu. Gizarte justuago eta libreagoarekin amesten jarraituko dugu.

2007/05/09

> Berria: Oroitzapena > ORERETA: BERDE KOLOREKO JAIA GAZTAÑON

  • Berde koloreko jaia
  • Udaberri Jaia ospatu dute bigarrenez Gaztañon, auzoko ingurumena babesteko eta hirigintza planak salatzeko
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-05-09 # Iban Iza



Eguraldiak zoratuta jarraitu arren, udaberria iritsi da Gaztaño auzora. Eta horrela ospatu zuten igandean bertako auzotar askok, Udaberri Jaia izeneko ekimenean parte hartuz.


Orain bi urte bururatu zitzaion aipaturiko festa eguna Gaztañoko Auzo Elkarteari, auzoan garatu nahi dituzten hirigintza proiektuen aurkako erantzun gisa. «Proiektu espekulatibo hauek auzoko baratzak, zuhaitzak eta berdeguneak suntsituko dituztenez, pentsatu genuen erantzunik onena zela San Joan bezperako sua egiten den zonaldean zuhaitz landaketa herrikoia egitea, auzotarrak auzoko ingurumenaren eta auzoa beraren defentsan inplikatuz», adierazi dute jaiaren sustatzaileek.


Halaber, festa eta aldarrikapena uztartzeaz gain, erabaki dute egun hau baliatzea Xanti Vicente Altxu auzotarra omentzeko. Iazko otsailaren 25ean zendutako ekintzaile sozial ezagunak hasieratik sustatu baitzuen Udaberri Jaia, Gaztañoko auzotarren esanetan. Horregatik, Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute aurten, «Altxuren omenez eta, batez ere, haren memoria bizirik mantentzeko gure auzoan».



Altxu gogoan
10:00etan hasi zen igandeko festa; auzolanaren bitartez, kimua landatu behar zen zonaldea egokitu eta atondu zuten lehenik. Ondoren, kimua landatu zuten, hiruki baten barnean. «EHGAM kolektiboaren sinboloa da hirukia, eta Altxuk sorreratik parte hartu zuen kolektiboan», esan dute bizilagunek. «Altxuren bizian oinarri izan ziren bi borroka batzen dira hirukian: bere auzoa eta nortasuna», erantsi dute Gaztañoko auzotar hauek. Zuhaitz landaketaz gain, Altxu goraipatu zuten hitzaldi labur baten bitartez, eta haren omenezko kantak abestu.


Jaiak aurrera egin zuen. 130 lagun bildu zituen bazkari herrikoiaren ondotik, haurrek eta ez hain haurrek ederki pasatu zuten antolaturiko joko tradizionalekin. Gauerditik gertu bukatu zen Udaberri Jaia, primerako giroan.


Antolatzaileak oso gustura daude jaiak izandako emaitzarekin. «Oso balorazio positiboa egiten dugu, auzotarren parte-hartze handia izan zelako antolaturiko ekintzetan», esan dute.

2007/02/18

> Iritzia: Imanol Alvarez > FRANKISMOAREN BESTE BIKTIMAK

  • Frankismoaren beste biktimak
  • Argia, 2007-02-18 (2076 zbk) # Imanol Alvarez

Aspaldion, frankismoaren biktimak gora eta behera, artikulu ugari idatzi da, ekitaldi askotxo antolatu eta baita oroitarriren bat ezarri ere. Esan gabe doa ederto baino edertoago iruditzen zaidala. Baina -beti egon behar bainaren bat-, nortzuk dira frankismoaren biktimak?


Gaur egun, medioetan-eta, biktimak berba erabiltzen denean, euskal gatazkaren biktimez aritu nahirik, gehien-gehienetan ETAren ekintzek eragindakoez bakarrik aritu ohi da. Hitzaren erabilera erredukzionista egiten dute. Nahita eta kontzienteki egin ere.


Antzeko zerbait gertatzen da frankismoaren biktimez hitz egiten denean. Gehien-gehienetan gudari edota ezkerreko alderdi eta sindikatuetako kide izanagatik gartzelaratu edo fusilatu zituztenak omentzen dira. Frankismoaren biktima terminoaren erabilerak ere askoz zabalagoa izan beharko luke. Izan ere, oroitzapen goibeleko erregimen totalitarioaren biktimak beste asko eta asko izan zirelako. Edo direlako. Edo garelako, ez baitaukat batere argi erregimen haren astinduek ez ote duten egun arte iraun.


Frankismoan milaka lagun izan ziren espetxeratuak, adibidez, beraien ustezko nahiagotasun afektibo-sexualagatik. Hots, esan ohi den bezala, homosexual izateagatik. Asko eta asko erbestera behartuak izan ziren, Miguel de Molina esaterako. Edo baita fusilatuak ere, García Lorca kasu. Halere, beste milaka lagunek kaleetan eta komisaldegietan, lege edo epaileen laguntzarik gabe jasan zituzten laidoak eta jipoiak betiko polizien aldetik, delitu bakarra zutela: modu zehatz batean jantzi, mintzatu edo mugitzea. Zantzu horietan oinarritzen zuten homosexual izan zitezkeelako susmoa, ondorioz, umiliazorik basatiena bideratu eta justifikatzeko.


Badirudi gizarteak ahaztu egiten dituela bestelako biktima hauek. Badirudi biktima guztiak ez direla/garela maila berekoak. Lehendakariak izugarrizko oroitarria inauguratu du Artxanda mendian frankismoaren biktimen oroimenez, gonbidatuak eta aipatuak, ordea, gorago esan bezala, lehenengo mailakoak: gudariak eta alderdi eta sindikatutakoak edo beren ondorengoak baino ez.


Nahi gabe edo nahita egindako iraina nolabait arintzearren, kide naizen taldeak 2005ean ohorezko saria eman zion euskal gay mugimenduaren hastapenetan -oraindik ere trantsizioaren hastapenetan geundelarik- manifestazioetako lehen lerroan joaten ziren trans haietako bati. Haiek izan ziren era zuzenean zapalkuntza fisiko bortitzena jasan zutenak, ezin baitzuten beraien «delitua» ezkutatu. Ildo beretik, Durangon laster inauguratuko dugu, Udalaren eta Justizia Sailaren laguntzaz, beste biktima horien omenezko oroitarria. Artxandakoa baino apalagoa, aurrekontu-arazoak medio, baina hura bezain esanguratsua eta hunkigarria edo are esanguratsu eta hunkigarriagoa. Ea horretara ere datorren lehendakaria.

2007/01/03

> Berria: Oroitzapena > FRANKISMOAREN APOLOGIA EGITEN DUTENAK AUZITARA ERAMAN NAHI DITUZTE EHGAM ETA AHAZTUAK 1936-1977 ELKARTEEK

  • Frankismoaren apologia egiten dutenak auzitara eraman nahi dituzte biktimek
  • Salaketak jarriko dituzte EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren aurrean, ustezko delituak iker ditzan
  • Berria, 2007-01-03 # Asier Iturriagaetxebarria · Bilbo


Frankismoaren apologia egitea zigorrik gabe geratzearekin amaitzeko neurriak hartuko dituzte frankismoko biktimek. Ahaztuak 1936-1977 biktimen elkartearen eta EHGAM gay eta lesbianen askapenerako mugimenduko elkarteak sustatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren aurrean salaketa jarriko dute, eta frankismoa goraipatzeko jarduerak ikertzeko eskatuko diote. «Erregimena goratzea saihestu nahi dugu; izan ere, bere inpunitatea astakeria da eta memoria historikoaren errekuperaziorako zentzurik ez dauka», azaldu zuen Ahaztuak 1936-1977 taldeko bozeramaile Martxelo Alvarezek.


«Alemanian edo Italian nazismoa edo faxismoa goratzeko ekimenak ikustea burutik ere ez zaigu pasatzen, baina Espainiako Estatuan hori egiten da; inpunitate osoarekin, gainera. Europan ez dago hori gertatzen den beste lekurik», adierazi zuen Alvarezek. Horren adibide bi jarri zituen; biak ere denboran oso hurbilak eta berez biktimek Fiskaltzaren aurrean salatuko dituztenak.


Espainiako agerkari digital batean agertu zen gutuna da adibideotako bat. Joan den azaroaren 14an Francisco Francoren erregimen faxista goraipatzen zuen testua izenpetu zuten 100 lagun inguruk. Komunikatua izenpetu zuten gehienak militar ohiak ziren, baina jardunean dagoen Espainiako armadako kideak ere bazeuden. Manifestuak eduki homofoboak ere bazituela aipatu zuen Alvarezek. «Inolako zalantzarik barik, Manifestu horren edukiak oinarri demokratikoak dituen edozein pertsona erasotzen du, eta, nola ez, gay eta lesbianak».


Beste adibide bat ere jarri zuen: beren buruari Madrilgo Nafarren Batzordea izena jarri dion taldeak kaleratu duen egutegia. «Horrek ere Francoren altxamendu faxistaren eta horren osteko 40 urteko diktadura goratzen du, inongo lotsarik gabe». Alvarezek gogoratu zuenez, Nafarroako alderdi sozialistak berak egutegiaren eta horren egilearen kontra egin du. Are gehiago, frankismoa goratzeko ekimen guztien kontra PP ez beste alderdi politiko guztiak kontra daudela azpimarratu zuen. «Baina, zoritxarrez, gero pasibotasun handia dago erakunde publikoen aldetik, eta horregatik dago inpunitatea. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi dela deritzogu». «Orain ikusiko dugu alderdi politikoen jarrera marketina den edo ez», gaineratu zuen.


Borondate falta
Frankismoko biktimak bi ekimen zehatz horien kontrako salaketa jarriko dute EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean, baina beste hainbat adibide ere badaudela zehaztu zuen Alvarezek. Hala, Francisco Franco Fundazioa aipatu zuen. «Diru publikoarekin finantzatua eta Franco eta bere 40 urteko diktadura goratzeko tresnarik azpimarragarriena». Gogoratu zuenez, Francok ezarritako erregimenak iraun zuen bitartean milaka lagun hil zituzten -40.000 gorpu aurkitu gabe daude oraindik-, milaka lagun espetxeratu zituzten eta 4.000 lagun inguru jazarrita izan ziren beren sexu orientazioagatik.


Frankismoko biktimek banakako salaketak jarriko dituzte Fiskaltzaren aurrean, hark iker ditzan. Alderdi politiko ia guztiak beren iritzi bera izan arren, ez Ahaztuak 1936-1977 ez EHGAM elkarteek ez dute uste beren ekimenak eragin praktiko handirik izango dutenik; ekimen «sinbolikoa» izango baita batez ere. Epaitegian ez dute uste aurrera egingo duenik, baina ez legeak babesten ez dituelako. «Legeak egon badaude; ez da hori arazoa. Guri gustatuko litzaiguke beste zerbait izatea, baina jakin badakigu zer gertatu den antzeko beste salaketa batzuk jarri direnean. Lege apropos falta baino gehiago, borondate falta da atzean dagoena», adierazi zuen EHGAMeko kide Imanol Alvarezek.


  • Madrilgo Nafarren Batzordea, ultraeskuindarren habia

Azken asteotan famatu egin da Madrilgo Nafarren Batzordea deitzen dioten taldea, frankismoa goratzen duen egutegia argitaratzeagatik. 1936. urteko altxamendu faxistaren ikuspuntu alde bakarrekoa jasotzen da egutegi horretan. «Nafarroa izan zen lehenengoa», esaten da egutegian. Nafarroa izan zen errepublikaren kontrako aldeak indarrez hartu zuen Espainiako Estatuko lehen lur zatia.


1980ko hamarkadaren hastapenetan sortu zuten Madrilgo Nafarren Batzordea. Ekimen gutxi batzuk baino ez ditu egin, baina beti ultraeskuindarren postulatuekin bat egin du. Mejoramendu hobea izenburuko liburua argitaratu zuen, araua zalantzan jarriz. Horrez gain, 1995. urtean Xabierada antolatu zuen Madrilen; 2.000 lagun elkartu ziren.

2006/06/25

> Erreportajea: Historia > HARROTASUNA BAINO LEHEN

  • Harrotasuna baino lehen
  • Argia, 2006-06-25, 2048 zbk. # Nagore Irazustabarrena

New York, 1969ko ekaina. Poliziak Greenwich Village-ko Stonewall Inn gay tabernan sarekada burutu eta gay, lesbiana eta transexual talde batek erasoari aurre egitea erabaki zuen. Liskarrak ekainaren 27ko gauean hasi ziren eta gay mugimenduan inflexio puntua ekarri zuten. Urtebete beranduago, Stonewalleko erreboltaren urteurrenean, Mother of Pride ezizenez ezaguna egin zen Brenda Howard-ek Christopher Street Liberation Day March delako ekitaldia antolatu zuen ekainaren 28an. Ordutik, data horietan, Gay Harrotasunaren Eguna festa giroan ospatzen da munduko gero eta toki gehiagotan, baita Euskal Herrian ere.


Baina festa giro hori baino lehen, iraganak sufrimendua eta zigorra ekarri zien. Hona hemen gurean gay eta lesbianek jasandako jazarpenaren adibide batzuk:


- 1245eko uztailean, Erriberrin, Gareseko bi gazte judutar sutara kondenatu eta hil zituzten. Jude Abolfaça eta Simuel Nahaman-en aurkako salaketak hauxe zioen: «Fizieron peccado sodomitico uno con otro». Biek torturapean aitortu zuten «delitua».


- 1497an Errege Katolikoek homosexualitatea kondenatzen zuen Pragmatika jarri zuten indarrean. Berehala Donostiako alkateak Catalina de Belunza eta Maricho de Oyarzun atxilotzeko agindua eman zuen, harreman lesbikoak izatearen akusaziopean. Catalinari ondasun guztiak konfiskatu zizkioten eta kartzelara eraman zuten. Neskatoak errugabe zela esaten jarraitzen zuenez, alkateak bi tortura saio agindu zituen, emaitzaren ziurtasuna bermatzeko. Catalinak bereari eutsi zion eta biak errugabetzat jo zituzten. Hori bai, bizitza osorako erbesteratu zituzten, badaezpada.


- 1547 eta 1548an Ybarra eta Valdeolivas inkisidoreek Bizkaian eta Gipuzkoan homosexualen aurka jarduteko baimena eskatu zuten. Urte batzuk pasa ziren baimena lortu arte eta 1557an Jeronimo de Mendozarentzat izan zen lehen zigorra. Jipoitua eta betirako erbesteratua izan zen, ez sodomia ekintzak burutzeagatik, ekintzok bekatu mortalen artean egon beharko ez luketela esateagatik baizik.


- Miguel Andres Pinto Iruñean exekutatu zuten 1767ko azaroaren 9an. Pintoren delitua, beste behin, sodomia izan zen. Vera Cruz erakundea akusatuaz kupitu eta gorpuaren zati bat lortzen saiatu zen, berau lurperatu eta Pintok atseden baketsuagoa izan zezan. Baina agintarientzat delitua larriegia zen eta borreroari gorpua erre eta errautsak botatzeko agindua eman zioten.


Iraganeko kontuak dirudite hauek guztiek, baina ez mundu guztian. 2005eko uztailaren 19an Iraneko Gobernuak 18 eta 17 urteko mutiko bikotea urkatu zuen publikoki, Mashad hiriko plazan.