2007/12/16

> Artikulua: Angel Erro > RENEE VIVIEN, SAFOREN IKASLE INGELESA

  • Renee Vivien, Saforen ikasle ingelesa
  • Bere lesbiana izaera literatur lanetan estalkirik gabe islatzen aitzindari izan zen Renee Vivien, zentzumenak eta horien alderdi erotikoa poesiara eraman zuen idazlea
  • Berria, 2007-12-16 # Angel Erro


XIX. mendera arte harreman lesbiarrez idazten bakarrak gizonezkoak izan ziren. Juvenal edo Baudelaire, Diderot edo Henry James. Maiz begirada fribolo eta voyeurismoz betea zen. XX. mende hasieran sortu ziren emakumezko idazle, poeta eta artisten lehenbiziko komunitateak, Londresen, Berlinen eta Parisen. Frantziako hiriburuan Renee Vivien, Natalie Clifford-Barney, Gertrude Stein eta Tamara de Lempicka zeuden, besteak beste. Londresen,Virginia Woolf, Radclylffe Hall eta Katherine Mansfield.


Emakume horiek zaila zuten beraien desirak idaztea, zenbaitetan behartuta sentitzen dira gai lesbiarrak hainbat modutan mozorrotzera: maitasun heterosexualeko istorio «ezberdinak» kontatuz (Willa Cather-en Nire Antonia), sexu aldaketen bidez (Virginia Woolfen Orlando), gizonezkoen arteko maitasun istorioak lantzen (Marguerite Yourcenar).
Edo izengoitiz baliatuta argitaratu behar zuten, Patricia Highsmithek egin behar izan zuen bezala. Hala izan zen, oro har, XX. mendeko bigarren erdira arte. Horregatik, deigarria da aurreko mendetik beretik Renee Vivienek bere lesbiana izatea horren argi eduki ez ezik, papereratu eta poemetaratu ere egin izana, inolako estalkirik erabili nahi izan gabe. Neurri handian aurrelari lana ere egiten, balentria horretan xahutu zuela esan ahal izateraino.


Lehen poema liburua, Études et Préludes, 1901ean agertu zen. Ordurako Londrestik Parisera aldatua zen, eta bertan bizimodu lesbiar irekia zeraman. Bi urte lehenago, Natalie Clifford Barneys idazle amerikarra ezagutu zuen eta, segituan maiteminduta, hasierako lanen musatzat hartu zuen. Baina Renee Vivienek lehen liburu horretan R. Vivien sinatu zuen, segituan Rene Vivien gizon izena hartu bazuen ere. Kritikariek laudatu egin zuten liburua, eta Baudelaire eta Verlaineren lanekin konparatu zuten. Bitartean, Renee bere burua prestatzen ari zen, jendaurrean agertzeko eta poema bildumaren autoretza aitortzeko. Hala egin izan zuenean, kritikak bizkarra eman zion eta garai hartako egunkari eta aldizkarietan berari buruzko trufak agertzen hasi ziren. Kritikariekiko harremanak ebatsi zituen zeharo. Un femme m'apparut nobelan prentsa gizonei zera die: «Ez hitz egin niri mirespen faltsuz, jakin-min gaiztoaren eta bizioaren arteko nahasketa aitorrezina baino ez delako. Eraso guztiak, irain guztiak nahiago ditut, mirespen horiek baino».


Zuen edertasun grinak eta adierazi behar erabatekoak talka egiten zuten garai hartako murruekin. Horrek Renee depresiora eta anorexiara eramango zuen. Zeukan izaerak ez zion onartzen bizitzarekiko edo gizartearekiko hitzarmenik egitea, eta 31 urte zituela hil zen, 1909an, suidizio saio baten eriondo ezaxolatuan. 50 urte geroago Natalie maitale ohiak bere memorietan idatziko zuenez, «ezin izango zen salbatu; haren bizitza buruhilketa luze bat izan zen».


PARIS
. Renee Vivien izengoitia zen, berez Pauline Mary Tarn zen. Ingalaterran sortu zen, 1877ko ekainaren 11n. Ama amerikarra eta aita ingelesa zituen. Parisen eta Londresen ikasi ondoren, 1899. urtean Parisera alde egitea erabaki zuen (hala nola literatur lana frantsesez ontzea ere), adinez nagusia izanez gero, aitak, hamar bat urte lehenago hildakoak, utzitako herentzia bereganatu ondoren. Han, Colette, Pierre Louys edo Liane de Pougy eta Natalie Barney ezagutu zituen; azken horrekin bat-bateko maitemintzea sentitu zuen. Natalie ere poeta zen, eta hasiera-hasieratik miretsi zuen Renee Vivienen talentua.


Zentzumenak eta horien alderdi erotikoa poesiarako berreskuratzen zituen, Baudelairek lehenago egin zuen modura. Poesia parnasianoa egiten zuen Vivienek, Verlaine baten musikalitatearen eta malgutasunaren jabe, baina Verlainerenean gehienbat erotismoa adierazten du, eta Vivienek, berriz, heriotzaren aurretik erakusten du gurikeria hori. Neurri batean, Renee Vivienek estetika zaharkitu bat darabil, ongi erabiltzen badu ere. Horregatik, Andre Gidek ez zuen frantses poesiaren bere antologian sartu nahi izan (bide batez, kritikari eskandalizatuen epaia berretsiz), aitzinsolasean adierazten duenez Renee Vivienen lan lirikoan ez delako aipatzea merezi duen ezer berririk. Baina sinbolisten zenbait irudi femenino bere egiteaz gain, irudi horiek benetan bizi izanaere ez bada nahikoa meritu, esan behar da haren poemetan tarteka aurkitzen direla sugar irrazionalista zenbait, harrigarriak, eta, oro har, leku guztietatik gainezka egiten duen grina bat, patu gisa ulertua, batzuetan loriatu egiten dena eta bestetan, patu ezin hartuzkoa den heinean, suntsitu egiten dena, bizitzaren aldeko pasio erabateko bat, gizartearen debekuek nola bideratu oztopatuz gero, heriotzaren pasioa bilakatuta.


SAFO 1900. Bizitza egitasmoa hark, beste eredurik ez zuenez, Saforengan finkatu behar zituen zutabeak. Renee Vivienek bere obran erreferentetzat hartzen du, baina ez bakarrik bere obran. Eta hor datza emakume honen ezaugarri nagusia. Bere bizitzara ere, puntuz puntu, eraman nahi izan zituen postulatu safikoak, eta are Saforen beraren bizitza ere. Hortik heldu da Safo 1900 izendura, Reneek gogotik onartu zuena, azken finean Safo fin de siècle bat gorpuztea izan zen bere egitasmo behinena.


1900ean, Natalie Clifford Barneyrekin batera greziera ikasten hasi zen. Natalierekiko harremana apurtu ondoren, berak jarraituko du ikasketekin. Poeta grekoaren itzulpen bat atondu zuen, eta Saforen egokitzapen asko egin zituen, modu askotara, zatiak hartuz, bertsio askearen bitartez, aipuen bitartez, eta abar.
1904an, Natalierekin berriro, Greziara joan eta Lesbosen eskola bat fundatzeko ideia zerabilen.

  • Lesbiana izatea aro viktoriarrean
  • Renee Vivien ingelesa zen, Natalie Clifford Barney amerikarra, eta biek Parisen egin zuten topo. Garai hartan Parisek ostatu ematen zien mundu osoko emakumezko idazleei
  • Berria, 2007-12-16 # A. Erro

Parisko saloi literarioetan, Renee eta Nataliez gain, besteak beste, Liane de Pougy, Anna de Noailles eta Colette elkartzen ziren. Frantses kritikariek beraien lanak preziatzen dituzte: «Emakumeen zintzotasunarekin lirismo zaporetsu, ausart bat sortu da, sentsualtasun zehatz eta xehe batez hornitua». Frantziako hiriburua irekitasunaren (edo dekadentzia moralaren) sinonimotzat hartzen zen puritanismoak estututako Ingalaterratik edo Estatu Batuetan. Ez da kasualitatea Oscar Wilde sodomiagatik ezarri zioten bi urteko kartzelaldiaren ondoren Parisera erretiratu izana, bertan hil arte. Aro viktoriarraren moral antonomasiaz zorrotz hark, Ingalaterran, gizonezkoen jarduera homosexualak delitutzat hartzen zituen. Izan ere, 1885eko Criminal Law Amendment Act-ek zigor latzak paratzen zizkien sodomitei; lege eransketa bat egin nahi izan zen lesbianismoa ere zigortu ahal izateko. Pasadizo ospetsua da Viktoria erreginak delako klausula hura atzera bota zuela, ez tolerantziagatik, baizik eta holakorik zegoenik ere ez zitzaiolako buruan sartzen.


XIX. mendean lesbianismoaz aritzeko espresio zabalduena inbertitu edo desbideratu sexuala zen. Zientziak berak hitz horiek erabiltzen zituen, XX. mendean homosexual kontzeptua hedatzen hasi zen arte. Batetik bestera aldea bada, eta ez soilik desbideratze nozioari darion kutsu moralistagatik. Freud iritsi arte, gai honi buruz aritzerakoan ez zen arreta ezartzen sexu bereko norbaitekiko desiran. Sexu desbideraketa rol jakin batzuetatiko urruntzeari baino ez zegokion. Rol horien arabera, irrika sexuala gizonezkoen ezaugarri esklusiboa zen (Felhing doktoreak zioen emakume batek sexu grina sentitzea patologikoa dela). Horiek hala, ez da harritzekoa Viktoria erreginak eta gizarte horretako kide gehienek lesbianak egon zitezkeenik ezin ulertua, zeren nola erakar zezaketen elkar bi izaki pasibok? Holakoa azaltzeko, logikaz, bietako baten inbertsioa behar zen, emakume haren nortasun sexualaren alderantzikapen osotzat ulertua, gizon rola bereganatu izana alegia. Perbertsioa gizon nortasuna garatu izatean datza, eta ez desira emakume batengan ezartzean (hori «ulergarria» delako «gizondu» den heinean).


Sexu rol horiek bizitzako arlo guztietara hedatzen ziren. Emakume perbertituek izan ohi zituzten ezaugarri maskulinoak zerrendatzen zituzten medikuek. Havelock Ellisek 1903ko Sexual inversion saiakeran dioenez, ilea ohi baino motzago daramate, txistuka dakite, beregainak izaten dira, edan eta batez ere erre egiten dute, ez soilik zigarretak, baita zigarroak ere, ez dira emanak edo ez dute gaitasunik etxeko arduretarako, eta kirola maite dute, besteak beste. Hola izanda, feministak eta sufragistak ere degeneratuen multzoan zeuden, askoren ustez.


Desbideratuak izatetik homosexualak izatera, eta hortik gay eta lesbiana autoizendatzera... Bide luzea egin da ehun urtean. Natalie Clifford Barneyk, Renee Vivienen maitaleak, aldaketa horietako asko ikusiko zituen bere bizitzan; 96 urterekin hil zen.


Virginia Woolfen zirkuluan ibiliak biak, Lytton Strachey margolariak John M. Keynes ekonomista itzaltsua izanen zenari 1906an idatzitako eskutitz batean idatzi zion: «Egia osoa esan behar dugu, eta egia osoa deabruzkoa da (...). Erokeria da pentsatzea andre zaharrei ulertarazten ahal diegula sentimendu hauek ongi daudela (...). Horretara jartzen bagara, esango nuke buruargitasun eta zuhurtziaz lor genezakeela. Baina zergatik beharko genuke lan hori gure gain hartu? Azken finean, uste dut gure unea hemendik ehun urtera iritsiko dela, kontua prestatu eta lotu ondoren, halako moldez ezen gure eskutitzak argitaratzeko orduan dagoeneko mundu guztia aldatua egonen den».


  • Lan zenbait
  • Poesia
  • Études et Préludes, 1901.
  • Évocations, 1903.
  • La Venus des Auvègles, 1904.
  • Chansons pour mon ombre, 1907.
  • Sillages, 1908.
  • Itzulpena eta iruzkinak
  • Sappho, 1903.
  • Eleberria
  • Une femme m'apparut..., 1904-1905.

No comments: