2007/12/09

> Elkarrizketa: Cristina Garaizabal > "PROSTITUTEK ESKUBIDE LABORALAK BEHAR DITUZTE"

  • Cristina Garaizabal: "Prostitutek eskubide laboralak behar dituzte"
  • Argia, 2114. zenb, 2007-12-09 # Amets Arzallus

Psikologoaren kontsultara joan nintzen.
Eta psikologoa bere arazoak kontatzen hasi zitzaidan...


Irudika dezala jendeak, gizon bat adibidez, goiz batean pitilina barrura sarturik esnatzen dela, eta bere inguru guztia neska deitzen hasten zaiola, eta femenino tratatzen dutela, eta denak tematzen zaizkiola gonak jantzi ditzan. Edo alderantziz, pentsa emakume bat goiz batean esnatzen dela klitori handi batekin, eta jende guztia tematzen dela bizarra luzatzen utzi behar duela eta utzi behar duela. Sufrimendu horixe bera da transexualak bizi duena. Eta horrek oso gogorra behar du. Baina gizartea ez da kontziente. Bestela ez da ulergarria sexu aldaketa osasungintza publikoak ez ordaintzea.


Guri ikastolan labezomorro bihurtuta esnatzen den mutikoarena kontatu ziguten. Transexualitateaz ez zigun inork hitz egin.
Eskolan gai hauetaz gehiago ez hitz egitea dramatikoa da, eta jende askori sufrimendu handia dakarkio, bere burua arraro sentitzen duelako. Ez dira normalak ikusten, eta hori barne errepresio gogorra da, norbere buruari izatearen hegoak moztea, nolabait.


Psikologiak asko lagundu al dizu transexualitatea ulertzen?

Egia esan, transexualak ulertzeko, nik estudiatua nuen psikologia desegituratu gehiago egin behar izan dut horretan oinarritu baino. Baina ez dira teoria denak itsugarri eta trabagarri, badira psikologiaren munduan ere argia egiten lagundu didatenak, adibidez Judith Pavler.


Eta gizartea noiz hasi zen transexualak ulertzen? Baldin eta hasi bada behintzat...
Duela hogei urte arte transexualari mespretxu handiz begiratzen zitzaion, arraroak balira moduan. Non eta trabestiekin nahasten ez zirenean, normalena nahasketa egitea baitzen. Baina 1990eko hamarkadatik aurrera hasi zitzaien bidea errazten, batik bat Transexualia bezalako taldeei esker. Gizartean jendea horretaz hizketan hasi zen, eta telebistan ere bai. Kazetariek baliatu egin zuten gaia eta amarillismo handia ekarri zuten, programa merkezurretako gai bihurtu ziren, eta telebistara eramaten zituzten transexual prototipiko eta folklorikoenak. Alde batetik onuragarria zen telebista transexualitateari buruz hizketan hastea, baina bestetik oso modu zabarrean eta folklorikoan azaltzeak transexualen irudi faltsua sortu zuen, eta horrek min handia egin dio transexual askori. Nik kontsultan ikusi ahal izan dudanez, telebistako irudi horrekin nahastuko ote dituzten beldur, transexual asko ikaraz egoten da bere izaera azaltzeko.


Zuk sekula jarri duzu zalantzan zure genero identitatea?

Ez, sekula ez. Beti eduki izan dut garbi nire emakume izatea, baina horrek ez du esan nahi frankismoak bultzatzen zuen emakume tradizional izatea gustatuko litzaidakeenik, sekula ez naiz identifikatu emakume pasibo, zaintzaile eta ama izatera eta etxeko lanetara mugatutako horrekin. Gehiago ikusten dut nire burua feminitate eta maskulinitate arrastoen nahasketan, baina inoiz ez dut zalantzan jarri nire emakume izatea.


Zure orientazio sexuala bai.
Tira, nik uste dut hori oso modu naturalean gertatu zitzaidala. Nire lehen harremanak heterosexualak izan ziren, gizonezkoekin maitemindu nintzen, eta egia esan oso zoriontsu izan nintzen su horren indarrak iraun zuen arte. Baina egun batean emakume bat gustatzen hasi zitzaidan, eta hori zela medio Madrilgo lesbianen kolektibo feministan sartu nintzen. Hain zuzen, orduan ezagutu nituen transexualak. Lesbianen kolektibotik plataforma aldarrikatzaile bat egitea erabaki genuen, eta plataforma horretan ohartu ginen emakume transexualei buruz oso gutxi genekiela. Emakume transexualak esaten dut, garai hartan gizon transexualak nahiko ikusezin pasatzen zirelako. Madrilgo Transexualia kolektibora hurbildu ginen eta han hasi ginen transexualak ezagutzen. Beraien bizitzaz eta gertatzen zitzaien guztiaz interesatuz azkenerako lagun egin ginen. Mundu berri horrek feminismoaren zenbait zutabe nagusi kolokan jarri zituen nire baitan, ustez argiak eta garbiak nituenak buruan. Horietako bat genero nortasuna norberaren sexu biologikoaren araberakoa dela. Alegia, nortasun horren eraikuntzan anatomiaren bidea ez zela bide bakarra ikasi nuen.


Galdera filosofikoak datozkit: zenbateraino gara izaki naturalak? Zenbateraino izaki kulturalak?

Nik uste faktore askoren emaitza garela, eta gure genero identitatea, gure orientazio sexuala eta gure jarrera humano guztiak gidatzen dituen esku ikusezina, batetik elementu biologikoen gainean eraikitakoa da, eta gero elementu kulturalek janzten dute. Ezin dira ukatu pertsona bakoitzaren berezko bideak, bestela Aristoteleren dikotomiara itzuliko gara, gorputza eta arima bi izate bereizi eta holako lelokeriak. Bestalde, ezin daiteke kausalitate genetiko batera mugatu guztia, alegia jaio egiten garela homosexualak, edo jaio egiten garela emakume edo gizon. Nik uste dut ez dela hain sinplea gure istorioa, norbera aurre-bide biologiko batzuetatik etortzen da, baina gero inguruak, familiak, lagunek, kulturak, osatzen gaituzte humano bezala. Eta horrek denak markatzen du nola gure genero identitatea hala gure orientazio sexuala. Jarrera humanoek beti dute euren zati biologikoa eta euren zati kulturala.


Eta posible da dakargun zati biologikoa kulturaren presioz eta indarrez aldatzea?

Ez baitakit nik zein diren gure biologiaren bideak! Eta uste dut predisposizio biologikoei botatzen diegun begirada bera ere kulturala dela, beraz oso zaila da galdera horri erantzutea. Baina konbentzituta nago haur bat musikarako sekulako predisposizioarekin jaiotzen bada, biolina jotzeko sekulako senarekin, eta gero bere inguruan ez bada musikarik entzuten, eta ez bada biolinik existitzen, mutikoaren ezaugarriak oharkabean pasa eta ezabatzen joango direla. Inkontzienteki. Kontzienteki ezabatu nahi den guztia nik negatibotzat jotzen dut. Transexualen adibidearekin azalduko dizut. Nik transexual asko ezagutzen dut beraien transexualitatea deskubritzen dutenean, eta aldaketa prozesua hasten, kolpetik aurretikako urte eta gertaera guztiak ezabatu nahi dituena. Genital aldaketen ebakuntza berriz jaiotzea bezala ulertzen dute. Nik uste dut bizitzan behin bakarrik jaiotzen garela, errenkarnazioaren teoriak pisu zientifiko handiagoa hartzen ez duen arte bai, bederen. Beraz, zure bizitzari mugarri bat jarri eta mugarri horren aurreko esperientzia guztiak ezabatu nahi izatea zure zati bat zikiratzea da. Gizon jaio baldin bazara eta bizitzako etapa bat hala bizi izan baduzu gero emakume bihurtu aurretik, nik uste dut emakume bizitzarako balioko dizuten irakaspen on asko jaso zenitzakeela zure gizon bizitzatik.


Noiz jotzen du transexual batek psikologoarengana?
Asko beren aldaketa prozesu osoa egin eta gero etortzen da, eta nahi duen bakarra interbentzio kirurgikorako baimena da, hori psikologoak baino ez baitezake eman behin frogatu duenean pertsona hori transexuala dela. Baina bada jendea askoz lehenago, identitate krisia eduki eta beren genero nortasuna zein den argitu nahian etortzen dena ere.


Eta nola laguntzen zaio horri?

Bere desioa argitzen lagunduz, eta aukera erreal guztiak kontuan hartuz. Bada jendea ez dena maskulinitate eredu tradizionalarekin identifikatzen, eta hori dela eta krisi gogorrean sartzen dena. Halakoetan psikologoak pertsona horrek bere buruan dituen genero estereotipoak landu behar ditu, eta gizon eredu berria proposatu, ez da bortxaz transexuala. Beste kasu batzuetan aldiz krisi hori ez da eredu maskulino tradizionalean ezin kabitutik sortzen, emakume izan nahiaren ziurtasun handitik baizik. Elementu gakoa norberaren gorputza bizitzeko era da. Alegia, sexu aldaketa prozesua hasteko, eredu maskulinoarekiko sintonia falta maiz zehazten da gorputz biologikoaren ukazioarekin, eta fantasia azkenerako konbikzio bihurtzen da; biologiak emandako gorputza ez beste bat eduki nahia.


Noiz hasten zara zu pazienteari femeninoan edo maskulinoan hitz egiten?
Ikusten dudanean berak garbi daukala zerekin identifikatzen den.


Eta lehenago?
Lehenago saiatzen naiz neutro hitz egiten eta generoa ez markatzen. Eta beharrean, galdetu egiten diet ea zer duten nahiago.


Gaiz aldatuz, noiz eta nola hasi zinen prostituten eskubideen aldeko lanean?
Bartzelonan gerturatu nintzen lehen aldiz prostitutengana, 1982ko Munduko Futbol Txapelketan. Holakoetan beti gertatzen den bezala, hiriak garbi utzi nahi ziren atzerritar dirudunak etor zitezen, eta kalean lan egiten zuten prostituten kontra hasi ziren gogor. Garai hartan erasoen aurkako komisioan nengoen, eta Bartzelonako prostitutengana hurbildu ginen lagundu ote geniezaiekeen jakite aldera. Orduko gure diskurtsoa feminista gogorren diskurtso abolizionista klasikoa zen, nik ere hori aldarrikatzen nuen, prostituzioa abolitzea, “prostituzioari ez, prostitutei bai”. Arrazionalki pentsatzen hasten bazara kontrako eztarritik ere pasatzen ez den aldarrikapena, digeritu ezineko leloa, baina gu ustez emakumeen defentsan ari ginen. Kontsideratzen genuen emakumeari gerta ziezaiokeen gauzarik okerrena prostituzioa zela, eta prostitutak patriarkatuaren biktimak zirela. Ez genuen bista handirik, borondatea bai sobera. Baina ikusi egin behar zen gure hitzak entzun eta prostitutek nolako begiekin begiratzen gintuzten, galdetuz bezala: “Nondik atera ote dira moja xahar hauek?”.


Tira, mojen kolegioan ikasi zenuen, denak uzten du bere arrastoa.

Ai ene, nerabezaroan mojen kolegioa zen nigan errebeldia gehien sortzen zuena, batik bat han inposatzen zizkiguten normak: ilea libre bazeneraman bildu egin behar zenuen, gonak luzera jakin batekoa izan behar zuen, mezatara joan behar zen... Horiek dira nire haurtzarotik zapore mikatzenarekin oroitzen ditudanak. Batik bat sexu eta gorputz adierazpen osoaren errepresioa. Eta gero ikusirik psikologoa eta feminista bezala minorien askatasun sexualera bideratu naizela, garbi dago orduko ezin haietatik sortutako sentsibilitateak bizi nauela.


Tabua zen orduan sexualitatea?
Jakina. Garai hartan sexualitatearekin zerikusia zuen guztia erreprimitua zegoen, eta are gehiago emakumeen sexualitatearekin zerikusia zuena. Moral bikoitzak agintzen zuen. Gizonezkoek ezkutuan gogotik pasatako guztia egin zezaketen, baldin eta gero kontatzen ez bazuten, eta emakumezkoak ez gintuzten izaki sexualtzat hartzen, edo oso sexualitate gutxiko izakiak ginen, amatasunerako eta ezkontzeko jaioak, beste ezertarako ez.


Eta nola iritsi zinen pentsatzera sexua langai ere izan daitekeela?
1987an udalak prostituzioari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituen Madrilen eta bi prostituta italiar etorri ziren: Carla Corso eta Pia Covre. Feminista bezala han nintzen, eta beraien diskurtsoak, beraien jarrerak, presentziak, eta duintasunak, harritu eta txunditu egin ninduen, ahozabalik gelditu nintzen. Beraiekin harremanetan sartu ginen, eta beren bidetik Madrilgo Desengaño kalean lan egiten zuen prostituta bat ezagutu genuen, Puri, eta lagun egin. Transexualak ere ezagutu genituen, eta haietako batzuek prostituzioan egiten zuten lan. Pixkanaka mugimendu feministako beste kide batzuekin mundu horretara hurbiltzen joan ginen, eta prostituzioari buruzko beste ikuspegi bat hartu genuen. Horrela, 1995ean, Hetaira kolektiboa sortu genuen, prostituten eskubideen aldeko taldea. Ez zen gure helburua prostitutak birgizarteratzea –hitz itsusi hori erabili beharrak ere min ematen du–, baizik eta prostituzioan lanean jarraitu nahi zuenak baldintza hobeetan lan egiteko erreferentea eta babesa aurki zezala, bidelagun bat.


Alderdi politikoekin ere hitz egiten duzue, nolako erantzunak jasotzen dituzue?
Hetairakook beti pazientzia handiz jokatu dugu erabaki guneetan dauden taldeekin. Alderdi guztiekin eztabaidarako jarrera izan dugu beti, onar dezaten eta batik bat ken dezaten prostituzioaren gaiari buruz begitan duten zapi itsugarria, eta azken batean onar ditzaten prostitutak. Batez ere ezkerreko sektore osoarekin egin dugu lan eta urteak pasa eta gero egiten dugun balantzea ona da. Oroitzen dut lehen-lehenik CCOOrengana zuzendu ginela sostengua galdetzera, eta horra Madrilgo CCOOko idazkariak nola erantzun zigun: “Guk ezin dugu esklabutza sexuala legalizatzeko borrokatu”. Hori 1994an esan ziguten. Eta pentsa hamaika urte beranduago beraiek antolatu zituztela estatu mailako “Hiritarren eta sexuaren langileen eskubideak” izeneko jardunaldiak. Beraz uste dut borroka politikoan irabazten ari garela. PSOEri edo IUri dagokionez, duela zenbait urte, jarrera monolitikoak zituzten prostituzioarekiko: abolitzea, eta prostituzioa desagertzea. Momentu honetan badakigu gai horiekin barne eztabaidan daudela eta ikuspegi ezberdinak dituela barneko jendeak. Gaspar Llamazares bera ere aldeko zaigu, eta beraz badira IUn gure aldeko sektoreak.


Nolako eskubide laboralak exijitzen dituzue sexuaren langileentzat?

Lehenik eta behin borondatezko prostituzioa eta prostituzio behartua bereizi behar dira. Abiapuntua hori da. Lehenbizikoa legalizatu egin behar da, eta bigarrena borrokatu. Funtsean behartutako prostituzioan ari diren emakumeen kopurua esaten dena baino askoz ere txikiagoa da, baina existitzen dira, eta egoera izugarria bizi dute. Inork ez ditu babesten, eta lan hori estatuak egin beharko luke. Prostituten gehiengoari dagokionez, berriz, beste edozein langilek bezalako eskubide laboralak beharko lituzke. Baina lana sexu jarduna denez, eta pertsona baten sexualitatea tartean dagoenez, eskubide laboralek beregain hartu beharko lukete emakumeen autonomia eta askatasuna, beraiek erabakitzeko zein jardun sexual egin nahi duten, eta zein bezero onartzen duten. Zurrupada bat egitea ez baita gutun-azal batean seiluak jartzea bezalakoa.


Prostitutekin zuzenean nola lan egiten du Hetairak?
Madrilgo prostituzio zona historikoan lokala dugu, eta hara igotzen dira prostitutak informazio edo preserbatibo bila. Festak ere antolatzen ditugu, batik bat prostituten arteko elkargune izan daitezen, nolabait elkartasun hariak josten ere joan daitezen. Kaletik baino ez badira ezagutzen oso zaila dute harremana egitea, kalea oso gogorra baita, eta kaleko gatazkek nahiko harreman gaiztoa sortu ohi dute beraien artean. Bestetik badugu furgoneta bat, eta gauean prostituzio zonetara ateratzen gara. Atzeko zatia prestatua du, mahai txiki bat, eserlekuak, kafea eramaten dugu, denbora eskaintzen diegu eta preserbatiboak ere bai. Horrez gain, prostituzioari buruz edozein neurri berri ateratzen denean, beraiei berri emateko eta komentatzeko baliatzen dugu furgonetaren ibilia.


Nolako bizitza dute prostitutek?

Denetik dago, esate baterako gehiengo handi bat ama da. Bikote sentimentalak aurkitzeko zailtasunak izaten dituzte normalean, baina batzuek badituzte bikotekideak, eta beste edozein pertsonak bezain bizitza normala daramaten emakumeak dira gehienak. Badirudi prostituta pertsona berezia dela, eta prostitutak ez dira beraien sexuarekin lan egiten duten pertsonak baino. Nire bizitza ez dago markatua psikologoa izatearren, beste berrehun faktore gehiagok ere markatzen naute, eta prostitutak ere berdin. Baina arazoa da, eta guk hori borrokatzen dugu gehienbat, oso estigmatizatuak daudela. Autoafirmatzen hasten diren prostitutek lehenik hauxe esaten dute: “Ez naiz puta, puta lana egiten dut”.


Gizonekin ere egiten duzue lana?

Bai, gu hasieran gizonekin hasi ginen lanean. Eta kuriosoa da, prostituzio heterosexualean lan egiten duten mutilek ez dute emakumeek bezalako estigmarik sufritzen, are gehiago, kasu horietan estigma ez da mutilengan erortzen, baizik eta beraien zerbitzuak erosten dituzten emakumeengan. Uztar-ezinak dira nonbait emakumea eta sexualitatea, gizonezkoek egiten dutena eginda ere beti onartuko da. Beraz, prostituzioan ari diren mutikoak harro eta zoriontsu daude beraien gorputzaren edertasunetik eta hori ongi erabiltzen jakitetik soldata ateratzeaz. Aldiz, prostituzio homosexualera dedikatzen diren mutilen errealitatea ezberdina da. Eta hori ere kuriosoa da, mutil horiengan pisu handiagoa baitu homosexualaren estigmak prostitutu izatearenak baino. Alegia, sexualitate jarduna saltzeak ez dio jendeari inporta, homosexual izateak pisatzen du.


Feminismoaren korronte nagusienak oraindik ere prostituzioa debekatzeko eskatzen du. Zu Hetairako lehendakari izateaz gain feminista ere bazara.
Bai, feminista naiz, eta iaz sortutako Otras voces feministas koordinadorako kidea. Nazkatuak geunden herrialde honetan feminismoaren ahots ofizial hori entzuteaz, bai baitzirudien feminismo bakarra zegoela eta ez besterik. Nire ikuspuntutik nahiko zaharkitua dagoen feminismoa da hori, generoen arteko bereizketaren berrafirmazioan ainguratua gelditzen delako, eta gizonak estigmatizatzen ahalegintzen delako, beraiek izango balira bezala emakumeen opresioaren egoeraren kausa bakar eta esklusibo. Ahots hori izan da feminismoa gidatu duena genero bortizkeriaren aurkako borrokan, eta horrek eman dio bide legeari. Nire ustez, genero indarkeriaren aurkako legea beharrezkoa zen, baina gabezia handiak ditu. Gabeziak ditu behintzat sakoneko ikuskeran, bortizkeriaren kausa definitzerako orduan; genero bortizkeria emakumeekiko gizonezkoen dominioa dela dio, oxala hala izango balitz, pastilla txiki bat emango genieke, dominatu nahi duten gizonezkoak zikiratuko genituzke, eta arazoa akabo. Baina ikusi da arazoa askoz ere korapilatsuagoa dela, eta faktore asko sartzen dira jokoan, batetik maitasun harremanak ulertzeko modua, bestetik arazoak nola konpontzen diren, eta beste elementu asko ere bai. Gizonezkoen aurkako postura esklusibista duen eta prostituzioa kondenatzen duen feminismo horretaz nazkatuak geunden eta beste ildo hori sortu dugu. Uste dugu beharrezkoa dela oraindik ere feminismoa, baina feminismoak integratzaileagoa izan behar du, multilateralagoa, eta gizonezkoak ere konprometitu egin behar ditu berdintasun osoko egoera eta emakumeen benetako askatasun egoera lortzeko.


Askatasun bide horretan zenbat aurreratu da azken urteotan?

Emakumezkoak sartu dira lan soldatadunetan, oso kopuru altuan gainera, baina etxeko lanen banaketan, ia ez da deus ere aldatu. Nik uste berdintasun maskulino batera iritsi garela, alegia, emakumezkoek lehen gizonezkoenak ziren lan guztiak egin ditzakegu, oso ongi dago hori, baina gizonezkoak ez dira neurri berean sartu tradizionalki emakumezkoenak izan diren lanetara. Bide hori oraindik ere egiteko dago. Baina horretarako indarrean dagoena ez beste feminismo bat landu eta egin behar da.

  • Nortasun agiria
  • 1955eko ekainaren 5ean jaio zen Tuteran (Nafarroa). Laster aldatu ziren gurasoak Bartzelonara, eta Cristinak haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa Bartzelonan pasa zituen. Euskalduna baino gehiago kataluniarra sentitzen da. Psikologia ikasi zuen Bartzelonako unibertsitate zentralean, eta minoria sexualen eskubideen aldeko borrokan sutsu dihardu. Hetaira prostituten eskubideen aldeko elkarteko lehendakaria da. Duela hogei urte joan zen Madrilera psikologo.

No comments: