- Kubako gay eta lesbianak, gainerakoen eskubide berberak gozatzeko bidean
- Mariela Raul Castro Kubako presidentearen alabak abian jarritako egitasmoak arrakasta izaten badu, aurki bertako legedia egokituko dute gay eta lesbianek gainerako herritarren eskubide berberez gozatzeko aukera izan dezaten. Mariela Castrok berak uste du aldaketa horri esker, gizarteak bere jarrera ere errazago aldatuko duela
- Gaur8, 2007-12-21 # Unai Belaustegi · Askapena
Kuba: 11,5 milioi biztanle inguru edo, beste era batera esanda, Lurreko populazioaren %0'18 duen Karibeko uharte txikia da. Baina azkenaldian, hain gutxi izanda ere, han gertatzen den edozerk mundu osoko albistegiak eta egunkarietako orrialdeak betetzen ditu: Fidel, bere gaixotasuna, Raulen azken hitzaldia eta antzeko berriak izaten dira beti, ia denak bertan bizi omen duten «diktadura gogorra» edota «giza eskubideen zapalketak» «salatzeko intentzioz».
Agian horregatik, Kubaren aurkako diskurtsoan erabiltzeko balio ez duen edozein gertaera ez da garrantzitsua izaten, ez da albiste kontsideratzen eta, ondorioz, ez da komunikabideetan ageri. Badaezpada ere. Hori horrela dela erakusteko balio duen azken adibidea, joan den udatik gaur arte kubatarren artean pil-pilean dabilen eztabaida bat da, gure komunikabideetan segundo bat bera ere merezi izan ez duena.
Joan den ekainean, Mariela Castro Sexu Hezkuntzarako Zentro Nazionaleko (Cenesex) zuzendari eta Raul Castroren alabaren eta Kubako Emakumeen Federazioaren (Kubako 4.000.000 emakume ordezkatzen dituen erakundea) eskutik, proposamen bat iritsi zitzaion agintean dagoen PCC Alderdi Komunistari.
Proposamen horren helburua, gay, lesbiana, transexual, bisexual eta trabestientzat gainontzeko hiritarrek dituzten eskubide zibil eta politiko berberak lortzea da. Cenesex 2004tik ari zen sexu aniztasunaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko estrategiak bultzatzen eta, honekin, beste pauso bat eman nahi izan dute.
Proposamenak hainbat puntu ukitzen ditu eta esanguratsuenak era honetan labur daitezke: bikote homosexualek batzeko eta umeak adoptatzeko eskubidea izatea; sexuz aldatu nahi dutenei operatu aurreko diagnostikoak egitea, operazioa bera eta operazio osteko tratamenduak ziurtatzea; trabestiei eta transexualei lanerako eskubide berberak ematea, izan ditzaketen zailtasun eta diskriminazioak gaindituz, edota sexua aldatu nahi ez izan arren nortasuna aldatu nahi dutenei instituzioek trabarik ez jartzea.
Esan bezala, ekainetik dago proposamena Alderdiaren eskuetan, eta oraindik horren inguruan lanean ari dira, besteak beste, onartua izango balitz legedian bertan ere aldaketak egin beharrean izango liratekeelako. Batetik, 1975etik martxan dagoen Familia Kodea berritu beharko litzateke, egungo egoeretara moldatzeko eta sortzen ari diren eskaerei erantzun ahal izateko. Bestetik, Konstituzioa bera ere zuzendu beharko litzateke, ezkontza, esaterako, testu horrek gizonezko batek eta emakumezko batek onartzen duten loturatzat definitzen baitu.
Latinoamerikako testuingurua
Munduan oso gutxi dira horrelako legediak aplikatzen dituzten estatuak. Aurrerakoienak, agian, Herbehereetakoa, Belgikakoa edo Kanadakoa izan daitezke. Estatu horietan ere, bere garaian eztabaida handiak izan zituzten lege proposamenak onartzeko orduan. Ez da hainbeste denbora igaro Estatu espainolak gai honekin lotutako debate handi samarra bizi izan zuenetik, eta egun ere, talde politiko eta gizarte talde bat baino gehiago ageri dira homosexualen edota trabestien inguruan ateratzen diren edozein proposamenen aurka.
Hala ere, askotan egiten den legez, akats handia izango litzateke Kubako gizartea eta Kuba bera hor aipaturiko estatuekin alderatzea. Kuba, norbaitekin konparatzekotan, berearen antzeko bilakaera izan duten inguruko herrialdeekin parekatu behar da. Adibidez, Hegoamerika edo Erdialdeko Amerikako estatuekin, eta hori egiten den ia guztietan, besteek baino emaitza hobeak lortzen ditu Kubak. Argentinan, Brasilen edota Uruguain, gai hau jorratzen duten proposamenak onartuta edo onartzeko bidean dituzten bitartean, Jamaikan, esaterako, oraindik zigortu egiten da homosexualitatea.
Jamaikan bezala, Karibeko gainontzeko estatuetan ere, zigorrak ezarri ala ez, oraindik eredu tradizionalaren alde agertzen da biztanleriaren gehiengoa: hau da, familia bat eratzeko ezinbestekotzat ikusten dute gizonezko bat eta emakumezko bat elkartzea. Horretan Kuba ez da, duela gutxira arte, salbuespena izan. 80ko eta 90eko hamarkadetan, urrutirago joan gabe, homosexualak Iraultzaren aurkaritzat hartuak ziren, eta hori jada aldatu den arren, Kubako Emakumeen Federazioko kideek aitortzen dutenez, oraindik ere kubatarrak (gizonezkoak nahiz emakumezkoak) arlo askotan itxiak eta matxistak izaten jarraitzen dute. Gainera, ez da batere arrunta kalean homosexualak direla erakusten duten jarrerak antzematea. Ez eta trabestiak, transexualak edota bisexualak kalean zehar normaltasunez ikustea; beste edonon bezala, erosoago sentitzen dira alderdi baztertuagoetan elkartuta.
Aldaketak datoz
Hau, agian, arraro samarra ere irudituko zaigu, kontuan izanda leku tropikal horietan sexualitatea ulertzeko duten ikuspuntu irekiagoa dela; izan ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko sexu harremanak hemen inguruan baino askeagoak eta arruntagoak izan ohi dira. Hori hala izan daitekeela sinistuta, kanon tradizionaletatik ateratzen direnek oso zail izaten dute beren nahiak eta desioak plazaratzea. Ziur aski, beste edonon baino arazo handiagoak ekarriko dizkie pasioak eta gogoak isilpean mantentzeak. Kalean arrunt ikusten diren ekintzak beraiek egin ezin izateak.
Dirudienez, azkenaldian gauzak aldatzen ari dira. Kubak ere gai horri adarretatik heldu nahi izan dio, eta horren adibidea da gaur egun eztabaidagai duten lege proposamena. Uhartean hori egiten den aurreneko aldia da, eta leku guztietan bezala, berritasunek beldurra sortzen dute. Horregatik, PCCren lehenengo gomendioetako bat, legea onartu aurretik gizartea prestatzen hastearena izan zen.
Beraz, eta legea onartu zain dauden bitartean, proposamena bultzatzen duten erakundeek gizartea kontzientziatzeko programak eta estrategiak jarri dituzte martxan. Poliki-poliki, telebistan gaiarekin zerikusia duten albisteak, dokumentalak eta programak ematen hasi dira, eta hamaika hitzaldi eta konferentzia aurkeztu dituzte, gizarteko eragile ezberdinei zuzenduta. Hala nola, Polizia, Alerdi Komunistako eta Estatuko goi karguentzat eta alor ezberdinetako Unibertsitateentzat.
Jorratu beharreko gaia nahiko korapilatsua da eta, beste edozerk bezala, denbora behar du. Kuban dagoeneko hasi dira egitasmo edo estrategia horien lehendabiziko emaitzak ikusten, eta aldekoen eta aurkakoen iritziak etengabe azaleratzen ari dira. Proposamena onartzea nahi dutenen artean, homosexualak, bisexualak, trabestiak eta transexualak ere gizartearen zati direla esaten dute, horiek ere eskubideak dituztela, gainontzeko gizakiek bezala, eta errespetatu egin behar direla. Gizarteak dagoeneko norabide bat hartua duela esaten dute. J. Guanche Habanako Unibertsitateko irakasleak adierazten duen bezala, «ezer aldatu ez arren, jendeak berdin-berdin jarraituko du norabide horretan, eta legedia atzetik eta gizarteari jarraitu ezinik geratuko da».
Kontrakoek, ordea, kubatarrak oraindik ez daudela horrelako aldaketetarako prestatuta uste dute. Ez omen da une egokia horrelako zerbait aurrera eramateko.
Kanpotik, oso erraza da horrelako eztabaidetan parte hartu eta bakoitzak bere iritzia ematea. Baina hori ez litzateke zilegi izango. Nahiz eta hemendik proposamenak oso egokia dirudien, Kuba eta kubatarrak dira beren etorkizuna erabaki behar dutenak, eta beraiei utzi behar zaie lan hori egiten. Oraingoz, proposamen berria eta iraultzailea da uhartearentzat, eta hori eztabaidatu nahian dabiltza.
Gai honekin batera, beste hainbat eztabaida ere izango dituzte eguneroko bizitzan, baina itsasoaren beste aldean gutxi batzuk baino ez dira lehorreratzen. Komenigarriak direnak besterik ez. Orain badakigu, Kuba ere denbora askoan bazterturik egon diren gizarte taldeez arduratzen hasia dela eta dagozkien eskubideak onartu nahian dabilela.
Beste behin ere, Kubak argi eta garbi utzi du giza eskubideen alorrean mundu mailan herrialde aurreratuenetariko bat dela, han ere gutxiengoen beharrak eta eskaerak kontuan hartzen dituztela eta mundu justuago baten alde etengabe borrokan ari direla.
Testu honetan azaldutakoa adibide bat besterik ez da, Kubako Iraultzaren aurkarien teoriak zalantzan jartzeko balio duten horietako bat. Mariela Castrok esaten duen bezala, «ideologia iraultzaileak benetan iraultzailea izan behar du, eta ez arlo batzuetan bakarrik. Kubako Alderdi Komunista aldaketetara ohitu nahian dabil, eta beraiek hori lortzeko laguntza ematen ari dira, gizarte bezala aurrera egiteko erabakiak hartuz».
No comments:
Post a Comment