2007/12/20

> Berria: Laikotasuna > ARANTZAZU SUSTATZEKO FUNDAZIOA SORTU DUTE FRANTZISKOTARREK ALDUNDIA ETA OÑATIKO UDALAREKIN

  • Arantzazu sustatzeko Fundazioa sortu dute frantziskotarrek Aldundia eta Oñatiko Udalarekin
  • Elkarte berriak gandiaga ii eraikina altxako du 2012 rako. Basilikak frantziskotarren esku jarraituko du baina Fundazioak kudeatuko ditu gainerako zerbitzuak
  • Noticias de Gipuzkoa, 2007-12-20 # Arantzazu Zabaleta · Oñati

500 urteko historia du atzetik Arantzazuko Santutegiak eta aurrera begira beste horrenbeste izan nahiko lituzkete frantziskotarrek. Horregatik, eta jada aurreratuta dauzkaten proiektuak gauzatzeko, fundazio bat sortu dute Gipuzkoako Foru Aldundia eta Oñatiko Udalarekin. Diruz lagunduko dute bi erakundeek eta, honela, Basilikak frantziskotarren esku jarraituko badu ere, fundazio hori izango da hemendik aurrera Gandiaga Topagunea, ostatua, denda eta turismo kanpainak, besteak beste, kudeatuko dituena. Alor espirituala alde batera, eta kultura, natura eta guneak eskain-tzen dituen zerbitzuak sustatzeko helburua du Fundazioak.


Printzipioz, lau urteko iraupena izango duen lehen fase bati ekiteko ardurarekin jaioko da elkartea. Tarte horretan, Gandiaga II kultur sorkuntzarako zentroa eraikitzeko helburua du, baita bertan erakusketetarako gune bat eta parketxea edo naturaren interpretazio zentro bat sortzekoa. Gainera, Gandiaga I eraikina sustatu nahi dute, topaketa eta batzarrak hartzeko eta erakunde berrien egoitza bezala. Kanpora begira jendea erakartzeko lana ere egingo dute eta lau urte hauetan konplexu osoak autofinantzatzea espero dute.


Fundazioaren baitan sortuko diren gobernu ataletan, hala ere, frantziskotarrek berek %50eko parte-hartzea izango dute, eta Aldundiak eta Oñatiko Udalak gainerako %50. Atzo sinatutakoa akordio markoa da eta hurrengo 45 egunetan zehaztu beharko dituzte instituzioek egingo dituzten ekarpen ekonomikoak helburuak gauzatzeko.


Fundazioa sortzeko hitzarmena sinatzeko ekitaldian, fran-tziskotarren ministro probintziala, Joxe Mari Arregi, diputatu nagusi Markel Olano eta Oñatiko alkate Lourdes Idoiagarekin izan zen. Gainera, Arantzazu bertatik eta Oñatitik gerturatutako herritarrak izan ziren Gandiaga I eraikineko aretoan.


Frantziskotarrek kantuan eta harizko laukoteak musikaz hasi zuten ekitaldia. Pantailan, Santutegiko hainbat irudi jarri eta Bitoriano Gandiagaren ahotsa ere entzun zuten bertaratutakoek, Arantzazuri idatzitako poema batean.


Arregik 500 urte pasa eta, gizarteak bizi dituen aldaketa guztien gainetik, gizakiaren bizi inkonformismoak horretan dirauela eta Aran-tzazuk harrera eta topaketa leku izaten jarraitzen duela azpimarratu zuen, "beren barrua baino haratago, barrurago bilatzen duten pertsonentzat". Horren haritik, erlijio eta espiritualtasunaz gain, kultura, natura, elkarrizketa eta solidaritatearen gune badela gaineratu zuen. Fedearekin zerikusia duen harrera egiteko ez, baina "gizartearentzat eta bila dabiltzan horientzat gune ireki bezala garatzeko", fraideok lagun- tza behar zutela aitortu zuen.


Olanok ere Arantzazu "Gipuzkoaren bihotza" dela esan zuen eta "gure nortasunaren ikonoaren" berezitasuna azpimarratu zuen. Santutegiarekin lotutako hiru pertsona aipatu zituen, "harria oihu bihurtu zuen" frailea (Gandiaga) eta Aran-tzazuri buruz "zerurako bidea hortik gora" zegoela idatzi zuen Salbatore Mitxelena. Euskararen batasunaren oinarriak ere bertan sortu zirela eta Aita Villasante izan zuen gogoan: "Leku berezien artean, bereziena da. Diruarekin lagunduko dugu, baina gure arnasa ere jarriko dugu", agindu zuen.


"Etorkizunik baduela uste dugu, bere nortasun historikoa eta erreferentzialtasuna defendituz gure konpromisoa merezi duela", gaineratu zuen Idoiagak.

No comments: