- Nola eman buelta galtzerdiei?
- Berria, 2006-07-23 # Ibon Egaña
- LIBURUA: 'Eingo al deu?' # Egilea: Kepa Gallego # Argitaratzailea: Artezblai / Serant Kultur Etxea # Generoa: Antzerkia # Urtea: 2006
Etxera heldu eta Kepa Gallegoren Eingo al deu? teatro-lana irakurtzeari ekin diot, eta paseoan egindako galderak etorri zaizkit atzera, eskuartean nuena sexuaren, sexu-harremanen eta euskaldunek harreman horiei heltzeko dugun moduaz egindako umorezko lana baita. Sexua, euskalduntasuna eta umorea hirukotea lotu eta ekidinezina da bestelako hitzak etortzea gogora: topikoa, estereotipoa, klixea. Eta irakurtzen hasi ahala, konfirmatu egin zaizkit hasierako susmoak, sexuari eta sexu-harremanei buruzko topikoak izaeraz autonomoak diren esketx hauen abiapuntua baitira. Baina, jakina, arras diferentea da topiko eta estereotipoak umorerako erabiltzea, haiek kuestionatu gabe eta, finean, nahita ala nahi gabe, haiek indartuz eta konfirmatuz, edo haiek hartu, eta galtzerdiak balira bezala, buelta eman eta hankazgoratzea. Kepa Gallegoren lan honetako umorea gertuago dago bigarren eredu horretatik, hots, topikoak haien gaineko bigarren irakurketa bat egiteko erabiltzeko joeratik. Gayen inguruko estereotipo osoa birsortuko du esketx batean, baina amaieran, aurreiritzia eraitsiko duen azken gag-a gehituko dio; edo emakumeari harreman heterosexualean ustez dagokion leku pasibo eta hartzailea hizpide izango du, baina esketxak eredu hori kuestionatzen duen emakumea aurkeztuko du. Bestalde, estereotipoa konfirmatzera mugatu nahi ez duen umoreak beharko luke kontzientzia izan nondik, ze perspektibatatik abiatzen den, berau neurri batean umorerako gai eta zalantzarako akuilu bihurtzeko, eta horixe egiten du Gallegok ere, euskalduntasuna eta euskara ardatz hartu, eta biak ere umorerako lehengai erabili.
Ez da, baina, «galtzerdiei» buelta emateko gaitasuna obra honen bertute bakarra. Gallegok asmatu du halaber baliabideen ekonomia erabilita antzezlanari egitura sendoa bezain arina eta koherentea ematen, esketxak teatroaren egitura nagusian bikain txertatzen eta ikus-entzuleari keinuak egiten: ikus-entzuleei zuzenean mintzatuko zaie pertsonaia bere rola zalantzan jartzeko nahiz konfirmatzeko, edo pertsonaia/aktore dikotomia lausotu egingo da aktoreak eszenatokian bertan aldatzen dutelarik jantzia eta rola. Ezin aipatu gabe utzi, bestalde, liburuaren indargunerik sendoenetakoa, alegia, elkarrizketetan lortzen duen sinesgarritasun erabatekoa, hizkera urbano, garaikide eta «zikin» bat proposatuz, maiz gaztelaniako esamoldeak barra-barra baina oso modu errealistan tartekatuz.
Liburua bukatu eta hasierako galderara itzuliz, otu zait agian topikoen eta diskurtso ezarrien aurrean hartzen duten jarreraren arabera, bereiz litezkeela umore motak, eta Kepa Gallegoren honek izan baduela ezarritako eskemetan pitzadurak sortzeko xederik. Subertsiboa edo iraultzailea esatea askotxo da, baina topikoa hura traszenditzeko erabiltzen duen umore (gehienetan) ez ebidentea da berea, eta gustura irakurtzen den liburua taxutu du. Udazkenean iritsiko omen da obra taula gainera. Zain egongo gara.