2006/07/20

> Berria: Ikastaroak > LITERATURAREN SEXUALITATEA AZTERGAI UEUKO IKASTARO BATEAN

  • Literaturaren sexualitatea aztergai UEUko ikastaro batean
  • Homosexualitateak duen irudikapena landu zuten atzo
  • 'Gu, besteak eta ni. Erdiguneak eta periferiak gaurko literaturan' ikastaroa, egunotan Larraonan
  • Diario de Noticias, 2006-07-20 # I.F., Iruñea
Literatura garaikidea, batik bat euskalduna, ari dira aztertzen, besteak beste, UEUren Larraonako ikastaroetan. Baina literatura horren arlo zehatzetara jo dute Gu, besteak eta ni. Erdiguneak eta periferiak gaurko literaturan izeneko ikastaroan. Hain zuzen ere, azterketaren gaia honakoa delako: nola tratatzen ditu literaturak boterea eta erdigunea duten ereduetatik kanpo dauden gizataldeak?

Klasean proposatzen ari diren eztabaidetarako, periferian aurki-tzen diren hiru gizatalde hautatu dituzte: emakumeak, homosexualak eta etorkinak. Literaturak horiei eskaintzen dien lekua aztertzeaz gain, literatura barruko erdigunearen eta perferiaren arteko harremanez ere aritu dira, horretarako saio teoriko-kritikoak, sor-tzaileen begiradak eta testuen irakurketa-tailerrak tartekatuz. Yolanda Arrieta, Angel Erro, Uxue Apaolaza eta Urtzi Urrutikoetxea idazleak aurkitzen dira, bestak beste, hizlarien artean.

Atzo, hain zuzen ere, homosexualitateak literaturan duen irudikapena landu dute eta Mikel Aierbek eman zion hasiera jardunaldiari Euskal literatura heterosexuala, homosexuala ala asexuala da? galdera planteatuz. Literaturaren erdigunea gizonezko zuri, europar eta heterosexuala da, baina literatura berez asexuala da Aierberen ustez, "liburuek ez baitaukate sexurik. Baina idazleek, irakurleek, merkatuak, literatur sistemak eta abarrek sexualizatzen dute".

Gaur egun literatura homosexuala modan dago Aierberen esanetan: "Garai batean aldarrikapen esparrua izan zen, ahotsik ez zuen jendeari fikzioari esker ahotsa eskain-tzeko modu bat, baina homosexualitatea onartu den gizarteetan moda bihurtu da, guay da gay izatea, ugaltzen ari dira literatura homosexuala, denda homosexualak, gay eta lesbianen harrotasunaren eguna... Literatura homosexuala, femeninoa, erotikoa... bezalako etiketak erabilgarriak ala komertzialak diren eztabaidatu beharra dago. Izan ere, modek denbora mugatuan irauten dute eta gauzak arinkeriaz tratatzeko joera izaten dute".

Horren ondorioz, Aierbek ez duela literatura homosexuala terminoa babesten azaldu du: "Berdintasuna bada eskatzen dena, konponbidea ez da homosexualei zuzendatuko arlo mugatuak sortzea. Nire ustez, literatura osotasunean hartu behar da, nahiz eta gero horren barruan gai homosexualak edo erotismoa egon. Ez ditugu geuk daudenak baino etiketa gehiago jarriko!".

Idazle gasteiztarrak 2001era arteko ikerketa bat egin zuen gay-ak euskal literaturan nola azaltzen ziren aztertzeko.

No comments: