2006/09/25

> Erreportajea: Literatura > GRINAREN ZIPRIZTINAK

  • Grinaren zipriztinak
  • Ricardo Arregik eta Mikel Aierbek homosexualei emandako trataera literarioa aztertu dute
  • El País, País Vasco arg., 2006-09-25 # A. Iraeta, Donostia
Literaturak ez du sexurik, baina idazleen sexualitateak liburu guztiak zipriztintzen ditu. Gizakiek modu desberdinetan bizi dute sexualitatea egungo gizartean, baita Euskal Herrian ere, baina euskarazko literaturan ez da islatu oraindik aniztasun hori.

Ricardo Arregi Diaz de Herediak 2001. urtera arteko euskal literaturan sexuak izandako tratamendua aztertu du, eta lan honi jarraiki, Mikel Aierbek 2001etik 2006ra luzatu du ikerketa hau.

Arregik liburu bakoitzak homosexualak nola tratatzen dituen aztertu du, literatura homosexuala delako izendapena bazterrean utzita.

Ahalegin horren bitartez, idazle gasteiztarrak homosexualitateak euskal literaturan duen irudikapena aztertu du. Hauxe da atera duen ondorio nagusi eta begi-bistakoa: homosexualak, oro har, gutxi agertzen dira eta normalean bigarren mailako pertsonak dira, dramatismoan eta bekatu eta erru sentimenduen artean murgildurik daudenak.

Mikel Aierberen iritziz, "Ricardo Arregik eginiko azterketan jada homosexualen irudia euskal literaturan erabat tremendista zela azaltzen zen, bekatuarekin eta tragikoarekin erabat lotua, eta agertzen direnean, erabat azalekoak dira eta inoiz ez pertsona normalak".

Azterketa honi jarraipena emanez, Aierbek, 2001etik 2006rako liburuak aztertu ditu, alderdik dagoen ala ez ikertzea aldera.

Aierberen aburuz literatura homosexualak orokorrean bi fase izan ditu. Alde batetik, joera sexual hau erabat baztertua zegoenean, fenomeno hori azalera-tzeko erabiltzen ziren liburuak.

Bigarren epe batean, aldiz, literatura homosexuala moda bilakatu da. "Euskal literaturan aldiz, tendentzia hau ez da oraindik eman, nahiz eta gaztelerazko liburuetan ageria den", esan du Aierbek.

Ikuspuntu honi jarraiki, Aierbek Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak, Hasier Etxeberriaren Mutuaren hitzak eta Hur Apalategiren Gure Gauzak S.A. aztertu ditu. Lehengoan, Londreseko eta Euskal Herriko mundua kontrajarri ditu idazleak, euskal gizarteari kritika eginez. Homosexuala naturaltasunez islatuta dago.

Beste bi obretan, aldiz, homosexualak bigarren mailako pertsonaiak dira, eta "nolabaiteko morbo kutsua mantentzen dute", Aierberen esanetan.

Filologoak, azkenik, itzulpenak ere aztertu ditu, atzerriko liburuetan gai hau nola tratatzen den jakitearren. Andolin Eguzki-tzak itzulitako Denis S.Miles-en Laguna eta Oscar Aranak euskaratu zuen Paul Auster-en Broo-klyngo erokeriak hartu ditu oinarritzak Mikel Aierbek lan hau egiteko.

Kasu hauetan, "garrantzitsuena ez da literatura homosexuala ala heterosexuala den zehaztea, irakurlearen ikuspuntua irekitzeko ahalegina baizik", esan du.

Beste bitxikeria bat: "Liburu hauetan, gizonezkoak dira protagonista, eta emakume homosexuala erabat ezabatua dago", azpimarratu du Aierbek. Hala ere, homosexualitatearen tratamendua normalizaziorantz doa euskal literaturan, nahiz eta oraindik urrats garrantzitsuak eman behar diren. Nolako gizartea halako literatura.

2006/09/19

> Iritzia: Inazio Acha > FESTAK PAGANO BIHURTU: BESTERIK EZ?

  • Festak pagano bihurtu: besterik ez?
  • Irutxuloko HITZA, 2006-09-19 # Inazio Acha

Joan den irailaren 3ko HITZAn Mikel Martin eta Julen Zabalaren iritzia irakurri nuen, zeinetan gure festak pagano bihurtzearen alde azaltzen baitziren. Artikulu horretan gauza batzuk nahastu eta berdindu egiten dira, esaterako: ez dira gauza bera Elizaren eragina gaur egungo gizartean eta erlijioak gure kulturan utzi duen arrastoa. Era berean, gauza bat da pagano izatea eta beste bat, arras diferentea, laiko izatea. Dena dela, ez da nire asmoa hemen orain horretaz jardutea. Nik nahi nukeena da EHGAMeko kide hauen iritzi-artikulu hori osatu.

Beraiek botere publikoek bultzatu beharko lituzketen aldaketa batzuk aipatu dituzte, edozein adierazpen erlijioso arlo pribatura mugatzeko. Adibidez, «elizarekin edo beste edozein erlijiorekin lotura duten taldeak (asistentzia, ikaskuntza edo aisialdi arlokoak ere) diruz ez laguntzea; izen erlijiosoak kaleetatik ezabatzeaÉ».

Ondorengo zerrenda honetan nik beste aldaketa eta neurri batzuk aipatuko ditut botere publikoek susta ditzaketenak gizartea laikoagoa eta paganoagoa izan dadin.

Eliza guztietan dauden bataio-liburuak erretzea. Agian historialariak ez lirateke ados egongo, baina apostatak, bai.

Kaleetatik ez ezik, izen erlijiosoak herrietatik eta auzoetatik ere ezabatzea. Ea pasaitarrak hasten diren San Pedro eta San Juanentzat ordezkoak bilatzen.

Zenbait pertsona izen debekatzea, alegia Bibliakoak edota kristau santutegikoak. Kontxi, Asun, Trini, Mikel, Sara, Santi, Agurtzane, Jesus, Maria eta Joxe eta horrelako izenak debekatuta geldituko lirateke eta orain horrelakorik daramagunok, aldatu egin beharko genuke.

Elizekin, katedralekin, ermitekin eta abarrekin bi hauek egin daitezke: gurutze formako planta dutenak eraitsi eta suntsitu, hauek ez baitute erremediorik; gainontzekoak Ortziri, Ekaini, Basajaunari edo Porrontxiori eskaini.

Apaiz, fraide eta mojen jarduna debekatzea eta zigortzea. Amore ematen ez dutenak atxilotu, harik eta zentzuzko bide onera etorri arte.

Dominak eta lepoko gurutzeak agerian eramatea debekatzea. Arropa azpian, bai, baina inola ere denen bistan.

Zazpi eguneko astea (judutar jatorrikoa) aldatu eta hirukoa ezarri. Era berean, bizkaierako bariku, zapatu eta domeka ere galarazi.

Biraoak (hostia! kauen...!) eta horrelakoak ere zigortu eta desagertarazi beharko lirateke. Nafar gehienak ez lirateke bat etorriko neurri honekin, izan ere, euren hizkuntz-espresibitatea kaltetan aterako bailitzateke, baina berdin da..

Museo guztietatik erlijioarekin zerikusia duten arte-lan guztiak izkutatu eta gorde. Gero enkantean ipini, bakar batzuek (dirudunek) beren etxeetan ikus ditzaten.

Gregorianoa, Bachen pasioak, Haydnen mezak, Haendelen oratorioak eta publikoki ematea debekatzea.

Erlijioak hizkuntzan utzitako arrasto guztiak ezabatzeko neurriak hartu: kristo(re)n partida, benjamin-maila, madalenak, montekristoak, sanblasak (opilak), alajainkoa, bainu maria... Horrelako hitzak ezingo lirateke erabili arlo pribatuan izan ezik.

Aste Santua desagerraraztea. Horren ordez, Udaberriko oporrak ezarri, apirilaren 1. astean esaterako. Eta Eguberriak, Neguko Solstizioko Jaiak izango lirateke. Jesusen jaiotza, erregeak eta horrelakoak aipatzen dituzten gabon-kantak debekatuta geldituko lirateke. Olentzero abestiari zati hau beharko litzaioke aldatu: «Aditu duenean Jesus jaio dela..».

Zerrenda hau nahi beste luza daiteke, eta ez da nire asmoa gaia agortzea. Bukatzeko, dena den, beste neurri bat proposatuko nuke: bide-gurutze guztiak kentzea eta haien ordez errotondak jartzea, seguruagoak baitira eta ez dute inongo kristau-kutsurik.

Neurri hauek eta antzeko beste batzuk hartuz gero, aurrerapauso handiak emanak izango genituzke gizarte aurrerakoi eta laiko baten alde. Dudarik gabe, gure inguruko herrialde gehienek inbidia handiz begiratuko ligukete. Deuteronomio liburuan irakurtzen den bezala, «Horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau!» (barka bekit Bibliaren aipamen txiki hau).

2006/09/13

> Berria: Elkartasuna > EHGAM ETA BESTE 34 ERAGILE AGERTU DIRA ZUBIETAKO MAKROESPETXEAREN AURKA

  • 35 eragile agertu dira Zubietako makroespetxearen aurka
  • Eusko Legebiltzarra makroespetxeak eraikitzearen aurka azaldu zenez, erabaki hori errespetatzea eskatu dute
  • Irutxuloko HITZA, 2006-09-13 # Eluska Ugalde

Makroespetxeen Aurkako Plataformak Zubieta eta Langraitzen makroespetxeak eraikitzearen aurkako manifestua aurkeztu zuten ekainean, eta atzo, orain arte lortutako atxikimenduen berri eman zuten. Orain arte 40 talderen babesa lortu dute; tartean, sindikatu, elkarte eta alderdi politikoak daude. Hala ere, atxikimendu gehiago lortu nahi dituztela esan zuen Xabier Garate plataformako bozeramaileak. Espainiako Gobernuak espetxeen plana aurkeztu zuen iaz, eta bertan, Martuteneko espetxearen ordez, Zubietan beste bat erakiko dutela dio. Makroespetxeen Aurkako Plataformak proiektuaren irizpide eta argitasuna faltarengatik kezka azaldu du. Plataformako kideen ustez, horrelako proiektuak ez dituzte presoen onerako egiten, baizik eta, Zubietakoaren kasuan bezala, «hirigintza interesengatik». Gainera, «preso gutxiago egon daitezen baldintzak bilatu beharrean, zigorpean mantentzearen aldeko apustua egin du Espainiako Gobernuak», plataformakoen iritziz.

Zubietako makroespetxearen aurka ez ezik, makroepetxe guztien aurka daudela esan zuten, eta ildo horretan Eusko Legebiltzarrak 2006ko otsailean, gehiengoz, makroespetxeak eraikitzearen aurka hartutako erabakiak errespetatzea eskatu dute.

Azkenik, zubietarren iritzia ez dela kontuan hartu salatu zuten.

Atxikimenduak » Datozen hilabeteetan gizartean babes gehiago bilatu nahi duten arren, Makroespetxeen Aurkako Plataformak jasotako talde eta erakundeen atxikimenduen berri eman du. Hona hemen elkarteen zerrenda.

Elkarteak: -Gipuzkoako Ihesaren aurkako Elkartea. -Rais. -Arrats. -Askagintza. -Herrigintza. -Drogak Eragindakoen Elkartea. -Zintzilik Irratia. -Hika Aldizkaria. -Tartalo argitaletxea. -AHTaren Aurkako Asanblada. -Elkartzen. -Kale Gorria. -Gaztañoko Auzo Elkartea. -Salaketa. -Gazte Komunistak. -EHGAM. -Loiola Etxea. -Askatasuna. -Animalien Eskubideen Aldeko Elkartea. -Donostiako Plataforma Antitaurinoa. -Apoyo Elkartea. -Presos Galiza. -Bisutegi Elkartea. -Urkoa Fundazioa.
-
Eguzki.

Sindikatuak: -CGTMPN. -Gipuzkoako CNT. -EHNE. -LAB.

Alderdi eta plataforma politikoak: -Baga Boga. -Aralar. -Zubietako Herri Batzarra. -Ezker Batua. -EHAK. -Ezker Abertzalea Talde Parlamentarioa.

2006/09/10

> Berria: Ekitaldiak > LES·GAY KANPALDIA: GAY ETA LESBIANEN ALDARRIAK ARRITXULON

  • Gay eta lesbianen aldarriak Arritxulon
  • Ludikotasuna, hausnarketa, festa eta aldarrikapena; guztiak uztartu ditu EHGAMek kanpaldiaren XVII. edizioan
  • Oarsoaldeko Hitza, 2006-09-10 # Olatz Mitxelena
Batzuk mendi buelta egiten, tailerrean beste batzuk, lagunartean gehienak, lasai, solasean... Halakoa zen giroa atzo eguerdian Oiartzungo Arritxulo aterpetxean. Euskal Herriko gay-les askapenerako mugimenduak, EHGAMek, bere XVII. les-gai kanpaldia egin du asteburuan Arritxulon, Ekhipolita lemapean. Hirugarren urtea jarraian dute Oiartzunen. «Gure ohiko girotik atera eta aisialdirako beste espazio bat sortzea da asmoa, harremanak sortzeko bidea erraztea, eta ongi pasatzea», azaldu zuten EHGAMeko kideek. Esan zutenez, Arritxulon toki aproposa bilatu dute horretarako.

Gaueko tabernetako girora mugatuko ez den eskaintza atontzen saiatzen dira kanpaldirako. Atzo, esaterako, tailerrak eta hitzaldiak izan zituzten aukeran. Yoga, masajea, txalaparta, mendi irteerak... Giro lasaiagoa goizean, eta hausnarketa giroa arratsaldean, hitzaldietan.

"Las diferentes caras del machismo" erakusketaren zati bat ere ikusgai zuten, eta, Oiartzunera bisita gidatua egin zuenik ere izan zen. Izan ere, denetarik zen han bildu ziren lagunen artean. Gehienak ingurukoak, baina baita kanpotik etorritako lagunak ere. «Zaragoza eta Valentziatik ere etorri da jendea», esan zuten. Eta datu bat: kanpaldiaren historian, aurten lehen aldiz emakumezkoak izan dira gehiengoa.

'Altxu' gogoan
Ludikotasunak ere tartea izan du kanpaldian. Amaia Zubiriaren kontzertuarekin hasi zen ekitaldi sorta, ostiral gauean, eta atzo gaueko festarako, inguruko jende asko espero zuten. «Aterpetxea osorik bete dugu, eta lagun asko gelditu dira tokirik gabe. Horiek guztiak gaur gaueko festan bilduko zaizkigu». Gauerako, musika, dantza eta bideo emanaldiak antolatu zituzten. Santi Vicente Altxuren omenaldiari buruzkoak, ikusteko zituzten.

2006/09/07

> Berria: Ekitaldiak > LES·GAY KANPALDIA: 200 LAGUNETIK GORA ESPERO DITUZTE AURTEN

  • 200 lagunetik gora espero dituzte aurten les-gay kanpaldian
  • Bihar hasiko da EHGAMek antolatutako asteburupasa Arritxulon; aurten berrikuntzak daude egitarauan
  • Oarsoaldeko Hitza, 2006-09-07 # Goiatz Labandibar
Ikasturtea indartsu hasteko, badira hamasei urte EHGAM taldeak les-gay kanpaldia antolatzen duela. Hirugarren urtez segidan, herriko Arritxulo aterpetxea aukeratu dute topaketarako. «Baldintza egokiak biltzen ditu tokiak», azaldu du Mikel Martinek, elkarteko kide oreretarrak.

Bihar hasi eta igandea bitartean, tailerrak, mendi irteerak, hitzaldiak, erakusketak edo kontzertuak izango dira Arritxulon. 105 lagunek, gutxienez, asteburu osoa pasako dute, baina guztira 200 lagunetik gora espero dituzte antolatzaileek. «Aurrera jarraitzeko gogoa ematen dizu horrelako erantzun onak», aitortu du Martinek. Urtez urte errepikatzen duen jendea egon arren, jende berria ere hurbiltzen da.

«Astebururo izaten dugun diskoteka eta taberna inguruneari alternatiba bilatzeko sortu zen akanpada», azaldu du Mikel Martinek. Horregatik, ekintza ludiko ugari antolatu dituzte. Hala, aurten berrikuntzak ere badira. Bihar, adibidez, Amaia Zubiriak kontzertua eskainiko du gauez.

Alternatiba ludikoa
Halaber, Ipar Euskal Herriko lesbiana, gay eta transexualen mugimenduko lau ordezkari etorriko dira Arritxulora, «beharrezkoa da eurek bizitzen duten egoera soziala jakitea», esan du Martinek.

Gainera, aurrera begira EHGAM prestatzen ari den erakusketa handi baten zati bat aurkeztuko dute kanpaldi honetan, homofobia eta lesbofobiari buruzkoa.

Aurtengo akanpadaren leloa Ekhipolita!!! da. «Desio bat da, asteburu ona igaro dezagun», dio Martinek EHGAMen izenean.

Inguruko herrietako jendearentzat ere kanpaldiko ekintzetan parte-hartzea irekita dagoela argitu du Mikel Martinek, «beti ere errespetuzko jarreran. Hori da garrantzitsuena, harremanen %100 errespetuz ematea».

2006/09/03

> Iritzia: Mikel Martin · Julen Zabala > FESTAK PAGANO BIHURTU

  • Festak pagano bihurtu
  • Irutxuloko HITZA, 2006-09-03 # Mikel Martin, Julen Zabala · EHGAMeko kideak

Joan den uztailaren 6ean gizarte apur bat zibilizatuago bat egiteko pauso handia eman zen. Iruñeko Javier Eskubi zinegotziak txupinazoko ohiko oihua askoz ere laikoago bihurtu zuen: «Gora sanferminak», esan zuen. Ondoren, alkateak, nahiko modu behartuan, «Gora San Fermin» oihukatu zuen, eta horrek are balio handiagoa eman zion Eskubiren jarrera agnostikoari. Gizarte benetan laiko baten alde lan egiten dugunontzat urrats txikia, baina tinkoa, izan zen eraldaketa sozialaren bidean.

Gehiago nahi genuke: «Gora uztailaren 7a» oihukatzea, esaterako. Baina, hori ere iritsiko da. Elizaren eragina bizitza sozialaren arlo gehienetan izugarri handia da, eta hori soilik arlo pribatura mugatzea ikaragarrizko lana da. Horregatik, horrelako pauso bat heroiko bezala baloratu behar dugu.

Elizak beti izan du argi: festak santuekin lotu behar dira. Fedegabekoak federa bihurtzeko saioan ez dio muzin egin ikur eta tradizio indigenak bere egiteari, jatorrizko kulturak bereganatzeko eta suntsitzeko prozesuan.

Emaitza begi bistakoa da: bere garaian paganoak izan ziren festen oroitzapena baino ez zaigu geratzen. Are gehiago, festa kristauek, inolako lotsarik gabe, gizakiaren aspaldiko erritoak dituzte oinarri; solstizioa, esaterako.

Elizak, dena kontrolatzeko gogo horretan, marmarka, zirrikitu bat baino ez die utzi inauteriei eta antzekoei. Baina, betiere, ondoren prozesioak, garizuma zetozela jakinik.

Deigarria da elizak eta gaztetxoekin aritzen diren elizako aisialdi taldeek festetan eta inauterietan parte hartzea. Oroimen eskasa dute gero: duela gutxi jazartu, salatu eta debekatu egiten zuten edozein festa, ezarritako boterearen babesarekin, noski.

Eta horrela herri eta hirietan beraien presentzia bermatzen dute: santuak eta prozesioak, ama birjinak eta erromeriak.Izugarrizko amarauna osatu dute historian zehar, eta bertatik ateratzea ikaragarri zaila da: prozesioan parte-hartzen jarraitzen dute udalbatzek, ermitetan bukatzen dira alardeak, kanpainak jotzen dituzte hau edo beste iragartzeko.

Ez da harritzekoa, beraz, Donostian ere santu eta ama birjinei eskainitako jaiak izatea: sanjuanak, saninazioak, santiagoak, sanpedroak. Gizarte mugimenduek eta auzo elkarteek benetako planteamendu laiko eta aurrerakoien alde egin beharko lukete, eta festa programaren zati bat aldatzearekin ez lirateke konformatu beharko.

Jaien izena bera pagano bihurtzen has daitezke, garrantzitsua baita. Hitzek badute dirudiena baino esanahi zabalagoa. Horrela frogatu zuen uztailaren 6ak. Izan ere, guztiak berdin jarraitzea nahi dutenei min eman zien, min ematen die.

Erlijioarekin lotutako edozein adierazpen arlo pribatura mugatzeko botere publikoek aldaketa bultzatu behar dute: instituzionalki horrelako ekintzetan ez parte hartzea; programetatik mezak edota kutsu erlijiosoko edozein ekitaldi kentzea; elizarekin edo beste edozein erlijiorekin lotura duten taldeak (asistentzia, ikaskuntza edo aisialdi arlokoak ere) diruz ez laguntzea; izen erlijiosoak kaleetatik ezabatzea...

Jaiek ere aldaketa hauek asumitu beharko dituzte. Kontua ez da soilik, esaterako, danborradetan berdintasunean parte hartzea. Festa 'tradizioak' eraldatu egin behar dira: ez dago lekurik ez adierazpen sexista, heterosexista, matxista, militarista, xenofobo, baztertzaile eta abarrentzat.

Gure helburua gizarte zibiletik erlijioaren presentzia ezabatzea bada, gaur egun ia zalantzan jar ezin daitezkeen hainbat ikur ere zalantzan jarri behar ditugu: ikurrina laiko bihur al dezakegu, jakinik gurutze zuria eta ikoroski berdea kristautasunaren sinbolo direla? Aberri Eguna Pazko Igandean ospatzeari utziko al diogu?

Ezer ez da ezinezkoa. Ekainean Gurutze Gorriak frogatu zuen hori, izan ere, ikur unibertsal, akonfesional eta ezein erlijiorekin loturarik gabekoa aukeratu du: kristal gorria. Laikoentzat berri ona, kutsu erlijiosoko ikurrak
gurutzea eta ilargi erdia aldatu baititu. Ikur berria edonork egin dezake bere, sinesmen bat edo beste izanda. Orain gure ardura da ikur hori leku guztietara eramatea.

Mendeetan festak santuekin lotzen saiatu dira. Horregatik, jaiak pagano bihurtzea lan luze eta nekeza izango da. Benetako gizarte zibil eta laiko batean sinesten dugunok horretan lanean jarraituko dugu.