2006/09/19

> Iritzia: Inazio Acha > FESTAK PAGANO BIHURTU: BESTERIK EZ?

  • Festak pagano bihurtu: besterik ez?
  • Irutxuloko HITZA, 2006-09-19 # Inazio Acha

Joan den irailaren 3ko HITZAn Mikel Martin eta Julen Zabalaren iritzia irakurri nuen, zeinetan gure festak pagano bihurtzearen alde azaltzen baitziren. Artikulu horretan gauza batzuk nahastu eta berdindu egiten dira, esaterako: ez dira gauza bera Elizaren eragina gaur egungo gizartean eta erlijioak gure kulturan utzi duen arrastoa. Era berean, gauza bat da pagano izatea eta beste bat, arras diferentea, laiko izatea. Dena dela, ez da nire asmoa hemen orain horretaz jardutea. Nik nahi nukeena da EHGAMeko kide hauen iritzi-artikulu hori osatu.

Beraiek botere publikoek bultzatu beharko lituzketen aldaketa batzuk aipatu dituzte, edozein adierazpen erlijioso arlo pribatura mugatzeko. Adibidez, «elizarekin edo beste edozein erlijiorekin lotura duten taldeak (asistentzia, ikaskuntza edo aisialdi arlokoak ere) diruz ez laguntzea; izen erlijiosoak kaleetatik ezabatzeaÉ».

Ondorengo zerrenda honetan nik beste aldaketa eta neurri batzuk aipatuko ditut botere publikoek susta ditzaketenak gizartea laikoagoa eta paganoagoa izan dadin.

Eliza guztietan dauden bataio-liburuak erretzea. Agian historialariak ez lirateke ados egongo, baina apostatak, bai.

Kaleetatik ez ezik, izen erlijiosoak herrietatik eta auzoetatik ere ezabatzea. Ea pasaitarrak hasten diren San Pedro eta San Juanentzat ordezkoak bilatzen.

Zenbait pertsona izen debekatzea, alegia Bibliakoak edota kristau santutegikoak. Kontxi, Asun, Trini, Mikel, Sara, Santi, Agurtzane, Jesus, Maria eta Joxe eta horrelako izenak debekatuta geldituko lirateke eta orain horrelakorik daramagunok, aldatu egin beharko genuke.

Elizekin, katedralekin, ermitekin eta abarrekin bi hauek egin daitezke: gurutze formako planta dutenak eraitsi eta suntsitu, hauek ez baitute erremediorik; gainontzekoak Ortziri, Ekaini, Basajaunari edo Porrontxiori eskaini.

Apaiz, fraide eta mojen jarduna debekatzea eta zigortzea. Amore ematen ez dutenak atxilotu, harik eta zentzuzko bide onera etorri arte.

Dominak eta lepoko gurutzeak agerian eramatea debekatzea. Arropa azpian, bai, baina inola ere denen bistan.

Zazpi eguneko astea (judutar jatorrikoa) aldatu eta hirukoa ezarri. Era berean, bizkaierako bariku, zapatu eta domeka ere galarazi.

Biraoak (hostia! kauen...!) eta horrelakoak ere zigortu eta desagertarazi beharko lirateke. Nafar gehienak ez lirateke bat etorriko neurri honekin, izan ere, euren hizkuntz-espresibitatea kaltetan aterako bailitzateke, baina berdin da..

Museo guztietatik erlijioarekin zerikusia duten arte-lan guztiak izkutatu eta gorde. Gero enkantean ipini, bakar batzuek (dirudunek) beren etxeetan ikus ditzaten.

Gregorianoa, Bachen pasioak, Haydnen mezak, Haendelen oratorioak eta publikoki ematea debekatzea.

Erlijioak hizkuntzan utzitako arrasto guztiak ezabatzeko neurriak hartu: kristo(re)n partida, benjamin-maila, madalenak, montekristoak, sanblasak (opilak), alajainkoa, bainu maria... Horrelako hitzak ezingo lirateke erabili arlo pribatuan izan ezik.

Aste Santua desagerraraztea. Horren ordez, Udaberriko oporrak ezarri, apirilaren 1. astean esaterako. Eta Eguberriak, Neguko Solstizioko Jaiak izango lirateke. Jesusen jaiotza, erregeak eta horrelakoak aipatzen dituzten gabon-kantak debekatuta geldituko lirateke. Olentzero abestiari zati hau beharko litzaioke aldatu: «Aditu duenean Jesus jaio dela..».

Zerrenda hau nahi beste luza daiteke, eta ez da nire asmoa gaia agortzea. Bukatzeko, dena den, beste neurri bat proposatuko nuke: bide-gurutze guztiak kentzea eta haien ordez errotondak jartzea, seguruagoak baitira eta ez dute inongo kristau-kutsurik.

Neurri hauek eta antzeko beste batzuk hartuz gero, aurrerapauso handiak emanak izango genituzke gizarte aurrerakoi eta laiko baten alde. Dudarik gabe, gure inguruko herrialde gehienek inbidia handiz begiratuko ligukete. Deuteronomio liburuan irakurtzen den bezala, «Horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau!» (barka bekit Bibliaren aipamen txiki hau).

No comments: