2006/09/03

> Iritzia: Mikel Martin · Julen Zabala > FESTAK PAGANO BIHURTU

  • Festak pagano bihurtu
  • Irutxuloko HITZA, 2006-09-03 # Mikel Martin, Julen Zabala · EHGAMeko kideak

Joan den uztailaren 6ean gizarte apur bat zibilizatuago bat egiteko pauso handia eman zen. Iruñeko Javier Eskubi zinegotziak txupinazoko ohiko oihua askoz ere laikoago bihurtu zuen: «Gora sanferminak», esan zuen. Ondoren, alkateak, nahiko modu behartuan, «Gora San Fermin» oihukatu zuen, eta horrek are balio handiagoa eman zion Eskubiren jarrera agnostikoari. Gizarte benetan laiko baten alde lan egiten dugunontzat urrats txikia, baina tinkoa, izan zen eraldaketa sozialaren bidean.

Gehiago nahi genuke: «Gora uztailaren 7a» oihukatzea, esaterako. Baina, hori ere iritsiko da. Elizaren eragina bizitza sozialaren arlo gehienetan izugarri handia da, eta hori soilik arlo pribatura mugatzea ikaragarrizko lana da. Horregatik, horrelako pauso bat heroiko bezala baloratu behar dugu.

Elizak beti izan du argi: festak santuekin lotu behar dira. Fedegabekoak federa bihurtzeko saioan ez dio muzin egin ikur eta tradizio indigenak bere egiteari, jatorrizko kulturak bereganatzeko eta suntsitzeko prozesuan.

Emaitza begi bistakoa da: bere garaian paganoak izan ziren festen oroitzapena baino ez zaigu geratzen. Are gehiago, festa kristauek, inolako lotsarik gabe, gizakiaren aspaldiko erritoak dituzte oinarri; solstizioa, esaterako.

Elizak, dena kontrolatzeko gogo horretan, marmarka, zirrikitu bat baino ez die utzi inauteriei eta antzekoei. Baina, betiere, ondoren prozesioak, garizuma zetozela jakinik.

Deigarria da elizak eta gaztetxoekin aritzen diren elizako aisialdi taldeek festetan eta inauterietan parte hartzea. Oroimen eskasa dute gero: duela gutxi jazartu, salatu eta debekatu egiten zuten edozein festa, ezarritako boterearen babesarekin, noski.

Eta horrela herri eta hirietan beraien presentzia bermatzen dute: santuak eta prozesioak, ama birjinak eta erromeriak.Izugarrizko amarauna osatu dute historian zehar, eta bertatik ateratzea ikaragarri zaila da: prozesioan parte-hartzen jarraitzen dute udalbatzek, ermitetan bukatzen dira alardeak, kanpainak jotzen dituzte hau edo beste iragartzeko.

Ez da harritzekoa, beraz, Donostian ere santu eta ama birjinei eskainitako jaiak izatea: sanjuanak, saninazioak, santiagoak, sanpedroak. Gizarte mugimenduek eta auzo elkarteek benetako planteamendu laiko eta aurrerakoien alde egin beharko lukete, eta festa programaren zati bat aldatzearekin ez lirateke konformatu beharko.

Jaien izena bera pagano bihurtzen has daitezke, garrantzitsua baita. Hitzek badute dirudiena baino esanahi zabalagoa. Horrela frogatu zuen uztailaren 6ak. Izan ere, guztiak berdin jarraitzea nahi dutenei min eman zien, min ematen die.

Erlijioarekin lotutako edozein adierazpen arlo pribatura mugatzeko botere publikoek aldaketa bultzatu behar dute: instituzionalki horrelako ekintzetan ez parte hartzea; programetatik mezak edota kutsu erlijiosoko edozein ekitaldi kentzea; elizarekin edo beste edozein erlijiorekin lotura duten taldeak (asistentzia, ikaskuntza edo aisialdi arlokoak ere) diruz ez laguntzea; izen erlijiosoak kaleetatik ezabatzea...

Jaiek ere aldaketa hauek asumitu beharko dituzte. Kontua ez da soilik, esaterako, danborradetan berdintasunean parte hartzea. Festa 'tradizioak' eraldatu egin behar dira: ez dago lekurik ez adierazpen sexista, heterosexista, matxista, militarista, xenofobo, baztertzaile eta abarrentzat.

Gure helburua gizarte zibiletik erlijioaren presentzia ezabatzea bada, gaur egun ia zalantzan jar ezin daitezkeen hainbat ikur ere zalantzan jarri behar ditugu: ikurrina laiko bihur al dezakegu, jakinik gurutze zuria eta ikoroski berdea kristautasunaren sinbolo direla? Aberri Eguna Pazko Igandean ospatzeari utziko al diogu?

Ezer ez da ezinezkoa. Ekainean Gurutze Gorriak frogatu zuen hori, izan ere, ikur unibertsal, akonfesional eta ezein erlijiorekin loturarik gabekoa aukeratu du: kristal gorria. Laikoentzat berri ona, kutsu erlijiosoko ikurrak
gurutzea eta ilargi erdia aldatu baititu. Ikur berria edonork egin dezake bere, sinesmen bat edo beste izanda. Orain gure ardura da ikur hori leku guztietara eramatea.

Mendeetan festak santuekin lotzen saiatu dira. Horregatik, jaiak pagano bihurtzea lan luze eta nekeza izango da. Benetako gizarte zibil eta laiko batean sinesten dugunok horretan lanean jarraituko dugu.

No comments: